NYLONEZKO EURITAKOA
Jose Basterretxea, Oskillaso

Narrazio laburrak
Egan, 1/6-1964 (1964ko urtarril-abendua)

 

         Behin, nylonezko euritako bat ekarri zuten denda batera anaia askorekin, eta bidean ez lohitzeko zeraman paperezko soingaineko zuria kendu ostean, dendaren leihoan ipini zuten, jendeak onutdo ikus zezaken eskegitoki batean.

         Saihetsak metal zurizkoak zituen, tirak herdoiltzen ez dituenetarikoak, kirtena horia, Javako kanaberazkoa, zurixka adabegietan, kiskalia eta kafearen kolorezkoa adapoetan, eta korapilo batekin lotuta, zetazko zinta beltz bat, ezkur-itxurazko zintzilikailu banarekin puntetan.

         Ez zen egon luzaro jendearen aurrean, gizon bat bere begira maitasunez gelditu, dendan sartu, eskatu, zabaldu, «oso polita da. Hauxe da niri atsegin zaidana» esan, itxi berriz, eta erosi zuenean.

         Pozik atera zen euritakoa dendatik bere jabe berriarekin. Halako begirada samurrak eta halako hitz eztitsuek bihotza irabazi zioten.

         Gizonak ere pozik ireki zuen guardasola euri zaparrada gogor baten erdian.

         «Hauxe da bai handia!» zion berekiko, euri tantak tela tiratuaren kontra danborra jo, eta jendea blai-blai eta arrapaladan atarietan sartzen zelarik.

         Aurreko bidazti gaixo bat, hormaren ondo-ondotik zihoan euritakorik gabe, eta ohartzeke itoi baten azpitik igaro zenean, ur hotzezko tantak sartu zitzaizkion lepotik, atorra eta haragi artetik, bizkar epeletik behera. Uste gabeko hotza sentitu zuenean hezurretaraino ikaratu zen.

         Berehalaxe igaro zen gero handik bere euritakoarekin eta urak tarrapa-rran-rran-rran! egin zuen bere buruaren gainean, lepo eta bizkarreko haragi epela ezertarako ukatu gabe.

         «Hau poza!» erran zuen gizonak.

         Guardasolpean lehor-lehor, ohartzen zuen beste oinezko bidaztien bekaitza, atarteetan sartuta gelditzen zirelarik atertuko zen itxaropenarekin, eta pozaren pozaz ezpain-bazterrak jaso irriño batean eta honela oldoztu zuen:

         «Ai astakilo gaixoak! Ez al zarete konturatzen azkenean berandu eta zaparradarik gogorrenaren erdian atera beharko zaretela, atarterik atarte ibiltzeko arrapaladan, lehenbiziko bide zatian ia lehorrik, bigarrenean busti samar, hirugarrenean ondo bustita, laugarrenean blai eta gero uretara erori bazinete bezala?»

         Honelako oldozmenekin alaitua, kafe batean sartu zen. Utzi euritakoa eta adiskideengana joan zen.

         Ez zen hau euritakoak itxaroten zuena. Bere burua ura zeriola eta beste euritako hotz askoren arte hau estu-estu sartuta ikusi zuenean: «Hau al da nire jabearen eskerrona euritik hain ongi libratu duenarentzat:? Hona zertara gelditu diren hainbeste pozezko oldozmen nire kontura!»

         Hau dena entzuten zuen alboko euritako zahar batek eta.

         «Ageriari dago» erran zion, «oso gaztea zarena, ez zarela ohitu oraindik gizonen arte ibitzen! Ez dakizu gizonen hitz atsegingarriak, eurentzat beharrezkoak direnentzat bakarrik izaten direna? Hemen, kafe barnean, ez dago euriaren arriskurik, euritako bat hemen ez da ezertarako gauza, ez zara harritu behar ba, ez bada oroitzen zutaz zure jabea kanpora irten arte.»

         «Baina... nire jabeak erran du ni naizela berari atsegin zaiona, eta oraintxe bertan ibili da nirekin, poz handia ematen niola eta honelako gauzak esaten.»

