|
GIBEL HANDI
Gibel Handi
ELKARRIZKETA ANDRES ARZELUSEK ERATUA
Banaketa LORE: Jostun gazte pertxenta sutautsa baino biziagoa. GOTZON: Herriko mutil jatorra. Garbi eta begikoa.
Iruditegia Loreren etxeko langela. Ezker eskuin ateak. Atzean leihoa.
LORE: (Leiho aldean eserita abestuaz josten ari da. Baina ezagun du bere onean ez dagoela, bere bihotza une larritxoren batean daukala “Ezkongaietan zerbait banintzan...” bezala abestuaz) Itsutasuna noski txarra da, baina ez askoz hobea bihotzak maite duenean nahia ez argiro jakitea...
Aitaren eta semearen... Besoa azpikoz gora josi ez dut ba! Aitaren eta...
(Sutsu altxatzen da.)
Ezin liteke. Jauna, ezin liteke. Ez baitaukat burua ari naizen lanean. Gizon arrano horiek!... Baina nire abanikoa non dut? Baina, non utzi dut nire abanikoa?... Aaa! Hemen da.
(Amorru biziaz haize ematen dio bere buruari.)
San Lorenzo bezala hil behar nau ni gibel handi horrek, kiskalita... Jesus, hau beroa!...
(Alde batera eta bestera ibiltzen da haserre, bere buruarekin hizketan bezala.)
Aizu Lore. Josi dezagun e, hobe izango da eta...
(Berriro esertzen da.)
Josi ez, gaizki esan dut, askatu, beso hau askatu behar dut orain eta.
(Tinkada batean egiten du.)
Ia hautsi nuen. Eta gero ordaindu ezazu oihala. Deabruak eramango al ditu gizon guztiak!
(Lehen bezala abestuaz.)
Itsutasuna noski txarra da baina ez askoz hobea...
(Bat batean jaikiaz.)
Ez dut josi nahi: Ez, ez eta ez. Ezin baitut, azkazaletatik ere tximista dariola nago eta... Ai, ene!
(Harantz eta honantz ibili, eseri, altxa, buruari haize eman eta erotu beharrik dabil.)
Esatea erraxago da, bai. Jauna: bi urte! Bi urte! Laster esaten da bi urte. Bi urte horratx esan. Baina: Ilbeltza, Inauteriak, Garizuma, Aste Santua, Udaberria, Udara, ibaiko bustialdiak, San Bartolome, sagar bilketa, San Martinak, Eguberriak. Eta berriro, berriro, ilbeltzetik hasi eta Jaungoiko Haurtxo eginarekin amai ezazue. Bi urte! Erraz esaten da: bi urte! Bi urte egunik huts egin gabe nire etxera datorkidala gizon galbai hori. Ea ni bere begiko izanagatik —hala naizela baitakit— eta bera —eta hauxe da okerrena— nire begi begiko izanagatik, oraindik: “Lore, udaberri goizeko ihintza izan nahi nuke, nire aldamenean ikusten zaitudanean” ez dit esan. Hori gibela eman dio Jaungoiko gure Jaunak! Mendigain osoan ez litzateke beste bat aurkituko, ezta urreratzeko ere. Zer egin ote dut nik. Jaunak honela zigortzeko? Suziria baino biziagoa izaki eta pospoloa itzaltzeko ere.
(Astiro,)
ha... in... bes... te... denbora behar duan gizon batek bihotza ukituko zidan ba! Pospolo bat itzaltzen ere... hola egitea, (Indar handiz haize emanaz) nahikoa izaki eta. Gaur bertan gauzak garbitu behar ditugu. Bai. Bere asmoak azaltzen ez badizkit, kalte egiten didala eta ez nigana gehiago azaltzeko esango diot.
(Oldozkor.)
Gehiago ez azaltzeko! Nola ordea: nik etortzea nahi dut eta... Hau da korapiloa.
(Berriro josten hasten da.)
Lana dela, ezin dut gehiago. Ez noa gaztaro guztia tximutx hori aldamenean dudala galtzera! Gaurtik aurrera, honela behintzat ez. Honela ez.
(Berriro abestuaz.)
