Aza 10 06

Juan Ramon Jimenezi Nobel saria duela 50 urte

1956ko urrian, orain 50 urte, jaso zuen Nobel saria Juan Ramon Jimenezek. Poeta espainiarraren lanak, ordurako, irakur zitezkeen euskaraz. 1953an Bingen Ametzagak euskaratutako Platero ta biok argitaratu zen Uruguain, eta 1955ean Gabriel Arestik Euzko-Gogoan Ezerez poema euskaratu zuenetik, gerora beste hainbat poema euskaratu dituzte Nemesio Etxanizek, Juan San Martinek, Luis Mari Muxikak eta Sabin Muniategik. Platero y yo lanak ere ezagutu du beste itzulpen bat, ez osoa: Emilio Masek 31 atal euskaratu eta El Bidasoa astekarian argitaratu zituen 1956-57an.

Huelvako Moguerren jaioa 1881ean, Espainiako poesigintzaren gailurretako bat da XX. mendean, mende horren hasieran izan ziren literatur mugimendu eta “belaunaldietatik” at jardunagatik ere. Espainian bizi izandakoa 36ko gerrara arte —bere obran hain present dagoen Zenobia Camprubi bere emaztearekin—, gerrarekin erbesteratu egin zen eta hainbat tokitan ibili, eta azkenean Puerto Ricon gelditu. 1958ko maiatzaren 29an hil zen.

Hainbat liburu idatzi zituen: Rimas, Jardines lejanos, Elegías, La Soledad Sonora, Platero y yo, Pastorales, Estío, Diario de unpoeta recien casado, Eternidades, Piedra y Cielo, Animal de fondo. Bere obran nagusi izan ziren gaiek —malenkonia, heriotza— leku nagusia dute gehienetan, eta hasieratik amaierara bilakaera formala ere ikus daiteke, sentiberatasun handiko poema formalki oso egituratuak hasieran, irekiagoak bigarren garai batean, eta formetan askeagoak eta transzendentzialtasun handikoak amaieran.

Bere lanik ezagunena, Platero y yo, izan zen euskarara lehen ekarri zena. Bingen Ametzagak euskaratu zuen eta 1953an argitaratu, Montevideoko Florencia & Lafon argitaletxearekin. Carlos Gonzalez Mendilaharzuren irudiez osatua dator argitalpena.

Geroztik, literatur aldizkarietan egin dute habia Moguerko poetaren poemek, euskaraz. Gabriel Arestik euskaratu zuen Ezer ez eta Euzko-Gogoa aldizkarian argitaratu 1955ean. Eta Egan-eko 1956ko azken zenbakian Lurrin huts poema, Nemesio Etxanizek euskaraz jarria. 1961ean, berriz, Olerti-n kaleratu zuen Juan San Martinek Zeuk nahi duzuna poema.

Geroztik, Luis Mari Muxika izan da Juan Ramon Jimenezen poemak euskaratzen gehien jardun duena. 19 poema euskaratu eta argitaratu ditu Arnas eta Olerti aldizkarietan, 1961 eta 1962an.

Sabin Muniategik, azkenik, 1966an plazaratu zuen Juan Ramon Jimenezen poema bat, Olerti aldizkarian.

Bere poemak euskaratzeaz gain, poetari Nobel saria dela eta bere heriotzan eskainitako poemak ere idatzi zituzten Juan San Martinek, Nikolas Altzolak eta Eusebio Erkiagak.

Ametzagaren Platero ta biok eta poemak irakur ditzakezu.

Bada, bestalde, hain ezaguna ez den Juan Ramon Jimenez lanen itzulpen bat. Irunen sustraitutako Emilio Masek Platero eta biok obraren lehenengo 31 atalak (obrak orotara 68 ditu) euskaratu eta argitaratu zituen El Bidasoa astekarian. 1956ko azaroaren 10eko alean hasita —Nobel saria urriaren 25ean “eman” ziotelarik Jimenezi—, ia astero atal bat euskaratu zuen Emilio Masek, eta jatorrizko gaztelaniazkoarekin batera El Bidasoa-n argitaratu (azkena 1957ko irailaren 28an). 31 atal horiek ere eskaintzen dizkizugu, grafia eguneratuta (-ch, -gue, -gui, -mp eta molde horretan argitaratu baitzen).

Informazioa Interneten Juan Ramon Jimenezi buruz:

Agenda

Efemerideak

Kritikak