Iruineako asasinatzea
V
Berriz ere etxean sartu naizenean, jantokira abiatu naiz, han baitzeuden Fortunen familiako guztiak. Atean geratu naiz eta Helenak sar nintekela esan dit. Hanot niregana zuzendu da. — Esan diet liburuarena, nirea zela. Hurrengo galdera denei egin diet. — Nork hartu zion liburua Hanoti? Ez dit berehala inork erantzun. — Behar bada, aitak berak —ihardetsi dit Ibanek. Nik ohar bat egin diot. — Baina horietako irakurketak ez zitzaizkion atsegin. Ibanek sorbalda jaso du. — Ohiturak noizbait aldatzen dira. Nik beste galdera bat egin dut. — Eta palankaria, nork eraman zuen Hanoten logelara? Hanoten aurpegian harridura handi bat agertu da. — Nire logelara? — Bai. Ez al zenekien han zegoela? — Ez. Helenak kuriositatez begiratu dit. — Dirudienez, palankaria agertu egin da, eta Hanotan logelan. Helenarenganantz itzuli naiz. — Bai, horrela da... bueno, zerbait aldatuz. Hanoten logelan ez dugu bilatu, lorategian baizik. Baina dirudienez, logela hartan zegoen, eta norbaitek hartu eta lorategira jaurti zuen. Hanoten aurpegia orain hiraz gorri eginda dago. — Beraz ni konprometatu nahi naute. — Horrela dirudi —erantzun diot—. Baina ez du soilik. Gela horrekin Katerinek ere ba du zerikusirik. Katerin ordurarte ixilik egon da, baina bere izena entzutean zerbait esatera zihoala eman du aditzera. Dirudienez, hobe pentsaturik, ixiltzea erabaki omen du, zeren ez baitu deus gaineztu. Orduan nik galdera bat egin diot. — Eta zuk, Katerin, ez al duzu palankaria ikusi? — Ez. — Krimenaren harma palankaria izan bada, odoleztatu omen dago. Noren hatz markak ditu? —galdetu dit Batistak. — Ez du odol aztarnik, eta hatz marketaz, laster jakingo dugu ba ote dituen. Batistak berriz ere ekin dio. — Odol aztarnik ez badu, norbaitek garbitu duelako da... “Ongi pentsatuta”. Batistak jarraitu du. — ... Zerekin garbitu du? Zapi batekin? Bainu gelan urarekin? Lehen kasuan, nonbaiten zapi odoleztatu bat egon behar du, eta bigarrenean, bainu gelako eskuoihala... Ez diot bukatzen utzi, eta goiko eta beheko bainugeletara berehala abiatu naiz. Baina ez, eskuoihalek ez dute odolen aztarnik. Beraz, eta Batistak ongi esan duen bezala, nonbait zapi odoleztatu bat egon behar du. Non? Orain arteko ekintzei jarraituz, ez nintzateke batere harrituko Hanoten logelan agertuko balitz. Badaezpadan hara abiatu naiz, eta arakatze baten ondoren, oraindik ez, oraindik beste nonbait dago. Eskaileratik behera nindoala, sukaldera joateko erabakia hartu dut. Egia esan, Doltzak azalpen bat sor dit palankariaz. Atean ikusi nauenean, haren egonezina nabaria da. — Nolako usain gozoa dagoen! Primerako sukaldaria omen zara. Baina nire zurikeriek ez dute baretzen. Beraz, galdera zuzen egin diot. — Doltza, lehen Hanoten gelan, palankaria Ieihotik jaurti duzu, ezta? Harridura erakutsi nahi du. — Nik? Bai zera! Gezur bat esan diot. — Zure hatz markak ditu. Gorri gorri eginda dago. — Bueno... bai... — Gelan, zein lekutan zegoen? — Mahai gainean. — Beraz, agirian, ezkutatu gabe. — Bai. Orain ba dut Doltza bare erazteko atxakia. — Ikusten? Hanot hiltzailea izango balitz, palankaria ez