Gorputza zuen liraina eta oinak zebilzkin airean... Airean, bai... Hara: hor dator... Ibilera pisuagorik. Zango bat aurreratzeko besteari baimena eskatu behar izaten dio; eta askotan honek baimen hori ukatzen ez badio gaitz erdi. Jesus. Jesus mila bider. GOTZON: (Barrendik, Patxada handian guzia). Sar al ninteke? LORE: Aurrera! (Isilaldia) Aurrera...!!! (Isilaldia, eta azkenik altxa eta ezkerreko eta irekiaz). Baina gizona, hil egin al zera? GOTZON: (Sartuaz) Oinetako lokarriak... Egunon aurrena... Ba, oinetako lokarriak ezkutatu nahirik ari nintzen. Agerian ekartzea ez baitzaizu atsegin izaten. LORE: Eta goiz guzian lokarri horiek gordetzen astirik ez al duzu izan? GOTZON: Astia, egia esatera, bai, izan dut ba. Baina “Sartu al ninteke” galdetu dudan artean ez zait bururatu ere. Oroimenaren gauzak, emakumea, oroimenaren gauzak! LORE: (Bere esanahia lehenengo aldiz menderatuta). Tira ba, eseri zaitez nahi baduzu, leher eginda etorriko zera noski eta.
(Bera eseriaz.)
GOTZON: Oraintxe eseriko naiz, aurrena txapela beste aulki batean uztera noa.
(Utzi baino lehen aulkia musu-zapi batekin astinduz.)
LORE: Ez da zikinduko, gizona, ez dezazula beldurrik izan. GOTZON: Tabernako ohitura da eta... LORE: Bai ba. GOTZON: Aita ondo al dago? LORE: Ondo bai, Jaunari eskerrak. GOTZON: Eta ama, ondo al dago? LORE: (Moztuaz) Guziak, guzi guziak txit ondo gaude. GOTZON: Ahizpatxoa ere ondo beraz? LORE: Guziak ondo gaudela esan dizut ba? GOTZON: Eta osaba Jon? LORE: Osaba Jon, nire amaren anaia da. GOTZON: Baina, ondo al dago? LORE: Ai! GOTZON: Zer duzu? LORE: Ezer ez, ezer ez... GOTZON: Esertzera noa ba.
(Lorerengana aulki bat aurreratu eta lehengoari bezala hautsa kenduaz.)
LORE: Tabernako ohitura, e? GOTZON: Horixe. LORE: (Gero eta beroago). Tabernara joango ez bazina, zorioneko ohitura hori galduko zenuke. GOTZON: Laster galduko dut ba. Bi urte badira ardoak on egiten ez didala eta, egunetik egunera gehiago susmatzen dut eta... LORE: Noski. Zuk behar zenukeena Zestoako ura da. Zestoako urak barrenak pitin bat garbituko lizkizuke. GOTZON: Je! Gogorra zera. Beti umore onarekin. Bai atsegin izaten zaidala zurekin hitz egitea, Lore. LORE: Bai, e? Bi urte dira nik ere horixe nabaritzen dizudala. GOTZON: Je! Eta ikusgarria. Hasieran gurekin jarduten ziran zure aita, zure ama, zure osaba eta zure ahizpatxoa. Baina gero, aitak bere aroztegia zela; amak etxeko eginbeharrak zirela; osaba Jon musean ari ezpada aspertu egiten zela; eta azkenik ahizpatxoa, lagunak zirela eta ez dakit nik zer zela... gauza da zu eta ni bakar-bakarrik utzi gaituztela. LORE: Eta kontu eman, zu azkenean bakarrik gelditzen ez ote zeran. GOTZON: Zer, kanpora al zoaz ba? LORE: Haizea hartzera... GOTZON: Beti umore ona zuk. LORE: Bai, beti, beeeti. GOTZON: Baina, Lore, benetan kanpora al zoaz? LORE: Noski, lan bat eramatera. GOTZON: Noiz? LORE: Zer ordu dugu? GOTZON: Ordua? Zaude. Ni etxetik hamar eta laurdenetan irten naiz. Nire etxetik tabernara, hamar bat minutu, han inguruan baitago: beraz, hamarrak eta hogeita bost. Hamaiketako lege bat egin dut, txakolin puska batekin: beraz hamaikak laurden