Iruineako asasinatzea
IX
Hendrikeren autoak Iruinearako bidea hartu du eta gu haren atzetik goaz, baina zerbait urrundurik. Trafiko handia dago eta hau oso mesedegarria zaigu, horrela oharkabe jarrai diezaiokegulako. Iruineara heldu eta Gaztelu plazaren inguruetan Hendrikek bere autoa aparkatu egin du. Guk berdin egin dugu. Gero, oinez, plaza hartara joan da eta kafetegi batean sarturik. salmahaira hurbildu, telefonoa hartu eta norbaitekin hitz egin du. Gero, mahai baten aurrean eseri eta zerbitzatu egin diote. Ba dirudi norbaiten zain dagoela. Gu, bitartean, kanpoan gaude. Ordu erdi inguru igaroa zegoen, gizon bat hurbildu zaionean. Elkarrizketa labur bat izan dute. Bistan dago gaia garrantzizkoa dela. Oso serio ari dira eta ba dirudi bakoitzak bere ikuspuhtua gogor defenditzen duela. Zertaz ari diren ez dakigu, eta pena da. Bukatu dutenean, gizon hura kafetegitik irten eta Estafeta kalerantz abiatu da. Erabaki arin bat hartu dugu. Alika han geratu da, Hendrikeren zelatan, eta ni gizonaren atzean irten naiz. Estafeta kalean gizon hura taberna batean sartu da, eta ni ere bai, ezagutzen ez nauelako. Han, salmahaian zeuden gizon birekin elkartu da. Susmorik sortu gabe ahal nuen beste hurbildu natzaie. Zaila zait ezer ulertzea, erdi ixilean ari direlako, baina entzun dudana nahiko adierazgarri da. — Ez, ezin dezakegu gehiago itxaron. — Gezurti madarikatu bat da, baina oraingoan ez dio balio izango. Lepoa ematen didanak zerbait esan dio, eta Hendrikerekin izandakoaren erantzuna soilik entzun ahal izan dut. — Bigunegia ni? Gogor egin diot. Zaudete lasai, azkenean ordaindu egin beharko digu eta. Bata besteari gehiago hurbildurik hitz egiten ari dira, dirudienez erabakiren bat hartzeko, eta gero kalera irten dira. Nik zerbitzariari nortzu ziren galdetu diot. — Ez dakit. Ezezagunak zaizkit. Kalean, Hendrikerekin hitz egin duenak zezen plazarantz abiatu da, eta beste biak Karlos III abenidarantz. Nik lehenengoari jarraikitzea erabaki dut. Zezen plazara heldu eta aldapan behera abiatu da, azkenik etxe zahar baten atarian sartuz. Nire urratsak arindu egin ditut eta atarian bertan harrapatu dut. — Zu, zertan zinen Hendrike Loizagarekin? Gizonak ez du harridurarik erakutsi, eta honek kezkatu behar izan ninduen. Baina orain, geroago zela nire kalterako ikusi ahal izan nuenez, xehetasun hori xa oharkabe joan zait. — Ni? Hizketan. Ezaguna dut. Orain, aurrean dudala, eta nahiz argi handirik ez egon, tipo hura aztertzeko aukera dut. Itxura inpersonala du, gure ingurutik inola atenzioa sor erazi gabe igarotzen diren mila bezalakoena. Nik berriz ere ekin diot. — Gero, Estafetako taberna hartan, zerbait ordaindu behar zizuela esan duzu. Gizonak irribarre bortxatu bat eskaini dit. — A, hori! Lan bat egin genion eta ordaindu gabe dago oraindik lotsagabea! Gizonak segurtasunez hitz egiten du eta horrek nahasten nau. Baina gizonaren itxurak mesfidantza sortzen dit. Dokumentazioa eskatu diot. — Zergatik eman behar dizut? Aterantz begiratu du, baina zorionez kanpoan ez da txintik ere entzuten. Idunetik oratu eta ormarantz eramaten dut. — Dokumentazioa! Kartera ateratzen dit eta beste eskua oinekin lagundurik, karneta ateratzen erabili dut. Gizonaren izen deiturak eta helbidea buruz ikasten ahalegindu naiz, konturatzeke atarian beste gizon biak aurkeztu direla. Haietariko batek sorbaldan ukitu eta zer gertatzen zen ikusteko bueltatu naizenean ukabilkada sendo bat bota dit. Zorionez, erreakzionatzen arina izaten naiz eta berehala samatik nuen gizona askatu eta albora egin dut. Beraz, kolpea zeharka soilki hartu dut, min handirik gabe, eta jo didanaren ukabilak orman bukatu du bidaia. — Ai! Une horretaz baliatuz eskaileratik gora arnasa hestuka abiatu naiz, laguntza eske oihuka. Hori ikusirik, hirurek alde egin dute. Estaietan mugimendua entzuten da eta igon naizen