Espioitza
Xabier Gereņo

Kriselu, 1977

 

 

 

IX
IKARATU NAHIEAN

 

      Gaur igandea da. Bulego lana ez dut maitatzen. Ez zait atsegin lau ormen artean ordu luzeak igaro beharra. Libertadea maite dut, itsasoaren zabaltasuna. Horrengatik, behar bada, egin nintzen itsas-gizon. Moralista bati entzun nion behin ez garela konformagaitzak izan behar, tokatzen zaigun lana maitatzen ahalegindu behar ginela. Baina nik itsasoa maite dut. Untzian, kapitain nintzen eta ez nuen inor egunero nire gain. Zergatik ezin dezake bakoitzak maite duen lana aukeratu? Zergatik maite erazi behar zaio inori aukeratu ez duen lana?

      Sopelanarako trena hartu dut eta han, itsasorantz abiatu naiz. Hondartza utzi eta Barrikako tontorretik itsasoari begiratzen eman ditut ordu luzeak. Hura garbitasuna! Zein ederra den zeru amaigabe hau, itsaso zabal eta majestatez bete hori! Ametsa dirudi. Eta ametsa da. Edo behintzat ordu apurretako errealitatea. Zeren eguneroko errealitatea Bilbo Handiko fabriken tximine luze eta grisak dira, goizero lantegietan sartzen ikusten ditudan langile isil eta prisatien hilara luzeak. Itsusia. Bai, baina hori da errealitatea. Erabiltzen ez dena dago garbi. Erabili ohi dena zikintzen da. Eta bizitza mugimendua da. Beraz, zikina. Ipar Euskal Herriko txukuntasuna eta Hego Euskal Herriaren zikina... Baina hemen bizitza gehiago dago... Ametsez ez du bizitzak irauten... Baina eguneroko borrokari laguntza ematen dio. Zer izango litzateke gutaz itxaropenik ez bagenu?

      Eguerdia aldera hotelera joan naiz eta gelako atea zabaldu eta barrura sartu orduko, dena desordenuan aurkitu dut, norbait arakatzen ibili izango balitz bezala. Dena berriz ere bere lekuan ezarri ondoren, telefonoa hartu eta Peru Alikari deitu diot.

      — Ezer faltatzen ote zaizu?

      — Ez.

      — Bueno, horrek esan nahi du zure gelaren arakatzea ez dela ohoztuteko asmoz egin. Beraz, gure ikertze lanekin zerikusirik duela pentsatu behar dugu.

      Zerbait bururatu zait.

      — Zu, Peru. Zergatik ez goaz berehala don Damian, “Neron” eta Edurne non dauden eta goizean non egon diren aztertzen? Komenigarria litzateke nire gela arakatu denean non zeuden jakitea. Haietariko bateren batek koartadarik ez balu, susmagarria litzateke.

      — Ideia ona. Zoaz zu Castro-ra eta utz iezazkidazu niri “Neron” eta Edurne.

      Bazkari arin bat egin eta taxi batean Castro-ra joan naiz. Don Damianen chalet inguruan aparkatu dugu eta han itxaron diezadala esan diot txoferrari. Oinez, chaletarantz abiatu naiz.

      Atera hurbiltzen naizela, ez dakit oraindik nola jokatu. “Zer egin, zuzenean, don Damianengana joan eta gertatu zaidana azaldu, ala zeharka lortu nahi dudan informazioa?”. Inguruan ez da inor ikusten. “Dirudienez, bero honekin etxe barnetan daude”. Beraz, ez dut aukerarik eta zuzen tirrina jotera ausartzen naiz. Zerbitzariak atea zabaldu dit.

      — Zer nahi zenuen?

      — Don Damianekin hitz egin nahi nuke.

      — Ez dago. Goizean goiz itsasora joan da, arrantzan.

      — Bera bakarrik?

      — Bere marinelarekin.

      “Hau baieztatu behar dut. Baina nola?”. Une batez isilik egon naiz.

      — Bueno, eta marinel horrekin nola hitz egin dezaket?

      Haren izen eta helbidea eman dizkit. Beraz, taxian sartu eta herriaren beste aldera, Laredo-rako bidera joan gara. Emandako helbidearen aurrean geratu, jaitsi eta tirrina jo dut. Eta ene harridura handia izan da marinelak berberak atea zabaldu didanean.

      — Don Damianen marinela al zara?

      — Bai.

      — Eta don Damian, non dago? Ez zarete goizean biok arrantzan irten?

      — Bai, baina hamaiketarako lehorrean ginen. Don Damianek kotxea hartu eta alde egin du. Ez dit esan nora zihoan.

      Informazio hau lortu ondoren, Bilbora itzuli gara eta, berriz ere hotelean, Peru Alikari deitu diot telefonoz. Ez zegoen. Beraz, nire gelan egotea pentsatu dut, haren deiaren zain.

      Ordubete beranduago, telefonoak jo du. Azaldu diot Peruri nirea. Esan didanez, Edurne eta “Neron” kasu berean daude, hau da, goizean ordu batzu eman dituzte lekukorik gabe. Beraz, hiru susmagarrietatik edozein izan zitekeen nire gela arakatu duena.

      Telefonoa bere tokian utzi ondoren, gela ibili dut gora eta behera, ene gogamenetan murgildurik. “Zer bilatu nahi zuen gela hau arakatu duenak? Zerk bultzatu du gela arakatzera?”.

      Ene ustez, galdera bi hauen erantzunetatik jaso dezakegu argia.

