|
Espioitza
XIV
Arratsaldean IPE-ra joan naiz goizean gertatutakoa aztertzera. Zuzendaria eta Peru Alika han zeuden. Zuzendariak galde egin digu. — Zein da zuen eritzia? — Rufino Diaz-en erantzunetatik —ihardetsi dio Peruk— ikus dezakegu espioia oso kezkaturik zegoela. Susmagarrien artean, nor da kezkara emana? Ene ustez, pertsonalitate gutxiko norbait. Zuzendariak niri begiratu dit. — Zuk ezagutzen dituzu guk baino hobe. Susmagarrien artean, nor da pertsonalitate gutxikoa? — Bat ere ez. Edurne, “Neron” eta don Damian, hirurak, pertsonalitate handikoak dira... — Baina Edurne andre da, eta andreak kezkatiagoak izaten omen dira. Nola portatu da Edurne gaur goizean? Kezkati ote zegoen? Pentsati geratu naiz. — Kezkati baino, haserre zegoela esango nuke. — Kezkek sortutako haserrea? — Ba liteke. — Eta ikusi diozu telefoneatzen? — Hara eta hona ibili da. Beraz, dei ziezaiokeen Rufino Diazeri edonondik. — Eta beste susmagarriak? — “Neron”i, berehala, Bilbora joateko prisa handia sortu omen zaio. — Um!... Artega ote zegoen? — Ez dakit. Ez diot irtetzen ikusi. — Eta don Damian? — Hau bai, oso kezkati zegoen. Baina zergatik? Gogoan har Administrazio Kontseiluaren bilera hori. Ba liteke horrek kezkatzea eta ez besteak. Zuzendariari hasperen bat irten zaio. — Beraz, lehen bezala gaude... Peruk ez dio bukatzen utzi. — Zu, Jurgi. Nor gehiago zegoen bulegoan? — Denak. — Bueno, orain arte hiru pertsona erabili ditugu susmagarri bezala. Zergatik ez ditugu aztertzen besteen posibilitateak? — Posibilitaterik ez dutelako. — Um! Hori berriz aztertu behar genuke... Adibidez, Imanol Arano injinadorearen kasua. — Imanol Aranok ez du baloraziorik egiten, ez du bulegoan lan egiten. — Baina esan ziguzunez, bi aldiz gutxienik ikusi diozu bulegoan artxiboak aztertzen. — Hori egia da. Baina artxiboan gordetzen diren subastetako proposamenak, jadanik pasatuak izaten dira eta, beraz, baliorik gabekoak.
Bihar beste subasta batetarako proposamenak aurkezteko azken eguna da, eta don Damiani esan genion bezala, oraingoan ere azken egunerarte ez ditu “Neron”ek balorazioak egingo. Horrela jokatzean, espioiari oztopoak jarri nahi dizkiogu, kezkatu dadin, ea horrela huts bat egin eta nabarmentzen den. Egun hauetan IPE-ko azken bileran Peru Alikak esan zuena dut gogoan. Hiru susmagarrietatik at, ba ote du beste inork espioitzan jarduteko posibilitaterik? Goardak, adibidez. Proposamenak don Damianen gelako kutxan gordetzen dira, eta goardak, norbaiten laguntzarekin behar bada, zabal dezake gauaz... Gaua, azken egunean ari bagara, beranduegi litzeteke dokumentazioa hartu eta zertifikatzeko, baina gogoan dut azken subasta irabazi genuela, behar bada horregatik, azken egunean ibili ginelarik, gaua soilik, eta beraz, espioiari posibilitaterik gabe utzi geniolako. Gauean ez dut lorik ongi egin. “Espioia ni bezain artega badago... Eta zihur horrela dagoela. Ba daki harrapatu egin nahi dugula...”. Goizean, “Neron” balorazioak egiten ari da, eta hamaikak aldera don Damiani pasatu dizkio. Honek Edurneri deitu eta gutuna diktatu dio, ni aurrean nagoela, proposamenaren dato nagusiak emanez. Edurnek koaderno gorrian hartu dio takigrafian, eta bukatu ondoren, bulego jeneralean sartu eta idazmakinaz garbira pasatu du. — Nork daki hemen takigrafia? — Hiru neskak. — Nortzu dira? — Edurne, Miren eta Amaia. — Orduan, Edurneren deskuidoren batean, bietarik edozeinek irakur diezaioke takigrafian hartutakoa. — Ez, gutuna idatzi ondoren, takigrafiako testua apurtzen duelako. — Baina apurtu aurretik... — Takigrafian idazteko sistima ezberdinak daude, eta Edurnerena ez dute ulertzen. Bulego jeneralera irten naiz. Edurne oraindik gutuna idazten dago. Lankideen zehar daramazkit begiak, bereziki Miren eta Amaia begiratuz, eta alafede neskok begiratzea ez zaidala inolaz ere nekagarria, hain politak izanik... Baina orain andreen lilurak utzi eta espioitzara mugatu behar naiz. “Ea, zer?...”