gutxiago. Errufinoren upeltegira jaitsi naiz: hamaikak hamar gutxi. (Guzia astiro, baina batez ere ondorengo hau) Mahatsari sulfatoa eman behar zaion ala ez eztabaidan aritu naiz: hamaikak eta bost... LORE: (Gehiago ezinean) Baina gizona, erlojurik ez al duzu? GOTZON: Bai, baina... ordua horrela buruz asmatu nahi izaten dut. LORE: Zuk asmatu bitartean, kanpandorrekoak bi aldiz ere joko du ordea. GOTZON: Hobe jotzen badu nirea ondo jarriko dut. LORE: Eta zer ordu duzu zurean? GOTZON: (Erlojua atera eta belarriratuaz) Elizakoekin ala geltokikoarekin! nahi duzu? LORE: (Jaikiaz) Deabruaren isatsekoarekin! Ekar ezazu erlojua (Indarrean kendu, ordua ikusiz eta atzera bihurtuaz) Hamabiak laurden gutxi. Halere zer ordu den badakigu. Arranoen gizona! GOTZON: Jenio bizia duzu gero. LORE: Ez gizona. Baina erlojua patrikan eduki eta ordua asmatu nahirik astia horrela galtzeak, edozein irakiten ipintzen duzu. GOTZON: Eta ez dakizula zergatik egiten dudan? Bere arrazoiak baditut. Egizu kontu egunen batean erlojurik gabe irteten naizela, orduan zer. Gainera gauean ere argirik gabe lo egiten baitut, noiz edo noiz. Pospoloak ahazten bazaizkit ere. LORE: Eta noizbait geldi-geldi ibiltzen ahazten bazaizu ere, bada ezpada, presaka, lasterka zergatik etzea atzeka ibiltzen hasten? GOTZON: Hori ez zait ahaztuko, ez... hori jatorrizkoa baitut. Aitarengandik datorkit. LORE: Jatorrizkoa beraz, e? Ezin zuzen litekeena? GOTZON: Ezta behar ere. Nire aita gizagaixoak esaten zidan hamaika aldiz: “Bizkor dabilenak estropezu egiten dik, y habil beti poliki-poliki, geldi-geldi...”. LORE: Ondo erakutsia zaude alajainetan! (Esertzen da). GOTZON: Esango nuke! Nire aita zenak, asko, asko zekien. Ahoa irekitzen zuen bakoitzean zer edo zer erakusteko izaten zen. Hitz batean gosea baino txiroago jaio eta nireak ditudan lurrak berak utzi zizkidan... Samintasun bakar bat eraman zuen ludi honetatik... LORE: Zein gero? GOTZON: Niri karrera bat ez emana. LORE: Karrera zuri? GOTZON: Bai, ikasten hasi nitzan. LORE: Zertarako? GOTZON: Telegrafotarako. LORE: (Barrez) Telegrafotarako? zu telegrafotarako? ja, ja, ja, ja... GOTZON: Bai, telegrafotarako, bai ez dezazula barrerik egin. LORE: (Berriro altxatuta). Zaude isilik gizona, ondo egin zenuen ez jarraitzea. Eskutitzak, ttaka-ttaka bidalita ere, zure bitartez botatako parteak baino lehenago iritsiko baitziren. GOTZON: (Haserretu gabe baina). Jenio bizia duzu, arranotan. LORE: Jatorrizkoa nik ere GOTZON: Bai? LORE: Bai jauna.
(Esertzen dira. Isilaldia. Gotzon baba dariola Loreri begira. Lorek noizbait zer edo zer esanarazten ote dion ahaleginduaz begiratu xamurrak egiten dizkio.)
GOTZON: Beti barrea ezpainetan duzula zaude Lore. LORE: Beti, ez. GOTZON: Nire aurrean behintzat, bai. LORE: Hori besterik da. Gauza guziak izan ohi dute bere arrazoia, zuk lehen esan duzun bezala. GOTZON: Bai! LORE: Bai noski... kaiku zaharra. GOTZON: Hau Lore, hau! kaiku zaharra ez dio ba (Pozak zoratzen) Je...
(Isilaldia, Lorek begiak Gotzoni begiratzeko besterik ez ditu. Gotzonek ere zoratzen begiratzen dio, baina Loreren nahia ezagutu gabe. Azkenik hala dio.)
