|
Espioitza
VII
Hainbat egun igaro dira eta 1976.eko uztaila bukatzera doa. Egun hauetan ez da ezer nabarmenik igaro. Don Damian eta “Neron”en urratsak jarraitu ditugu. Aliziaren etxean lortutako informazioak ez digu inolako argirik eman. Zer egin? Laster bostak joko dute eta irten egin behar dut, zeren Peru Alikarekin bostetan geratu bainaiz. Barrean sartu naizeneko, Peru han zegoen goizeko egunkaria irakurtzen. Irribarre egin dut. — Berandu ari zara goizeko berriak irakurtzen. Begiak jaso gabe erantzun dit. — Pertur-en bahitzearena irakurtzen nengoen. Ez dago eskubiderik berriak honela emateko. — Zer ba? — Begira zer dioen egunkari zantar honek: Pertur-ek ETAkoen 10 milioiekin ihes egin omen duela. Espainol faszistek Pertur bahitu, eta behar bada torturatu eta erahil, eta gero haren izena zikindu! Gaiztakeria refinatuagorik! Gernikaren kasu berbera: faszistek bonbaz kiskali, eta gero euskal abertzaleek erre zutela zabaldu. Eta gezur hura sinestu behar izan dugu 40 urtetan, Franco hil den arteraino. Haserre bizian utzi zuen egunkaria. — Berrogei urtetan engainatu gaituzte faszistok, eta jasan behar izan ditugu, bestelako egunkaririk sortzea debekaturik zegoelako... Barka, baina zer hartuko duzu? — Zuk bezala, kafetxo bat. Orain, zerbait bareago dago. Niregana zuzendu da. — Ba ote dakizu zer gogorazten didaten Perturren horrek eta Gernikakoak?: gaizkileen jokabidea. Ongi dakigu hori gure ofizioan. Gaizkile bat ez da kontentatzen gaistakeria egiteaz soilik, inori erruak botatzen ahalegintzen da, ikertzaileak bide okerretik abia daitezen. Horrela, bera garbi geratzen da, egindako gaiztakeriaren fruituak gozatzeko... Eta zaude zihur eskuartean dugun arazo honetan ere berdin antzera gertatuko dela... Umore hobeagorekin galdetu dit. — Nola Alizia? Pasatu zaio haserrea? — Ez dakit. Gau huraz geroztik ez naiz ausartu haren aurrean agertzera. Dena den, ez zen hain gaizki atera. “Neron”ek pagatu ziona eta nire bost milak... Peruk txantxetan ebaki zidan. — Bai, bai. Bila itzazu arrazoiak. Baina igaro behar izan zuen ikara ez zen makala izango. Kafea bukatu dugu. — Zer. Goaz? Ordaindu eta irten egin gara. Sargori dago. Kaleetan, oso jende gutxi. — Zein ordutan geratu zara? Peruk ordulariari begirada bat eman dio. — Ez dugu ordu zehatzik aukeratu. — Eta nola bilatu duzue informazio iturri hori? Peruk, ibiltzeari utzi gabe, irribarrezka erantzun dit. — Gure ofizioa, txo! Bilbo Zaharrean sartu gara. Bitxitegi baten aurrean geratu gara. Lehena, Peru sartu da, eta ni atzetik. — Arratsalde on. IPE-koak gara. — A, bai! Andre lodikote bat urreratu zaigu. — Bueno, esan diot Eli Azkarate-ri... Bueno, ba dakizue, zuen zuzendariari, Edurne Isaba gure bezeroa dela, baina gehiago ezin diezazueket esan... Bueno, ba dakizue zergatik... segeretu profesionala. Apaizek bezala, medikuek bezala... Bueno, ba dakizue, guk dendariok ere segeretu profesionala gordetzen dugu eta... Peruren pazientziak ez zuen gehiagorako eman eta oso koipetsu ebaki egin dio amaierarik ez omen duen hitz jarioa. — Bai, bai, ulertzen dizut. Guk ere segeretu profesionala dugu. Andrearen aurpegiak izugarrizko poza adierazten du. — Ikusten duzue? Zuek ere segeretu profesionala! Bueno, ba dakizue segeretu profesionala zer... Peruk berriz ere ebaki egin dio. — Bueno, ba... Peru geratu egin da eta esandako hitzok irribarrea sortu diote. “Andrearen ohitura hori hartzeak barrea sortu dio”. — ... Bai, ba dakigu segeretu profesionalak gauzak isiltzera behartzen gaituela, bezeroei kalterik ez egitearren. Baina kasu batzuetan, isiltzeak eman diezaieke kalte, eta orduan zerbait esateak kalte baino mesede ekar diezaieke. Une batetan, andre lodikotea isilik egon da. “Behar bada, Peruren hitzak adimenean sartzen ari zaizkio. Klasifikatu eta ulertu egin beharko du. Gero, erantzuna bilatu...”