Iruineako asasinatzea
Xabier Gereņo

Kriselu, 1977

 

 

IV
PALANKARIA

 

      Etxekoekin elkarrizketak bukatu ondoren atea hertsi eta Fortunen langelan Peru Alika eta biok bildu gara lortutako informazioaren klasifikatze eta laburpen bat egiteko asmoz, eta horren ondorioz, aurreko ekintzetarako planteamenduak egin.

      Alikak zigarro bat eskaini dit eta Fortunen besaulki erosoetan erdi etzanda eskuartean dugun arazoari gainbegirada bat eman diogu. Azkenik, erabaki batzu hartu ditugu, Alika Iruineara joango da, Fortunen seme-alabez informazioa lortzera, eta ni hemen geratuko naiz, etxekoekin, beraien arteko harremanak bizitzen eta aztertzen. Gelatik irtetzerakoan, Batista hurbildu zaigu.

      — Zer egin behar dugu gorpuarekin?

      Alikak erantzun dio.

      — Nahi duzuena egin dezakezue. Zuek erabaki. Guk azterketak jarraituko ditugu. Ni orain Iruineara noa, baina Jurgi kapitaina hemen geratuko da zuekin.

      Alika irten egin da eta nik inguruetara begiratzen dut. Katerin, Hanoten emaztea hurbiltzen zait.

      — Libre al dago biblioteka? Zerbait irakurri nahi nuke. Etxe honek aspertu egiten nau.

      — Bai, libre duzu. Baina ez dut uste hor barruan irakurgai egokirik bilatuko duzunik. Tira, ekonomi eta finantza liburuak atsegin ez bazaizkizu.

      — Uf! Horrelako liburutik ez dut nahi.

      Biok bibliotekan sartu gara. Doltzak Katerin gizonzalea dela esan dit.. Arretaz begiratzen diot. Ez dago gaizki. Ba dirudi zertan ari naizen konturatu dela, eta irakureairen baten bila dabilelarik, haren mugimenduek sexy kutsu nabarmenagoa hartu dute. Orain bilatzeari utzi egin dio.

      — Ba al da dakizu zer pentsatu dudan? Ba ez irakurtzea.

      Eta besaulki batean etzan egin da.

      — Eman al diezadakezu edariren bat?

      — Zein?

      — Vermouth bat.

      — Edalontzi bi bete ditut. Edalontzia eskaintzen diodanean zuzenki begietara begiratzen dit.

      — Tipo interesantea zara.

      — Bai?

      — Nola duzu izena?

      — Jurgi.

      — Jurgi, Jurgi... Ez, izen horrek ez dit ezer gogora erazten.

      — Nik kuriositatez begiratzen diot.

      — Zerbait gogora erazi behar al zizun?

      Barre egin du.

      — Ez derrigorrean.

      Oinak gurutzatu ditu eta minigonaren azpitik nahiko ikusten zaio. “Berak ba daki eta horregatik gurutzatu ditu oinak”.

      — Ezkongabea al zara?

      — Bai.

      — Ez al zaizkizu neskak atsegin?

      — Bai. Zergatik diozu hori?

      — Hotz ikusten zaitudalako.

      — Ezkondu ez naizelako diozu hori? Hor duzu zure koinatu Iban, 32 urterekin eta diruz beterik. oraindik ezkongai. Ikus dezakezunez, ez naiz bakarra.

      — Iban! Urdanga batek ez bestek ez luke hori senartzat hartuko.

      — Zein da Ibanen bizibidea?

      — Aitaren dirua.

      — Bueno, baina zertan ari da, zertan ematen du denbora?

      — Ez du lanik egiten, hori bada galdetu nahi didazuna.

      — Eta zertan ematen ditu orduak?

      — Zer dakit nik! Lagunekin, moskorrean... Eta orain utz dezagun Iban, e?

      Eta begiekin gonbidapen bat zen keinua egin dit. Besaulkitik jaiki eta sofa zabal batean eseri egin da. Hurbildu eta Katerinen alboan eseri naiz.

      — Ezkongabea bazina afaltzera gonbidatuko nizuke —esan diot.

      Katerinek satisfaziozko irribarre batekin begiratu dit.

