Iruineako asasinatzea
Xabier Gereņo

Kriselu, 1977

 

 

VI
ARTSENIKOA

 

      Batistarekin bukatu dudanean bibliotekan geratu naiz bakarrik. Esku artean zerbait korapilotsu dudanean bakartatea atsegin dut, ene ideiak ordenatzeko beharrezkoa dela ikusten dudalako. Zutitu egin naiz eta Fortunen langela eta biblioteka zen hau, behin eta berriz ibili dut gora eta behera, ibiltzeak baretu egiten nauelako. “Fortun... Langela honek nolako pertsona zen esan dezakegu”. Gelari gainbegirada bat eman diot. Mahai gaineko paperak ordenaturik daude, karpetetan. Kolore ezberdinetako bolalumak, denak zerrendan. Telefonoa, hautsontzia, magnetofoia... dena ongi ezarrita. Eta mahaitik liburuak dauden apalategietara bagoaz, haietan ere liburuak arretaz ordenaturik daude, bakoitza bere sailean, eta hauetariko ale bakoitza sail barrenean tokatzen zaion lekuan, fetxari edo liburuaren zenbakiari dagokionez. “Beraz, Fortun gizon ordenatua zen. Eta orain, ikus ditzagun hark zituen beste kualitatek”. Koadroei begiratzen diet. Ohorezko tokian, abokatu tituluaren diploma. “Beraz, abokatu genuen Fortun”. Haren eskuin ezker, ehiza eskenak errepresentatzen zituzten koadro orijinal bi, firmaturik, eta dirudienez onak eta baliozkoak. Beste koadro bat Aita Sainduaren benedizioarekin, Fortun eta Helenari eskainia. Apalategietako liburuen tituluei begirada bat ematen diet. Ekonomi eta finantza liburu ugari (anuarioak, memoriak, etab.). Literatura sail dotore batzu, baina azken hauek gehiago ematen zuten apaindura gisan zeudela, irakurriak izateko baino. Mahaiko kaxoiak zabaltzen ditut. Hauek ere ordenu bikain bat erakusten dute. Eta honetan nagoela, atea zabaldu eta Alika sartu da. Ezin dezaket esan Alika ikustea atsegin izan ez zaidala, baina nahiago nuke zerbait beranduagi etorri izan balitz. Egja esan, oso beharrezkoa ikusten nuen denbora bat bakartatean ematea.

      — Zer, ez al zaizu atsegin ni ikustea?

      “Ba dirudi Alikak pentsamenduak igartzeko ahalmena duela”.

      — Bai, bai. Hemen nengoen, denbora ematen, eta...

      Bat batean ideia interesgarri bat etorri zait.

      — Zu, Alika. Plan bat proposatu nahi dizut.

      Alikak kuriositatez begiratu dit.

      — Bueno, baina ez al didazu galdetzen Iruinean zer lortu dudan? —galdetu dit irribarrez.

      — A, bai! Esan.

      Alika eseri egin da.

      — Palankariak Doltzaren hatz markak ditu...

      — Normala, Doltzak hartu eta leihotik jaurti zuelako.

      — Ongi. Baina hain normala ez dena, odolaren aztarnik ez egotea da, ez txikienik ere. Ene ustez, hiltzaileak garbitu bazuen ere, zaila gertatuko zitzaion garbiketa hain osoa egitea. Beraz...

      — Beraz posible da krimenaren harma bezala adierazi arren, benetako harma beste zerbait izatea.

      — Horixe... Eta gehiago dago. Hanoten posizio ekonomikoa ona da. Oso errentagarri den inmobiliaria batetan dirua ipini zuen.

      — Eta nola ez digu esan?

      — Behar bada haren emazteak berak ere ez dakielako. Eta hau horrela delarik. Fortunen mehatxuek ez loteke kalte handirik egin behar.

      Nik biziki ebaki diot.

      — Hori da nik esan nahi nizuna. Hiltzaileak Hanot hiltzailetzat aurkeztu nahi digu.

      — Bai, hori begi bistan dago.

      — Ongi. Hortik doa nik asmatu dudan plan hura. Adieraz diezaiogun guk ezetz, errugabetzat jotzen dugula. Orduan hiltzaileak zerbait nabarmen egin beharko du bere jokoa aurrera eramateko. Hitz batez, bortxa dezagun hiltzailea, egin eraziko dizkiogun ekintzetan hutsen bat egin dezan.

