Iruineako asasinatzea
Xabier Gereņo

Kriselu, 1977

 

 

III
FAMILIA BITXI BAT

 

      Helena, eta batez ere Doltzarekin hitz egin ondoren, ba genuen Fortunen seme-alabarekiko ezagutza bat. Alikari eta biori ez zitzaigun interesgarri iruditu seme-alabok banan banan deitzea, denak batera baizik. Beraz, sar zitezela eskatu genien. Mahai inguruan eseri zirenean, galdera orokor bat egiten diet.

      — Bart entzun al zenuten gauean zaratarik?

      Denek berdin erantzun digute.

      — Ez.

      Ni ez nator ados.

      — Gogoan har zuen aita eskaileratik behera jausi bazen, zarata handia aterako zuela.

      Hanotek erantzun dit.

      — Berandu oheratu ginen eta ahulduta geunden. Etxe osoa bera ere jausi izan balitz. ez genuke ezer adituko.

      — Orain goazen beste puntu batetara. Zuen ustez, zuen aitarena zer izan da, heriotze normala ala asasinatze bat.

      Ez didate berehala erantzuten. Zalantzan daude. Gero eman dizkidaten erantzuna denak izan dira heriotze normal baten aldekoak.

      — Asasinatze bat izan balitz, nor izan zitekeen hiltzailea?

      Galdera honi ezin izan diote erantzun bat eman. Hurrengo galdera Batistari zuzentzen diot.

      — Zu medikua zara. Nola uste duzu hil zela?

      — Eskaileratik jausi eta bekokia mailadi batekin jo zuen. Zauriaren itxurak horrela adierazten du.

      — Eta ezin al zitekeen norbaitek ohean, lotan zegoela, mailadiaren antzeko zerbaitekin jo, eta gero bilatu duzuen tokira eraman?

      — Bai. posible da.

      — Zenbat pisatzen zuen Fortunek?

      — Ez asko. Hirurogei kilotara ez zen helduko.

      — Beraz, bart etxe honetan lo egin zuen edonork eraman zezakeen arrastaka eskaileraraino.

      Inork ez dit erantzun. Alikari begiratzen diot, eta baietz, galdera bat egin nahi zuela esan dit.

      — Zuen artean, nork irakurri ditu, edo irakurtzen ditu polizi nobelak?

      Beraien artean elkarri begiratu diote. Azkenik, Hanotek eta Batistak inoiz irakurri dituztela aitortu behar izan dute. Alikak orduan Fortunen alboan aurkitu genuena seinalatu du.

      — Norena da liburu hori?

      Inork ez daki.

      Honekin bukatutzat ematen dugu Fortunen seme-alabarekiko itaunketa eta Gaskon lorazaina sar zedila eskatu dugu. Ile zuridun gizona da Gaskon, garaiera erdikoa, meharra. Eseri denetik, eskuak belaun gainetan ditu. Lotsatia. Ba dirudi gela hartan eseritzera ohitua ez dagoela, eta oraindik nagusiaren itzala hurbil sentitzen duela. Damutzen zait eseritzera gonbidatu diodalagatik. Nabari da ez dagoela lasai, zerbait oker egiten ari delakoaren sentzazioak kezkatzen duela. Zutitu egin naiz. .

      — Lorategia ikusi nahi nuke.

      Nabari da Gaskoni nire hitzok eman dioten arindura. Berehala zutitu egin da eta kanporantz gidatu gaitu. Lorategian hainbat galdera egin diogu loretaz eta egiten duen lana laudatu dugu. Lanak gogorturiko eskuekin seinalatu dizkigu lore motarik baliotsuenak. Esan digunez. Fortunek ez zien gastuei mugarik ipintzen eta lorategian ba zegoen landare berezi eta miresgarririk. Gaskonek jadanik naturalki hitz egiten digu, konfidantzaz, eta informazio zerbait lortzeko garaia heldu dela iruditu zait.

      — Zorionak eman behar dizkizut. Benetan lan aipagarria egin duzula hemen. Beti izan al zara lorazaina?

      Berehala erantzun dit.

      — Ez. Ni Erriberakoa naiz, Tuteran jaioa. Nire familiakoak lur-langintzan aritzen ziren, baina seme-alaba asko ginen eta etxean zegoen denontzat lan nahikorik. Orduan, hogei urte nituelarik, Iruineara etorri nintzen, eta etxagintzan lan egin nuen, lehenen pioi bezala eta gero igeltsari egin nintzen. Baina ba dakizu, etxagintzan ez dago lanaren segurtasunik. Beraz, alargun geratu nintzenean eta Doltzari arreta gehiago emateagatik, lanaz aldatzea pentsatu nuen. Orduan Fortun jaunarengana etortzeko aukera izan nuen, eta orduz geroztik hemen nauzu. Lana atsegin zait, eta batez ere, lanaren segurtasuna dut. Hau oso inportantea da nire adineko gizon batentzat. Gogoan har hirurogei urte ditudala.

