Espioitza
Xabier Gereņo

Kriselu, 1977

 

 

XII
TENIS PARTIDA BAT

 

      Bazkaldu ostean, eta aurretik geratu bezala, IPE-ra joan naiz. Zuzendaria ez zegoen oraindik. Erabaki bat hartu eta Peru Alikari azaldu diot.

      — Lan hau uztera noa. Ez dut balio honetarako.

      Harriturik begiratu dit.

      Nola diozu hori? Egia esan, oraindik ez dugu arrakasta handirik lortu, baina ez da zure errua izan. Zuk ongi bete duzu zure zeregina...

      Lehengo egunean zuzendariak aditzera eman nahi zidana dut gogoan.

      — Ba nik ezetz uste dut. Nire ezintasuna ongi ezagutzen dut. Nirea itsasoa da, Hori esango diot zuzendariari. Nire ofizioari dagokion lan bat bila diezadala eskatuko diot. Zuek ezagutza ugari duzue, eta naiz eta momentu hau lan bat bilatzeko egokien ez izan, ahaleginak behintzat egin ditzakezue.

      — Hori zuk ikusi, Jurgi, baina ene ustez ez zenuke horrelakorik egin behar. Arazo hau zaila da benetan, bai zuretzat eta bai niretzat ere. Gogoan har orain arte frakasatu badugu, arrakastarik ez lortzea ez dela zure errua izan. Gu ere, eta batez ere ni ere, zu beste errudun ginateke. Baina ez, ez ezazu errudunik gure artean bila. Bilatu behar dugun espioi hori oso abila da...

      — Edo gu, barka, ni, okerreko arrastoak jarraitzen ari naiz.

      — Ba liteke, baina horrela gertatzen denean, hau da, okerreko arrastoak jarraitzea, ez da beti ikertzailearen errua izaten, gaizkilearen abilezia baizik.

      — Kasu biak berdin dira.

      — Ez, ez dira berdin.

      — Ondorenetan bai.

      — Hori bai, baina ez ikertzailearen lana zuzen ala oker den erabakitzeko.

      Peruk dudatan ikusi omen nau.

      — Ez, Jurgi, ez ezazu arinegi erabakirik har.

      Jarraian, beheko barrean kafetxo bat hartzera gonbidatu dit. Irtetzeko asmoz atea zabaldu dugunean, zuzendaria eskuan giltzekin ikusi dugu.

      — Zer, kalera?

      — Kafetxo bat hartzera gindoazen, baina gerorako utziko dugu.

      — Ez, joan zaitezkete...

      — Ez, ez.

      Barrura sartu gara. Hobe esan, ez gara kanpora irten, eta zuzendariaren mahai inguruan eseri ondoren, ikerketa lanen egoera aztertu dugu.

      — Orain arte ez dugu aurrerakuntza handirik egin —aitortu du zuzendariak.

      Peru Alikak aurrea hartu dit.

      — Arazo zaila da.

      — Ez dizut hori ukatzen. Baina irtenbide bat bilatu behar diogu. Ez al zaizue ezer bururatzen?

      Orduan nik aprobetxatu dut nire kezkak azaltzeko.

      — Peru Alikak animatu nahi dit, baina ez dakit... Niretzat arazo hau zailegia dela uste dut. Behar bada nire lekua beste batek, beste aztertzaile hobeago batek beteko balu...

      Zuzendariak sakon begiratu dit.

      — Posibilitate hori aztertzekoa litzateke, baina oraindik ez dut ikusten horren beharrik.

      Nik berriz ere ekin diot.

      — Nire ikasketak itsasorako egin nituen eta zerbaitetan trebe banaiz, itsasgizonen lanean naiz. Beraz, untziren baten edo lanik bilatzen lagunduko bazenidate...

      Zuzendariak, irribarrez, segeretuan zuen zerbait deskubritu dit.

      — Ba dut zuretzat horrelako lan bat, baina beste hura, hau bukatu ondoren emango zaizu... Nola esango nuke?... sari gisa edo.

      Animatu egin naiz. Jakinminak, zer zen galdetzera bultzatu nau.