presa berberarekin jaitsi egin naiz, ez baitut inori inolako azalpenik emateko gogorik. Atarian, kalea arretaz aztertu dut. Orain argi ikusten dut enbuskada batean jausi izan naizela, eta ba liteke hiru haik hor nonbait gorderik nire zain egotea. Kalean ez da inor ikusten, ez hiru gizonak ez beste inor ere ez. “Orain telebistarekin jendea goiz etxeratzen da”. Ordulariari begiratu diot. Berandu egiten ari da, eta gehiegi itxaroten badut, are txarrago, jende gutxiago ibil daitekelako, eta nik jendea behar dut, lekukoak, hiru gizon haiek nire kontra ezer egin ez dezaten. Erabaki bat hartu eta korrika kalearen erdira joan eta Gaztelu plazarantz abiatu naiz, beti korrika eta beti kalearen erditik. Plazara hurbiltzen ari naizela lehen pertsonak ikusi ahal izan ditut eta orduan ibilkera normala hartu dut. “Uf! Nolako ikara jasan dudan”. Eta gezurra iruditzen zait denbora hain laburrean egoera hain ezberdinetatik igarotzea. Gorputzak oraindik ez dit lasaitasun normala hartu. Eskuei begiratzen diet eta dardarti daude. “Zerbait hartzera sartzen banaiz, hobe”. Eta Gaztelu plazan kafetegi batean sartu naiz. Esne beroa eskatu dut. Bitartean, inguruetara begiratzen dut. “Jarraituko ote ninduten?” Baina zorionez haien arrastorik ez da ageri. “Nortzu izan daitezke?... Zertan ari dira? Konturatzen naiz galdera hauen erantzunak garrantzizkoak izan daitezkela esku artean darabilgun arazoan Hendrike non sartu erabakitzeko. Dudarik gabe hiru gizonak ezin har ditzakegu zeruko aingeruak bailiren, zeren haien portaera ez baitzen inolaz ere zerutarra izan. — Zure esnea. Antsiaz edan dut eta ene gorputzak nola erreakzionatzen duen sentitzen ari naiz. Esnea edan ondoren lasaiago nago. “Dagoeneko, Alika hotelean egongo da”. Ordaindu eta hotelarantz abiatu naiz. Bat batean geratu egin naiz. “Eta tipo hari hartu diodan helbidera joango bagina?”. Ordulariari begiratzen diot. Hamaikak joteko daude. Beranduegi. “Ez joateko atxakiak bilatzen ari naiz”. Inguruetara begiratzen dut. Ez da inor ikusten. “Eta zer arraio egin genezake ordu hauetan?” Azkenik hotelara joatea pentsatu dut. “Han Alikarekin azter dezaket”. Eta urrats arin eta sendoz lehengo bideari lotu natzaio. Jadanik Alika hotelean zegoen, afaltzeko nire zain. — Ordua zen! Afaltzeko gogoa bera ere joan zait —bota dit ikusi naueneko. Ene gorputza eserlekuan jausten utzi dut. — Niri ere joan zait, baina ez denboraren iraganagatik. Eta gertaturikoa azaldu diot. Gero, gizon haren helbidearena eztabaidatu dugu. Telefono listina hartu eta telefonorik ote zuen ikusi dugu. — Ez, ez dago. Baina Alikak argi bat eman dit. — Eta etxe berean, ba al dago beste telefonorik? Kaleetan begiratu dut eta bai, bi telefono zeuden. — Dendatekoak ba dira, orain ez da inor egongo... — Badaezpadan deitu egingo diegu. Lehenengo zenbakia markatu dugu. Deitzen ari da, baina ez dute hartzen. — Dendaren bat. Ea bestea. Bigarren zenbakia. Deitzen ari da. — Nor da? Bigarren estaiakoarekin hitz egin nahi dugula esan diogu, baina telefonorik ez dagoenez. — Orain ez da hemen bizi. Ihaz aldatu egin zen. Telefonoa utzi eta Hendrikez hitz egin dugu. Esan didanez, kafetegian utzi nionean, Hendrikek haserre zegoela ematen zuen. Edalontzia bukatu eta irten egin zen. — Nora joateko? — Zuzen Fortunen etxera joan zen. Han sartzen zela ikusi nuenean, bueltatu eta berriz ere Iruineara etorri nintzen. Afari arin bat eskatu dut niretzat, baina gogorik ez zuen Alikak oparo jan eta edan du. — Zein da zure eritzia azken gertakariez? —galdetu diot. Jateari utzi gabe erantzun dit. — Ba dirudi Hendrikeri xantaia antzeko zerbait egiten diotela. Egia balitz, xantaia hori zertaz den jakin beharko genuke. Behar bada hor egin daiteke Fortunen asasinatzearen zergatia. Hipotesis batzu aztertu ditugu eta horrela heldu zaigu ohera joateko garaia.
Iruineako asasinatzea |