Espioitza
Xabier Gereņo

Kriselu, 1977

 

 

I
LANAZ ALDATU BEHARRA

 

      Eguerdia aldera bigarren ofizialea berri harrigarri batekin etorri zitzaidan.

      — Jurgi, konsignatariak esan dit gure itsasuntzia saldu egin dutela.

      Nik ez nekien ezer horretaz. Are gehiago: ez nekien untzia salgai zegoenik ere.

      — Ba!

      Bigarrena, erantzun zehatzago baten zain zegoen. Haugatik, zerbait gehiago esan beharrean aurkitzen nintzen.

      — Ez dakit deus horretaz, eta untziko kapitaina naizenez, zerbait izatekotan, jakingo nuke. Beraz, ez dut uste egia denik.

      Bigarrenak buruaz baieztatu zidan.

      — Nik ere ez nuela sinesten esan diot, baina konsignatariak egia dela segurtatu dit. Erosleak kanpotarrak omen dira, Afrikan sortu den Estatu berriren batekoak.

      Zehaztasun horrek zerbait kezkatu ninduen.

      — Baina ni kapitaina izanki... Bueno, berri hori egia balitz, uste dut nik zerbait jakin behar nuela, eta ez dakit deus.

      — Sinesten dizut, baina nagusiak ez dira beti hain ongi portatzen, eta gerta daiteke oraingoan zuri ezer esan gabe untzia saldutzea.

      Abiada handi batetan igaro zitzaizkidan adimenetik berri horrek sor liezazkidaken ondorenak. Batez ere, 1976 urte honetan dugun krisi ekonomikoarekin, lanik gabe geratzea gauza oso serioa iruditu zitzaidan.

      — Bai, dena da posible... Gaur bertan hitz egingo dut konsignatariarekin.

      Eta hitz egin nuen konsignatariarekin, eta Baionako gure Etxe Zentralarekin ere. Egia zen. Untzia salduta zegoen eta Baionara heltzerakoan denok lanik gabe aurkituko ginen.

      Lankideei ezer ez esateko esan zidaten Baionatik, baina nik ez nien jaramonik egin. Niri mespretxuz tratatu baninduten, ostiko bat eman bazidaten, nik ez nizkien nire lankideei hamasei ostiko emango. “Eta zein zigor eman diezadakete, zer arraio inporta zait, lanik gabe utzi banaute?”.

      Untziko lankideek oso gaizki hartu zuten berria. Batzuk, Segurantza Sozialeko laguntzen posibilitateak aztertu zituzten. Tamalez, laguntza hori urria zen eta epe labur batetarako soilik. Gazteentzat gaitz erdi, baina adinekoei arazo larri bat sortzen zitzaien. Makinista batez ere, sutan jarri zen eta kapitalisten aurkako hitz borobilak bota zituen.

      — Estatu sozialista batetan ez da honelakorik gertatzen!

      Matosinhos-etik Baionarako bidaia tentsio handian egin genuen. “Hau da hau”. Eta orain direla hilabete batzu egindako bidaia etorri zitzaidan gogora, Denis-ek hilketa bi egin zituen hura. “Hura ere ez zen bidaia makala izan. Eta eskerrak portugaldar polizoi hari hiltzailea bilatu genuela... Polizoia. Frantziara lan bila joan zen!”. Eta irribarre samin bat irten zitzaidan. “Nork pentsa zezakeen, hilabeteak joan ondoren, gu ere haren gogoa berberan aurkituko ginela. Lanik gabe. Frantziara lan bila”.

 

 

      Hainbat aste igaro ditut Baionan lanik gabe eta gaur goizean Bourgneuf kalean Hego Euskal Herriko adiskide exiliatu batekin topo egin dut.

      — Kaixo, Jurgi! Zer moduz?

      — Ba hemen, lanik gabe.

      — Nola!

      Eta azaldu diot gure historia.

      — Zoaz Hego Euskal Herrira —esan dit. Nik emango dizkizut izen batzu.

      Egia esan, nire adiskideak esandakoari ez diot arrera onik egin. Hark igarri egin dit.

      — Mugak ez du ezer nahi. Hura ere Euskal Herria da. Ez dakit zergatik muga horrek hainbeste ikaratu behar gaituen.

      Eta paper bat hartu eta helbide bat eman dit.

      — Zoaz Bilbao aldera. Autobidetik, ordu t'erdi besterik ez duzu. Egin ezazu aproba.

      Ezkertu egin diot. Zerbait esateagatik, galdera bat egin diot.

      — Eta zu, noiz joango zara beste aldera?

      — Fraga Iribame ministro dagoen artean zail ikusten dut. Ikusi zer esan duen oraintsu Venezuela-ra egin duen bidaian. Euskal ikurrina libreki erabiltzeko baimena eman nahi duenak bere gorpuaren gainetik pasatu beharko dela... Baina zu joan zaitez. Ez zaizu damutuko.

      Bilbon egun pare bat eman dut. Exilatuaren adiskideari nire ikasketak eta egindako lanak azaldu nizkion. Eta gutxien pentsatzen nuenean, posibilitate bat aurkitu zuen. Matosinhos-etik Baiona-rako bidaiak aipatu nizkion eta hilketen hura adierazi nionean, ebaki zidan.