. Isilik jarraitzen du. Dirudienez, andre lodikotearen adimenak denbora gehiago behar du. Peruk laguntzen dio. — Adibidez, eman dezagun milioi bat balio duen pitxia ostu dutela, eta Edurne Isaba polizientzat susmagarri dela. Eman dezagun poliziek susmatzen dutela Edurnek pitxi hori zuri saldu dizula. Entzun orain: poliziek galdetuko balizute egia ote den ala ez, zer egingo zenuke? Segeretu profesionala dela eta, isildu? — Bueno, ba ez dakit... Peruk berriz ere laguntzen dio. — Eta beste hau: eman dezagun aipaturiko adibidean, Edurnek ez dizula pitxi hori saldu, ordulari zahar bat baizik, ez ohoztutakoa, bere propietatekoa baizik. Andreak berehala erantzun dio. — Orduan egia adieraziko nien: ez zidala pitxi hura saldu, bere ordulari zahar bat baizik. Peruren aurpegia argitu egin da. — Ikusten duzu? Kasu horretan segeretu profesionala ez zenuke gordeko. Eta zergatik? Isiltzeak hitz egiteak baino kalte gehiago ekar liokelako zure bezeroari. Peru isildu egin da, andreak haren hitzak ongi har ditzan. Gero, jarraitu egin du. — Ba, hemen darabilgun arazoan, berdin gerta daiteke. Edurnek lan egiten duen entrepresan diru pila bat ostu dute eta jakin nahi duguna zera da, zuri hark erositako pitxiak diru horrekin erosiak izan ote diren. Beste era batera esanda, jakin nahi duguna zera da, ohoztutako dirua pitxiak erosten erabiltzen ote den ala ez. Andreak ez du berehala erantzun. “Baina zerbait erantzungo du. Ba dirudi Peruren arrazoiak onhartu dituela”. — Baina Edurnek ez ditu pitxiak erosten. — Eta, zer erosten du? — Hurrezko txanponak. Bueno, ba dakizu, ohitura zaharrei emaniko jendearentzat, hori da aurreraturiko dirua gordetzeko biderik seguruena. Ustegabeko aitortze honek Peru isil erazi du une batez, baina berehala berriz ere buruaren jabe eginik, hitz egin du. — Hurrezko txanponak. Ongi. Eta zenbat? Andreak ez du erantzuten. “Ez dio esango. Gehiegi esatea iruditzen zaio”. Peruk ere horrela ulertu bide du. — Bueno... Berriz ere irribarrea irten zaio. — Ez didazu zifra zehatzik eman behar. Adibidez, hogei milioi? Andre lodikotearen begiek kamioi baten gurpilen tamainoa hartu dute. — Jesus! Hogei milioi! Urte osoan ez dut hainbeste saltzen. — Bueno, zenbat milioi? — Ez milioirik. Noizean behin, diru mordoska bat aurreraturik duenean, txanpon batzu erosten ditu. Peruk desesperaturik begiratzen dit. Andreari eskua ematen dio. — Hau da dena. Milesker, andrea. Kalean, beroak jarraitzen du. — Hemen ere huts! Zer egin gabe geratu gara. — Joango ote gara Ereagako hondartzara? Peruri atsegin izan zaio nire proposamena. — Ederki, goazen nire beribilera. Algortarako bidea hartu dugu, eta INDAR-en aurretik igarotzean, bulegoan jendea ikusi dut. — Gera zaitez. Bulegoan nortzu dauden ikusi nahi dut. Ahal den isilean, eskaileratik gora igon naiz. Atea zabaldu eta Edurne ikusi dut, idazmakinaren aurrean. Don Damiani bere langelatik telefonoz hitz egiten entzuten zaio. Artxiboan Imanol Arano injinadorea paper batzu irakurtzen ari da. Edurnek eta Imanolek begiratu didate, ni han ikustea zerbait arrarotzat hartuko balute bezala. Azalpen bat eman behar diet. — Ikusi ahal dituzue nire giltzak? Nonbait utzi ditut eta ez dakit non. Nire mahaira abiatu naiz eta bilaka banengo bezala egin dut. — Ba ez, hemen ere ez daude. Eta aurpegi triste batekin, irten egin naiz. “Bost axola sinestu didaten ala ez”. Beribilean sartzean, Peruk galdetu dit. — Ezer susmagarririk? — Edurne zegoen lanean. — Normala? — Bai, Eta don Damian, telefonoz hitz egiten. — Normala? — Baietz uste dut. Eta Imanol Arano injinadorea. — Normala hori ere? — Bueno, haren langela fabrikan dago, eta ez gure bulegoan. — Eta zertan zegoen? — Artxiboan paper bat irakurtzen. — Um! — Zergatik “Um!”? Maiz etortzen da gure bulegora. Peru pentsatzen ari da. Gero hitz egin du. — Imanol hori da subastetako proposamenetarako datoak biltzen dituena, ezta? — Bai. Sekzio bakoitzak bere datoak pasatzen dizkio eta Imanolek batu, ordenatu eta “Neron”i pasatzen dizkio, baloratu ditzan. Peruk hasperen bat bota du. — Hau bai dela misterioa! — Bai. Imanolek ez ditu proposamen baloratuak ikusten subastak bukatzen diren arte. Beraz, beranduegi INDAR-ekin desleial jokatzeko. Eta kontsolatu nahi dut. — Zaude lasai. Harrapatuko dugu espioia. — Bai, baina noiz? Erandio isilean pasatu dugu. — Zu, Peru. Edurne ez genuke susmagarrien artetik kendu behar. — Eta nork esan du kendu behar genuenik? — Ez, pentsatu dut... — Ez, ez. Susmagarriak denak dira. Nik alaiago hitz egin dut. — Edurnek ez dio dendari hari txanpon askorik erosten, baina dendari askori erosiko balizkio? — Bai, dakiguna zera da, Edurnek nola gordetzen duen dirua. Orain, non gordetzen duen eta zenbat da aztertu behar duguna. — Bankuren bateko kutxetan... — Noski. Hori IPE-n aztertuko dugu. Supitoki galdera bat zuzendu diot. — Zu, eta dendariak Edurneri han egon garela esango balio? Bulegoan jakitun leudeke, eta hori ez zaigu komeni. — Zaude lasai, Jurgi. Dendariak ez dio deus esango. Ez ote dakizu segeretu profesionala hautsi egin duela? Ez, ez zaio komeni ezer esatea.
Espioitza |