      — Ageri da ez dituzula bikote aberatsen ohiturak ezagutzen. Gutariko emazteetan, ez gara derrigorrean ezkongabeak izan behar gonbidatuak izateko. Emazte behartsu batek hori egingo balu, urdanga bezala kontsideratua izango litzateke, baina gure kasuan, “abenturatxo bat” besterik ez da. Eta gainera, askoren aldetik ongi ikusia, puntu bat gure alde. Beraz...

      Gehiago hurbildu zait.

      — Fortunerena bukatu arte ezina izango litzaidake.

      Atzera egin du.

      — Zuk galtzen duzu.

      Begi eskaleekin begiratu diot.

      — Lagunduko bazenit...

      Aurpegia argiztu egin zaio.

      — Fortunenean? Nola lagun diezazuket?

      — Mahai gain honetan ohi zegoen palankari bat bilatzen.

      Mahai gainera begiratu du.

      — Bai, hemen gainean palankari bat zegoen. Hanotek eta biok erregalatu genion ihaz.

      — Eta orain, non dago?

      — Inguruetara begiratu du.

      — Hain garrantzizkoa al da?

      — Bai. Gogoan har krimenaren harma izan zitekeela.

      Hitz hauk entzuten Katerin asaldatu egin da.

      — Oi!

      Une hartan atea zabaldu egin da. eta gu ikusirik, joateko mugimendua egin du. Nik deitu egin diot.

      — Iban!

      Eseritzera gonbidatu diot, Katerini atsegin ez bazaio ere, edo behar bada horregatixe.

      — Iban, hemen zegoen palankariaz ari ginen.

      Ibanek mahai gainera begiratu eta sorbaldak jaso ditu.

      — Ez al duzu ikusi?

      — Nork daki non egongo den! Ni etxe honetara ez naiz maiz etortzen.

      Katerini begiratu dio, mespretxuz.

      — Itxura horrekin urdanga bat ematen duzu.

      Katerinek biziki erantzun dio.

      — Ikusi nor dugun moral irakasle! Galdu bat!

      Ibanen gorrotoz begiratu dio.

      — Nik behintzat egin dezaket, ezkongabea naizelako.

      Katerin hiraz gorri ipini da.

      — Ez nintzateke batere harrituko zure aitaren hiltzailea zu zarela esango balidate.

      Ibanek. ironiaz erantzun dio.

      — Bai e? Ba, tamalez, ezin diezazuket poz hori eman. Gainera, asasinatzearen zergatia dago. Zer dela eta erahil behar nuen nik aita?

      — Diru gehiago lortzearren.

      — Orain ere huts egin duzu. Behar beste daukat... Baina zuk bai. zuk ba duzu aita erahiltzeko arrazoirik?

      — Nik?

      — Bai, zeuk. Ala uste duzu ez nizuela atzo entzun?

      Orain Iban niregana zuzendu da.

      — Atzo gauean, afaldu aurretik, aitak hona deitu eta kristorenak esan zizkion. Nire koinata hau. hemen ikusten duzun andre hau, emagaldu bat da, urdanga bat. Aitak familiaren ohorea defendatu nahi zuen, eta hori izan zen barteko eztabaidaren arrazoia.

      — Familiaren ohorea! Jakin nahi nuke zuentzat hori zer den, zeren familiaren izen ona gordetzea zuk daramazun bizitza bada...

      — Ni ezkongabea naiz.

      — Eta zure anaia Hanot, nire senar kuttuna, ezkongabea al da? Zuk ez badakizu, Hanotek ohekide bat du. Eta Naiararen parean, ni santa bat naiz.

      Eztabaida hau ez zait inolaz ere atsegin, baina garrantzizkoa gerta daiteke Fortunen heriotza argitzeko. Bart Fortunek eta Katerinek izan zuten eztabaidara zuzendu nahi dut burruka hau. Beraz, galdera bat egin diot Katerini.

      — Mehatxuren bat egin bota al zizun bart Fortunek?

      — Fortunek ezin zidan mehatxatu, nik neure dirua dudalako, eta ugari gainera. Beraz, Fortunen heredentzia kontuak niri bost axola inporta zaizkit...

      Eta orain Ibani zuzendu zaio.

