Iruineako asasinatzea
Xabier Gereņo

Kriselu, 1977

 

 

VIII
HENDRIKEREN ATZETIK

 

      Jantokiko bilera bukatu ondoren, Alika eta biok bibliotekara joan gara.

      — Zein da zure eritzia? —galdetu dit.

      — Ene ustez zerbait garrantzizko lortu dugu. hau da, jendea kezkatzea. Orain, eman diezaiegun denbora eta zerbait gertatu behar du. Eta zuk, zer uste duzu?

      Alika besaulki batean eseri da.

      — Hendrike aztertu nahi nuke. Eskrupulurik gabeko gizona dela ematen du...

      Ordulariari begiratzen dio. Zazpiak eta hamar dira.

      — ... baina orain beranduegi da ezer lortzeko. Bihar goizean Iruineara joango naiz Hendrikez informazio zabal eta sakon bat lortzeko.

      Palankaria mahai gainean dago eta hari begira eseri naiz. Horretan nagoela, atea zabaldu eta Naiara agertu da.

      — Sar al naiteke?

      — Bai, bai.

      Eseritzera gonbidatu diogu. “Zer nahiko du? Oso gutxi dakigu hartaz”.

      — Jantokian hitz egindakoa dut gogoan. Gauza asko esan dira han, behar bada gehiegi, eta ez beti zuzen...

      — Adibidez?

      — Palankariarena. Katerinek Donostian erosi zuela esan du, baina Fortuni bere urtebetetzean eskaini zionean, Iruinean lortu zuela esan zidan.

      — Eta zein dendatan?

      Naiarak papera eta bolaluma hartu eta dendaren izen eta helbidea idatzi du.

      — Eta zer gehiago?

      — Hiltzailea ni ez naizela izan.

      Naiarak ez digu beste zehaztasunik eman. Ba dirudi palankariarena soilik zela esan nahi ziguna. Naiaraz oso gutxi dakigu eta orain aulcera dugu haren nortasunaz zerbait jakiteko.

      — Naiara. Aitari eta Katerini gertaturikoaz, zein da zure eritzia?

      Pentsati geratu da.

      — Gaizkilea gutariko edonor izan zitekeen.

      Erantzun hau ez nuen espero.

      — Zergatik?

      — Aitak ongi loturik gintuen. Jadanik ezagutzen gaituzue. Gure balio pertsonala eskasa da, eta aitaren diru laguntzarik gabe gutxi gindezke. Aitaren menpean geunden eta maiz menpekotasun hori mingarria gertatzen zitzaigun. Beraz, eta nahiz agirian ez agertu, gure barnean, denon barnetan, segur nago liberazio antzeko zerbait sentitzen dugula. Orain, aitaren heredentzia banatu ondoren, gutariko bakoitzak bere bizitza libreki aukeratu ahal izango du, gure ekintzen jabe izan gaitezke. Lehen ez, lehen jotzen digun soinura dantzatu behar izaten genuen.

      Nik utzi egin diot hitz egiten, eta bukatu duenean ohar bat egitera ausartu naiz.

      — Zuk “denak” esan duzu susmatailetzat hartzerakoan, baina gogoan har heredentzia kontu horretan Helena, zu eta zure anaiak zaudetela...

      — “Denak” esan dudanean, hori gogoan nuen.

      — Argi iezadazu hori mesedez.

      — Katerin. Katerinek ba lituzke aita hilik ikusteaz pozteko motiborik. Hanotekin ez da ongi konpontzen eta aitarekin sekulako iskanbilak zituen.

      — Baina Katerinek bere dirua du.

      — Katerinek dirua baino fanfarreria du gehiago...

      Nik ebaki egin diot. Bistan da andre biak ez direla ongi konpontzen eta Naiarak gehiegikeriak esan ditzake Katerinez. Dena den, Katerinen diru kontu hori bihar Iruinean aztertuko dut... “A!, eta palankariarena”.

