L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-20 / Gernika (1987-apirila) —Hurrengo artikulua




 

 

Lau haizetara

 

Xabier Mendiguren Elizegi

 

(Murru haundi bat eskenategia. Oso argi apala; egunsentia ez da iritsi; koloreak: zuri-beltzak. Eskuineko izkinean —ikuslearen aldetik— aulki txiki batean eserita eta makurtuta, LAUAXETA ator zuria eta praka zimurtuak, geldi-geldirik, burua eskuen artean. Oilarraren kukurruku bat entzuten da. Pauso hotsak aditzen dira, PRAILEA sartzen da poliki poliki eta LAUAXETAren ondoan geratu: sotana haundi batean bildua, kapusaiak burua estaltzen diola, eskuak mahuketan sarturik. Ondoan daudela, LAUAXETA begira geratzen zaio; PRAILEAk eskua atera eta bedeinkazioa egiten dio. LAUAXETAk mun egiten dio PRAILEAk eskutik zintzilik daukan errosarioaren gurutzeari).

 

        PRAILEA: (bere mugimendu guztiak eta halaber hizketa, mantso, patxaraz, bat ere presarik gabe; hotz) Konfesatu nahi al zenuke Jaungoikoaren aurrean aurkeztu baino lehen?

        LAUAXETA: (hitza atera ezinik baietz dio buruaz, eta ondoren ahots hari mehe batez) Bai... bai, bai.

 

(PRAILEAk beste aulki txiki bat inguratu du eta hartan eseri, LAUAXETAren aurrez aurre; keinua egiten dio «Nahi duzunean» esateko bezala).

 

LAUAXETA: Ave Maria purísima.

PRAILEA: Sin pecado concebida.

 

(Biak hizketan hasten dira, ahapeka eta marmarka, eta bitartean musika gregorianoa entzuten da, besteen aitortzak irauten duen anean, luzaro, ozenki. Beste musika sakroren bat ere erabil liteke, behar bezalako erlijio kutsu eta indarra izanez gero. Aitortza bukatzen denean musika gregorianoa ere bai. PRAILEAk zutiturik, bedinkatu egiten du LAUAXETA eta esan:)

 

PRAILEA: Laister etorriko dira zure bila, egunsentiarekin batera. Bitartean bakarrik utziko zaitut, otoitz egin dezazun eta Jainkoarekin hitzegin. Nik ere nere aldetik, eskatuko diot Jaunari zure arimaren alde. Nahi al duzu zurekin geratzea...?

 

(LAUAXETAk, herabe, berriz ere hitzak ateratzen ez zaizkiola, buruaz egiten du ezetz).

 

PRAILEA: (bere hoztasun ikaragarria pixka bat xamurtuz) Nahi al duzu ezer ekartzerik... nere esku baldin badago...?

LAUAXETA: (bere ezintasuna ozta-ozta garaituz, ahots apal apalez) Ez.., ez.

 

(PRAILEA joan eta LAUAXETA bakarrik geratzen da, burumakur lehen bezala. oilarrak bigarren kukurrukua jotzen du. Berriz ere musika entzuten dugu; polikiago hasieran, ozenago gero: hau ere mezetakoa da baina umeek kantatzen dituztenetakoa.

(Argi aldaketa bat dago eta giro oniriko batean murgiltzen gara: mundu irreal batean gaude, ametsen erresuman, eta oilariteak ezartzen du muga. Amets luze honetako agerraldien artean crescendo nabarmena sentitu behar da, bai soinuan bai irudietan, momentuan momentuko oharren bidez adieraziko dugularik prozesu honen nondik norakoa.

(LAUAXETA altxatu eta kandela piztu bat eskuan duela ikusten dugu eskenategi erdian, geldirik.

(Murrua ere pantaila bihurtzen zaigu. Bertan Loiolako Santutegia, San Inazioren irudiak eta antzekoak ikusten ditugu; azkenean Jesus gurutzean iltzatua. Koloreak: gorriak, beltzak, grixak, moreak edo bizitasunik gabeak orohar. Irudi ez mugikorrak dira, fotografiak.