      Alikak nire proposamena ontzat eman du eta biok jantokira joan gara. Fortunen familia osoa han bildu erazi dugu eta Alikak hitz egin die.

      — Bueno, gure azterketen azken berriak eman behar dizkizuegu. Ba dirudi Fortun asasinatua izan dela. Hainbat ikerpen egin dugu eta hauen ondorioz Hanot, oraindik behintzat. errugabetzat jotzen dugu.

      Ixilune batek jarraitu du. Nabaria da tentsioa bildutakoen aurpegietan, baina inork ez du galderarik egiten. Alikak jarraitu egin du.

      — Ba dugu susmorik baina oraindik ezin diezazuekegu ezer zehatzik eskaini. Behar bada, ordu gutxiren buruan.

      Alika ixildu egin da eta ba dirudi esateko zuena bukatutzat eman duela. Orduan Ibanek bere desilusioa adierazi dio.

      — Ez al dago gehiagorik? Hau al da esateko duzuen guztia?

      Alikak harriduraz begiratu dio.

      — Bai.

      — Eta horretarako hainbeste komedia? Lehen bezala gaude. Ez diguzue ezer berririk eman.

      — Alikak zakar erantzun dio.

      — Bai. Adibidez, Hanot errugabetzat ematen dugula.

      Ibanek sorbaldak igonaz erantzuten dio.

      — Bueno, ni Iruineara noa —esan du azkenik.

      Beste batzuek ere Iruineara joateko nahia adierazi dute eta elkarrizketa baten ondoren, denak berriz ere hemen egongo zirela erabaki dugu, hiruretan bazkaltzeko.

      Nik burukomin zerbait dut eta bainugelara joan naiz. Han burua urez busti eta berez sika dadila utzi dut. “Honekin kentzen ez bazait, optalidon bat hartu beharko dut”. Gero, berriz ere Alikarekin elkartu naiz.

      Bazkari arteko bitarte hori Fortunen langelako paperak aztertzen eman dugu, ezer garrantzizkorik lortu gabe, eta gero lorategira irten gara. Han, Gaskonen laguntzarekin, dena ikusi dugu.

      Ordubietarako jendea etortzen hasi da. Besteekin jantokira joan gara eta Iban oraindik faltatzen denez, vermouth batzu edan ditugu. Hirurak joteko ziren Iban etorri deneko. Hanot edarien inguruan zegoen eta Katerinek tonika bat eskatu dio. Hanot bueltatu egin da, guri lepoa ematen jarririk, bere emaztearen nahia betetzeko. Gero, emaztearengana hurbildu da. Katerinek edalontzia hartu dio, eta eskuan duela hitz egiten jarraitu du, hain zuzen, Iban zirikatzen.

      — Zu beti berbera. Denak hemen zure zain.

      Ibanek biziki ihardetsi dio.

      — Hiruretan zen.

      Helenak bakea eskatu du eta Katerin ixildu egin da. Ondoren, ekonomi krisiaz Hendrikek zerbait esan du eta gai honetaz elkarrizketa jeneral bat sortu da. Supitoki Katerinek oihu bat egin du.

      — Zer du tonika honek?

      Edalontziari begira dago. Alika berehala zutitu da eta zapi batekin edalontzia hartu egin dio.

      — Zenbat edan duzu? —galdetu dio.

      — Txurrutada bi.

      Orduan Alikak niri hitz egin dit.

      — Jurgi, goazen berehala ospitalera... Eta zu gurekin, Katerin.

      Katerin zutitu egin da, baina dirudienez oinak ez diote eusten. Hanotek eta biok gure autora eraman dugu eta atzeko eserlekuan etzan. Bolantea nik hartu dut eta Alika alboan eseri da, eskuan daraman edalontzia utzi gabe. Atzean, Katerinekin, Helena, ospitalerako bidea erakuts ziezagun. Ospitalera heldu eta andari bik Katerin anda batean eraman dute. Ni hauekin joan naiz eta Alika ospitale bereko beste departamentu batetara, edariaren analisisa egin ziezaioten. Edaria entseiu tutuan sartu ondoren, edalontziak lituzken hatz markak analisatzera zihoala esan dit. Handik lasterrera Helena eta biori, ospitaleko iraganbidean, Hanot eta beste guziak elkartu zatzaizkigute. Denbora bat iragan ondoren medikua hurbildu zaigu. Dirudienez, Batista ezagutzen du, zeren hura agurtu eta esan baitio:

      — Zorionez gutxi edan du. Artsenikoa zuen.