GOTZON: Ikusgarria izaten da gero, bi lagun, gu gauden bezalaxe, elkarri begira, hitz bat ere esan gabe, baina zerbait esango balute bezala egoten direnean. Eta askotan gertatzen da... LORE: (Bere onetatik aterata). Askotan gertatzen da, bai askotan. GOTZON: (Jaikiaz). Zigarrotxo bat erretzen utziko al didazu. LORE: Erre ezazu bateko bastoia ere nahi baduzu. GOTZON: Ondo ez baderitzozu ez dut erreko. LORE: Niri ondo iruditu ez! Leher egin artean ari zintezke nahi baduzu: Niri zer zait ba! GOTZON: Baina zer zomorrok heldu dizu bat batean? LORE: Bi urtean bila nabilen ate bateko maratila ezin aurkitu dut eta. GOTZON: A zer gauza! LORE: Hutsa noski... GOTZON: Hori ez da behintzat horrela jartzeko. (Leihora joan eta zigarroaren kea poliki-poliki boteaz). Begira, begira nola doan kea. LORE: (Xamurki eseriaz). Ai nik ezin nezake gehiago. Harira noa. GOTZON: (Leihoan) Hemendik irten al da Argaingo Pello? LORE: Bai, hementxetik. GOTZON: Zure aitarekin al zegoen? LORE: Bai, berberarekin. Zerbait hitz egin behar bazuen noski eta... GOTZON: Oso lagunak dira. LORE: Oso (Biziro) eta orain itxuraz, lagun baino gehixeago izateko bidean dabiltza. Pellok seme gazte bat baitu... GOTZON: A, bai! Juan mari. Mutil jatorra hala ere. LORE: Ez al da hala? GOTZON: Oso begikoa mutila, eta zentzuduna... Mendigaingo mutilik onenetakoa gainera. LORE: Pozten nau ba, zuk horrela uste izateak. GOTZON: Zer, zure ahizparen atzetik al dabil ba? LORE: Bai zera! (Keinuz, bere atzetik dabilela adieraziaz). GOTZON: Nola? (Lorek irribarrez bere burua erakusten dio berriro) Zer? LORE: Nire atzetik dabilela. GOTZON: (Harrituta). Zure atzetik? LORE: Bai gizona, bai. Nire atzetik dabilela. Zer, harritzekoa al da norbait nire atzetik ibiltzea? Hain itsusia naizela al deritzozu ba! GOTZON: Baina. Zuk noiz edo noiz hitz egin al duzu Juan Marirekin! LORE: Askotan. Inguruan bizi baikara. GOTZON: Ez naiz ni txantxetan ari. Gai hauetaz hitz egin duzuen galdetu dut. LORE: Hitz egingo ez genuen ba. GOTZON: Noiz? LORE: Gai hauetaz... bart arratsean bertan. GOTZON: Bart arratsean? GOTZON: Zer garaitan? LORE: Zaude. (Gotzonek bezala astiro, geldiro hitz eginaz). Nik afaldu nuenerako... zortziak izango ziren. Bai, zortziak ziren. Arimatako ezkila entzun nuela oroitzen naiz eta. Gero, hemen aldameneko Maritxurekin berriketan egon nintzen: beraz, zortziak eta hamar. Gero gaueko izparringia etorri zen eta aitari berriak irakurri nizkion: beraz zortziak eta hogei. Ondoren zu etorri zinen... eta beti bezala jardun ginen: beraz hamar t'erdiak. Zu joan zinan... GOTZON: (Bare-bare) Nire bizkar barre egin nahi al duzu, Lore? LORE: Ez jauna, behin edo behin erlojua ahazten bazait ere ordua asmatzen ari naiz. GOTZON: Baina nik berehala jakin nahi dut ordea. LORE: Jenio bizia daukazu. Poliki, poliki... Bizkor dabilenak estropezu egiten du eta, zure aita jakintsuak erakutsi zizun bezala. Hura gizon Jakituna zen ez da!!!! GOTZON: Tira, tira... entzun niri benetan. LORE: Zer duzu? GOTZON: (Larri-larri) Zera... zera... Eser zaitez, Lore, arren nire aldamenean. LORE: Nola ez.
(Aulki bat jartzen du Gotzonenaren aldamenean, zatar bat non edo nondik atera, eta bestea harrituta ahoa zabalik berari begira dagoela, zatarrarekin aulkia astintzen du.)
