Espioitza
Xabier Gereņo

Kriselu, 1977

 

 

X
HUTS BAT

 

      IPE-ko zuzendariak berarengana joan nadila agindu dit.

      Beti bezala, oso ongi hartu nau, baina zerbaiten kezka sortu dit. Ez dakit zergatik, baina nigandik zerbait gehiago espero zuela uste dut.

      — Ez dugu gauza handirik aurreratzen... Ea, Jurgi, egin ezazu paper honetan bulegoak dauden etxearen planoa.

      Papera hartu, bolaluma atera eta hasi naiz agindu didana egiten.

      — Etxeak behea eta estaia bi ditu. Hemen, behean, Maite Ruiz dago, zentralita telefonikoan. Aurrean mostradore bat du. Maite da behe honetan lan egiten duen bakarra. Maitek telefonoaren ardura du, eta bisitak datozenean izen deiturak hartu, norekin hitz egin nahi duten galdetu, eta han alboan dauden gelatxo batzutara pasa erazten die.

      — Ongi. Beraz, Maite bulegoetatik at dago.

      — Bai. Bulegoak goian daude, estaia bitan.

      — Eta han daude susmagarri guztiak?

      — Bai. Don Damian, “Neron” eta Edurne lehen estaian daude.

      — Eta Mikel Solatxi ordenanza.

      — Bai, hau ere lehen estaian dago.

      Orain, zuzendaria paper pila bat aztertzen ari da.

      — Nor da Imanol Arano hau?

      — Injinadore bat. Baina honek ez du bulegoan lan egiten, fabrikan baizik.

      Zuzendariak, begiak paperetatik altxatu gabe, insistitzen du.

      — Bueno, baina zuk txosten honetan diozu, arratsalde batez, bulegoetara igon zinenean, artxiboko paper batzu aztertzen ari zela.

      — Bai. Baina bai Imanol Arano eta bai beste batzu, naiz bulegoetakoak ez izan, hara joaten dira arazoren bat aztertzeko.

      — Ongi.

      Gero, paperak irakurtzeari utzi eta nigan finkatzen ditu begiak.

      — Jurgi, zerbait egin behar dugu. Ez dakit zer, baina zerbait. Ez ote duzu ideiaren bat?

      Nire adimena zuri dago.

      — Ea, ikusiko dut. Gutxien uste denean...

      — Bai, gure ofizioan horrela gertatzen da. Bueno...

      Zutitzen da eta ba dirudi gure elkar hizketa bukatutzat eman nahi duela.

      Kanpoan, igarotako minutuen azterketa egiterakoan, uste izan dut IPE-ko zuzendariak esan nahi zidana ulertu diodala: hilabetea igaro dela eta ez dugula deus aurreratu.

      Biharamon goizean, INDAR-era heldu naizenean, han dago aparkatuta beti bezala, “Neron”en beribila. Aurreko eserlekuan esku kartera bat ikusi dut paperez beteta. Proba egin dut eta atea ez dago giltzez hertsirik. Inguruetara begiratu dut. Ez dago inor. Goarda txabola barruan eserita dago, nagoen lekura lepoa emanda. Zer egin? Ez naiz ausartzen. IPE-ko zuzendariaren hitzak mailukatzen naute burua. “Zerbait egin beharko duzu”. Telefonistarengana noa.

      — Maite, non dago “Neron”?

      — Goian, bere langelan.

      — Ongi.

      Eta irten egin naiz, urrats sendoz. “Neron”en beribileko atea zabaldu, esku kartera hartu eta zituen paperak aztertzen hasi naiz. Gorputz osoa dardaraz dut eta ahoko txistuak ohi ez bezalako zerbait du. Entrepresari dagozkion dokumentuak dira. Eskariak, prezio zerrendak, katalogoak. “Karanba! GAINen katalogo bat”. Karteratik atera eta arretaz aztertzen dut. Telefono zenbaki batzu ditu bolalumaz ezarriak. “Kopiatu behar ditut...”. Bolaluma atera nahi dut. “Non arraio gorde dut?”. Honetan ari naizela, supitoki, ahots batek gera erazi dit.

      — Zertan ari zara hor?

      “Neron”ek katalogoa nire eskuetatik hartu, karteran sartu eta kolpe batez beribileko atea hertsi egin du. Oso haserre dago.

      — Eta orain, zatoz nirekin don Damianengana!

      Lehen ikara igaro ondoren, nire burua nola zuritu pentsatzen ari naiz, baina ez dut justifikazio baliagarririk bilatzen. Atean jo gabe, “Neron” barrura sartu da, eta ni haren atzean.

      Don Damian Edurne Isabari gutunak diktatzen zegoen.

      — Damian, zurekin hitz egin nahi dut.

      Zuzendariak begiak jaso eta “Neron”en aurpegi serioa ikusi duenean, Edurnerenganantz zuzendu da.

      — Gero jarraituko dugu.

      Edurnek hartu ditu bolaluma eta azal gorrizko koadernoa, eta irten egin da.

      Orduan, “Neron”ek hitz egin du.

      — Damian, Jurgi harrapatu dut nire beribilean nuen esku kartera bat arakatzen.

      Don Damianek eskuin eskua okotzera eraman du. “Ez daki zer egin”. Bapatean irten zait zerbait esateko nahia.

      — Arainegun paper bat galdu zitzaidan eta ezin izan dut bilatu bulegoan. Beraz, kartera hura paperez beteta ikusi dudanean, pentsatu dut ba litekela han egotea.

      “Neron”ek haserre erantzun dit, desafio eran.

      — Hori ez dizut sinesten!

      “Neron”ek naska ematen dit. Nik ere desafio eran erantzun diot.

      — Sinesten ez banauzu, zertan nengoela uste duzu?

      Nire erantzunak, eta erantzuteko erak, une batez zer erantzun gabe utzi dio. Bitartean, ba dirudi don Damianek izan duela denbora nahikoa arazoaz jabetzeko, zeren zerbait esatera ausartu baita.

      — Bueno, Ander, ikus ezazu zerbait faltatzen zaizun. Beharrezkoa zait hori jakitea erabaki bat hartu aurretik. Ezer faltatuko ez balitz, Jurgiren hitzetan sinetsi behar genuke... Eta zuri, Jurgi, zera esan nahi dizut, alegia, inoren beribiletan ez duzula ibili behar jaubearen baimenik gabe.

      Don Damianen gelatik irten naizenean arnasa hartu dut.

 

Espioitza
Xabier Gereņo

Kriselu, 1977