. Edurnek bukatu du idazten. Koaderno gorria idazmakinaren parean utzi eta don Damianen gelara joan da dokumentazioa, gutuna eta honen kopia bakarrarekin. Berriz ere bulegoan zehar pasatu ditut begiak. Jendea, makina fotokopiatzailea, arasak, mahaiak. Dena hain aspergarri!... “Ai ama! Orain dakit...”. Berehala, don Damianengana sartu naiz, eta etorri zaidan argia azaldu diot. — Nola egin dezakegu zu eta biok irtetzen garela sinestarazi, eta gero izkutuan berriz ere bulegora itzuli? Pentsati geratu da. — Hori ezina da. Atean goarda dago, eta behean telefonista. — Baina hori lortu behar dugu. Denek jakin behar dute irten garela. Erantzun aurretik denbora hartu du. — Goarda eta telefonista nonbaitera bidaliko banituzke... Plan bat eratu dugu. Ordubatetan irten eta Peru Alikarekin elkartu naiz. Denek ikusi naute irtetzen. Ordubietarako, Peruren beribilean geunden INDAR-en inguruan, atearen zain. Don Damian bulegotik irten eta fabrikara joaten ikusi dugu. Gero, goarda fabrikara joan da, don Damianek deituta. Maite telefonistak berdin egin du. Peruri esan diot. — Sarrera libre dugu. Atetatik igaro eta bulegoko etxean sartu gara. Telefonoen zentralita aurretik inork ikusi gabe igaro eta lehen estaiako kumune batean sartu gara. Ordubiak. — Orain irtengo dira. Jendea ibiltzen, janzten, jaisten entzun dugu. Kontuz irten eta bulego jeneralean sartu gara. Han, mahai baten ostean, ezkutatu egin gara, Edurneren mahaia ikusteko eran. Urrats batzu entzun ditugu eskaileratik gora igotzen. — Hemen dator. Espioia bulegoan sartu egin da. Gelditzen da. “Ezer egin aurretik, begirada bat botatzen ari omen da”. Edurneren mahaira hurbiltzen da. Burua luzatzen dut ea nor den ikusteko asmoz. “Zu...”. Ezin sinestu dezaket. Koaderno gorria eskuan hartu eta makina fotokopiatzailera doa. “Gutunaren testu takigrafikoa kopiatzen ari omen da”. Kopia egin eta koadernoa lehengo tokian uzten du. Bulegotik irten egin da. Eskaileratik behera doa. Peru eta biok, isilik, irtetzen gara. Bulegoen etxetik irtetzean, goardaren txabolan, jende talde bat dago, eta hurbiltzen gatzaizkio. Agurtzen diet hangoei. — Zu, Maite —esaten diot—, atera ezazu poltsikotik fotokopia hori. Maiteren aurpegiak zuri kolorea hartzen du. Dardaraz dago. Kezkaz betea. Ez du gaizkile baten itxurarik. Pena ematen dit. “Hiru susmagarrien artetik edozein izango balitz behintzat...”. Baina espioitza Maitek egin du, eta hemen dut proba, ene eskuen artean. Zorionak eman dizkidate, baina nik Maite dut gogoan. “Neska arrunt bat, kalean milaka aurki ditzakegun bezalakoa. Zerk bultzatu dio horretara? Zerk bultzatzen du edonor bide bat ala bestea hartzera? Egia ote da libreki, bai, libreki bakoitzak aukera dezakela bide ona ala bide gaiztoa?...”. Peruk zehaztasun bat eskatu dit. — Nola bururatu zaizu azken ideia hori? — Hara. Don Damianek beti esan du Edurnek testu takigrafikoa apurtzen zuela, baina gaur arreta handiz jarraitu dut Edurneren lana eta ez diot apurtzen ikusi. Orduan gogora etorri zait aurrekoetan ere ez niola apurtzen ikusi, nahiz eta orduan zehaztasun honetaz ez ohartu. Koaderno gorria aipatu dudanean, ez dut inoiz esan gutunen testu takigrafikoak apurtzen zirela, baina inor ez gara konturatu horretaz. Don Damianek esana soilik genuen gogoan. Gero, gaur berton bulegoetatik ene begirada igaro dudan batean, inoiz arreta handirik eman ez diodan makina fotokopiatzailea ikusi dut. Beraz, makina horrekin, takigrafia ez zekien edonor izan zitekeen testu takigrafikoaren jabe. Beraz, bulegoko edonor. Baina Maite... ez nuen uste hura izan zitekeenik, bulegoan ez baitzuen lanik egiten... Gainera, beti hain ongi portatu da nigaz... Ezin dut ene tristura ezkutatu. — Poztu zaitez, Jurgi. Laster zuzendariak kruzero batetara bidaliko zaitu. — Han ere, gertatuko zait zerbait...
AMAIA
Espioitza |