Mar 27 24

Antzerkiaren nazioarteko eguna

antzerkia2024
Artea bakea da

– 2024ko martxoaren 27a, Jon Fossek idatzia

Pertsona bakoitza bakarra da eta, hala ere, beste guztiak bezalakoa. Gure itxura, kanpotik, beste guztiena ez bezalakoa da, noski, hori oso ondo dago, baina gutako bakoitzaren baitan ere bada zerbait, norberarena eta beste inorena ez dena, berea bakarrik dena, pertsona horrena. Beste hitz batzuetan esanda, bere espiritua edo arima. Edo, bestela ere, hitzekin ez etiketatzea erabaki dezakegu, bere horretan utzita, besterik gabe.

Baina, denok desberdinak bagara ere, antzekoak gara. Munduko bazter guztietako pertsonak antzekoak gara funtsean, zer hizkuntza hitz egiten dugun, zer larruazal kolore dugun, zer ile kolore dugun alde batera utzita.

Paradoxa moduko bat, aldi berean erabat berdinak eta erabat desberdinak izatearena, alegia. Agian pertsona bat berez da paradoxikoa gorputzaren eta arimaren arteko gure uztartze horretan; existentziarik lurtarrena eta ukigarriena, eta muga material, lurtar horiek gainditzen dituen zer hori, bai bata bai bestea, biak hartzen ditugu gure baitan.

Arteak, arte onak, bere erara lortzen du benetako bakantasuna eta unibertsaltasuna konbinatzea. Desberdina dena (bestela esanda, arrotza dena) unibertsaltzat hartzeko aukera ematen digu. Hala, arteak gainditu egiten ditu hizkuntzen, eskualde geografikoen eta herrialdeen arteko mugak. Bakoitzaren ezaugarri indibidualak ez ezik, beste zentzu batean, pertsona-talde bakoitzaren ezaugarri indibidualak ere biltzen ditu, adibidez, nazio bakoitzarenak.

Artea, horrela jardutean, ez da ari desberdintasunak berdintzen, dena berdin bihurtu nahian, alderantziz baizik, gugandik desberdina den hori, arrotz zaigun hori ari zaigu erakusten. Arte on orok dauka, hain zuzen ere, zer hori: arrotz den hori, osoki ezin ulertu eta, hala ere, aldi berean nolabait ulertzen dugun hori. Halako misterio bat biltzen du, nolabait esateko. Horrek liluratu egiten gaitu eta, beraz, gure mugetatik harantz bultzatzen gaitu. Arte orok bere baitan eduki behar duen eta hara eraman behar gaituen transzendentzia sortzen du horrela.

Ez dut modu hoberik ezagutzen kontrakoak batzeko. Horixe da, hain zuzen ere, munduan maizegi ikusten ditugun indarkeriazko gatazken alderantzizko ikuspegia. Gatazka horiek arrotza den guztia, bakana eta desberdina den guztia deuseztatzeko tentazio suntsitzaileari lotzen zaizkio, askotan teknologiak gure esku jarri dituen asmakuntza ankerrenak erabilita. Munduan terrorismoa dago. Gerra dago. Jendeak alde basati bat ere eduki baitauka, hau da, bestea, arrotz dena esperimentatzeko senak bultzatua, bestea, misterio liluragarritzat baino gehiago, mehatxutzat hartuta norberaren existentziarentzat.

Horrela, bada, banakotasuna (denok ikus ditzakegun desberdintasunak) desagertu egiten da, eta atzean uzten du berdintasun kolektiboa, non edozein gauza desberdin den mehatxu bat, desagerrarazi beharrekoa. Kanpotik desberdintasun gisa ikusten dena, esaterako erlijioan edo ideologia politikoan, garaitu eta suntsitu beharreko zerbait bihurtzen da.

Gutako bakoitzaren sakon-sakonean datzan horren, berdinik gabea izate horren aurkako borroka da gerra. Eta artearen aurkako borroka da ere, arte ororen sakonean dagoenaren aurkakoa.

Hemen arteaz aritu naiz orokorrean, eta ez zehazki antzerkiaz edo dramaturgiaz, lehen esan dudan bezala, arte on oro, funtsean, ardatz beraren inguruan mugitzen baita, hau da, erabat bakarra dena, erabat espezifikoa dena hartu eta unibertsal bihurtzearen inguruan. Banakotasuna eta unibertsaltasuna elkartzea, bere adierazpen artistikoaren bidez, ez ordea bere espezifikotasuna ezabatuz, baizik eta espezifikotasun hori nabarmenduz, arrotza eta ezezaguna dena argi eta garbi distiratzen utzita.

Gerra eta artea kontrakoak dira, gerra eta bakea kontrakoak diren bezala, besterik gabe. Artea bakea da

Agenda

Efemerideak

Kritikak