(Giroan intsentsu usaia zabalduz gero, hobe. LAUAXETA Lagundiko apaizgaien tankeraz; belauniko dago, eta murruko irudi aldera dabil, poliki poliki; gazteagoa ematen du.

(Musikak aurrera segitzen duela, LAUAXETAk bere poema bat esango dio gurutzeari bere aurrean:

 

                Gurutz-ondora eldu gurarik

                bidia billa nabil neketan.

                Zidor gustijak arantzez dagoz,

                sartuten yataz oñetan.

                Nekeako bide esturik baño

                orra eltzeko, Jauna, eztago?

                Elorri punten bildurrez beti

                gurutzatik at bai-nago

                Odolez daukot neure gorputza,

                urratu nabe sasi zorrotzak.

                Baña enabe orra zuzentzen

                nekezko bide mingotsak.

Orduan OFF ahotsaz:

                —Ezin neugana eldu al-zara

                samin arteko zidor aldetik?

                Arantza orreik mintzen bazabez

                zatorz maitasun-bidetik!

 

(Poema bukatzearekin bat irudia amatatu, musika bukatu, eta LAUAXETA ahozpez etzanik erortzen da bere kandelaren gainera.

(Impassezko une bat.

(Murruan berriz ere argia. Hasieran borrosoa baina kolore berdeak nabarmen direla; berehalaxe txistu soinua entzuten dugu, eta horrekin batera murruak euskal lurra, mendi, baserri, erreka, belardi, itsas kosta eta abar erakusten ditu; oso bukolikoa dena.

(NESKA sartzen da bazterretik: muxugorria, euskaldun baserritarren jantziz, gaztea, alaia, bizia. LAUAXETArenganaino joan eta altxatzen laguntzen dio. LAUAXETA lotsati hasieran, baino lasaiago gero.

(Guzti hau hitzik gabe egitekoa denez, gorputz adierazpena eta espresabidea landu beharko dira. Txistu soinuak Aurreskua —edo antzeko zeredozer— jotzen du, eta NESKAk eta LAUAXETAk dantza egingo dute, behar den bezala, hau da, folklorearen arauetara.

(Musika bukatzean, mimika bidez jarraituko du eskenak: maitasun jolas bat dugu: hasieran biek nahi baina inor ausartu ez, ondoren mutilaren aldetik erregaliren bat bide dago, eskuzapiren bat edo, neskak onartuko duena; elkarren ondoan esertzea, elkarrekin hizketan hastea, elkarri irri egitea, eskutik oratzea... Guzti hau amets giro nabarmenean gertatzen da eta musika egoki batez, jakina. Horretan direla, NESKA altxatu egiten da, saski bat hartzen du eta lore bila hasten da, eskenategiko zoruan tximeleta baten antzera ustezko loreak bilduz batetik bestera dabilela. —Hemen LAUAxETAk bere poema zati bat kanta lezake:

 

                Zelaira dua neskatxa

                axia dabil loretan

                Zelaira dua neskatxa

                mattasun-kanta kantetan.

 

(Bestela ere, NESKAk berak edo OFF ahots batek kanta lezake, edo ixiltasunean iraun ikuskizunaren giroa ez apurtzearren.

(NESKAren atzetik abiatzen da berehala LAUAXETA, baina sekula harrapatzen ez duela: esku artean hartu nahi luke baina gona muturra heltzea ere ez du lortzen; NESKAk badu zeredozer berezia eskuraezin eta haizea baino arinago bihurtzen duena, nahiz eta itxuraz ez ibili korrika, lore bila jolasean baizik. LAUAXETA gero eta zoratuago, urduriago dabil eta azkenik, NESKA bazter batetik desagertzen delarik LAUAXETA eskenategiaren erdian geratzen da bakarrik, noraezean. Belauniko geratzen da, eta nahi izanez gero bere poema hau esan lezake:

 

                Leio zuripe ortan ilargi gabetan

                Maitasuna dirurit ames gorubetan.