         «Ez da axola. Orduan euria ari zen eta orain hemen barruan ez da. Zu lehen beharrezkoa zinen, orain eragozpen bat baino ez zara beretzat. Ez galdu hau bistatik gizonak ulertzea nahi baduzu. Ez badaukazu besterik bere kontra, ez daukazu zer esanik. Itxaron hitz haserreak eta biraoak entzun, edo bere pisu guztia zure gainean jasan, makilatzat hartua izanik hausteko arriskuarekin, edo zartadak hartu, edo gaizki tirabirakatua izan arte.»

         «Hain gaiztoak dira ba gizonak euren zerbitzurako bizi direnentzat?»

         «Paaa!... gaiztoak, gaiztoak... gizonek komeni zaiena egiten dute beti. Hitz goxoren bat esaten badizute, zugandik zerbait lortzea nahi dutelako izanen da, eta ezer lortzeko itxaropenik ez badauka, zertarako egon zure begira? Ze axola zaie zugatik?»

         «Orduan jabe guztiak dira berdinak guretzat?»

         «Ez, hori ez. Batzuek besteek baino hobeto pentsatzen dute zer den gehien komeni zaiena, eta hala pentsaturik jaberik onenak izaten zaizkigu. Ez gaituzte erabiltzen haizeak gogor jotzen duenean, zabaltzen gaituzte bustirik gaudenean ondo lehortu arte, garbitzen gaituzte ongi, josten edo josarazten dizkigute zauri ttikiak handiegiak bilakatzeko beta pasatzen utzi gabe, ez dira ezartzen gure gainean pisu guztiarekin... laburki esateko, onak izaten dira gurekin, gugandik zerbitzu gehiago lortzeko.»

         «Eta guk ezin dugu egin ezer, jabe txar baten eskuetan erori garela ikusten dugunean?»

         «Nola ez! Asko egin dezake dudarik gabe euritako batek jabe txar baten eskuetatik ihes egiteko, Gizonek ez dute jakiten, guk jakiten dugun bezala, noiz datorren euria, eta kalera ateratzerakoan dudan egoten dira, egunaldia zelakoa izanen ote zaien igarri nahirik. Jabearekin ondo konpontzen den euritakoak orduan, euria datorrela ikusten badu, "har nazazu!" esaten dio, eta bestela "utz nazazu!", baina jabea gorrotatzen dutenek okerretara esaten diote hau. Gizonak ez du inoiz susmatzen ezer, eta jakin barik, euritakoak agintzen diona egiten du beti. Zerrapoarekin ere gauza asko egin ditzake euritako zoli batek jabe gaizto batengandik laxatu nahi denean. Baina batez ere jabeak bazter batean edo guardasoldegi baten uzten duenean dauka euritakoak okasiorik onena beste jabe baten aurkitzeko, jabe txarrari "ahantzi zaitez nitaz! ahantzi zaitez nitaz!" erraiten diolarik».

         Jabearenganako zaletasuna hoztu bazitzaion ere, baketu zen euritakoa hitz hauek aintzakotzat harturik, jabea bere bila etorri arte.

         Lagunekin musean ibili ostean gizona kanpora atera zenean oso berandu zen. Kalea lehorrik zegoen eta zeru garbi-garbian izarrak ikusten ziren. Etxera ia-ia heldu eta euritakoaz oroitu zen. Atzera kafera.

         Atea itxita, baina argia barruan. Tan-tan jo eta euritakoa mesedez emateko. Nagusia zegoen bakarrik. Aulkiak mahaien gainean. Eman zionean:

         «Euritako ederra» esan zion.

         «Paaa!...» erantzun zion berak, «ez dago munduan traste higuingarriagorik. Edonon uzten duzu ahaztuta. Behin zerbitzu apur bat egiten badizu, ongi ordaindu behar duzu gero, eginarazten dizkizun urratsekin.»

         Hitz lotsagarri hauek entzun zituenean, burura, edo kirtenera igan zitzaion haserrea euritakoari eta bere jabea bertan behera uztea erabaki zuen.

