LARROSA TA LAUZIRI
Jose Elizondo

Eskuizkribua, 1910
Euskal Esnalea, 1913 (Martxoak 30, Apirilak 15 eta 30, Maiatzak 15)
Martin, Mena y Cia-ren Echean, 1913
armiarma.eus, 2015

 

I

LARROSA

 

      Arantzik gabeko Larrosa jatorra, Zarauzko zeian jolasten ziran umeetatik alaiena zala, gezur haundirik gabe esan zitekean.

      Bera baino bihurragorik, gaitz izango zan aukeratzen kriseiluekin bilatu nahi izanda ere, baina zegitzan bihurkeriak gaiztzake egin ohi zituan.

      Beraz batera jolasten ziran laguntxoak gaiztotzat berexita zeukatenagatik, berakin partzantzurik nahi ez-eta alde egin ohi zioten.

      Baina alfer-alferrik beragandik urrindu ohi ziran, zeren, Larrosa bihurrak, ihintza hormari erazartzen duan grinak bezela, haur jolasari zion zaleak, bere kidakoetara erazartzen zuan, alderik gehienean jolasaren lekuan borroka edo maixioa arkitzen bazuan ere.

      Zenbaterainoko bihurra zanari antz emateko, egin ohi zituanetako bihurkeri bat aipatzea din izango dala deritzogu.

      Erramu igande goiza zan eta erramuak bedinkatzerako garaian ohi danez, Zarauzko eleiza erramudunez ia beterik zegoan, elizatea erekita, Larrosa asto txurixka bat sokatik helduta zeramala agertu zanean.

      Sartu bezin laster, ur bedeinkatu ontzian astoa lotu nahi izan zuan, baina eliza barrukoak beragana joanda atez kanpora urruxkatu zuten bere lau hankakiko lagunarekin batera.

      Etxeratu zanerako amak bazekian egin zuan bihurkeria donauslearen berri eta jipoia emateko zain egon zitzaion, baina amak zigorra eskuetan hartu zuanerako, ahuntz triskularia baino biziago ihasi joan zan.

      —Neskame bidalduko haunat —amak eskailburutik deadarka esan zion, eta berak algara iskanbilatsu batekin erantzun zuan.

      Lehen, bihur gaitzakea zala esan degu, eta orain, adu jatorkiak edo haurdaroko zoramenak bihurtzen zutela esan gentzake.

      Haurdaro zoriongarria!

      Nori, haurdaroko oroipenek bihotza kilimatu ez diote?

      Zenbat amets zoragarri, zenbat lilurapen eta zenbat maitagune gozo jaso ote ditu haurdaro zoriontsuak! Haur bat ikusita aingeruen irudigarririk zehatzena begitantzen zaigu haien izate zoriontsuari hur emateko beste irudigarririk ez daukagunakatik.

      Baina laga daitzagun lilurapenak eta jarrai deiogun gure edestitxoaren hariari.

      Horretarako goazen Zarauzko zeiara, eta ikusi dezagun umeek zarata bizian darabilten jolasketa.

      Eta agerien dabilena Larrosa bihurra da trisku eta iskanbila dariola beste guzien aitzindari izan nahirik.

      Bere araupera jarki nahi izan ez duan bati tximetatik orapen bat egin diolako, beste guziak batu dira eta berebiziko jipoia ematen ari zaizka.

      Gaizki beharrean arki zan neska bihurra, mutil zegaztatxo bat bere aldez bitartetu zitzaietenean eta bere etsai jipolariak ukabilka urruxkatzeko behartu zanean.

      Heriondapetik atera zuan eta esku emanik Txiliko iturrira eraman zuan jipolariak arpegian eragin zioten odola garbitzera.

      —Eskarrik asko Lauziri —esan zion Larrosak, far irri antzeko muskioakin.

      —Ez da zeri emanik—erantzun zion mutilak.

      —Orain etxera noa, agur! —esan zion neskatxak hurrena, eta mutil bihozberak «Agur, eta ondo joan» erantzun zion, Larrosa zihoan bidean zehar begitzun abalitsua zihoakiola.

 

 

LARROSA TA LAUZIRI
Jose Elizondo

Eskuizkribua, 1910
Euskal Esnalea, 1913 (Martxoak 30, Apirilak 15 eta 30, Maiatzak 15)
Martin, Mena y Cia-ren Echean, 1913
armiarma.eus, 2015