legoke agirian, ezkutaturik baizik. Bistan da norbaitek utzi zuela, Hanot erruduntzat aurkeztuteko asmoz. Doltzak arretaz begiratu dit. Nik hitz egiten jarraitu diot. — Eta orain beste posibilitate bat dago. Palankariarekin Fortun jo bazuten, odoleztaturik legoke. Beraz, eta orain odolik ez duenez, hiltzaileak garbitu omen zuen. Honek esan nahi du nonbait, etxe honetan, zapi odoleztatu bat dagoela. Zuk etxeko garbiketa egiten duzunez, bila ezazu, hiltzaileak Hanoten gelara eraman aurretik. Aholku hau eman ondoren ixildu egin naiz, esan diodana hobekiago azter dezan. Gero, beste galdera bat egin diot. — Zein da zure eritzia Hendrike idazkariaz? Ez dit berehala erantzun. — Um! Guztirik dago hor. Hainbat gauza entzuten da hartaz. — Adibidez... — Balio handiko gizona ez dela. Orduan, nola du kargu hori? Ez da erantzun bat ematera ausartzen. Nik laguntzen diot. — Helena? Lasaitu egin da. — Horrela esaten dute. — Norainoko harremanak dituzte Helenak eta Hendrikek? Zuk jakin behar duzu. — Bueno, hori zaila da esatea. Nik serioski hitz egin diot. — Egia jakin behar dut, Doltza. — Zure egoera ulertzen dut, baina zuk ere uler ezazu nirea. Etxe honetan zerbitzari bezala nago, eta ezin dezaket edozer gauza esan. Erantzun honek asko ohoratzen du Doltza, baina hemen asasinatze posible bat dago tartean. Hori adierazi diot Doltzari. — Beharrezkoak diren konfidentziak soilik eskatuko dizkizut. Adibidez, Helena eta Hendrike nola kontsidera ditzakegu, adiskide soilak bezala, ala hori baino gehiago. Une batez pentsati geratu da. — Ene ustez, adiskide soilak baino zerbait gehiago bezala. — Ongi. Fortunek susmatzen al zuen horrelakorik? — Ez dakit segur. Batzutan baietz ematen zuen, baina zen gizon gogorra izateko, maiz pentsatu izan dut egia jakitekotan beste era batetara jokatuko zuela. Fortun zen bezala juzgatzeko, anekdota bat dago. — Kondatu iezadazu, mesedez. — Orain hamabost bat egun gertatu zen. Hor, etxe inguruan, tenisera jokatzeko tokia dago. Fortun adiskide batzuekin jolasean denbora bat eman ondoren, hona etorri ziren zerbait edateko asmoz. Haietako batek oso ongi jokatzen zuela esan zion. Orduan, Fortunek hauxe erantzun zion, eta hitzez hitz esaten dizut: “Pilotari jotzen diodan bakoitzan, langile baten buruari jotzen diodala uste izaten dut. Horregatik jotzen diot hain sendo”. Pentsati geratu naiz. “Horrelakoa bazen, Fortunen heriotzarekin munduak ez du gauza handirik galdu”. Beste galdera bat egin diot. — Eta Fortun eta Helena, nola konpontzen ziren? — Bueno, itxurak gordetzen zituzten. Fortun lanari emanda zegoen eta emaztearentzat ez zuen denbora askorik. Beraz, Helenari bere bizitza egiten uzten zion. — Eta beraien artean, ba al zegoen burruka gogorrik? — Ez, Helenarekin ez zuen burruka gogorrik. Hein handi batean, meritua Helenarena zen, ez baitzion kontra esaten. — Orain, goazen beste puntu batetara. Hendrike. Nolakoak ziren Fortun eta Hendrikeren arteko harremanak? — Hendrikek Helenak bezala jokatzen zuen. Denari amen esaten zion. Fortun maiz haserretzen zen Hendrikerekin, baina honek nagusiaren beroaldiak ixilik jasaten zituen. — Eta