Iruineako asasinatzea
VII
Seirak aldera ospitaletik deitu dute Katerinen bila joan gaitezen. Berri horrekin Batista bibliotekara etorri zaigu. — Berehala goaz —erantzun diogu. Berriz ere bakarrik Alika eta biok, gure portaera nolakoa izatea komeni den aztertu dugu. Jarraitu behar al diogu hiltzailearen jokoari, Hanot susmagarirtzat hartzen? Eztabaida baten ondoren, gutariko bakoitzak jarrera ezberdina adieraztea erabaki dugu. Alikak Hanot susmagarritzat hartuko du, eta nik ez. Bibliotekatik irten eta lorategira abiatu gara. Han, auto baten alboan, Batista eta Hanot zeuden, gure zain. Haiek Batistaren autoan eta guk gurean, ospitalerako bidea hartu dugu. Ospitalean, Katerinen gelara joan gara. Itxuraz ongi dagoela ematen du. Beharbada, zerbait zurbil, baina ez dakit zergatik, aurpegia apaindu gabe duelako, ala hartu duen pozoiarengatik. Gauzak irtetzeko prestatu eta normalki etxerako bidea hartu dugu. Etxean, denak jantokian bil zitezen eskatu diegu. — Katerin pozondua izan zeneko toki berak har itzazue, mesedez —esan diet. Horrela egin dute. Nik, jarraitu egin dut. — Ongi. Orain, une hartan egin zenutena egin ezazue. Has zaitez zu, Katerin. Eska ezazu tonika. Katerin Hanoti zuzendu zaio. — Hanot, eman iezadazu tonika bat. Hanotek botila bat hartu eta edaria edalontzi batetara hustu egin du. Orduan, Doltzarengana hurbildu da, hiru bat metrotako bidea ibiliz. Tartean, Batista eta Hendrike zutik daude. Katerinek edalontzia hartu eta ahora eraman du. Nik berehala geldi erazi diot. — Ez, ez zenuen hain arin edan. Hizketan zeunden. Edalontzia eskuan zuela geratu egin da. Haren inguruan Iban eta Naiara eserita daude. Papera eta bolaluma atera eta krokis bat egin dut. — Ongi —esan diot Katerini—. Edan dezakezu edo ez, zure gustora. Orduan Alikak gertakizun hartaz eztabaida bat sor erazi du, etxekoen jarrerak aztertzeko. Denei begiraturik, galdera bat egin die. — Zein da zuen eritzia? Inork ez dio erantzunik eman. Orduan nik ihardetsi diot, aurretiaz geratu gineneko jarrera hartuz. — Itxura denez, erruduna Hanot litzateke, baina gogoan har botila zabalik zegoela. Beraz, pozoia botilan egon zitekeen... Ibanek ebaki egin dit. — Botilan? Eta zertarako? Botilan balego, eta gutariko edonork edari hori eskatuko balu, edonor izan zitekeen pozondua. Nik biziki erantzun diot. — Ongi esana! Gutariko edonor izan zitekeen pozondua, baina Hanot botilen alboan zegoenez, susmagarria beti Hanot litzateke. — Beraz... — Beraz, eta nire teoria jarraikiz, hiltzaileak Hanot konprometatu nahi luke soilik. — Ni ez nator bat horrekin —erantzun dit Alikak. Nik harrituaren itxura hartu dut. — Zergatik? — Hiltzaileak botilari artsenikoa bota zionean ezin jakin zezakeen botilaren alboan Hanot ipiniko zenik. Gogoan har Hanot, Batista eta Hendrike zutik zeudela, eta hiruretatik edonor botilei hurbil zekiekeela. Helenak “Hanot” deitu zuen, baina Batistari edo Hendrikeri dei ziezaiekeen tonika eskatzeko. Beraz, ene ustez, botilan ez zegoen artsenikorik. Hanotek haserre bizian galdetu dio. — Zer adierazi nahi diguzu? Artsenikoa nik bota nuela? Alikak ez dio zuzen erantzun. — Zalantzak ditut. Baina dena den, ez dut uste artsenikoa botilan zegoenik. Zuk edalontzia bete zenuenetik Katerinek edan zuen arteko bitarte horretan, hortxe norbaitek artsenikoa ipini zuen... Hanotek ebaki egin dio. — Pozoaduraren eskena egin dugunean nire eta Katerinen mugimenduak soilik berriztatu ditugu. Nik edalontzia neramala, edo Katerinen eskuan zegoela, besteek nolako mugimenduak egin zituzten? “Ongi galdetuta”. Hanoten hitzen ondoren, horretaz arduratu gara, baina ezina izan zaigu ezer baliozkorik lortzea. Ibanen hitz batzuek eztabaida sortu dute. — Gure mugimenduak aztertzea lelokeria iruditzen zait. Gutariko nork jakin zezakeen aurretiaz Katerinek tonika eskatu eta Hanotek eramango ziola? — Kasu berean nago ni —ihardetsi zion Hanotek. Nik ezin jakin nezaken aurretiaz Katerinek tonika eskatuko zidanik. Eztabaida moteltzen ari zen. Orduan nil hiltzaileak Katerin pozontzeko izan zitzakeen arrazoinak aztertu behar genituzkela adierazi diet. Alikak berehala igarri dit asmoa. Orain denen artean eztabaida