                Gau argitsuan barriz iruten dodana

                Ortzargian eskuak urratzen dau dana.

                Nire malkoz bustita dagozen liliak,

                Ez ote diñautzuez neure gurariak?

                Tanta bat lore lekan ikusten badozu,

                Goxaren agurra da, samurki diñozu.

                Zure biotz lilian al baneuz urduri

                Gogoko negar oneik goxaldero ixuri!

                Orduan ertzargian maitasun malkuak,

                Eleukez estaliko nire lei gaxuak...

 

(Hori herri musika ixiltzen ari dela dio, eta bukatzean, LAUAXETA makurturik, musika erabat ixiltzen da eta paisaia berdea desagertu, murrua bere zurira berritzuliz.

(Beste impasse une bat.

(Berriz ere argia murruan eta Sabino Aranaren irudi haundia bertan: hemendik aurrera gerraurreko abertzaletasun jelkidearen iruditeria osoa ikusteko aukera izango dugu: ikurriñak, jeltzaleen sinboloak, lauburuak, propagandarako txartelak —garaiko estetikaren agergarri—, aberri egunetako jende batzea, jelkide ezagunen argazkiak, mendigoizaleen kontzentrazioak eta abar luzea. Irudien erritmoa beste agerraldietan baino biziagoa, mugikorrak ere sar daitezkeela tarteka. Musika ere abertzalea eta ahal bada garai hartakoa izango da: doinurik leun eta goxoenak baso-baserrietako neska-mutil abertzaleen irudi idilikoak agertzen zaizkigunean, sutsu eta borrokalariagoak —gerrako kantak eta— jendetza, abertzale aldrak bilduta ageri direnean. Irudi, soinu eta argi aldaketa, guztia batera eta erritmoa ondo zainduz eraman beharrekoa, fotografiak eta zinemako irudiak —lortu ahalko balira— tartekatuz. Azkenik, jende andanaren aurrean, hizketan hasten da LAUAXETA, mitinlari, sutsu:

 

LAUAXETA: Euzkotarrok! Aberkideok! Hemen bildu zaretenok zarete gure aberriaren lorea, etorkizunaren hazia. Zuengandik jaioko den arbola izango da Euzkadi osoan eta mundu zabalean fruiturik jori, mardul eta gozoenak emango dituena.

        Baina loreak, helduko bada, arta eta maina bereziak behar ditu. Egunero behar du eguzkiaren beroa, astean behin gutxienez uraren bizia, eta sasoia denean ongarria eta lur berritzea. Era berean zuek, Euzkadiren fruitu oparoa emateko, egunero behar duzue abertzaletasunaren su eta argia, astero behar duzue Jaungoikoak Meza Santuan eskeintzen duen bizia, eta sasoia heltzen denean, zuen botua eman behar diozue Euzko Alderdi Jeltzaleari, lur honen aldeko burruka kementsua aurrera jarrai dezan.

        Egun haundia iritsiko zaio gure Aberriari. Baina Jesukristok ere esan zuen: zerura daraman bidea ez da zabal eta erosoa, mehar eta sastrakatsua baino. Halaxe gure Euzkadi maite hau ere: denok nahi dugun aberri aske eta haundia eskuratu artean, hamaika bidegabekeria, ehundaka sufrimendu, mila gau eta egun latz eta zorrotz ikusi beharko ditugu gure begiez eta pairatu gure hezur-mamietan guztiok ezagutzen ditugun etsai doilor eta amorratuengandik.

        Baina euzkotar zintzoak ez du sekulan amore ematen. Beraz, guk, zuek, abertzale guztiok elkartuta jarraituko dugu, gure ezpainak zeruari otoika eta eskuak lurrean lanean, Aberriko mendi tontor guztietan gure euzko ikurriña goi eta gora jaso, eta haizeak askatuta zabalduko den arte!

        Gora Euzkadi Azkatuta!