      — Zein lan?

      — Bueno, oraindik ez da gauza zihurra... Baina zihurtzat eman daiteke, bai. Abuztuan, kruzero bat egitera joango den itsasuntzi batetarako ikertzaile bat behar da...

      Joan zait poza.

      — Berriz ere ikertzaile bezala?

      — Bai. Zer nahi zenuen ba?

      — Itsas gizon bezala.

      Zuzendariak barre egin du.

      — Bankuetxeren batetan sartu nahi duenak, behetik sartu behar du, ez hasieratik zuzendari bezala. Zurekin berdin gerta daiteke. Orain, ikertzaile bezala joan zaitezke, eta nork daki kapitain bezala bukatzen ez duzun... Bueno, jarrai gaitezen honekin...

      Eta paper pila eskutartean hartu du.

      Beste zerbait egitea pentsatu behar duzue. Ez orain, noski. Baina ea hau mugitzen dugun.

      IPE-tik irten naizenean, ibiltzea erabaki dut. “Ea ibiliaren ibiliz, argiren bat etortzen zaidan”. Nora ezean ari naizela, GAIN-en ordezkaritzarantz zuzendu ditut ene urratsak, Santutxuko hauzorantz. Han, hizki handitan, “GAIN”, eta aurrean bar bat. Sartu eta garagardoa eskatu dut. Mostradorean, GAINerantz begira nago. Mugimendua ikusten da. “Eta nola ez, INDAR-ekoei subasta guztiak kentzen badizkiete”. Han barruan egon nahi nuke... Eta burutazio bat etorri zait. “INDAR-en egon beharrean, zergatik ez nago lanean GAIN-en?. Behar bada, ondoren hobeagoak lortuko genituzke”. Baina berehala utzi behar izan dut posibilitate hori, zeren nola sartu GAINen? Nola atxakia bila? Eta, behar ote dute enplegaturik?. Ez, ez da posible... “Baina, zergatik ez? Egin ote dugubide horretan ahaleginik?”. Ordaindu eta atera irten naiz. GAIN dut aurrean. “Zenbat ordainduko diote espioiari?. Dirutza ederra izango da”. Kalera irten naiz, galtzada gugutzatu dut, eta GAIN-en ate beretik barrura begiratzera ausartu naiz. Dirudienez, ez da inor nitaz arduratzen, bakoitza bere zereginetan ari baita... Behintzat, nik horrela uste dut. Hemen nago, baina ez zait ezer gehiago bururatzen. Beraz, handik alde egin behar dut. Aurrera noa, Zabalbidetik behera, Bilbo Zaharrera jaisteko. Lehengo burutazioa berriz ere etorri zait. “INDAR-en ezina bazaigu zerbait lortzea, zergatik ez GAIN-en zerbait egin?”. Orain arteraino INDAR-eko bulegoetan, INDAR-eko jendearekin aritu izan gara espioitzaren arazo honi soluzioa bilatzeko. “Uste dut ordua dela beste bideren bat ibiltzeko”. Eta gogamen hauetan murgildurik Ribera kalea ibili dut. Erabaki bat hartu ondoren, bar batean sartu eta IPE-ra telefonoz deitu dut.

      — Peru Alika?... Zu zara?

      — Bai.

      — Zu, Peru, uste dut Landatxuetara joan behar ginatekela eta han Rufino Diaz-en adiskidetza egin. INDAR-ekoekin arrakastarik izan ez badugu, gerta daiteke Rufinorekin zerbait lortzea.

      — Non zaude?

      — Arenalean.

      — Orain joango natzaizu bila.

      Peru Alikaren beribilean Asuarako bidea hartu dugu, eta daramagun elkar hizketa planteamentu berrien posibilitateei dagokio.

      — Ikusi behar dugun lehena da ea Rufino Diaz noiz joaten den Landatxuetara.

      Kezka bat azaldu diot.

