Iruineako asasinatzea
II
Zortziak eta hogeian heldu gara taxi batean Fortun Aranalderen txalet aurrera. Ordaindu eta atean txirrina jo dugu. Jantzi beltzez eta amantal zuriz jantziriko dontzeila lirain batek atea zabaldu digu. — Egun on. Zuen zain daude. Eta halla seinalatu digu. Han bildurik zegoen talderaino hurbildu gara. Andrerik zaharrena taldetik irten eta guregana urreratu da. — Zuek IPE-ko inbestigatzaileak zarete. ezta? Peru Alikak erantzun dio eta bitartean nik andrea aztertu dut. Hitz egiterakoan urduritasun arrasto bat zuen baina bere itxurak baretasun inbidiagarria adierazten du. — Ni Helena naiz, Fortunen emaztea. “Alarguna ez du oraindik esaten”. — Ni Peru Alika naiz eta hau Jurgi Arregi kapitaina. — Oi! Eta eskua eman dit, irribarre bortxatu batekin. “Hortz hilara ederra”. Andrearen itxura dotorea da, nahiz eta jantziak eta apainketa presaka eginak izatea adierazi. Hirurogei bat urte botatzen diot, eta ederra da. “Esaten dute gizon argiak eta aberatsak andre politekin ezkontzen direla”. Hildakoarengana hurbildu gara. Lehenen gorpua aztertu dugu eta gero inguruak. Gorpua behean dago, eskaileraren azken mailan, eta sei maila gorago odolezko lohidura bat. Fortunek bekokian zuen zauria aztertuz, ba zirudien jausi eta goiko maila hartan buruz jo zuela, eta gero jausten jarraitu zuela. Gorpuaren alboan liburu bat zegoen, eskuan eraman eta jausi balitzaio bezala. Peru Alikak hiru aldiz eraman ditu begiak Fortunen bekokitik eskailerako zazpigarren mailaraino, zerbaitek kezkatuko balu bezala. Nire begiek ere kuriositatez bide berbera ibili dute. Alikak galdetu dit. — Nire kezkak konpartitzen al dituzu? — Bai... Baina ez diot oso segur erantzun. Orduan Alikak bekokiko zauria seinalatu dit. — Ikus ezazu zauri hau. Ikus nolako luzera duen eta nolako forma. Esan nahi dut, odolez bustirik dagoen partea, eta beraz, maila hori odoleztatu zezakeana. Ikus orain mailadian dagoen lohidura odoleztatuaren luzera eta forma. Ezberdinak dira. Orduan han zeudenei galdetu die. — Norbait ibili al da hemen, zauri eta lohidura hauetan? Denek ezetz esan dute, ez dutela deus ukitu. Peru Alikak Helenari zuzendu dizkio urrengo hitzak. — Gure zuzendariari hilketa bat izan litekela esan diozu. — Ez hori zuzen... — Baina hori aditzera eman zeniola esan digu. — Badaezpadan deitu zaituztet, Heriotze hau nola gertatu den segur jakin nahi dut. Foto makina atera eta hainbat foto egin dugu. Gero liburua eskuzapi batekin jaso dut, eduki zitzakeen arrastoak gaez zitezkeen. Peru Alikak eskari bat egin du. — Gaur gauean hemen egon diren guztiekin hitz egin nahi nuke, baina ez hemen, gela batetan baizik eta banan banaka. Liburuari begirada bat ematen diot. Polizi nobela bat da. Helenak, Peru Alikaren eskariari erantzun dio eta bere senarraren langelara sar erazi gaitu. — Egokia al da? Alikak gelari begirada arin bat eman dio. — Bai, oso egokia. Nik bibliotekako liburuei begirada bat ematen diet. Bankuetako urte azkeneko memoriak, anuario finantzieroak, Boltsa liburuak... “Hauk denak bere lanari dagozkionak”. Larru ederrez eta hurrezko hizkiz hornitutako literatura, historia eta enziklopedia bildumak... “Hauk bibliotekaren apaingarri bezala, sekula