      — Batistak, zure senarrak, bere dirua ere ba du.

      — Bueno, ez da segeretu bat Batista eta ni ez garela ongi konpontzen. Irabazi bai, egiten du, baina administratzeko desastre bat da. Nik ez dakit nola, baina egiten dituen inbestipenetan, beti galtzen ari da.

      — Eta Hendrike?

      — Hendrikez ez dakit askorik.

      Nik baietz uste dut, zeren Hendrike izena aipatu dudanean bere portaeran aldaketa nabari bat ikusi dut. “Behar bada ama ez konplikatzeagatik?”. Nik hor ekiten diot.

      — Beraz, Hendrike susmatzaileen artetik kendu behar al dugu?

      Zalantzan dago.

      — Hainbesterainoko...

      — Zuk zerbait ezkutatzen diguzu.

      Gorri gorri eginda dago.

      — Ez, ez...

      Zure amarena ba dakigu. Baina hortik aparte, ba al legoke beste arrazoirik, zeinak Hendrike aita erahiltzera bultzatuko zuenik?

      Baina Naiarak ezin izan dit, edo ez du nahi izan, erantzun bat eman, eta honekin bukatu egin dugu elkarrizketa.

      Naiara irten ondoren, egunean zehar hartutako notak aztertu eta txosten bat egiten hasi gara. Honela emango ditugu afari aurretik geratzen zaizkigun orduak. Bederatziak aldera atea zabaldu da.

      — Zuekin hitz egin nahi dut —esan digu Ibanek.

      Gure arteko besaulki batean eseri da eta csango digunaren zain gaude.

      — Hendrike ez zait inoiz atsegin izan. Azken hilabeteotan gu eta aitaren arteko orma bat bezalako zerbaitetan bihurtu zen. Pentsioak berak ordaintzen zizkigun, eta are gehiago, uste dut pentsioen zenbatasuna markatzen ere eskua sartzen zuela. Marmar ibiltzea atsegin zaio eta segur nago aitari gugatik zirenak eta ez zirenak kondatzen zizkiola. Horrela gugandik aldendu erazten zuen, geurea izan behar zuen tokia berak hartuz.

      — Eskertzen dizut eman diguzun informazioa, baina egia esateko, eta nahiz Hendrikeren nortasuna ezagutzeko lagungarria izan, ez du balio handirik esku artean dugun azterketari irtenbide egoki bat emateko.

      Iban temati dago.

      — Nik baietz uste dut. Hendrikek gora eta gora joan nahi du. Hendrikek bulegoan dituen paperak aztertuko bazenituzte, argibiderik bilatuko zenukete.

      — Ba al duzu hori esateko arrazoirik?

      — Bai. Egia esan nik ez dut kapital handirik, baina noizbait Boltsa agentearen bulegora joaten naiz eta handik dakit Hendrikek kantitate handiak erabiltzen dituela. Nondik lortzen du diru hori?

      — Zure aitak ongi ordainduko zion...

      — Noski. Baina ez zenukete deus galduko azterketa hori egingo bazenute.

      Ordurarte Alikak ez du ahoa zabaldu. Zutitu eta galdera bat egin dio.

      — Iban. Zein da zure eritzia Doltzaz?

      Ibanek harriturik begiratu dio.

      — Doltzaz?

      — Bai.

      — Ez dizut ulertzen.

      — Berehala etorri zaidan ideia bat azalduko dizut. Teoria bat da, eta hau ongi azpimarratu nahi nuke. Eman dezagun bart zure aitak ongi edan zuela, eta nola esango dizut, zerbait, “baiezkor”, optimista zegoela. Eman dezagun denak lotara joan zinetenean, eta Doltza neska ederra da...

      Ibanek biziki erantzun dio.

      — Hori nire aita ezagutzen ez duzulako diozu.

      Alikak ez dio etsi bereari.