      — Lehengo egunean, Landatxuetan egon ginenean, “Neron”ekin tenisean zebilen. Eta nik galdetzen dut. Ikusi ote gintuzten? Galdera honen erantzuna baiezkoa balitz, hona hemen bigarren galdera. Esan ote zion “Neron”ek INDAR-en lan egiten nuela?

      Peruk ez dit berehala erantzun. Azkenik, zeramatzan gogoetek irtenbide bat bilatu zutenean, erantzun dit.

      — Beste galdera bat egingo nizuke nik. Komenigarria da ala ez zu INDAR-en lanean ari zarela jakin dezan?

      Nik harriturik begiratu diot.

      — Ezetz uste dut, hori ez duela jakin behar.

      — Eta, zergatik ez?

      Ba dirudi Peruk zerbait duela gogoan. Arretaz begiratu diot. “Zergatik ez? Normala iruditzen zait jokalari batek kartak ezkutatu ditzala... Orduan, zergatik jokatu nahi luke Peruk alderantziz?”.

      — Ez dizut ulertzen. Zuk zerbait duzu...

      Peruk joanda bezala erantzun dit.

      — Eman dezagun ez diogula esan behar zuk INDAR-en lan egiten duzula. Orduan, nola eraman genitzake gure elkar hizketak entrepresa hartako arazoetara? Bestalde, zu han lanean zaudela esaten badiogu, eta nola espioiari oztopoak ezartzen ari garen, baliteke proposamen bat egitea, ez orain, noski, baina bai aurrerago, harenganako adiskidetasuna landuagoa dagoenean, baliteke, diot, espioiaren laguntzaile bezala jarduteko proposamena egin diezazun... edo espioi berri bezala... Gogoan har diru asko dagoela tartean.

      Peruren arrazoinketa ez dut bidegabetzat hartzen. Bestalde, beharrezkoa zaigu posibilitate berriren bat lantzea. “Baina, jokalari on batek horrela jokatuko luke?...”. Nire kezkak ditut.

      — Eta erdizka egingo bagenu?

      Begiratu dit.

      — Nola erdizka?

      — Hasiera batetan deus esan gabe. Horrela, bi eratara joka dezakegu, bat, INDAR-en nagoela jakin gabe ea zer lortzen dugun, eta bigarren, INDAR-en barruan ari naizela esan ondoren.

      Begiak bidetik kendu gabe erantzuten dit oraingoan.

      — Ez dago gaizki. Hori egin dezakegu.

      Landatxuetara heldu garenean ez zegoen Rufino Diaz-en aztamik. Denbora emateko, Peruk proposamen bat egin dit.

      — Nahi duzu Lauro-ko ikastola ikusi? Bizkaiko handienetakoa duzu eta Bilboko familien seme-alabez bereziki beterik dago.

      — Bueno —erantzun diot.

      Handik hurbil, menditartean, Lauro ikastolaren edifikazioak ikusi ditugu.

      — Milioi asko kostatu da, eta ia dena gurasoen poltsikoetatik irtendako dirua duzu. Heziketa euskaraz ematen da.

      — Bai, Ipar Euskal Herrian ere ba daude ikastolak, baina ez hemengoak bezain handiak. Hemen bezala han ere Estatuak oztopoak ipintzen dizkio euskarari. Betidanik Frantzia eta Espainia, Estatu zentralistegiak izan dira...

      Peruk ebaki egin dit.

      — Kontuz, Jurgi! Ez dezagun erru guztia Estatuko agintari nagusiei ezarri. Lauroko ikastolaren kasuan, adibidez, Pilar Kareaga, Bilboko alkatesak ahalegin guztiak egin zituen ikastola hau ez eratzeko, mila oztopo ezarriz. Hori behintzat dio jendeak.

      — Bueno, baina nork ipini zuen alkatesa hori Bilboko Aiuntamentuan, herriak ala Madrileko Gobernuak?

      — Madrileko Gobernuak.

      — Orduan?