      — Etxera eraman al dezakegu? —galdetu dio Helenak.

      Medikua zalantzan geratu da.

      — Hobe luke badaezpadan hemen egotea...

      Batistari begiratu dio.

      — ... Baina zu arduratzen bazara...

      Batistak baietz esan dio, eta iluntzerako eraman dezakegula esan digu. Beraz, Katerin ospitalean utzi eta denok etxera abiatu gara. Jadanik laurak dira eta oraindik bazkaldu gabe gaude, baina nahiz berandu izan, etxekoek ez dute jateko gogo handirik erakusten. Goibel daude. Fortunena asasinatze bat izan zela argi ikusten ez bazuten, Katerinen edalontzian botariko artsenikoak ez zion zalantzari leku handirik uzten.

      Nire asmoa itaunketak gerorako uztea da. “Orain hobe bazkaltzea, eta gero, Alika datorrenean, itunketak biok egin ditzakegu. Biok gara gertatuaren lekuko, eta gainera, Alikak ekar liezazkiguken analisisek argi gehiago eman diezagukete. Baina nire asmoak gora behera, gauzek beste bide batetatik abiatu dira. Dirudienez, etxekoen egonezin eta jakinminak gaina jo dute. Hanotek hitz egin du lehenik.

      — Gauza bat argi utzi nahi nuke. Artsenikoa ez dut nik bota.

      Denek ixilik begiratu diote, baina ixiltasun hori errudundatsun kondena bat zen. Nik galdetzen diot.

      — Botila, zabalik ala hertsirik zegoen?

      — Zabalik —erantzun dit Hanotek.

      — Beterik?

      — Ez. Erdia inguru zuen.

      Orduan denei begiratu diet.

      — Nork zabaldu du botila hori?

      Eztabaida bat sortu da. Egia esan. hainbat botila zegoen. Ni botilak dauden tokira hurbildu naiz, botila berezi hura zapiarekin hartu eta hatz markak analisatzera eramateko, baina tamalez ordurako botila huts guztiak Doltzak eramanak zituen eta ezina zaigu zein litzateken erabakitzea. Bai, ba dakit botila guztien edari ondarrak analizatuz hori lortuko genuela, baina ez du merezi, zeren botila zabalik egon bazen, edozeinek bota zezakeen artsenikoa barrura, hatz markarik egin gabe.

      Hanot zerbait baretu da. Ba dirudi bere erruduntasuna besteengana iragatze honek lasai erazi diola. “Baina botila zabalik al zegoen? Nork baiezta dezakegu hori?”. Korapilo honi ez diot irtenbiderik bilatzen... “Beharbada Alika datorrenean...”.

      Eta Alika etorri egin da. Egia esateko, ekarri dituen berriak ez didate ezer berririk esan, itxaroten bainituen.

      — Edalontzian zeuden hatz markak Hanot eta Katerinenak dira. Edaria artsenikoz pozondua zegoen.

      Honekin elkarrizketa berriz ere pozoidurari lotu zaio, baina tamalez Alilak ezin izan du ezer zehaztu.

      Bazkalondoan Alika eta biok bibliotekan sartu gara, pozoadura eta honek sor dezakegun egoera berria aztertzeko.

      — Zein da zure eritzia? —galdetu dit Alikak.

      — Bueno, hemen artsenikoa noiz lortu den jakitea da garrantzizkoa. Fortun hil baino lehenago izan bada, orduan dena aurretiaz antolaturik legoke, eta beraz, Fortunen asasinatzeak ez luke barteko eztabaidarekin zerikusirik. Bestalde, artsenikoa gaur lortua izan bada, honek esango luke hiltzailearentzat gauzak gaizki doazela, eta aurretiaz erabakita ez zegoen zerbait egitera bultzatu diogula.

      Alikak zigarroari kea atera erazi dio eta gorantz nola igoten den begira pentsakor geratu da.

      — Beraz, Jurgi, zure eritziz hiltzailea bortxatu egin dugu. Zerekin? Hanot erruduntzat eman ez dugulako?

      Biziki erantzun diot.

      — Ene ustez, horrela da. Ikusi orain ere nola Hanot errudun bezala aurkeztu nahi diguten.

      Alika oraindik gora begira dago, nahiz orain kerik ez egon.

      — Ongi. Nori etorriko lioke mesedegarri Hanot erruduntzat hartzea?