irakurriko ez zituenak”. Eskuzapiarekin gorderik daramadan polizi nobela bezalakorik ez dago bat ere gela hartan. Helenak Peru Alikari galdetu dio. — Norekin hitz egin nahi duzu orain? — Zurekin. Hirurok mahaiaren inguruan eseri gara. Nik bolaluma eta blocka atera ditut. Alikak utzi dit itaunketa nik zuzen dezadan. — Azal iezazkiguzu zure senarrak bizirik iraun zituen azken orduak. — Goizean lanera joan zen beti bezala. Ordubi t’erdietan bazkaltzera etorri zen. Bazkari arin bat egin genuen... — Nortzu zeundeten etxean? — Fortun eta biok, Gaskon lorazaina eta Doltza zerbitzaria. — Ongi. Jarrai ezazu. — Bazkalostean bere langelara joan zen eta zortzietarte han eman zuen. Gero, jantokia antolatzen lagundu zigun. Ez dizuet esan atzo 61 urte egin zituela eta semeekin afaria genuela... Bueno, hariari jarraituz, hamarrak aldera semeak etortzen hasi ziren, eta gero afaria egin genuen. — Nortzu zeuden etxean? — Lehen esandakoak eta gure seme Hanot, honen emazte Katerin, Iban gure bigarren seme ezkongabea, Naiara alaba, Batista honen senarra, eta Hendrike Loizaga, hau nire senarraren idazkaria. Afaria bukatu ondoren, denok oheratu ginen. Hau hirurak aldera gertatu zen... Nik ebaki egin diot. — Barka, aurrera jarraitu aurretik, zerbait zehaztu nahi nuke. Aipaturiko guztiak etxe honetan lo egin al duzue? — Bai. — Ongi. Segi aurrera. — Ez dago gehiagorik. Ni ez nago ados. — Bai. Zure senarra, dirudienez, gauean jaiki egin zen. Ez al zenion entzun? — Ez. — Nola ez? Helena bere eserlekuan urduri mugitu da. — Gela ezberdinetan geunden lotan. Erantzun harrigarri honek gure arreta areagotu egin du. Gizalegea gordetzeagatik ez diogu ezer gaineztatu, berak libreki azal ziezagun. Eta horrela egin du. — Nik lotan zurrungatu egiten dut eta nire senarrak lo arina zuenez, horrengatik gela ezberdinetan lo egiten genuen. Salbuespen batzu zeuden, hau da, harreman sexual bat nahi genuenean... — Beraz bart... — Bart gela ezberdinetan geunden. Nik eskuetan daramadan liburua erakutsi diot. — Zure senarra liburu hau irakurtzen al zegoen? Helenaren aurpegiak itxura berezi bat hartu du. — Irakurtzen zituenak egunkariak, aldizkari ekonomikoak, informeak eta horrelakoak ziren. Nobela batekin... horrelako nobela batekin ez dut sekulan ikusi. Hain zuzen ere, horrek bultzatu ninduen zuengana joatea. Peru Alikak arretaz begiratu dio. Beste galdera bat egin diot. — Eta normal ez den beste zerbait ikusi al duzu? Une batez pentsati geratu da. — Gauaz ibiltze hori... Kumunara joan nahi izan balu, goian du bainugela. Beraz, ba dirudi liburu hori eskaileratik abiatzen zela adierazi nahi digun justifikatze bat dela... — ... Eta heriotzaren justifikazioa eskailerak ematen digu. — Hori. — Beraz, hilketa bat izan balitz, liburua eskaileratik ibili beharraren justifikazioa litzateke. Gauzak zehaztu nahi dut, eta Helenari hitz egiten diot. — Beraz, liburu hau ez duzu etxean orain arte ikusi. — Ez. — Eta Fortunek, zuk lehen esan diguzunez, ez zuen horrelariko libururik irakurtzen ez gordetzen. — Bai, horrela da. — Ba hori horrela bada, etxekoek ez dute zure senarra erahil. — Zergatik diozu hori? — Ene ustez, etxekoek jakingo zenituen hildakoaren ohiturak. Helenak