      “Ea, goazen lehen galderarekin. Zer bilatu nahi zuen? Don Damian izan bada, hura susmagarrien zerrendan ote dagoen jakitea, haren izena susmagarri bezala nire txostenetan agertzen ote den ikustea. “Neron” eta Edurne izan badira, bi hauk nire ikertze lanen berririk ez dutenez, ni nor naizen jakiteko asmoz ibil litezke. Zer lortu dute? Don Damian izan bada, deus, zeren hemen ez baitut txosten idatzirik. Besteak, zerbait, zeren pasaportea hemen utzi bainuen, baina IPE-renganako nire loturaren probarik ezin izan dute aurkitu, notak hartzen ditudan bloka nirekin eraman nuelako”. Oskiak kendu eta ohe gainean etzan naiz. “Ea, bigarren galdera. Zerk bultza ziezaiekeen nire gela arakatzera? Azken egunotan susmagarriekin eduki ditudan harremanak aztertu behar ditut... Zer ikusi dute nigan estrainio? “Neron”ek, ni Landatxuetara joatea eta Rufino Diazekin zegoela ikusi nuela. Edurneri, behar bada, pitxi saltzaile hark zerbait esatea. Don Damianek... Zer? A, bai! Ba liteke goardak esatea nola bere langelan ikusi zidan”. Une zuri bat... “Bueno, eta zer? Galderak erantzun ditut, eta lehen bezala nago... Baina zerbait egon behar du, azken egun hauetan gertatutako zerbait...”. Ez, ezina zait, eta ene ezintasun honek artega ipintzen nau. Berriz ere zutitzen naiz eta oskiak ipintzen ditut. “Ez datorrenean ez dator eta kito. Hobe da kalera irtetzea, eta gutxien uste dudanean etorriko zait faltatzen zaidan argi izpi hori”.

 

 

      Astelehen goizean, bulegoan, hiru susmagarrien aurpegiak aztertzen ahalegintzen naiz, baina ez diet ezer nabarmen aurkitu. Ba dirudi ez dakitela deus nire gelaren arakatzeaz. Hiruren portaera ere oso normala iruditzen zait. Berehala... “A! Rufino Diaz ahaztu zaigu. Non zegoen igande goizean? Norbaitek nire presentziaren berri INDAR-en eman bide dio, eta behar bada, hura izan zitekeen arakatzailea... Baina non bizi da?”. Bilboko telefonoen listina hartu dut. Rufino Diaz. Ez dator bat ere. Baina “Diaz”en zerrendaren bigarren partean, Diaz eta beste bigarren deituretako ehundaka telefono datoz. “Zein arraio izan daiteke Rufino horren bigarren deitura?...”. Listina utzi behar izan dut. “Telefonista!”. Eta Maiterengana jaitsi naiz. Elkar hizketa jeneral bat erabili ondoren, Rufino Diaz-en helbidea eskatu diot eta eman dit. Jarraian, IPE-ra deitu dut, igande goizean zer egin zuen azter zezaten.

      Eguerdian hotelera joan naizenean, gela berriz ere ankaz gora ikusi dut. Oraingoan, haserretu egin naiz eta zerbitzari, atezain eta bulegoko andrearekin hitz egin dut. Ez dakite nor izan zitekeen.

      — Eta igande goizean berdin gertatu zitzaidan.

      Nagusia etorri zait.

      — Ezer faltatzen bazaizu... Poliziei deitu beharko zaie.

      — Ez, ez zait ezer falta. “Ez dakit faltatzen zaidan ala ez, oraindik ez baitut ikusi, baina ez dut nahi hemen poliziarik”. Eta ez dut nahi poliziei deitzea. Baina zera eskatzen dizuet, alegia, hotelean sartzen direnak hobe kontrolatzea.

      — Bai, bai, ahaleginduko gara horretan.

      Berriz ere nire gelan, ezer faltatzen ez zela baieztatu dut. Lehen bezala, informazioaren bila ari omen dira.

      Bazkalostean, arrantza tresnak hartu eta Santurtzeko haitzetara joan naiz. “On egingo dit artegatasun hau baretzeko”. Eta horrela da. Horrez gainera, hainbat arrain hartzen ari naiz. Uste gabean, norbaitek atzetik bultz egiten didala sentitzen dut. Behera begiratu dut. Zorionez ez dago arriskurik, ura baita. Plum! Uger egin dut haitzetara. Dena hondatuta egon arren, ez dut bustiduraren sentsazioa ia sentitzen, amorru bizia baizik. Berehala gorantz igoten naiz, ahal dudan arinen. Kurioso batzu daude, irribarrez, baina nire aurpegia ikusi orduko bapatean seriotu dira.

      — Nork jaurti nau?

      — Jaurti? Ez al zara ba jausi?

      Tresnak batu ditut eta Bilborako trena hartzera joan naiz.

 

 

      Iluntzean, Peru Alika-rekin hitz egin dut telefonoz, eta gertatutakoa azaldu diot.

      — Bultz egin dizuen tokiak arriskurik ez bazuen... Gainera bigarren arakatze horrek ez du sentzurik. Ene ustez, ikaratu nahi zaituzte, ikertze lanak utz ditzazun.

      — Baina aurrera jarraituko banu? Nola jokatuko lukete ikertze lanetan aurrera jokatuko banu?

      — Ez dakit. Diru asko dago tartean. Badaezpadan, kontuz ibil.

 

Espioitza
Xabier Gereņo

Kriselu, 1977