      Nik horretan ez dut zalantzarik.

      — Katerini. Fortun hilda, Hanotek heredentziako bere zatia hartuko luke, baina gartzelara joango balitz, edo errudun bezala epaitu eta garbituko balute, orduan diru hori Katerinek kontrolatuko luke.

      — Bai, hori dirudi...

      Eta gero gaineztu dit.

      — Baina sinpleegia da, nabarmenegia... Egia da, Katerin erruduna izan bada, berak pozoina bere edalontzian botatzea harriskugarria litzatekela, baina gogoan har edan zuena gutxi izan zela, eta laguntzeko gu han geundela. Baina esan dudan bezala, argiegia da, nabarmenegia... eta jeneralean, hiltzaileek bide korapilotsuagoak erabiltzen dituzte.

      — Ikus dezagun, bada, beste posibilitaterik... Alikalc ebaki egin dit.

      — Ez. Jarrai dezagun beste bide bat. Eman dezagun hiltzailea zerbait egitera bortxatu dugula. Orduan, artsenikoa gaur bertan lortu du, bazkal aurretik Iruineara joan denean. Susmagarrietatik, nork lor zezakeen errazen?

      — Medikua denez, Batistak.

      — Ongi. Ikus dezagun orain Batistaren kasua. Familia honetan denak ari dira ezkontza haustetan. Eta Batistak Katerinekin ezkondu nahi balu?

      — Hanot hilgo luke, baina ez Fortun.

      — Zergatik?

      — Katerin aberatsa omen da.

      — “Omen da”. Baina segur al da? Hori aztertu behar genuke.

      Alika telefonora joan da eta IPE-koei Katerin eta Batistaren egoera ekonomikoaren berriak berehala behar zituela esan die. Gero, gure elkarrizketa jarraitu dugu.

      — Eman dezagun, pozontzailea Batista izan dela, Hanot erruduntzat aurkezteko —esan dut—. Orduan Katerin haren gaizkide litzateke. Gogoan har Katerinek Hanoti eskatu ziola edaria, haren hatz markak edalontzian ezarri zitezen.

      — Eta gainera ez zuen dena edan, zerbait baizik. Eta berehala esan zuen edariak zerbait arraro zuela. Dena oso susmagarri.

      — Bai —ihardetsi diot pentsakor.

      Berehala beste susmo bat sortu zait.

      — Eta pozontzailea Doltza izan bada?

      — Doltza? Zer lortzeko?

      — Katerin hil eta Hanotekin ezkontzeko. Orduan, Fortunen asasinatzeak ba luke justifikaziorik. Fortun hilda, ez zion inork Hanotekin ezkontzeko oztoporik ezarriko.

      Alika ez dator nirekin bat.

      — Zure teoria hori interesgarria da, baina huts bat aurkitzen diot. Gogoan har edaria Katerinek eskatu zuela. Beraz, iniziatiba Katerinena izan zela. Nola jakin zezakeen Doltzak aurretiaz Katerinek tonika hura eskatuko zuela?

      — Eta zergatik ez? Eman dezagun Hanot Doltzaren gaizkide litzatekela. Hanot edarien alboan zegoen. Denak edaten zeuden, eta normal zen pentsatzea Katerinek zerbait eskatuko zuela. Tonika eskatu zuen, baina beste zerbait izango balitz, berdin pozondua izango zen.

      Alika zutitu egin da. Ba dirudi orain posibilitate hau argiago ikusten duela. Berehala geratu egin da.

      — Eta Doltzak, non lor zezakeen artsenikoa? Gogoan har ez zela Iruineara joan.

      — Behar bada, Hanotek... edo hemen. Lorategietan, ez al da artsenikoa erabiltzen, adibiclez intsektuak hiltzeko?

      Alikak hasperen bat bota du.

      — Ez dakit. Nik ez dut lorategirik. Hori Gaskonek argi diezaguke.

      Hori berehala argiztu dezakegu eta Gaskonen bila irten naiz.

      — Ez, ez dugu artsenikorik erabiltzen.

      Berriro langelan, Alikari berri hori eman diot.

      — Bueno —erantzun dit, baina Hanot Iruinean egon da eta han eros zezakeen. Beraz, Holtza, Batista, Hanot eta Katerin bera ere susmatzailetzat har ditzakegu.

 

Iruineako asasinatzea
Xabier Gereņo

Kriselu, 1977