      — Orduan nik esan dudana. Madrileko Gobernuak ba du bere errua, baina Lauroko ikastola lehenago eginik geundeke Pilar Kareaga bezalako antieuskaldunik hemen ez balego. Beste adibide bat ipiniko dizut. Bilboko beste alkate bat, Joakin Zuazagoitia, izan zen hemen Unibertsitaterik nahi ez zuena. Hura hil ondoren, Lejonako Unibertsitatea eraiki zen. Hori bai, hura ere Madrileko Gobernuak izendatu zuen alkate, eta ez herriak.

      Beribilera hurbildu gara eta barruan sarturik, berriz ere Landatxuetara joan gara. Rufino Diaz ez da oraindik etorri. Ordu erdi itxaron behar izan dugu hura sartzen ikusi deneko.

      — Han dator.

      Arretaz begiratu diot. Itxura atsegina du. Nabarmenena, begiak ditu, oso ibiltariak. Berrogeitahamar urte ematen ditu. Gorputzez, normala eta ez luzeegia. Sport jantziak, ongi aukeratuak. Jaun bat ematen du, buru argidun jaun bat. “Um! Arrain zaila hau harrapatzeko...”. Peru Alikari begiratzen diot, eta hitzik esan ez badugu ere, gure begiradak gurutzatu direnean, nik hartu dudan inpresio berbera hark ere duela iruditu zait.

      Rufino mostradorera urreratu da eta gu ere hara hurbildu gara. GAIN-eko ordezkariari garagardo bat ekarri diote eta Peruk bi eskatu ditu guretzat. Peru hasi zaio hizketan.

      — Beroa, ezta?

      Rufino bueltatu egin da.

      — Bai.

      — Lehengo egunean tenisean ikusi zintudan.

      Rufinoren begiak argitu egin dira.

      — Bai?

      — Eta jokalari oso trebea zinela ikusi nuen.

      — Bueno, ez da hainbesterako.

      — Eta zurekin zebilena, nola du izena...?

      — Ander Uria.

      — A!, bai, Ander Uria. Hori ere oso ona da.

      Rufinok arretaz begiratu dio.

      — Zu hemen berria zara, ezta?

      — Bueno, berria ez. Baina ez naiz maiz aurkezten, oso lanpeturik bainago.

      — Lanak ez gaitu gainditu behar.

      Peruk edalontzia hartu eta garagardoa begiratzen du.

      — Egia diozu. Horrela izan behar luke. Baina kontsumo gizartean murgildurik gaude eta publizitateak eskaintzen dizkigun bizitza eskuratu ahal izateko, lanera eta lanera kondenaturik aurkitzen gara. Beraz, lanak gainditzen gaitu, gure komoditateen esklabu gara... Tenisean egingo al dugu?

      Rufinok baietza eman dio. Raketak hartzen zihoazela, Peruk aitortu egin dio.

      — Ni ez naiz Ander Uriaren mailako kontrariorik...

      Rufinok irribarre batekin erantzun dio. “Peru hor ari da behin eta berriz Ander Uria aipatzen, baina alferrik.” Tenis partida aurrera doa eta Peru jokalari on bezala aritzen da. “Aztertzaile on bat, errekurso askodun gizona izan behar”.

      Partida bukatu ondoren dutxa bat hartu dute eta hirurok berriz ere barrera joan gara eta garagardoa eskatu dugu.

      — Ongi jokatzen duzu.

      Peruk irribarre batekin eskertu dio kunplimentua. Rufinok, edalontzia hustu duenean, norbaitekin hitz egin behar zuela eta, utzi egin gaitu. Bakarrik geratu garenean, Peruri bere eritzia eskatu diot.

      — “Eh bien”, zein da zure eritzia?

      Peruk eskua okotzara eraman du.

      — Ba dirudi ez dakiela gutaz ezer.

      — Baina nitaz jakin behar du. Nire gela bi aldiz arakatu erazi du.

      — Orduan, tenista bezain aktore on baten aurrean gaude.

      — Dudarik gabe. Beraz...

      — Beraz egia esatea komenigarritzat jotzen dut.

      — Baliteke. Bihar, aurrerapenik ikusten ez badut, INDAReko enplegatu bezala aurkeztuko zaitut.

 

Espioitza
Xabier Gereņo

Kriselu, 1977