         Jabearen etxeko guardasoldegian euritako zahar bat eta neska-euritako lirain bat ezagutu zituen. Gertatu zitzaiona kontatu zienean euritako zaharrak ere kontatu zituen gauza asko jabearen kontra. Gazteago balitz, esan zion, aurkituko luke beste batengana joateko okasioren bat, baina orain zahartzaroan ia etxetik irten gabe bizi zelarik, beranduegi zen alde egiteko, bestela...

         Neska-euritakoa pozik zegoen bere ugazabandrearekin eta ez zuen nahi alde egiterik, baina laguntzen zien gizonaren kontrako gorrotoa sentitzen.

         Euritakoaren istorioak, guardasoldegirik guardasoldegi zabaldua, bere anaien belarriak iritsi zituen. Familia ugari bateko seme izanik, asko ziren laguntza eskaini nahi zioten anaiak.

         Egun batzuk igaro eta gizona etxean zegoela, euri zaparrada gogor bat erori zen. Jarri zen kalera begira, eta sudurrak kristalean egindako lainoa eskuaz garbiturik, jendea arrapaladan atarteetan sartzen ikusi zuen. Oroitu zen orduan nola ibili zen euritakoarekin erosi zuen egunean, «Gauza ederra da euritako bat» oldoztu zuen irriño puzgarri batekin. Bat-batean kopeta ilundu zitzaion. «Baina euritako batek» oldozten zuen, «beharrezkoa du euria, zerbait izateko. Euririk ez denean eragozpen izugarri bat baino ez da. Lehenbiziko eguna kendu ezkero ez dut gehiago lortu euria ta euritakoa batera ikustea. Euria ari denean guardasolik gabe aurkitzen naiz, aterkia nirekin daramadanean eguzkia da nagusi zeruan».

         Beste egun batean goizean, kalera ateratzerakoan, begiratu zerura eta hodei asko ikusi zituen ipar alderantz mugitzen zirela arin-arin, euria izanen delako seinale ziurra. Hartu euritakoa eta lanera joan zen pozik, berriz ikusiko zituelakoan guardasolpetik jendeak peorietan sartzen.

         Irten lanetik euritakoarekin, eta eguzki eder bat baizik ez zegoen zeru urdin urdinean. Jenderik gehiena baino goizago jaiki zen eta bera izan ezik ia inork ere ez zituen ikusi euri-hodei ilunak zeruan. Batzuek barre egiten zuten, halako eguraldi ederrarekin euritako bat zeramalako. Bera lotsatuta ibili zen etxera heldu arte.

         Biharamunean zerura begiratu eta arraioa!... ezin jakin! Baliteke euria izatea, baina bezperan baino itxura hobea zuen. Utzi euritakoa etxean eta lantegira.

         Irten lantegitik eta euri zaparrada izugarri bat. Lehenbiziko atartera arrapaladan. Han egon, atertuko zen itxaropenarekin.

         Gizon bat igaro zen euritako baten azpian harro-harro eta burlazko irriño batekin begiratu zituen atartean sartutako guardasol bako gaixoak. Harri bat eduki balu burura jaurtiko ziokeen.

         Azkenean berandu eta zaparradarik gogorrenaren erdian atera zen, atarterik atarte ibiltzeko arrapaladan, lehenbiziko bide zatian ia lehorrik, bigarrenean busti samar, hirugarrenean ondo bustita, laugarrenean blai-blai, eta gero uretara erori balitz bezala.

         Hurrengo goizean zerua ilun-ilun. Hartu euritakoa eta lantegira. Irteterakoan sekulako eguzkirik distiratsuena. Hodeien arrastorik ez. Nor da halako eguzki batekin euritakoaz oroitzen dena?

         Biharamun goizean itxura ikaragarri dauka zeru ilunak. Ezin hartu euritakoa, lantegian utzi zuen-eta. Hasieran ur tanta batzuk bakarrik. Lantegira heldu orduko blai-blai. Lana bukatzen denean janzkiak bustita oraindik. Etxerakoan berriz eguzkia eta berriz euritakoarekin eguraldi onagaz.