orain, Fortun hil delarik, zer uste duzu, Helena eta Hendrike ezkondu egingo direla? — Ba liteke. — Beraz, Fortunen heriotza primeran etorri zaie. Doltzak ez dit ezer erantzun. Nik hitz egiten jarraitu dut. — Orain beste puntu bat aztertu nahi nuke. Dirudienez, afariaren aurretik Fortunek eta Katerinek burruka bizi bat izan zuten bibliotekan. Katerinek Fortuni honen seme-alaben ezkontza hausteak salatu zizkion. Zuk, mahaia zerbitzaten ari zinelarik, nolako giroa nabaitu zenuen? Fortunek ezer esan al zien? Mehatxurik bota al zien? Giroa oso zakarra izan zen. Mehatxurik?... Nik ez nizkion entzun, baina honek ez du esan nahi bota ez zuenik. Doltzarekin bukatu ondoren, berriz ere jantokian sartu naiz eta Batistari bibliotekara lagun liezadala eskatu diot. Familiakoen artean, Katerin eta Batista, hau da, Fortunen seme-alabak ez direnak, dira ene ustez intelektual maila handien dutenak. — Argi eta zuzen mintzatuko natzaizu —esan diot—. Zuk Fortunen familia nik baino hobe ezagutzen duzu. Zure eritziz, nork izan zezakeen Fortun erahiltzeko arrazoia nahikorik? Une batez ez dit erantzun. — Ene ustez, Fortun erahiltzeko beste arrarorik, inork ere ez. Ni ez nator ados horrekin. — Esan didatenez, Fortun gizon oso gogorra zen, eta moral arloan, oso hestua. Zuk nik bezain ongi jakingo duzu familiako batzuek zeramaten bizikera... — Noski. Eramaten zuten, baina ez zen ezer gertatzen. Esan nahi dut, Fortunen aldetik ez zegoen erreakzio definitiborik. — Esan nahi duzu, ez zegoela deseredatzerik ez pentsio kentzerik. — Hori da. — Baina edonoiz gerta zitekeen. Bart, afarian, ez al zuen Fortunek horrelakorik aditzera eman? Batistak aitortu egin du. — Bai. — Ikusten? Hor egon daiteke asasinatzearen zergatia. Batistak ez dit ezer erantzun eta nik hitz egiten jarraitu dut. — Atzo, afarian, norekin haserretu zen gehien Fortun? Nori atakatu zion gehien? — Behar bada Hanoti. Baina familiako guztien azterketa bat gomendatuko zuelakoarekin mehatxatu zigun. — Eta zein izan zen mehatxua? — Deseredatzea eta pentsioa ukatzea. — Eta zuen erreakzioa zein izan zen? — Katerinek, gaurko mundua nolakoa zen ezagutzen ez zuela esan zion. Ibanek, bera ezkongabea zela. Hanotek, esaten zituztenak gehiegikeriak zirela. — Eta Naiarak? — Nire emazteak? Ez zion ezer erantzun, — Eta zuk? — Nire aurka ez zen Fortun ausartzen. — Zergatik? — Haren semea ez naiz. Bestetik, nire ogibidea dut. — Baina zure emazteak, ez al zuen Fortunen pentsiorik hartzen? — Bai. Seme-alaben artean ez zuen ezberdintasunik egiten. — Zein da zure eritzia Hendrike? — Pse! Ez zait atsegin. Baina hori ez da nire problema. — Eta Fortun, atsegin al zitzaizun? Ez nintzen harekin ezkondu. “Hori ez da erantzun bat”. — Egia diozu. Baina pertsona bezala, nolakoa zen zure eritziz? — Harengandik ahal zen urrunen egotekoa. — Hendrikek izan zezakeen Fortun erahiltzeko motiborik? Sorbaldak jaso ditu. — Bueno, Hendrike bere karrera egitera zihoan. — Ene ustez, ba dirudi egin zuela. Batistak barre sarkastiko bat egin du. — Ba al daki inork non bukatzen den horrelako gizon baten handi-nahia?
Iruineako asasinatzea |