      — Hori zuri inporta zaizu.

      Nik berriz ere ekin diot.

      — Baina beste era batetako mehatxuren bat...

      Katerinek biziki ebaki dit.

      — Bai, Fortun beti zegoen mehatxuak eta eskomikuak botatzen, baina nik bart argi esan nion niretzat sobran zeudela. Horretan entretenitu nahi bazen, hor zituela bere seme-alabak.

      “Oso interesgarria”. Hau zehaztu nahi dut.

      — Bere seme-alaben bizitza lizunaren berri eman al zenion?

      Desafio eran begiratu dit.

      — Bai!

      — Eta nola hartu zuen Fortunek errebelazio hori?

      — Lehenengotan ez zidan sinetsi, baina gero, zehaztasunak eman nizkionean...

      — Zeintzu zehaztasun?

      — Hanot eta Iban eta Naiara nola ari diren. Eta Helena bera.

      Iban biziki zutitu da.

      — Utz ezazu ama bakean!

      Katerinek goitik behera, mespretxuz begiratu dio.

      — Zer dut nik zure amak ez duenik? Lehen urdanga deitu nauzu. Ba jakin ezazu etxe honetan kalifikazio hori merezi duen bakarra ez naizela ni.

      Ibanek ateari kolpe bizi bat eman eta gelatik irten egin da. Ibanen irtetzearekin, Katerin zerbait baretu da. Orain, Iban ez dagoelarik, Katerini libreago mintzatu natzaioke.

      — Ezkontzatik kanpoko harreman batzu aipatu dituzu. Hau ez dizut galdetzen kuriositateak eraginda, eskuartean ditudan azterketek eskatzen dizkidatelako baizik. Nortzuekin dituzte harremanok?

      — Helenak Hendrike idazkariarekin. Nire senarrak ez dakit norekin, eta Naiarak donostiar batekin.

      — Eta hori Fortuni esan al zenion

      — Helenarena ez, baina bai besteena.

      — Eta nork daki hori esan zeniola?

      — Biok bakarrik geunden, baina dirudienez Ibanek entzun gintuen.

      — Eta Ibanek nori esango zion?

      — Hain hiztun eta buru arina denez, denei.

      Ni besaulkian etzan naiz begiak hertsirik. Ba dut ia segurki erahilketaren zergatia. Katerinek Fortimi hori esan bazion, eta Fortunen pentsamoldea ezaguturik, eman behar da hark azterketa bat egiteko asmoa hartuko zuela Katerinek esandakoa baieztatzeko, eta testamentua aldatzeko posibilitatea zegoela. Hiltzaileak, arrisku hori ikusirik, Fortun asasinatzea erabaki zuen. Beraz, ba dirudi asasinatzea ez zela aldez aurretik antolatua izan, gau berean erabaki eta egina baizik... Orduan, polizi nobela hura, nondik lortua zen?...

      — Katerin. Fortunen alboan jausita zegoen polizi nobela hura, norena zen?

      Haserrea oraindik osorik joan gabe du.

      — Eta nik zer dakit?

      — Ez al da Hanotena?

      Une honetan ateko txirrina jo dute eta zerbait geroago gu gauden gelako atea zabaldu da, Peru Alika eta Gaskon lorazaina sartzen direlarik.

      — Zurekin hitz egin nahi nuke —esan dit Alikak.

      Eta Katerini begirada adierazgarri bat zuzendu dio. Hark ulertu bide du, zeren zutitu eta irten baita.

      Gelan hirurok bakarrik geratu garenean, Alikak Gaskoni galdera bat egin dio.

      — Atzo gauean, hiruretatik zortziretako bitartean, Fortun hil zuten etxe honetan. Galdera bat egin dezakegu: nork erahil zuen. etxean zegoen norbaitek, ala kanpotik sarturiko batek?

      Gaskonek ez bide dio ulertu, zeren ixilik gcratu baita. Orduan Alikak era zuzenago batez egin dio galdera hori.

      — Sar zitekeen bart norbait etxean Fortun erahiltzeko?

      Oraingoan Gaskonek berehala erantzun dio.

      — Hori ezina da, jauna. Gauetan hiru txakur polizi handi askatzen ditugu eta ez liokete sartzen utziko.

