Espioitza
Xabier Gereņo

Kriselu, 1977

 

 

VIII
LANDATXUETAN

 

      Entrepresetako telefonistek, etxeetako atezainek bezala, informatzaile onak izan daitezke, zehetasun asko baitakite. Haugatik, gaur, Maite Ruiz bazkaltzera gonbidatu dut.

      Maiterekin aldamenean, zerbait lotsaturik noa. Haren zango luzeak ibilkera berezi bat ematen diote, eta ez noski andreetan miresten dugun horietakoa. Gorputz oso luzea eta zabal samarra du, formak ez zaizkio nabarmentzen eta aurpegia oso inpertsonala da. Hitz batez, ez du emetasunik. Are gehiago, gizonezkoen jantziekin har bezala pasatuko litzateke. Baina Maite ez dut gonbidatu polita delako, eta ene ikerketa lanetan zerbait argituko didalakoaren itxaropena dut, hain hiztun delarik gainera.

      Deustuko restaurante batetara eramatea pentsatu dut. Deustuko kaleetan gazte asko dabil, batez ere unibertsital fakultateetako ikasleak. Ormetan, mural ugari euskaraz, jaialdiak anunziatzen, batez ere euskal abeslarienak eta euskal kultur asteak. “Bati baino gehiagori euskal giro honek tripako mina emango dio”. Igarotzean, irakurtzen ditut. Maitek trafiko seinale batetarantz narama. Ia osorik arrankaturik, baina oraindik euskal ikurrinaren pegatina baten astarnak daude.

      — Kristo Erregeren Gerrilariren batek apurtu omen du.

      — Bai, Kristoren izenean kristorenak egiten ari dira, inpunitate osoan. Ba dirudi nahi dutena egiten uzten dietela.

      — Eta nortzu dira, Akzion Katolikakoak, ala talde parapolizialak, ala...?

      — Nork jakin! Alde batetatik, Elizak ez die Kristoren izena eramaten eragotzi, eta bestetik, agintariek ez dute haien izenik ematen, nortzu diren jakin dezagun.

      Maitek barrezka begiratzen dit.

      — Mamuak ez dira izango!

      — Ez horixe. Mamuak ez, baina hezur-haragizko pertsonak dituzu.

      — Dena den, Kristo ez dut uste faszista zenik.

      — Kristo ez, baina haren izena monopolizatu nahi izan duten asko bai.

      Maitek arretaz begiratzen dit.

      — Politikari al zara?

      — Ez. Baina hori beste ba dakit.

      Eta beste zerbait ere nabarmen da. Jende askok, batez ere gazteak, jantzietan pegatinak eramaten dituzte. Amnistiaren alde, nuklear zentralen aurka, euskal unibertsitatearen alde. Denak euskaraz. Eta paperetako euskal giro honi, hizkera gogor kontrajartzen zaio. Euskara gutxi entzuten da. “Paperak orain eginikoak dira, eta hitz egitea lehendik, txikitandik dator. Beraz, lehena erdalduna bazen, ba dirudi oraina euskalduntzen ari dela”. “Rafaela Ibarra” kaleko restaurant batetara sartu gara, eta bazkari ez garesti bat aukeratu dugu. Eta “ez garesti” diot eta ez merke, zeren inflazio honekin prezioak oso gora igon baitira.

      Maiteren doai fisikoek liluratuko ez banaute ere, hiztun denez, ez dut uste aspertzeko betarik izango dudanik. Oso pozik dagoela ematen du. Inguruetara begiratzen ari da.

      — Oso apaina, ezta?

      — Bai, ez dago gaizki.

      “Fabrikara eraman behar dut elkar hizketa”.

      — Noiz zoaz oporretan, Maite?

      Aurpegia argitu zaio.

      — Laster, abuztuan, fabrikarekin batean. Burgos aldera joango naiz, nire gurasoak hangoak baitira. Ezagutzen al duzu Burgos?

      — Ez, lehorreko hiri gutxi ezagutzen dut.

      Hurbildu zait.

      — Zu, Jurgi. Konta iezazkidazu zure bidaiak. Zihur asko ba duzula gertaera interesgarririk.

      “Ordu txarrean aipatu dut lehorra”.

      — Are interesgarriagoa deritzot gure fabrikari.

      Maitek desilusiozko keinu bat egin du.

      — Ezin dezaket horrelakorik sinets. INDAR baino gauza aspergarriagorik!

      — Ba, dirudienez, denentzat ez da hain aspergarri. Ordutik kanpora hainbat joaten da hara, lanera.

      — Horik “pelotak” dira. Baina ez ezazu pentsa dohan doazenik.

      “Hau interesatzen zait”.

      — Ez doazela dohan? Eta nola pagatzen diete?

      — Urte azkenean, sobrearekin.

      — Eta asko izaten da?

      — Nik ez dakit, baina entzun dudanez, Edurne Isaba, don Damianen sekretariak, ihaz 40.000 pezeta jaso zituen.

      — Eta don Damienek eta “Neron”ek?

      — Uf! Horiek, ene ustez, milioi erditik gora. Eta ba dago gehiagorik ere.

      — Zer?

      — Bidaiak. Ikusiko bazenu nolako kontuak presentatzen dituzten! Napoleon-en Gortean ez zuten hobe bazkaltzen. Langosta, kabiar, eta zer dakit nik. Krisia dagoela? Langileen eskabideak ukatzeko bai, baina bestean ez. Hor, bidaietan, lehen bezala eralgitzen dute dirua.