         Hogei egun ibili zen euritakoarekin eguraldia ona zenean eta euritakorik gabe euria zenean.

         Baina hau bukatu egin behar zen. Emazteak azkenean euritako zaharra josi zion.

         Orduan bai bazekien zer egin behar zuen. Euritako bat lantegian eta beste bat etxean eduki. Euria zenean euritakoa atera, ez zenean utzi eta kito. Bi eduki ezkero, bata beti etxean eta bestea beti lantegian, ez zegoen gehiago huts egiterik.

         Biharamunean euri-itxuraz hasi zen eguna. Hartu euritako zaharra eta lantegira. Baina alferrik eraman zuen, ez baitzen erori ur tanta bat ere etxetik lantegirako bidean. Bukatu lana, eta berriz egunaldi ona. Berriz etxera euritakorik gabe, biak lantegian ahantzirik.

         Biharamun goizean ibaika erortzen zen euria lanerako orduan. Gizona etsita zegoen. Bi euritako eduki eta biak lantegian! Hartu emaztearena eta kalera. Zabaltzea erraza zelakoan, irten prisekin eta euriaren erdi-erdian zarrapoarekin ahaleginetan ibili zen zabaldu ezinik. Zabaldu zuen azkenean, baina urrats batzuk eta berez itxi zitzaion. Ahaleginetan berriz zaparradaren erdian patxada galtzeko gutti faltatzen zitzaiolarik. Zabaldu zuenean ez zuen kendu eskua zarrapotik itxiko ote zitzaion beldurrarekin, eta honela zebilelarik kale bazter batera heldu eta haizeak buelta eman zion.

         Lantegian sartu zenean itsasotik atera zela zirudien. Guardasoldegira joan eta beste bi euritako lehorren ondoan utzi zuen emaztearena edo... bere hondakinak.

         Hiru guardasolak lantegian batuta zeudela ez zen erreza bakoitza bere tokian ipintzea. Emaztearena etxera ekartzeko, emazteak berak lagundu behar zuen. Gaizki dabil kaletik gizon bat egunaldi onarekin gizonezko euritako bat eskuan, osorik dagoela be. Egunaldi onarekin euritako hautsi bat kalerik kale eramateko, beharrezkoa da emakume izatea. Euri zaparrada gogor baten erdian euritako bat zabalduta eramatea, nahiz gizonezko, nahiz emakumezkoa dela, edozein gizon harrotzeko gauza da. Euriaren aitzakia kendu ezkero, bakarrik jendeagatik axolarik ez zaien gizonek eraman dezakete emakumezko euritako bat. Baldin euritakoa emakumezkoa ez eze hautsia bada, hau ez da nahikoa, aurpegia be bai behar da orduan, eta aurpegi gogorra gainera.

         Hamabost egun egon ziren bi euritakoak ia denbora guztian elkarren ondoan, batzuetan biak etxean, beste batzuetan biak lantegian, eta gizona ospetsu bilakatu zen. Euririk ez zenean guardasolekin eta euria zenean guardasolik gabe zebilen gizona deitzen zuten.

         Euritako zaharra galdu zuenean ez zuen sentitu gehiegi, edo ez behintzat luzaroegi. Hasieran bai.

         Igandeko goiz bat zen eta ez zeukan beste ideiarik buruan, guardasola ez zuela galdu behar baizik. Besteetan etxean edo lantegian ahaztuta uzten zuenean ez zen egoten galtzeko arriskurik. Ardandegiren batean edo ahaztu ezkero, batek daki: igual eramaten du edozeinek. Oratu tink-tinka eta «galdu barik! galdu barik!» zion berekiko.

         Bat-batean sartu zen adiskideen bila. Guardasola oraturik, ez galtzeko ideia buruan josi edo nahi zuan.

         «Zu!» galdetu zion morroiari, «ikusi al dituzu nire adiskideak?» (galdu barik! galdu barik!...)