garratz bat sor eraziko bagenu, informazio baliozkorik lortzeko posibilitatea genuke. — Ongi pentsaturik —erantzun dit Alikak. Nik inora bereziki begiratu gabe, galdera bat bota diet. — Zerk eraman zezakeen Hanot Katerin asasinatzera? Ixilune aztun batek jarraitu du. Hanotek, biziki haserreturik, bere eritzia azaldu du. — Joko hau ez zait batere atsegin. Alikak serioski ihardetsi dio. — Ez gaude jokoan. Heriotze bat dugu etxean, eta bigarren posible bat. Beraz, zuk Katerin asasinatzeko zenituzkeen motiboak aztertu behar genituzke. Giroa berotzearren komentario bat egin dut. — Bueno, ez Hanotenak soilik. Edalontziaren inguruan Batista, Hendrike, Doltza, Naiara eta Helena zeuden. Beraz, hauetariko edozeinek ere artsenikoa botatzeko aukera izan du. Hendrikek berehala erantzun dit. — Nik ez dut Katerin erahiltzeko inolako arrazoinik. — Ez e?, —galdetu dio Ibanek sarkastikoki. Hendrikek disgustoz begiratu dio. — Zergatik diozu hori? Ibanek eskuan duen edalontziari begira erantzun dio. — Zuk ez duzu inolako eskrupulurik nahi duzuna lortzeko. — Barka, baina heldu naizenera heldu banaiz, neure lanari esker izan da. Ibanek oso haserreturik erantzun dio. — Ez! Zure lanari esker ez, zure maltzurkeriari baizik. Hendrikeren egonezina nabaria da. — Zure aitari leialki zerbitzatu nion. — Leialki? Eta nondik duzu hainbeste diru? Bulegoko kontuak aztertu nahi nituzke! Segur nago gauza bitxiak agertuko zirela. — Hori pentsatzea Fortun jaunaren balioa zalantzan ipintzea da. Nik horrelako zerbait egingo banu, ez duzu uste zure aitak igarriko zidala? Iban biziki zutitu da. — Hori, hori! Igarriko zizunaren beldurrez erahil zenezakeen aita. — Eta Katerin? Zergatik erahil behar nuke Katerin? — Nork jakin zure barnean duzuna! —eta berriz ere eseri egin da. mespretxuz hitz egiten diolarik—. Zu Katerin eta gu guztiok erahiltzeko gauza zara. Hendrikek ez dio erantzun eta ba dirudi eztabaida hau bukatu dela. Orduan nik oso apalki suari egur gehiago bota diot. — Ene ustez artsenikoa lortzeko erraztasun gehien Batistak izan du. Orain arte ixilik egon bada ere, orain begietatik sua dariola begiratu eta hitz egin dit. — Nik? Eta zergatik hori? — Medikua zarelako. — Arraioa! Hori duk arrazonatzeko modua. — Nahi al duzu hipotesis bat? Desafio eran erantzun dit. — Bai. Eman dezagun Katerinekin ezkondu nahi duzula... Bizi ebaki dit. — Bapo! Eta asasinatzen dut. — Zaude, ez dut bukatu eta... Eman dezagun Katerin zure asmoen jakinean zegoela. Tonika Hanoti eskatzen dio, honela Hanot susmagarritzat aurkeztuz. — Eman dezagun hori guztiori. Eta Naiara? Nola ezkonduko nintzateke inorekin jadanik ezkondua izanda? — Bueno... Naiara hurrengo biktima izan daiteke. Batista zutitu eta Helenarengana joan da, oso haserre. — Zuk deitu dituzu bi tipo hauk. Nik behintzat ez ditut agoantatzen. Eta jantokitik irten egin da. Lorategian auto baten motorra martxan ipintzen entzun dugu, eta gero nola joaten den. Ixilune zakar batek jarraitu du. Nik denei begiratu diet. — Zein da zuen eritzia? Uste al duzue susmagarrien artetik kendu behar genuela? Orduan Hendrike, Hanot, Doltza, Naiara eta Helena geratuko litezke. Eta Helena baztertu behar dela uste dut, ikertze lanak hari esker sortuak izan direlako. Beraz, Hendrike, Hanot, Doltza eta Naiara geratuko litezke. — Eta ni, zergatik —galdetu du Naiarak? — Egia esan, zu hiltzailea izateko ez dut motiborik ikusten. Behar bada Katerinekiko ezinikusia, edo segereturen bat deskubritzeko beldurra... Ibanek ebaki egin dit. — Definitiboki, zein da zure eritzia? — Nire eritzia? Pozontzailea Hendrike eta Batistaren artean dagoela? — Eta Hanot? — Hanot ez dut uste... A!, eta Katerin bera. — Nola Katerin? Berak bere burua pozondu? — Eta zergatik ez? Oso gutxi edan zuen. Dena neurtua legoke. Eta neurketa horrek mediku bat eskatuko luke: Batista. Katerinek denbora osoan gorde duen ixiltasuna hautsi egin du. — Horrek ez du zentzurik. — Behar bada ez, baina posible da. Katerini galdera bat zuzendu diot. — Non erosi zenuen palankaria? Pentsati geratu da. — Donostian. — Zein dendatan? — Uf, ez naiz gogoratzen. Donostia ez dut Iruinea bezala ezagutzen.
Iruineako asasinatzea |