      — Ongi. Beraz, Fortunean asasinatze bat izan bada hiltzailea barruan legoke.

      — Bai. Horrela da.

      Hurrengo galdera nik egin diot.

      — Gaskon. Atzo, afaltzen zuten bitartean, edo afalostean, eztabaida gogorrik sortu alzen?

      — Seme-alabak etortzen direnean beti sortzen dira eztabaidak.

      — Bai, baina atzo zerbait berezirik gertatu al zen?

      Gaskonek burua mugitu du bere ezintasuna adierazteko.

      — Ezin diezazuket zehaztasun hori eman. Behar bada Doltzak...

      Lepoan eskua ezarri diot adiskidetsu.

      — Ongi, Gaskon. Oraingoz nahikoa da.

      Gaskon irten denean, Alika eta biok besaulkietan eseri gara.

      — Eta?...

      Alikak begirada adierazgarri bat bidali dit.

      — Bai, ba dut zerbait. Adibidez, polizi nobela horretako hatz markak Hanotenak dira.

      — Hanotenak?

      — Bai.

      — Eta ez al dago Fortunenik?

      — Ez.

      — Beraz, posibilitate bi daude. Bat, liburua Hanoti jausi zitzaion kasualitatez eta ez du hilketarekin zerikusirik. Bigarren, hiltzaileak liburua apropos utzi zuen Hanot konprometatzeko.

      Alikak arretaz begiratu dit.

      — Zergatik posibilitate bi soilik?

      — Bueno, ez dut uste Hanotek berak Fortun hilko zuenik eta gero bera zuzen konprometa zezakeen liburua han utziko zuenik.

      Alikak garaile bezala begiratu dit.

      — Ikusten? Zuk hirugarren posibilitate hori berehala bazter erazi duzu. Beraz, horrexegatik ez dugu inolaz ere baztertu behar.

      Nik amore eman dut.

      — Ongi. Azter ditzagun hiru posibilitateok. Goazen lehenengoarekin. Hanoti liburua kasualitatez jausi zitzaion.

      — Kasualitate handiegia. Ez du balio.

      — Bigarren. Norbaitek apropos ipini zuen, Hanot konprometatzeko asmoz.

      — Oso posible den gauza. Nork?

      Ixilune batek jarraitu du. Nik ebaki dut.

      — Teoria bat dut horretaz. Eman dezagun hiltzailea Katerin dela. Fortun erahil du, eta Hanot haren senarra hiltzailetzat aurkeztu. Jokoa ongi irtengo balitzaio, ondoren bi lortuko lituzke. Bat, Fortunen heredentzian Hanotek luken parte kobratu, eta bigarren, Hanoti heriotza kondena emango baliote, ezkontzatik libre geratzea.

      — Ongi pentsatuta. Eta horrela gertatu bada, krimenaren harma, hau da, palankaria, Hanoten Iogelan legoke.

      Zutitu egin naiz. baina Alikak eser nadila eskatu dit.

      — Zaude lasai. Palankaria han balego, gero ere han egongo da.

      Berehala langelako atera begiratu dut. Alikak galdetu dit.

      — Zer duzu?

      — Zerbait entzun dudala uste dut.

      Zutitu egin naiz eta atetik kanpora begiratu dut. Han, jantokian,familiakoen hizketaldia entzuten zen, baina hallean ez zer inor ageri. Berriz ere barrura itzuli naizenean, Alikak galdetu dit.

      — Zer?

      — Postura egingo nuke hor norbait zebilela.

      Atea hertsi dut. Alikak oso normalki hitz egiten jarraitu du, baina ni ez nago lasai.

      — Hirugarren posibilitatea. Hanotek berak liburu hori apropos utzi du.

      “Urrats ixil batzu izan dira. Bai, segur nago”...

      — Jurgi! Ez didazu entzuten?

      Izutu egin naiz.

      — Barka...

      Alikak ironiaz galdetu dit.

      — Oraindik ere atekoarekin?

      Nik egia aitortu behar izan diot, eta Alika zutitu egin da.

      — Bihozkada bat datorrenean —esan du— jarraitu behar zaio. Beraz, norbaitek zerbait baliozkoa entzun badigu, palankariarena izan da. Goazen, bada, Hanoten logelara.