         «Bai, bost minutu dira joan direla.»

         «Eskerrik asko. Hurrengo arte» (galdu barik gal...)

         Bazekien berak zein ardandegitara joaten ziren handik eta hara joan zen, beti guardasola azkarki oraturik.

         (...galdu barik! galdu barik!) «Kaixo Bixente!» (galdu barik! galdu barik...)

         Ezta, han ere ez zeuden bere adiskideak, baina Bixente aurkitu zuen. Chiquito bana hartu eta berriketan hasi ziren. Bixente oso xelebrea zen. Berarekin derrigor egon behar zara barrezka denbora guztian.

         Elkarrekin atera kanpora eta astiro-astiro ibili ziren minutu batzuetan hizketan. Gero, hurrengo ardandegian, beste lagunak aurkitu zituen. Igande goizetako edanaldia lagunekin oso pozgarria izaten zitzaion beti, eta astebete guztian baino berriketa eta irribarre ugariagoak egiten zituen.

         Etxerako orduan euri tanto lodi batek busti zion eskua. Berehala oroitu zen euritakoaz. Arraioa! Bazekien non utzi zuen! Bixentegaz hizketan zegoela, barran utzi zuen chiquito bat edateko.

         Joan arin-arin bar hartara... eta euritakoaren arrastorik ez!

         Ñooo!!! amorruaren bizia!... Ukabilak tink zeuzkan.

         Paaa!... Hobeto! esan zuen gero berekiko. Bi euritakoekin hasi zenetik txartoago ibili zen. Hobe bat bakarrik eduki. Gainera ez zuen galdu berria zorionez.

         Beste euritakoa Donostian galdu zuen gutti barru. Euritako bategaz ibili denak badaki zelako arriskua den autobusa guardasola galtzerik nahi ez duenarentzat. Eta dendak? Dendetan ibili ta galtzen ez duenak, ia-ia esan daiteke ez duela inoiz galduko. Baina...

         Donostiara heldu, jaitsi autobusetik guardasolagaz eta dendarik denda ibili zen euritakoa galdu gabe. Apur bategatik ez zen etorri atzera guardasolagaz harro-harro. Baina telefonoz hitz egin behar zuan eta Telefónicara abiatu zen.

         Ficha bat eta liburua eskuetan, horman kontrako mahaitto batera joan eta numeroa bilatu zuen, euritakoa bistan utzirik telefono ondoko bazter batean.

         Urruti-hizketaldia bukatu zenean prisekin atera zen Telefónicatik. Avenidatik arin-arin ibili ostean eskumara jo zuen Garibai kaletik.

         Bat-batean euritakoaz oroitu zen! Atzera Telefónicara arrapaladan.

         Kristalezko ateak igaro baino lehen, saiatu zen jendeen sorbalden gainetik begiratzen. Lehengo bazterrera heldu eta ez zegoen han. Galdetu etxe hartako neska bati eta inork ere ez ziola esan euritako bat aurkitu zuenik, baina atezainari galdetzeko. Atezainak ere ezetz.

         Sinistu bere ez liteke!...

         Bat-batean, zutabe baten ondoan hiriz jaun hizketan ikusten ditu. Haietariko batek dauka bere guardasola!

         Joan beregana eta:

         «Barkatu!» esaten dio kopeta ilun-ilunekin eta riast! kentzen dio euritakoa.

         Hirurak aho bete haginakaz gelditu dira bere begira ahoa eta begiak zabal-zabalik... baita bera be, bere euritakoa izan beharrean «ia berdina» baino ez dela ohartzen denean.

         Ahalkez gorri-gorri,

         «Barkatu» esaten dio berriz lehen baino isilago eta apal-apal, euritakoa atzera emanik.

         Nylonezko euritako bat zen, gure ipuinean ezagutu dugunaren anaia.

 

NYLONEZKO EURITAKOA
Jose Basterretxea, Oskillaso

Narrazio laburrak
Egan, 1/6-1964 (1964ko urtarril-abendua)