 

(Sutagar amaitzen duenean, jendea orroeka —irudiak aldatuz—, txalo zartaka; LAUAXETA besoak altxatuta, ilunpean geratzen da.

(Orroe horri beste orroe batzuk jarraitzen diote, etenik gabe, eta bapatean irudietan dagoen jendetza ez da abertzaleen ekintza batetara joandakoa, Athleticen partidu bat ikusten ari dena baizik. Hemen jada —aurrekoan apika bestela— irudi hirukoitza ikus dezakegu, hiru pantailatan alegia. Garai hartan zinemarako filmatutako irudiak ikusten ditugu, edo horiek ezean telebistarako irudi zaharrak.

(Jendearen garraisiak berehalaxe ematen dio leku lokutorearen jardunari: hau aspaldiko —eta gaurko— irratigizonen berriketa azkar eta kirioberaz mintzo da —erdaraz noski—, atsedenerako edo arnasa hartzeko betarik utzi gabe. Garaiko grabaziorik ezingo balitz lortu orduko futbolarien izenekin eta berri bat egin beharko, edo bestela Athleticen urrezko aroko grabazioren bat erabil liteke: «Zarra» eta abarren garaikoa. Zarata, apurka apurka, gero eta haundiagoa izango da, bai jendearen aldetik, bai lokutorearenetik. LAUAXETA ere bere kasa partidua komentatzen hasiko da: «Hori duk eta», «Emaiok hor», «Bota ezak, bota ezak», «Tiro polita», «Hori izan duk burukada, hori» eta antzekoak esanaz, partiduan ikusitakoaren arabera beti ere. Azkenik zarata hau gailurrera iritsiko da Athleticen golarekin. Jendearen deihadarra eta lokutorearen irrintzi luze eta zoroa: Gooooolll, golgolgolgolgooooolll ohizkoa.

(Une horretantxe, ahal bada musika tonu beretsuan, abioi batzuren durrundara entzuten da, orroearekin nahasten da, orroea jaten du, LAUAXETA zerura begira dabil noraezean, futbolaren irudiak desagertu egiten dira eta argi-ilunpe bizkor nahasten eta tartekatzen diren aldi etenkor bat hasten da: argi denean jendea ikusten da irudietan, korrika, presaka, zalapartaka, izututa; zarata ozenduz doa jasanezina egiteraino —LAUAXETAk belarriak estali egin beharko ditu eta ikusleek ere hori bera egiteko gogoa sentitu behar dute— imajinak gero eta azkarrago aldatuz doazen bitartean —hiru pantailetan—, eta puntu goreneraino iristean bonbak hasten dira erortzen, bonbardeaketa dela ikusten dugu, eta irudiak multiplikatu egiten dira, hirukoitz izatetik anizkor izatera: areto osoan proiektatzen dira: sapaian, paretetan, jende gainean: etxe birrinduak —Gernikakoak batipat, noski—, sua, kea, —sirena hotsa entzuten dugula bien bitartean—, umeak negarrez, gorpu hilak, trintxerak, etxe txikitu gehiago, nazien svastika, juduak, Franco eta Molaren irudiak, gudariak, gerra, «Gernika» Picassoren koadroaren irudiak eta abar luzea. Bonbardeaketaren irudiekin eta bonba hots etengabearekin batera, musika gogor eta indartsuren at —klasikoa, jakina— erabil liteke nahi izanez gero —komeni litzateke ezagutzea oraino estreinatzeke dagoen Escuderoren «Gernika» obra, ea hortik zerbait atera daiteken.

(LAUAXETA bitartean jota eta zoratuta bezala dago: batetik bestera, minez, lehertuta, sufrituz; azkenean lurrean jira biraka, kabilez zeruan jola eta burua estutuz bukatuko du. Horretan dagoela, bonbak bakanduz doaz eta irudiak ere gutxituz eta polikiago iraganez: etxebizitza eta gizon emakume porrokatuak besterik ez dira ageri, gero eta lausotuago, eta soinuan ere azkenerako ziztu ezen desatsegina besterik ez da entzuten. Horrela dagoela bi soldadu frankista sartzen dira eskenategian harmez hornituta; LAUAXETArengana doaz eta beso banatatik erdi altxatu egiten dute. Batak eskupeta kulatarekin kolpe bat ematen dio, eta besteak «venga usted con nosotros» esaten.

