Sexua eta generoa hizkuntzaren labirintoan
Lisipe bildumak 16. alea kaleratu berri du, Ariadnaren haria izenekoa. Azpitituluak (“Sexua eta generoa hizkuntzaren labirintoan”) argi adierazten du Beatriz Fernándezek idatzitako liburuak jorratzen duen eremua: hizkuntzaren —eta batez ere, euskararen— tipologia eta erabilera soziala, sexuaren edota generoaren ikuspegitik. Labirinto horretatik onik ateratzeko, filologiaz, politikaz, historiaz eta umorez osatutako hariak osatzen ditu egileak, zorroztasun zientifikoa eta dibulgazio gozagarria uztartuz. Hizkuntzaren erabileraren inguruan aspaldi hasitako hausnarketa kolektiboari segida eman nahi izan dio, ezagunak diren alderdiak birpentsatuz eta ezezagunak direnak erakutsiz. Euskara disidentea bera eraikitzen (edo behintzat euskal hiztunak deseraikitzen) laguntzeko baliagarria izan daitekeen gogoeta.