Hiltzailea euripean 1 Berglund apartamendu-etxeko gela batean ginen. Ni ohe alboan eserita nengoen, eta Dravec besaulkian. Neure gelan ginen. Euriak oso gogor jotzen zuen leihoen kanpoaldea. Leihoak tinko itxita zeudenez, gelan bero zegoen, eta mahai gainean haizagailu txiki bat piztuta neukan. Haizagailutik zetorren aireak Dravecen aurpegiaren goialdea jotzen zuen, haren ile beltz lodia goratuz eta aurpegia lerro lodia eginez zeharkatzen zioten bekain usuetako iletxorik luzeenak mugituz. Dravecek dirua egin duen bizkarzainaren itxura zeukan. Honenbestez, zenbait hortz urrezko erakutsi eta honela esan zidan: «Zer dakizu nitaz?». Harroturik esan zuen, denek berari buruzko gauza piloa jakin beharko bailuten, ezer jakitekotan. «Ezer ez» esan nion. «Garbi zaude, nik dakidala». Honenbestez, gizonak eskua jaso zuen, handi eta iletsua, eta aldi batez tinko begiratu zion. «Ez duzu ulertzen. M'Gee izeneko tipo batek bidali nau hona. Violets M'Geek». «Ederto. Zer moduz dabil Violets azken aldi honetan?». Violets M'Gee sherifaren bulegoko detektibea zen, gizahilketa sailekoa. Berriz ere, gizonak esku handiari begiratu, eta bekokia zimurtu zuen. «Ez, oraindik ere ez duzu ulertzen. Lana daukat zuretzat». «Dagoeneko, ez naiz sarri kaleratzen» esan nion. «Gaizpera samar nabil-eta». Gelan zehar begiratu zuen arretaz, alde batez plantak eginez, berez oso arretatsua ez balitz bezala. «Baliteke tartean dirua izatea» esan zidan. «Baliteke» erantzun nion. Gamuzazko gabardina zeukan soinean. Honela, gabardina axolagabe ireki eta handik atera zuen diruzorroa: ez zen, bada, lastozko fardela bezain handia. Dirua barra-barra irteten zitzaion alde guztietatik. Aztal gainean kolpea emanda, diruzorroak hots astuna egin zuen, belarrien gozagarri. Honenbestez, Dravecek dirua astindu batez atera, bilete banaka batzuk pilatik aukeratu, gainontzekoa diruzorroan sartzeko sakatu, diruzorroa lurrean ezarri, eta bertan laga zuen. Ondoren, ehun dolarreko bost dirupaper estu bildu zituen pokerreko jokaldia bailitzan, eta mahai gainean ezarri zituen haizagailuaren oinpean. Lan dexente hartu zuen horretan eta arnaska hasi zen. «Diru piloa daukat» esan zidan. «Bistan dago. Zer egin behar dut hori eskuratzeko?». «Honez gero, ezagutzen nauzu, ezta?». «Hobekixe». Patrikatik gutunazal bat atera eta atzealdean zirrimarraturiko zenbait lerro ozen irakurri nizkion. «Dravec, Anton edota Tony. Pittsburgheko altzairuko langile izana, kamioi-jagolea, gizon zaildua eta gihartsua inondik ere. Behar ez zuen batekin gustatuta egon, eta gartzetan sarrarazi zuten. Hiritik aldegin eta mendebaldera etorria. El Seguroko arrantxu batean lanean ibilitakoa ahuakateak biltzen. Azkenean, arrantxua erosi zuen. Putzua ipurdi azpian zeukan El Seguroko petrolioaren booma izan zenean. Guztiz aberastu. Diru piloa galdu ere bai, besteen putzu lehorrak erosita. Oraindik ere nahikoa dauka. Jaiotzez serbiarra, sei oin luze, ehun kilo eta alaba bat, inoiz ez du emazterik izan, antza. Ez dago fitxatuta eta ez dago poliziaren artxiboetan; Pittsburghekoa izan zenetik ez, behintzat». Pipa piztu nuen. «Jesus» esan zuen. «Nondik atera duzu hori guztia?». «Harremanak. Zer dugu, ba?». Diruzorroa lurretik jaso eta aldi batez bila ibili zen, barruan pare bat hatz koadratu sartuta, mihia ezpain lodien artetik irteten zitzaiola. Noizbait atera zuen txartel marroi fin bat eta paper txatal kizkurtu batzuk. Neure aldera bultzatu zuen dena. Txartela hizki urrekaraz idatzita zegoen, finezia handiz egina. Honela zioen: «Mr. Harold Hardwicke Steiner» eta txokoan, letra txiki-txikiaz, «Liburu Zaharrak eta Luxuzko Argitalpenak». Ez zegoen helbiderik, ezta telefono zenbakirik ere. Txatal zuriak, hiru denetara, mila banako zor-paperak ziren, Carmen Dravecek sinatuak, zirriborroz eta ergel itxurako letraz idatziak. Paperak itzuli eta honela esan nion Draveci: «Txantaia?». Buruari astiro eragin zion, eta ordura arte erakutsi ez zuen halako otzantasuna aurpegiratu zitzaion. «Nire neskatxa da, Carmen. Steiner honek... ez dio bakerik ematen. Carmen haren gordezulora joaten da denbora osoan. Gizona parrandan ibiltzen da. Uste dut Carmenekin oheratzen dela. Ez dut gogoko». Baiezka egin nuen buruz. «Eta paperak?». «Diruak ez dit axola. Carmen jolasean ari da gizon horrekin. Deabruak daramala! Gizonek txoratuta dagoela esango zenuke. Joan zaitez Steinerrengana eta esan bakerik emateko Carmeni, bestela, lepoa hautsiko diodala