beste aitorpen harrigarri bat egin digu. — Fortun ez zegoen gure seme-alabekin harreman onetan. Egia esan, urtean behin soilik etortzen ziren. Oraindik behintzat ez noa portaera honen zergaitiak bilatzera. — Horrek esan nahi du Fortunen ohiturak zuk, Gaskon lorazainak eta Doltzak soilik ezagutzen zenituztela. Beraz, hiltzailea zuen hiruren arteko bat izango balitz, beste era batetara arituko zen Fortun hiltzeko. Hau da. haren ohiturei zehazkiago lotuz... Helenari galdera bat egin nahi diot. — Fortunek ba al zuen etsairik? Esan nahi dut, hiltzeko beste gorrotatzen zionik. Helena zalantzan utzi dut. — Gizon gogorra zen... Erantzuna zehaztu dezan lagundu nahi diot. — Zure ustez, nor edo nortzu izan zitezkeen hiltzaileak? Helenak ez dit erantzun. Beste galdera bat egiten diot. — Seme-alabekin ez zituela harreman onik esan diguzu. Zergatik? — Behar bada ez genituen zuzen hezi. Hori maiz gertatzen da aberatson familietan. Fortunek disgustu ugari hartu zituen haiengandik eta aspalditik bakoitzak bere bizitza zeraman. — Zuen seme-alabak, nola daude diru kontutan? — Ongi. Alde horretatik Fortunek laguntzen zien. Zutitu egin naiz eta gela ibili dut. Gero, Helenaren aurrean geratu naiz eta hitz egin diot. — Egin dezagun hilketari buruz suposamendu bat. Eman dezagun norbaitek, X-ek. Fortun hil nahi zuela. Gauean, zure senarra loak harturik zegoela, haren logelan sartu eta zerbaitekin bekokian jo ziola. Gero, asasinatzea eskutatzeko, eta heriotze normal bat bezala aurkezteko, eskailerara ekarri zuen eta liburua utzi zion. Baina hiltzaileak errakuntza bi egin zituen... Helenak berehala ebaki dit. — Nola bi? Nik uste nuen liburuarena soilik zegoela. — Ez, bi dira. Bat, liburuarena, eta bigarrena, zazpigarren mailan ipini zuen odol lohidurarena. Lohidura hura ez dagokio zehazki zauriari. — Beraz, asasinatze bat izan da! — Ba liteke, eta orain suposamen hori baieztatu behar dugu. Horretarako, puntu bi argitu behar ditugu. Liburua norena zen, eta zerekin jo zuten bekokian. Azken honetatik has gaitezke, beharbada errazena izan daitekelako. Fortunen langelari begirada bat eman diogu krimenaren harma bilatzeko asmoz. — Arista duen zerbait izan behar du. Hiltzaileak horretan zuzen jokatu du, eskaileraren mailadi baten antza zuen zerbait aukeratzean... Fortunek ez al zuen papergainekorik? Ez zitzaidan normal iruditzen paperak zapaltzeko papergainekorik ez ikustea. — Bai, hemen egon behar luke —erantzun dit Helenak. Nik arretaz begiratu diot. — Nolakoa zen? — Brontzezko palankari bat zen eta oinharria marmolezkoa zuen. — Eskailerako mailadiak bezala. Hor dugu posibleki krimenaren harma... Noiz ikusi duzu papergaineko hori azken aldiz? Helena zalantzan ipini dut. — Ezin diezazuket erantzun zuzen bat eman. Behar bada Doltzak... — Bai, hari galdetuko diot. Alikari begiratu diot. — Egin nahi al diozu beste galderarik? — Ez, ez. — Ba orduan, goazen Fortunen logelari begirada bat ematera. Helenak Fortunen logelara gidatu gaitu, eta arreta handiz dena aztertu dugu, hura baita gurc ustetan, asasinatze bat izan bada, hilketa egin den tokia. Ez dago odolaren arrastorik. Helenari galdera bat egin diot. — Ohean irakurtzeko ohitura al zuen? — Bai, baina