      Langelatik irten eta jantokira joan gara. Hanoti bere logelara lagun ziezagun eskatu diogu. Irakurtzen zegoen egunkaria utzi eta gora lagundu digu. Atea zabaldu eta Doltza dago barruan, itxuraz gelaren garbiketa egiten. Alika palankaria bilatzen hasi da. Niri beste bihozkada bat etorri zait. Doltzak garbitzen ari dela adierazi nahi digu, baina oso asaldaturik dago. Leihoa zabalik dago. Urreratzen natzaio eta kanporantz begiratzen dut. Han behean, lurrean, arrosondo baten alboan, palankaria ikusi dut. Berehala Doltzari begiratu diot. Nigan finkaturik zituen begiak berehala beste toki batera eraman ditu.

      — Alika, ez ezazu palankaria hemen bilatu. Lorategian dago.

      Hanot eta Alika leihora urreratu dira. Orduan, Hanoti hitz egin dio.

      — Hanot. Fortunen alboan zegoen polizi nobelak zure hatz markak ditu.

      Hanoten aurpegiak ez du sorpresarik adierazi.

      — Bai?

      — Zergatik ez diguzu lehen esan zurea zenik?

      — Ez dakit... Beldur izan naiz.

      Alikak serioski begiratu dio.

      — Liburuaren puntu hori garrantzi handikoa da. Azalpen bat zor diguzu.

      Ba dirudi Hanot harrapatua sentitzen dela.

      — Bai, nirea da. Irakurtzen nagoen liburua da eta esku karteran, zorrotoan nekarren. Nirudienez, norbaitek hartu zidan.

      — Noiz eta nork?

      — Ez dakit. Gaur zerbait irakurtzeko asmoa nuen. Atzo ez nuen zorrotoa zabaldu.

      — Giltzaz hertsirik al zegoen?

      — Zorrotoa? Ez.

      — Eta non zegoen?

      — Hemen, gelan, mahai honen gainean. Orain dagoen toki berean.

      Alikak berriz ere leihora eraman du Hanot.

      — Eta palankari hori, nork jaurti du lorategira?

      — Ez dakit.

      Doltza gelan utzi eta hirurok hallera jaitsi gara. Hanoti langelan itxaron ziezagun eskatu ondoren, Alika eta biok lorategira irten gara. Han, gauza bi egin ditugu: palankaria zapi batekin hartu, eduki zitzakeen hatz markak ezabatu ez zitezen, eta arrosondoaren inguruak aztertu, oin hatzik ba al zeuden bilatzeko asmoz, baina naiz eta belar bustiez inguraturik egon, ez zegoen inolako urratsik.

      — Beraz, leihoren batetik bota omen dute —esan du Alikak.

      — Eta uste dut ba dakidala nork bota duen.

      Alikak kuriositatez begiratu dit.

      — Nork?

      — Doltzak.

      — Eta zergatik Doltzak?

      Gogora erazi diot langelan senti uste nituen urratsak, eta goiko Iogelan ikusi nion kezka, eta leiho hura zabalik... Alikak berriz ere galdetu dit.

      — Baina zergatik egin behar zuen hori?

      — Behar bada Hanot maite duelako.

      Une batez Alika ixilik geratu da.

      — Bai, posible da. Egin genion itaunketan horrelako zerbait adierazi zigun.

      — Eta hiltzailea Doltza izango balitz?

      — Zer lortzeko? Hanotekin ezkontzea?

      — Bai.

      — Beste ixilune bat. Nik ebaki dut.

      — Baina zerbait ez dut argi ikusten.

      — Hiltzailea Hanot konprometatu nahiean ari da. eta Doltzak ez luke horrelakorik egingo.

      — Bai. Hori arrazoi bat dirudi...

      Denbora aurrera doa. Laster goizeko hamarrak joko dituzte eta Alikak Iruineara joateko nahia adierazi dit.

      — Palankari honen hatz markak bilatu behar ditut.

      Eta bakarrik geratu naizenean, etxean sartu naiz.

 

Iruineako asasinatzea
Xabier Gereņo

Kriselu, 1977