GOTZON: Baina umea, zer ari zera? LORE: Tabernako ohitura. Guztia ikasten da, gizona. GOTZON: Ez al dizut benetan ari naizela esan? LORE: Baina nor ari da hemen txantxetan? GOTZON: Zu. Lore, zurekiko. LORE: (Xamurki, berriro eseriaz). Tira ba. Hona bene-benetan, par egiteko gogorik gabe bai barrendik eta bai axaletik. GOTZON: Egia al da zu Juan Mariren gogokoa zarela? LORE: Zoaz aurreko etxeraino, gizona eta galde iezaiozu berari, ikusten denez ni gizon horren gogokoa izatea harrigarria egiten zaizu eta. GOTZON: Eta Juan Mari... LORE: Oso begiko dut. GOTZON: Baina Lore... LORE: Oso maite dut Gotzon. (Jaikiaz) Eta ba al dakizu zergatik? Ba koipe gorri ordez bere zainetan odola gorri dabilkiolako, ezkaratzean ikusten banau, etorri eta bere maitasuna azaltzen didalako. Eta esaten dizkidan gauza guztiak, begitan sua duela, hitzetan berotasuna jarriaz, buruko iletatik ere txinparta dariola: berarentzat hautatutako emakumeari gizonak hitz egiten dioten eran esaten dizkidalako. Eta ez zuk mahastiei sulfato eman behar zaion ala ez esaten duzun bezala. Gibel handi! Horra garbi esan zergatik maite dudan Juan Mari.
(Berriro esertzen da, baina urruti.)
GOTZON: (Xahututa) Ederki!, ederki! Odol ordez koipea ez baina jela bezalaxe utzi nauzu. LORE: Hainbesteraino, e?
(Pozez, baina azalera azaldu gabe.)
GOTZON: Ez dit beraz ezertarako balio, bi urtean egunik huts egin gabe, etxe honetara etorri naizen bezala etortzeak? LORE: Aulki egileak izan ezik, ez du inork ezer irabazi horrekin. GOTZON: Ez da gero par egiteko gauza... LORE: Ez baitizut zer esan nahi duzun ulertzen? GOTZON: (Bihotz ikaraz) jauna... zure etxera egunero etortzeak ez al dizu ezer adierazi? Ez al duzu honenbestez ulertu nik maite zaitudala, nik asko maite zaitudala? LORE: (Barrendik poza baina harrituta bezala balego). Zuk ni maite nauzula. GOTZON: Baina egunero etortzen ez natzaizu ba? LORE: Gizontxo, astoz esnearekin etortzen den mutila ere egunero-egunero etortzen da, amarentzat txantxila bi esne ekartzera, baina hala ere ez dut uste maite nauenik. GOTZON: Eta berdin jotzen al dituzu bi etorrerak? LORE: Baina, zuk noiz edo noiz gai honetaz zerbait esan al didazu? GOTZON: Ni... ni... egunero-egunero etortzen natzaizu bi urte hauetan... LORE: Eta horrela jarraitzeko asmoak al zenituen? GOTZON: Noski ba... Ikusi arte... LORE: Zer ikusi arte? GOTZON: Zera... ikusi arte. LORE: Jostun kutxa hau burura botatzen nizun ikusi arte! Ez da!
(Altxatuta.)