ez nobelarik. Papergainekoaren bila ahalegindu gara. baina alferrik. Orduan, hiltzaileak harma bezala erabil zezakeen beste zerbaiten bila hasi gara, bainan hor ere ez dugu deus lortu. Behea moketaturik dago eta hor bai bilatu dugula zerbait arrastaka atera zutenaren proba: moketaren hile hilara multzo bat aterantz makurtuta dago. Egia esan, honek ez du esan nahi atera zutena Fortunen gorpua izan dela, baina beste xehetasun susmagarriak osatzera dator. Alika ere bat dator nirekin puntu honetan. Helenari beste galdera bat zuzendu diot. — Atzo Fortunek familiakoekin edo zerbitzariekin izandako harremanetan, zerbait garratz, zerbait gogor somatu al zenuen? Esan nahi dut, hilketa bat justifikatzeko beste. — Ez. Egia esan, Fortunek bere seme-alabekin zituen elkarrizketak ez ziren prezeski eztiak, baina hori normaltzat jo dezakegu. Fortunen logela utzi eta berriz ere behera, bibliotekara jaitsi gara. Gelan sartzerakoan, Helenari berarekin oraindik bukatu dugula esan diogu, eta dei ziezaiola Doltzari. Doltza jantzi beltzez eta mantal zuriz jantzita agertu zaigu. Oihalak kalitate onekoak direla ematen dute, eta modelo politeko uniformea da, baina zerbitzari bezala jantzirik badago ere, haren itxura, haren portaerak aparteko dintasun bat du. “Ni etxekoandrea banintz, ez nuke Doltza bezalako zerbitzaririk hartuko, etxeko gizonentzat tentagarriegia litzatekelako”. Etxe hartako andrak aztertzeko ez dut oraindik asti nahikorik izan, baina ene ustez, fisikoki, Doltza aise dago haien gainetik. Beraz, hilketaren zergatiak aztertzerakoan, Doltzaren inguruan gerta daitezken sexu harremanak kontutan hartu beharko ditugu. Lehen galderak egiten dizkiot. — Zenbat urte dituzu? — Hogei eta zazpi. — Eta zenbat urte daramazkizu etxe honetan? — Hamabost urte nituela ama hil zitzaidan eta orduan nire aita lorazaina bezala hona etorri zen eta berarekin ekarri ninduen. — Ongi. Hemen, mahai gain honetan, palankari bat ohi zegoen. — Bai. — Eta orain, non dago? Doltzaren begiek mahai gaina eta gero biblioteka kurritu dituzte. Gero, harriduraz erantzun dit. — Hemen egon behar luke. — Bai, baina ez dago. Noiz ikusi duzu azken aldiz? Doltza pentsati geratu da. — Larunbatan etxe guztia arretaz garbitu genuen, igandeko jaierako gertu egon zedin. Gela hau nik egin nuen... Bai, papergainekoa hemen zegoen. — Ongi. Orain jakin nahi nuke bart ezer entzun bazenuen. Adibidez, Fortun eskaileratik jausten. — Ez. — Lo arina al duzu? — Ez, aztuna. — Eta atzo, hemen zeudenen artean, zerbait arraro somatu al zenuen? — Ez. — Baina esan didate elkarrizketa garratzak gertatu zirela. Doltzak ez dit erantzun zuzen bat eman. — Familia honetan kideen arteko harremanak ez dira bigunak. Orain puntu interesgarri batera heltzen hasi gara eta eser dadila eskatu diot. Zigarro bat eskaini diot. — Ez. Orain ez. Eta keinu zoragarri bat egin du. “Andre liluragarria”. — Egin dezagun hitz honetaz. Zergatik ez dira onak harreman horik? — Fortun, denek bere menpean izatera ohitua zegoen, gauzak berak nahi zituen bezala egitera. Baina semeek, maiz, ez ziren haren esanetara etortzen. — Azter dezagun seme bakoitzaren kasua. Hanot, seme zaharrena. — Hanotek 34 urte ditu. Abokatu ikasketak