neure eskuz. Ikusten?». Hau dena arrapaladan esanda, hatsanka. Begiak txikitu eta biribildu egin zitzaizkion, haserre bizian. Hortzak klaskatzeko zorian zeuzkan. Esan nion: «Zergatik esan behar diot nik? Zergatik ez diozu zeuk esaten?». «Baliteke nik su hartu eta sasikume hori hiltzea!» oihu egin zuen. Pospolo bat atera nuen patrikatik eta pipa-ontzixkako errauts laxoari eragin nion. Une batez arretaz begiratu nion, izan ere, zerbait bururatu zitzaidan. «Bai, zera, zeu ere izututa zaude» esan nion. Dravecen ukabil handi biak aurrera etorri ziren. Sorbalden parean eutsi eta inarrosi egin zituen, hezur-giharrezko masa itzelak erakutsiz. Honenbestez, astiro eraitsi zituen, hasperen sakon eta zintzoa eginez, eta esan zuen: «Bai. Neu ere izututa nago. Ezin dut burutu Carmenekin. Beti ere beste gizon bat, eta beti ere kakalardoren bat. Behin bost mila dolar eman nizkion Joe Marty delako bati neska bakean uzteko. Carmenek oraindik ere gorrotatzen nau horregatik». Leihoari begiratu nion, tinko-tinko, eta ikusi nuen nola jotzen zuen euriak, goian-behean jo ere, leihoaz bestaldean tanta loditan txirristatuz, jelatina urtuaren antzera. Goizegi etorri zitzaigun halako euria. Izan ere, udazkenean sartu berriak ginen. «Gizonak diruaz koipeztatuz ez duzu ezer lortuko» esan nion. «Gauza bera egin zenezake bizitza osoan. Beraz, Steiner horrekin zakar samar joka nezakeela iruditu zaizu». «Esaiozu lepoa kraskatuko diodala!». «Ez nuke halako nekerik hartuko» esan nion. «Ezagutzen dut Steiner. Nik neuk kraskatuko nioke lepoa, horrek zerbaiterako balio izango balu». Dravecek aurrera makurtu eta eskutik heldu zidan. Haur antzeko begiak erakutsi zizkidan. Begietan malko grisaxka bana flotatzen antzeman nion. «Entzun, M'Geek esaten du gizon zintzoa zarela. Zerbait esango dizut inori esan ez diodana, inoiz ere ez. Carmen... ez da nire alabatxoa, inondik ere. Smokyn jaso nuen, beste barik, kaleko haurtxoa zela. Ez zeukan inor. Agian lapurtu egin nuen, ezta?». «Hala dirudi» esan nuen, eta borrokan egin behar izan nuen eskua askatzeko. Eskuak bere onera ekarri nituen bata bestearen kontra igurtziz. Gizonaren bostekoak telefono haga ere kraskatuko luke. «Harrez gero, zuzen ibili naiz» esan zuen tristeturik, eta horregatio samurkiro. «Hona etorri eta aberastu egin naiz. Bera hazi egin da, eta maite dut». Honela esan nion: «Ah, ah. Hori normala da». «Ez duzu ulertzen. Berarekin ezkondu nahi dut». Zuzen begiratu nion. «Urte batzuk barru zentzudunagoa izango da. Baliteke neurekin ezkontzea, ezta?». Haren ahotsa erruki eske ari zitzaidan, auzi hura epaitzeko eskumena banu bezala. «Inoiz eskatu diozu?». «Neu ere izututa nago» esan zuen umildurik. «Steinerrengatik txoratuta dagoela uste duzu?». Baiezko keinua egin zuen buruz. «Baina horrek ez du ezer esan nahi». Sinesgarria iruditu zitzaidan. Honenbestez, ohetik jaiki, leihoa ireki, eta une batez euriaren zigorra jaso nuen aurpegian. «Argi dezagun kontu hau» esan nion, berriz ere leihoa itxita, ohera itzuli baino lehen. «Steiner lepagainetik kenduko dizut, hori erraza da. Baina ez dakit zer aterako duzun hortik». Berriz ere eskutik heldu nahi izan zidan, baina orduan arinago mugitu nuen. «Gogor samar sartu zara hona, diru sorta ederra arrandiaz erakutsiz» esan nion. «Orain otzan zabiltza, nahiz eta nik ezer berririk esan ez. Zuk bazenekien. Ni ez nabil gizartea hezitzen Dorothy Dix bezala, eta erdi tontoa baino ez naiz. Halere, Steiner ondotik kenduko dizut, benetan hori nahi baduzu». Gizona baldarki altxatu, sonbreroari eragin, eta oinetara begiratu zidan. «Ken iezadazu lepagainetik, zeuk esan duzunez. Ez da Carmenen gisakoa, dena den». «Beharbada, min apur bat emango dizu lepagainean». «Ondo dago. Horretarako dago-eta» esan zuen. Berokiaren botoiak itxi, sonbreroa buru tximatsuaren gainean zabar bota, eta kanpora irten zen. Kontu handiz itxi zuen atea, erigelatik kanpora irteten ariko bailitzan. Burutik eginda zegoela iruditu zitzaidan, baina gogoko nuen. Dirua leku seguruan ipini nuen; orduan edari handia atondu eta Dravecek utzitako aulkian eseri nintzen. Oraindik ere epel zegoen. Edaria eskutan nerabilela, neure buruari galdetu nion ea Dravecek ba ote zekien zernolako negozioetan sartuta zegoen Steiner. Steinerrek liburu porno mordoska bilduta zeukan, bitxiak eta hain bitxiak ez zirenak, eta mailegutan uzten zuen eguneko hamar dolar ordainduta... jende egokiaren eskuetan. Hiltzailea euripean |