      — Kontuz! Zuek urtetik urtera bisitatzen zenuten. Alda zitzakeen haren ohiturak. Horrez gainera, une berezi batez ari naiz, afari on baten ondorengoaz.

      Ibanek amor eman dio.

      Bueno, jarrai zaitez.

      — Bestea igar dezakezue. Doltzak ez zion utzi nahi, eta gehiago ezinean, palankaria hartu eta...

      Orduan nik parte hartu dut.

      — Fortunen kasuan, bueno, gerta zitekeen. Baina Katerinen pozoadura, nola azal diezagukezu.

      — Egia esan, hor nago nahastuta... Batak bestearekin zerikusirik izan ez badute...

      — Nola?

      — Gerta daiteke arazo ezberdin bi izatea. Hau da, Fortunena nik azaldu dizuedan bezala gertatzea, eta gero beste norbaitek, krimen hartaz baliatu nahi izatea beste berri bat egiteko.

      Ni pentsati geratu naiz.

      — Beraz, zure ustez, hemen krimen ezberdin bi leudeke, loturarik gabe, eta bakoitza gaizkile ezberdinen eskuz egina... Bai, ba liteke... Baina, liburua...

      — Polizi nobela hura?

      — Hori ez da artekatzen.

      Ixilune batek jarraitu du. Argi bat etorri zait.

      — Hanot eta Doltza... ba dakizu. Hanotek Doltzari irakurtzeko utz ziezaiokeen.

      — Jakina! Eta gero Doltza ez konprometitzearren, Honetek norbaitek ohostu ziola esan.

      Zutitu egin naiz. Ez dakit zer egin. “Hanot eta Doltza. Eta biren arteko oztopoa Katerin. Eta Katerin pozondu nahi izan zuten...”.

      — Teorizatzen ari gara baina ez dugu inolako probarik. Ezin dezakegu ezer froga...

      Palankariaren aurrean geratu naiz. Oso garbi eta distiratsu dago, dendatik ekarri berria izango balitz bezala. “Krimenaren harma! Hain garbi. Birjintasuna galdu ez duen dontzeila bat bailitz...”. Haren aurrean nago, pentsati. “Hau erabili duenak arretaz garbitu du, garbiketan ohitura duen baten maisutasunaz... Beraz, andreren bat?...”. Urduri, ordulariari begiratzen diot. “Beranduegi”.

      — Zer duzu?

      Alikak kuriositatez begiratu dit. Ezustean hartu nau.

      — Mila pentsakizun ditut. Goiza izan zedila nahi nuke Iruineara joateko.

      — Zaude lasai, mutil. Goiza etorriko da.

      Proposamen bat egin dit.

      — Zergatik ez gara lorategira irtetzen? Onuragarria litzaiguke.

      Arrazoia zuen, zeren atetik irten eta berdea zapaldu dugunean, haize goxo batek bizi berria eman baitigu.

      Jadanik iluna nagusi da eta etxeko leiho argiztatuetatik aldentzen garen heinean, gauzen formak ikustea zailagoa zaigu. Zeruan ez dago ez hilargia ez izarrik. “Hodeiez beteta omen dago”. Ez dugu hitzik egiten. Ba dirudi gauaren ixiltasun maiestatiko honek hipnotizatu gaituela. Belar gainean etzatea nahi nuke. Belarra ukitu, bere freskura sentitu...

      Etxeko atea zabaldu eta lorategiko zati bat argiz bete egin da. Gero, auto baten motorra martxan ipini da eta gure albotik igaro denean Hendrikerena zela ikusi dugu.

      — Zer, segituko diogu?

      Nik, desgogara, beste galdera batekin erantzun diot.

      — Beharrezkoa dela uste al duzu?

      — Hori nork jakin!

      Eta pentsa eta egin, Hendrikeren atzetik irten gara.

 

Iruineako asasinatzea
Xabier Gereņo

Kriselu, 1977