(Soldaduak agertu orduko bukatuak dira pantailetako irudiak, eta haiek arrastaka hasierako aulki txikira eraman eta eserita uztean bukatzen da ziztukada; itzultzen ixiltasuna eta berriz ere hasierako gartzelan gaudela konturatzen gana. Soldaduak desagertu egin dira. Oilarrak hirugarrenez jotzen du kukurruku. Egunsenti argia. Handik piska batera, hasierako PRAILEA dator berriro, soldadu batekin oraingoan).

 

PRAILEA: (lehengo tankeran) Ordua iritsi da. Pakean jarri al duzu zure arima Jainkoarekin?

LAUAXETA: (berriz ere hitz egiteko zailtasunaz, aurrena buruaz eta gero hitz ahulez) Bai... bai.

PRAILEA: Goazen bada (Gurutze Santuaren seinalea egiten du eta soldaduari keinu bat, bere lana egin dezakeela adieraziz).

 

(Soldaduak hartu eta eskuak lotzen dizkio eta zutiaraziz hirurak abiatzen dira, eskenategiaren erdi aldera. Aurrean PRAILEA, mezaliburua eskuetan zabalik duela latinak esanez doa; erdian LAUAXETA; eta atzetik, pistola pronto, soldadua. LAUAXETA poema bat esaten hasten da, baina lehen lerroa esan orduko, gelditu delako edo, atzeko soldaduak bultza egiten dio pistolaz eta hortik aurrerakoa marmarka esango du, guk entzuten ez dugula. Beraz, argiki, lehen lerroa besterik ez dugu entzungo:

 

Goiz eder onetan erail behar nabe

 

(Paretaren erdi pareraino iritsi dira. Erdi erdian, ikusleei begira, geratzen da edo jartzen dute LAUAXETA; honen ezkerretara PRAILEA dago: berriz ere bedeinkapena ematen ari zaio presoari. Eskubitara berriz SOLDADUAk ea begiak estaltzea nahi duen galdetzen dio eta ezezkoa jaso. Ondoren, albo batean dagoela, papera atera eta sententzia moduko bat irakurtzen du, erdaraz:

 

SOLDADUA: Hoy en Vitoria, a 25 de junio de 1937, se da cumplimiento a la sentencia que condena a muerte a Estepan Urkiaga «Lauaxeta», por traición a la madre Patria y constantes crímenes de sedición separatista.

 

(Guzti honetan ez da beharrezkoa baina bai komenigarria benetako afusilamenduak nola burutzen ziren ezagutzea beraz, orain artekoan nahiz hemendik aurrerakoan zenbait gauza alda liteke horren kariaz. SOLDADUAk papera irakurri duen bitartean danborraren erredoblea entzun dugu, apalki baina errepikakor. Bukatzean SOLDADUA eta PRAILEA bakoitza alde baterantz alboratzen dira, LAUAXETA bakarrik utziz —argi guztia bere gainean—. Bukatu arte jardungo du danborraren hotsak. SOLDADUAk ohizkoak esango ditu: «presenten... armas... apunten...» Tentsioa dakarren geldirotasunaz burutu behar hori. Bitartean LAUAXETAk zerura begira, bildurrik gabe begitartean, bere hitzok esaten ditu:

 

                Agur Euzkadi, Jaunak naroa

                Aberri eder argira.

                Neure negarrak jarion neuzan

                zeure mendiai begira

 

(SOLDADUAk «fuego» esaten duen unean LAUAXETAk «Gora Euzkadi Askatuta» esango du, eta une berean tiroak entzungo ditugu; LAUAXETA erori, eta iluna).

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.