      Bere mailan ipiniz, bere konfidantza lortuz, Gaskon oso berritsua da, eman egiten da.

      — Eta Fortun, nolakoa zen zurekin, eta jeneralean bere zerbitzari eta langileekin?

      Galdera honen erantzuna ez zaio hain arin irtetzen.

      — Guztitarik zegoen... 1968 urtean eritu nintzenean... Hemen sabelean min asko nuen eta Fortunek Iruineako klinikarik hoberenera eraman ninduen. Diru asko gastatu zuen nirekin.

      — Eman dezagun orduan ongi portatu zela. Eta egunoroko harremanetan, nolakoa zen?

      — Hitz gutxitakoa zen, esan nahi dut menpekoekin batez. Era. Aginduak ematen zituen. Baina elkarrizketarik, adibidez orain gure artean dugun bezalakorik, ez.

      — Eta zerbait gaizki egiten zenuenean?

      — Aurpegian haserrea agertzen zitzaion eta “hau gaizki dago” edo horrelako esaldi laburren bat botatzen zidan.

      — Eta ordaindu, nola ordaintzen zizun?

      — Hor ez dut kexarik. Etxea, janaria eta soldata dezente bat ematen zidan, eta batez ere lanpostuaren segurantza. Orain, Fortun jauna hil delarik, ez dakit zer gertatuko den, baina uste dut Helena andreak etxalde honekin jarraituko duela, edo bestela Fortun jaunak kontrolatzen zuen fabrikaren batetan sar nazala eskatuko diot...

      Urduri begiratzen dit.

      — ... Ez duzu pentsatuko kalean utziko nauenik?...

      Gaskonen begiradak hunkitu egin nau.

      — Ez, ez dut uste kalean utziko zaituztenik.

      Gaskonek emandako informaziotik ba dakit gutxi gora behera nolako nagusia izan zitekeen Fortun. Orain, haren beste alde bat ezagutu nahi nuke.

      — Nolako bisitak hartzen zituen Fortunek?

      — Bisitak? Gutxi. Seme-alabak urtean behin soilik etortzen ziren. Inoiz adiskideren bat... apaizak batez ere. Baina gutxi, bisita gutxi. Ez zitzaizkion atsegin izaten hona bisitak etortzea. Ahal zituen guztietan, Iruineako bere bulegora joan zitezela esaten zien.

      — Eta Helenak?

      — Etxeko andreak bai.

      Hurrengo galderan Alikak hartu dit aurrea.

      — Esan iezaguzu nortzu ziren gehien etortzen zirenak. eta batez ere, zeintzu izan zitezkeen, nola esango nuke, deigarrienak, nabarmenenak.

      Ulertu dut Alikaren galderaren zentzua. Helenaren bizitzan beste gizonik ba ote dagoen jakin nahi du. Zer erantzungo dio Gaskonek?

      — Helenak bisita asko hartzen ditu. Beste zereginik ez du eta...

      — Zenbat urte ditu Helenak?

      — Berrogei eta hamar.

      — Hau bai gauza ezustekoa! —oihu egin du Alikak.

      — Zergatik diozu hori? —galdetu dio Gaskonek.

      — Fortunek 69 urte zituelako.

      — Fortun adinekoa zelarik ezkondu zen.

      “Interesgarria 19 urtetako alde hori”. Gaskoni zuzentzen natzaio.

      — Nire lagunak galdetu dizu Helenaren bisitariez...

      — A, bai! Adiskide asko ditu.

      — Baina nolakoak: andrazkoak. gizonezkoak.

      — Denetarik.

      — Bat edo batzu berezirik?

      Alboko txaletako andre hiztun hori. Etxea aberez beterik dauka: arraza guztietako txakurrak, katuak, txoriak. Behin loro batekin etorri zitzaigun eta...

      Bistan da Gaskonek ez duela gure galderaren zentzua ulertu. Baina arriskugarri iruditzen zait galdera zuzen bat egitea. Alikak ebaki egin dio.

      — Eta gizonezkoen artean?

      — Gizonezkoen artean?... Hendrike Loizaga de gehien etortzen dena.

      — Fortunen idazkaria.

      — Bai, horixe.

      — Eta besterik?

      — Bai. Noizean behin etortzen dira.

      — Baina nortzu dira?

      — Jende aberatsa. Izenetarako desastre bat naiz.

      Gaskoni eskerrak eman dizkiogu eta berriz ere etxean sartu gara, Hendrike Loizagarekin hitz egiteko asmoz.