      — Azal iezadazu zehatz arazo hori.

      Eta hark esan bezala azaldu nionean...

      — Ikertzaile pribatu batzu ezagutzen ditut.

      Telefonoa hartu eta dei bat egin zuen. Gero, nigana zuzendurik...

      — Zoaz etzi helbide honetara.

      Eta hemen nago orain, helbide honen aurrean. Nire jantziei begirada bat eman ondoren, atarian sartu eta eskaileran gora abiatu naiz. Eskuina. Atean: IPE - Ikertzaile Pribatu Elkartuak. Tirrina jotzen dut. Zabaltzen dute.

      — Eli Azkarate jauna?

      — Bai. Gure zuzendaria da. Sar zaitez, mesedez.

      Gela apain batetara eraman nau.

      — Norren partez esango diot?

      — Jurgi. Jurgi Arregi.

      — Ongi.

      Ez dit gehiago galdetu. Behar bada, negozio honetan diskrezioa beharrezkoa da. Atea zabaldu didan tipo hura berehala hurbildu zait berriz ere.

      — Zatoz.

      Langela batetara sar erazi nau. Mahai handi bat erdian. Atzean zegoen gizona zutitu egin da.

      — Jurgi Arregi?

      — Bai.

      — Eli Azkarate.

      Eta gure eskuak gurutzatu egin dira.

      — Eser zaitez.

      Bloka eta bolaluma hartu ditu.

      — Esan didate gurekin lan egin nahi duzula. Zehaztasun batzu beharko ditut. Zure izen-deiturak, helbidea, ikasketak, esperientzia...

      Eskatutako datoak eman dizkiot. Gezur batzu ere sartu ditut, batez ere bidaia famatu hartan ikertzaile gisan aritu nintzenekoa azaldu diodanean. Baina gezur hauk barkagarri iruditzen zaizkit. Lanik gabe nago, eta ogibide bat bilatu behar dut. Esperientzia eskatu dit ikertze lanetan, eta nola arraio esango diot ez dakidala deus horretaz? Neure burua zuritu egin behar dut, ezin naiteke barregarri gera. Beraz, nire ikertze lan hura goraipatu egin dut, merezi lukeena baino gehiago, noski.

      Ez dakit nolako inpresioa egin diodan, ez baitu aurpegian inolako emoziorik adierazi. Luze iruditu zaizkidan minutu batzutan isilik egon da, idatzi duena irakurtzen eta aztertzen. Gero, bazirudien erabaki bat hartu duela.

      — Bueno, hartuko zaitugu. Egia esan, ez duzu esperientzia handirik, baina lan batzuetarako izan zaitezke baliagarri. Orain bertan dugu horietako bat esku artean. Noiz hasi nahi duzu lanean?

      Arrakasta honek bapatean hartu nau. “Noiz”. Ideiak elkar joka sentitu ditut.

      — Zuk nahi duzunean —irten egin zait.

      — Bihar goizean?

      — Ongi.

      Eta berriz ere kalean aurkitu naiz. Egoera berriaz jabetzeko, denbora behar dut. Bar batetan sartu naiz eta zuri bat eskatu dut. Mostradore gainean, nire ondoan, Bilboko telefono listina dago. Kuriositatez, horrialdeak pasatzen ditut. “Ikertzaile pribatuak!”. Horietako hiru bulego datoz, baina ez IPE hura. Behar bada, berria izan daitekeelako, edo gerta zitekeen ere beste izenen baten egotea. Ba dirudi nire egoera berrian pentsatu nahi ez dudala. Frakasu baten beldurrez? Ba liteke “Egia esateko, zer dakit nik ikerketetaz? Zoro ausart bat besterik ez naiz. Berehala igarriko didate. Ez dute inozoak direnik ematen. Utzi egin behar nuke... Baia lepoa neska horrena! Orain, udan, probokatzaile agertzen zaizkigu andrak... Baina lan hau utziko banu, zer? Baionako esperientzia ezin dezaket ahantz, hainbeste denboran lanik aurkitu ezinik... Bularretatik ere hainbat ikusten zaio. Ez da itsusia, ez... Zein izango da eman behar didaten lana? Behar bada beldurtiegia naiz, nire ahalmenak gutxiesten ditut...”.

      — Sua mesedez?

      “Abotsa loditxoegia du”. Orain, hurbilean dudalarik, andrearen bularrak nola mugitzen diren ikus ditzaket.

      — Bai.

      — Telefonotik dei egin nahi zenuen?

      — Ez, ez. Zerbait egiteagatik zen.

      Bere doai guztiak agertu dizkit aurrean.

      — Ba, zerbait atseginagorik egin nahi baduzu...

      Lehenik, zerbait edan dugu. Ondoren, kale batzu kurritu ditugu. Bukatzeko, nire hotelera eraman dut. Nork daki nire ikertze lanetarako honelako andre baten beharra eduki beharko ez dudan? Bueno, behar bada hau justifikazio merke bat besterik ez da. Dena den, Aliziaren adiskidea egin naiz eta bere helbidea eman dit.

 

Espioitza
Xabier Gereņo

Kriselu, 1977