      Hainbat adibide bitxi ipintzen dit, baina gure arazorako batek ere ez du inolako garrantzirik. Bazkaria aurrera doa. Maiteri, janaren eta edarien eraginez, masailak gorri ipintzen hasi zaizkio. Nik, sekelean, “Neron”i Aliziaren etxean harturiko izen, helbide eta telefonoen zerrenda dut. “Baina ez, oraindik ez da garaia”. Eta Maiteri uzten diot hitz egin dezala, etengabe. “Gero, behar bada, aspirina bat hartu, eta kito”.

      — Eta orain?

      — Nik tarta jelatua.

      — Nik ere bai.

      Eta gero, kafea eta kopatxo bana. Maitek ezin du ezkutatu bere poza. Ongi jan eta edan du, eta gainera, nahi haina hitz egin. Papera atera dut.

      — Ezagutzen al dituzu hauk?

      Zerrenda irakurtzen duen bitartean, bakoitzaren zehaztasunak ematen dizkit. Batzu ezezagunak zaizkio eta besteak ezagunak.

      — Hau, Rufino Diaz, GAIN-en Bilboko ordezkaria da.

      “Oso interesgarria”. Garrantzirik ez balu bezala galdetu diot.

      — Nolako harremanak ditu Rufino Diaz honek “Neron”ekin?

      Elkarrekin tenisera jokatzen dute.

      — Non?

      — Landatxuetan.

      Maite zigarro bat pizten ari da. Sua eskaini eta galdetzen diot.

      — Eta Rufino Diaz honek, ba ote du INDAR-eko beste edonorekin harremanik?

      — Ez. Konprenitzekoa da, eta ez legoke ongi ikusia.

      — Baina “Neron”ek...

      Irribarrez ebaki dit.

      — “Neron”ek don Damianek beste agintzen du eta denek beldur diote. Hark egin dezake nahi duena eta inork ez dio txintik ere esango.

      “Landatxueta. Zer arraio izango da hori? Nola sartu han?”. Ba dirudi Maitek nire pentsakizunak igarri dituela.

      — Landatxueta klub bat duzu, han, Asua bailaran. “Neron” maiz joaten da hara.

      Bromaz esan diot.

      — Ez dakizu zenbat gustatuko litzaidake “Neron” tenisean jokatzen ikustea!

      Berehala erantzun dit.

      — Serioski diozu hori?

      — Bai.

      — Ba sorte ona duzu, zeren gaur arratsaldean jokatzen baitu. Rufinok gaur goizean deitu dio, eta hark deitzen dionean, Landatxuetara joateko izaten da.

      Restaurantetik irten garenean, Maitek Bilborako autobusa hartu du eta ni Deustun geratu naiz. Berriz ere restaurantera itzuli, telefonoa hartu eta Peru Alikari deitu diot. Berehala etorriko dela esan dit.

      Landatxuetara heldu garenean, ez zegoen “Neron”en arrastorik. Peruk instalazioak erakutsi dizkit. Oso ederra eta dotore dena. Seirak aldera, “Neron” ikusi dugu etortzen.

      — Hori Rufino Diaz omen da.

      Barreko mostradorean garagardoa edan ondoren, teniserantz abiatu dira.

      — Oso adiskide minak direla ematen du.

      Tenisean, jokalari trebeak bezala azaldu dira. Gero, dutxa bat hartu eta beste adiskide pila batekin elkarturik, barrean eman dute ordu luze bat. Rufino Diaz-ek bere beribila hartu eta irten egin da, “Neron” besteekin uzten zuelarik.

      Biharamun goizean, fabrikan, don Damianengana joan naiz.

      — Zerbait galdetu nahi nizuke.

      Burua paper artetik altxatuz erantzun dit.

      — Esan.

      — Jakin nahi nuke Rufino Diaz-ekin nolako harremanak dituzuen.

      — Gizon horrekin ez dugu harremanik. GAIN-eko ordezkaria da, hau da, konpetentziakoa, eta gainera, espioitzaren arazo honek garraztu egin ditu haiekiko harremanak... Zergatik galdetzen didazu hori?

      — INDAR-eko norbait Rufino Diaz-en adiskide delako.

      Don Damianek kuriositatez begiratu dit.

      — Bueno, nik ezin diezaieket nire lankideei beren adiskideak aukeratzeko askatasuna ken. Dena den, interesgarria litzateke nor den jakitea.

      — Ander Uria.

      Harriduraz begiratu dit.

      — Ez nekien... Bai, garrantzizko berria da.

      Telefonoa hartu du.

      — Orain berton deituko diot.

      Telefonoa eskuetatik kendu diot.

      — Ez, don Damian. Ez iezaiozu oraindik ezer esan... Garrantzizko berria dela esan duzu. Zergatik?

      Une batez pentsati geratu da.

      — Subastetako proposamenen balorazioak Ander Uriak egiten ditu, eta norbaitek GAIN-i pasatzen dizkio. Rufino Diaz GAIN-ekoa izanik, Ander Uriaren harekiko adiskidetasuna susmagarritzat , edo behintzat, arriskugarritzat jotzen dut.

      — Arrazoia duzu, don Damian... Bueno, eta berri hau jakin ondoren, ez duzu susmo zehatzagorik? Adibidez, ez dizu gogora ekartzen Ander Uriaren ekintza bereziren bat?

      Berriz ere pentsati geratu da.

      — Ez. Orain behintzat, ez.

 

Espioitza
Xabier Gereņo

Kriselu, 1977