      Hendrike Loizagak, exekutibo baino gehiago zinemako galai bat ematen du. Jantziz oso txintxo, ile lurrindatua, modalak ongi zainduak. Langelan sartu denean, artista bat eskenean sartzea bezalakoa iruditu zait. Urrats handi eta biziz urreratu zaigu, eskua luzatuz eta nirea hartu didanean bortizki hestutu dit. Irribarrea zabala du, belarritik belarrirainokoa. Nik ez nuen Fortun ezagutu, baina esan didatenagatik, gizon serioa eta hitz gutxitakoa omen zen. Eta ezina zait ulertzea nola Hendrike bezalako gizon bat bere idazkaritzat aukera zezakenik, haren antitesis baita. “Helena?...”. Baina ez ditzadan gauzak hain arinki nahasta. Zeren, nolako oinharriak ditut hori segurtatzeko? Oraindik behintzat, posibilitate hori ene irudimen bat besterik ez da.

      — Whiskia... ala konbinaturen bat?

      Hendrike, etxeko bazter guztiak ongi ezagutuko balitu bezala... “Egia esan, bere karguagatik horretarako arrazoirik ba du”... edariak dauden tokira joan eta edalontziak prestatzen hasi da. Bitartean. hitz egiten jarraitu du.

      — Zerbait edaten dugun bitartean hitz egin dezakegu... Zer? Zer nahi duzue? Nik konbinatu bat hartuko dut. Nola tonika bat ginebrarekin?

      — Ongi.

      “Ez diot bere adinaz galdetuko. Berrogei eta hamar urte inguru ematen ditu. Gutxi gora behera, Helenak bezala”. Lehen galdera egiten diot.

      — Nolakoa zen Fortun?

      — Oi! Gizon zoragarri bat.

      “Pelota!”. Gizon honek nazka ematen dit. Zirikatu egin behar dut.

      — Nola diozu hori? Lortu dudan informazioen arauera, gizon gogorra eta tratatzeko ezatsegina omen zen.

      — Hau bai gauza ezustekoa! Nik hurbiletik tratatu nuen eta ez dut harekiko kexarik.

      — Bueno, utz dezagun puntu hau. Noiztik zinen Fortunen idazkaria?

      — Ba dira bi urte.

      — Eta lehen, non egiten zenuen lan?

      — Banku batean.

      — Eta nola fitxatu zintuen Fortunek?

      — Ekonomista naiz eta Boltsako baloreetan aditua.

      — Ongi. Baina nola hasi zen zurekin harremanetan?

      — Ezustean sortzen diren gauzetariko bat.

      “Ez digu esan nahi”. Baina berriz ere ekiten diot, ez inoren barrentasunetan sartzeak eman liezadaken atseginagatik, baizik eta beharrezko eta garrantzizkoa iruditzen zaidalako.

      — Nola ezagutu zenuen Fortun?

      — Nik hura aspalditik, Iruinean gizon ospetsua zelako.

      — Eta hark zu?

      — Bulegora joan nintzaion.

      Hendrikeren portaera asko apaldu da orain. Ez da gela honetan sartu zeneko bera. Ba dirudi elkarrizketak hartu duen bidea atsegin ez zaiola.

      — Bulegora joan zintzaizkion. Baina nola?

      — Ba nekien idazkari bat behar zuela eta lanpostu hori eskatzera joan nintzaion.

      — Ongi. Nork esan zizun idazkari bat behar zuela.

      Ez dit berehala erantzun. Behar bada berriz ere zuzen erantzungo ez didalakoaren beldurrez edo, Peru Alika tartean sartu da.

      — Niri esan didatenez, Helenak esan zion...

      Eta gero Hendrikeri galdera bat zuzendu dio.

      — Ez da horrela?

      — Bai, horrela izan zela uste dut.

      Orain gaiaz aldatzea pentsatu dut.

      — Fortunek, egin al zuen testamenturik?

      — Bai.

      — Ongi. Eta zuk, haren idazkaria zinenez, testamentu horren punturik garrantzitsuenak ezagutuko dituzu noski.

      — Segur egoteko, testamentu bera irakurri beharko litzateke.

      — Noski. Baina ez dizut segurtasun bat eskatzen. Zure ustez, zenbatekoa izan litzateke Fortunen kapitala?

      — Uf! Mila milioitik gorakoa.

      — Eta haren oinordekoak, nortzu dira?

      — Printzipalenak, Helena eta seme-alabak.

      — Zenbat utziko zion Helenari?

      — Erdia uste dut.

      — Eta seme-alabei?

      — Bakoitzari, erdiaren hiruren zatia.

      — Ba al dago beste oinordekorik?

      — Beharbada apaizen bat.

      — Eta zu?

      — Ez dut uste.

      — Orain, Fortun hil delarik. zertan arituko zara?

      — Ez dakit. Beharbada, familiaren ondarea administratzen. Baina hori familiak berak erabaki beharko du.

      Itaunketa bukatzeko, Fortunen seme-alaben helbideak eskatu dizkiogu, eta hildakoaren entrepresen izen eta helbideak, guzti horietaz ikerketa sakon bat egiteko asmoz.

 

Iruineako asasinatzea
Xabier Gereņo

Kriselu, 1977