GOTZON: Jenio bizia duzu. LORE: Oso bizia. Eta zuk zurea beste lagun batekin trukatuko bazenu, ez zenuke askorik galduko. GOTZON: Zuk agintzen didazun guztia egiteko gertu naukazu. LORE: Ezetz? GOTZON: Baietz. LORE: (Isekaz) Ba, orain, irteten zarenean, nire aitagana joan... eta zorion ezazu. GOTZON: (Beldurrez) Zoriondu? Zergatik? LORE: Juan Mari eta... nire ahizpa Nekane, ezkontzen direla jakin duzulako. GOTZON: (Zoratuaz). Baina Juan Mari... Nekane... Nekane... Juan Mari... Juan Mari... Nekane... LORE: Bai, lapikondo, bai... Nekane... Juan Mari... GOTZON: Halere... Zainetara Odola bihurtu zait atzera... nolatan izan da hori? Hori nolatan izan da? LORE: Nola izango zen? Gauza horiek izaten diren bezala... Igandean begiz jo, astelehenean hitz egin eta asteartean ezkondu. GOTZON: Lasterregi da hori... Baina dena dela, odola odol bihurtu zait behintzat eta. LORE: Bai e? Kontu eman ba, zeharo jelatuta bere onera etorriko ez den eran gelditzea nahi ez baduzu. GOTZON: Ni aurrera ere egunero etorriko naiz. LORE: (Ikaratuta). Zeeeer? GOTZON: (Era berean) Ez al didazu etortzen utzi nahi? LORE: Hara gauza bat esango dizut: nik maitatzea nahi baduzu, gibela mehetzeko zer edo zer hartu beharko duzu. Zure aitaren jakite handizko esaerak idaztitxo bat egiteko gorde itzazu arreta handiz. Entzun: bihar goizeko bostetan elizara joango naiz otoiztxo bat egitera, hilaren 13an betiko ohitura dut. Zazpitan azokara, lorerik ba ote dagoen ikustera. Eta han aurkitzen ez badut Joxeparen loretokira joango naiz. Gero ibai aldera ibilalditxo bat egitera. Ondoren Mirentxurenera txiki bat gaizki xamar dauka eta, bisita egitera. Handik elizara meza entzutera. Gero etxera gosaltzera. Gosaldu bitartean Zubigain kaleko leihora kale Nagusira jotzen duen balkoira, eta enparantza gaineko ikustokira azalduko naiz. Gosaldutakoan Maria Panpalona ikustera, beretzat egin dudan lantxo bat eramanaz, eta Andres jaunaren etxera ea zor didana ordaintzen ote didan. Eta gero gozotegira, eta gero zapi batzuek erostera, eta gero oinetako berri batzuen bila... eta gero gogoak ematen didan tokira bai? Eta horra, toki horietan guzietan, guzietan, aditu? Toki horietan guzietan ikusi nahi zaitut, iristen naizenean eta alde egiterakoan. (Gotzon harrituta altxatzen da). Eta bat edo batean huts egiten baduzu, nik maite zaitudan jakiteko, bazeundeke nik zu maite nauzula jakiteko egon naizen adina ordu. Bihar arte beraz, Jaungoikoak nahi badu. (Erabakitako gauza bat egiten den bezala joaten da eskuineko ate alderantz) GOTZON: Baina, Lore, entzun iezadazu... LORE: Bihar arte, Jaungoikoak nahi badu. GOTZON: Baina, hiru kaletan batera... LORE: Horrela erakusten da maitasuna! Bihar arte, jaungoikoak nahi badu. GOTZON: (Eskuineko atetik ezkutatzen da. Harrituta, aterantz doala) Bihar arte, Jaungoikoak nahi badu. Bai, etzi behintzat... bizirik egoteak bere lanak emango dizkit. Gibel handia dudala, lasaia naizela, eta zerbait hartzea, tira hainbestean: baina berak ere zer edo zer hartu lezakeela uste dut odola pitin bat loditzeko. Arraioa hori da zezensuzkoa! Dena dela, nik beharrena iritsi dut. Nire aitak esan ohi zuan: “Poliki, poliki”. Eta bihar arte Jaungoikoak nahi badu.
(Ezkerreko atetik joaten da, eskuinera begira.)
LORE: (Berriro sartuaz). Eztenkada galantak eman behar izan dizkiot... Baina hau besterik da. (Leihora joanaz). Bihar arte Gotzon. GOTZON: (Kanpotik) Jaungoikoak nahi badu, Lore Jaungoikoak nahi badu. LORE: (Sartuaz) Nahiko ez du ba! GOTZON: (Kanpotik) Agur xexen-suzko. LORE: Garaia zen jauna. Gai zaudeten neskatxak, entzun iezadazue, senargaia aukeratzekoan, naiz itsusi, naiz polit, bizkar makur ala lerden, ile kizkur ala burusoil, argi edo gizajo samarra, nahi duzuen tankerakoa hautatu baina! ene! gibel handirik ez. Ez ezazue horrelakorik egin. Bi urtean, noiz baino noiz nahi dena jakingo zain egotea zer den dakien batek esaten dizue, gero. Gibel handi batekin baino neskazahar hobe. Bai alajaina. Ni berriz jaioko banintz behintzat.
Zapia
amaia
GIBEL HANDI |