egin zituen. Ez dakit bukatu zituen ala ez. baina ez du inoiz abokatu bezala jardun. — Zein da haren bizibidea? — Ez du lanik egiten. Fortunek, ezkondu zenean, diru pilo bat eman zion, eta hilero kantitate bat pasatzen dio. Emaztea, Katerin, oso aberatsa da. — Eta diru kontutan, nola dabil Hanot? — Ez du ematen hestuasunetan dabilenik. — Asko gastatzen al du? — Bai. — Eta ba al du bizio ezagunik? Doltzak ez digu berehala erantzun. — Ez dakit... Alikak galdera bat egin dio. — Nolakoak dira bere emaztearekiko harremanak? Doltzak ongi ohartu garen tonuera berezi batekin erantzun dio. — Katerin oso harro eta berekoia da. Hanoten bizitzaren frakasua, hein handi batetan behintzat, Katerinen errua da. Nik beste era zuzenago batetan egin nahi nioke orain galdera bat, baina gehiegi iruditu zait. Beraz, zeharka egin diot. — Maitatzen al du Hanotek beste emakumerik? Beste emakumeren batek, maite al du Hanot. Doltzaren egonezina nabari da orain. — Nola jakin dezaket nik hori? Ixilune bat. Hurrengo galdera ere hortik doa. — Onhartuko luke Fortunek bere semeren bat maila apalagoko neska baterekin ezkontzea? Oraingoan erantzuna berehala dator. — Ez, inolaz ere ez. Familiaren tradizioa, ohorea, handitasuna eta horrelakoak zerabiltzan maiz ahotan. Jadanik ba dugu informazio interesgarririk eta orain goazen bigarren semearekin. — Eta Iban? — Ibanek 32 urte ditu. Alfer bat. Karrera on bat ikasteko aukera izan du. baina ez da deus. — Ezkongabea da. ezta? — Bai. Nor ezkon daiteke horrelako tipo batekin? Nik zirikatzen diot. — Baina dirua edukiko du. — Dirua bai. Baina aitak dirudun batekin soilik utziko zion ezkontzen, eta horrelako neskak ba dute aukera hobeagoa egiteko posibilitaterik. — Eta ezkongabea izanik, nola ez da gurasoekin bizi? — Egunero burruka zuen aitarekin eta hotel batetara joan zen. — Nondik lortzen du dirua? — Besteek bezala, aitarengandik. — Bueno, orain Naiara. — Naiarak dirua eta edertasun zerbait besterik ez du. Hortik kanpo, ez du deus balio. Etxea eramaten akabua da... Eta ez dut uste Batistari leial zaionik... — Beste gizonen bat? — Hori esaten dute. — Nor? — Donostiako injinadore gazte bat. — Barka, baina ahaztu egin zait galdetzea. Zenbat urte ditu Naiarak? — Hogei eta zazpi. — Zuk bezala. Eta Batistak? — Hogei eta hamar. — Ongi. Jarrai gaitezen Naiararekin. Nolakoak dira ezkonduen arteko harremanak? — Ez onak. Batista balio handiko gizona da. — Zein da Batistaren bizibidea? — Medikua. Mediku on bat da. — Naiararekin ez omen du harreman onik. Batistak ere, Naiarak bezala, ezkontzatik kanpo ba al du, esan dezagun... kontsolamendurik? — Andrarik? — Bai, hori esan nahi nuen. — Ez dakit. Nire aldetik bukatutzat ematen dut itaunketa eta Alikari begiratzen diot. Hau zutitu eta Doltzari hurbiltzen zaio. — Zu, Doltza, neska eder eta argi bat zara. Aukeratzeko posibilitaterik bazenu, zein hartuko zenuke senar ala maitale bezala, Hanot, Iban ala Batista? Doltzak errezeluz begiratu dio. Behar bada, ulertu bide du Alikaren galderaren zergatia. — “Aukeratzeko posibilitaterik bazenu” esan didazu, baina nik ez nuke aukeratzeko posibilitaterik. Esan dizuet jadanik zein zen horretaz Fortunen jarrera.
Iruineako asasinatzea |