Iruineako asasinatzea
I
Iruineako inguruetan, hiritik Gasteizerako bidean 5 bat kilometrotara, Fortun Aranalde milioidunak txalet polit bat eraiki erazi zuen orain direla lau bat urte. Etxaldea bide nagusitik kilometro bat aldendurik dago, hesi batez inguratua, eta haren hedadurak hogei hektarea inguru ditu, lorez, berdez eta zuhaitzez horniturik. Bide nagusitik etxaldera joan ahal izateko, Fortun Aranaldek bidexka bat egitea agindu zuen. Etxeak estaia bi ditu. Sartzeko, ate nagusia dago, eta honen eskuinerantz, sukaldera daraman zerbitzu atea. Ate nagusitik sartu eta hall zabal bat dago, eta aurrean, hallen bukaeran, marmolezko eskailera eder bat, goiko estaiarantz. Behean, sukaldea, despentsa, zerbitzarientzat logela bi, zerbitzuaren bainugela, bainu gela dotorea, jantoki-saloia, eta Fortun Aranalderen langela-biblioteka. Goiko estaian 6 logela etxekoentzat eta gonbidatuentzat eta beste bainugela dotore bat. 1977-ko martxoaren 30ean, Fortunek 69 urte egiten zituen eta efemeride horretarako familia osoa gonbidatu zuen. Afaria hamakaikak aldera hasi zen. Presidentzian Fortun Aranalde eta bere emazte Helena eseri ziren, eta mahaiaren inguruan haien seme zaharrena Hanot eta honen emazte Katerin, Iban seme ezkongabea, Naiara alaba eta Batista Iturrate haren senarra, eta azkenik Loizaga nagusiaren idazkaria. Mahaiaren itxura izugarria zen. Lore exotikoak, balio handiko ontziteria, eta janari hoberenak arte handiz aurkeztuak. Bazirudien Fortun Aranalde guztiahaldunak, agertaldi horrekin, mahaikideak txunditu nahi zituela. Afaldu ondoren mahaiondoa etorri zen, eta elkarrizketa bitartean kafeak eta edariak hartu zituzten. Azkenak oheratu zireneko, hirurak ziren. Biharamona igandea zen, eta horrelako afari baten ondoren, eta hain berandu oheratu zirenez, egoki litzateke pentsatzea eguerdia arte ez zela inor jaikiko, zerbitzariak izan ezik. Baina zortziak aldera, oihu erdiragarri batek supituki jaiki erazi zien. — Aaaaai! Logeletatik denak pijamaz jantzirik irten eta oihua zetorren tokirantz arineketan abiatu ziren, hau da, marmolezko eskaileraren behe alderantz. Han behean, hallean, eskailera hasten den tokian. Doltza, Gaskon Rodriguez lorazainaren alaba zegoen zutik, aurpegia esku biekin ezkutatzen zuela, oso geldi, estatua bat balitz bezala. Neskaren oinetan, geldi hau ere, Fortun Aranalde, eskaileratik jausi izan balitz bezala. Hasperenen artean, Doltzak hitz bi errepikatzen zituen. — Hilda dago, hilda dago... Fortun Aranalderi lehen hurbildu zitzaiona, suhia izan zen, hau da, Batista Iturrate. Makurtu zen eta jausia arretaz eztertu ondoren Doltzak errepikaturiko hitz berberak esan zituen. — Hilda dago. Eta Batistak esan bazuen, egia litzateke. zeren medikua, eta gainera famatu baitzen. Barteko mahaikide guztiak gorpuaren inguruan zeuden, eta Doltza eta Gaskon lorazaina, hau da, etxean lo egin zuten guztiak. Itxuraz, Fortun Aranalde eskaileretatik jausi egin zen eta bekokiak marmolezko mailadi bat jo egin zuen. Bekokian zauri odoleztatu bat ageri zen, eta goragoko mailadi batek ere odola zuen. Beraz, gertaturikoa argi omen zegoen. Zalantzako lehen mementua igaro ondoren, erabakiak hartu behar ziren. — Eraman dezagun bere gelara —proposatu zuen Batista Iturratek. Helena alargunak biziki erantzun zion. — Ez. Utz ezazue dagoen tokian. Besteek kezkati begiratu zioten elkarri. — Ez duzu poliziari deituko, ezta —ihardetsi zion Hanot-ek zakar. Helenaren erantzuna ez zen bigunagoa izan. — Hori eta gehiago merezi duzue. baina ez dut egingo, familiaren ohorea inoren ahotan ibil ez dadin. Baina ezagutzen zaituztenez, nire zalantzak ditut eta gertatuaren egia jakin behar dut... Eta Hendrike Loizaga idazkariari zuzendu zizkion azken hitzak. — ... Detektibe pribaturen bat bilatu behar dugu. Hendrike pentsati geratu zen. — Inoiz Bilboko batzu kontratatu izan ditugu. Helenak haien telefono zenbakia berehala lor zezan agindu zion eta bost minutu geroago hizketan zeuden. IPE-ko zuzendaria ez zegoen oso segur. — Bueno, baina asasinatze baten susmoa baduzu, poliziari deitu behar zenioke. — Horren segurtasunik begeneza bai. baina lehenago ez. Ixilune baten ondoren, IPE-ko zuzendariak baiezkoa eman zion. — Gogoan har guk dena legepean egiten dugula, eta lege hausterik balego, poliziari informatuko genioke. Baldintza horrekin, berehala bidaliko dizkizut inbestigatzaile bi. Hain zuzen, hor Iruinean daude lan bat betetzen. Oraintxe deituko diet horra joan daitezen. Bitartean, ez ukitu ezer. Utz dena bilatu duzuen eran. — Nortzu dira etorriko direnak? — Jurgi kapitaina eta Peru Alika.
Iruineako asasinatzea |