Espioitza
Xabier Gereņo

Kriselu, 1977

 

 

IV
DON DAMIAN

 

      Gaur zerbait goizago jaiki eta zortziak hamar gutxiagotarako fabrika aurrera heldu naiz. Fabrika aurrean 400 bat gizonek bidea eragotzi didate.

      — Nora zoaz?

      — Bulegora, lan egitera.

      Zakar oldartu zaizkit.

      — Gaur ez du inork hemen lanik egingo.

      Bueltatu eta hamar bat metrotara geratu naiz. Fabrikako ateak hertsirik daude. Langile bat barrura sartzeko ahaleginak egiten ari da, baina batek okotsetik hartu eta hibairantz eramaten du. Zuri zuri eginda dago eramana dena. Bizardun batek oihu egiten du.

      — Kontuz, Alfredo. Ez ezazu uretara jaurti!

      Zortzi hilabete dira Franco hil zenetik eta ba dirudi jendea, 40 urtetan zapaldurik egon ondoren, edozein atxakiaz baliatzen dela bere askatasun egarria hasetzeko.

      Zortziak aldera bulegoko lankide batzu heltzen dira, baina bueltatu beharrean aurkitzen dira, eta beraiei hurbiltzen natzaie.

      — Zer gertatzen da?

      — Soldaten igoera bat eskatu dute eta ezetza eman diete.

      — Gehiegi eskatu dute.

      — Krisiarekin entrepresa galtzen ari da.

      — Bai, langileei hori esan diete, baina nola beti lelo berberarekin joaten zaien Don Damian, oraingoan galtzen ari garela egia izanik, ez diote sinesten.

      Tentsioa handia da. Don Damian heltzen da, baina bidea eragozten diote. Beribilaren bozina jo eta aurrera egin nahi du, langile artetik. Hauek “Eeeee!” oihukatzen dute, burla eginez eta besoak altxatuz. Don Damian atzera egin beharrean aurkitzen da. Aparkatu eta haserre bizian beribilatik irtetzen da. Atezainari deitu eta poliziei telefonatzeko agintzen dio. Edurne dator. Zalaparta hura ikustean, oso haserre jarri da eta langileen aurka gogor egiten du.

      — Lau ajitadoreri jokoa egiten ari dira.

      Langileei hurbiltzen zaie eta pasatu nahi du. Alferrik. Hitz gogorrak gurutzatzen dira Edurne eta langileen artean. Orain, politikaz ari dira. Edurneren abotsa argi entzuten da.

      — Nik ez dut politikarik. Nire politika bakarra, katoliko, apostoliko eta romano izatean datza.

      — Faszista! —erantzuten dio batek.

      Jeep bat hurbiltzen zaigu. Polizi Harmadako sarjento bat eta hiru polizi jaitsi dira. Langileekin hitz egiten dute. Gero, sarjentoa Don Damianengana doa.

      — Bakean dauden bitartean ezin dezakegu ezer egin.

      — Baina indarkerian ari dira! Ez digute uzten fabrikan sartzen.

      Sarjentoak telefonoz laguntza eskatu du. Beste hiru jeep etorri dira. Berriz ere langileekin hitz egin ondoren, bazter erazten dituzte, erdian tarte libre bat utziz, nahi duenak fabrikan sar dadin. Jendearen aurpegietan tentsioa nabari da. Zer gertatuko da orain?

      Don Damian beribilean sartu eta langile artetik igarotzen da. Langileek burlazko txaloak jotzen dizkiote. Fabrikako aparkalekuan kotxea utzi eta atezainari hurbiltzen zaio. Harekin hizketan ari da. Dirudienez, ez da bulegoetara igoten ausartzen, zeren langileak dauden hurbiletik berriz ere igaro behar luke.

      Bigarren beribil bat martxan jartzen da eta langile artetik “Neron” doa. Berriz ere irrizko txaloak. Anderrek kotxea utzi eta oinez bulegoetara abiatzen da. Txaloak eta oihuak: “Eeeeee!”.

      Nik ez dut gehiago ikusi nahi eta bueltatzen naiz. Ez dakit nork duen arrazoia, ez baitut arazoa ezagutzen, baina langileek, egin dutena egiteko, desesperaturik daudela ematen dute. Ez dut sinesten ajitadoreen kontu horietan. Inor horrela arriskatzen denean, arrazoi sakonak dituela uste dut.

 

 

      Biharamonean kuriositatez hurbildu naiz fabrikara, baina dena baketan zegoen, kanpotik behintzat. Sartzerakoan, telefonista agurtu dut.

      — Itzela atzokoa, e Maite?

      — Bai. Eta zerbaitek poztu banau, Don Damianek hartu duen disgustoak egin nau.

      — Ez zara, gero, ona...

      Biok barre egin dugu. Gero galdetu diot.

      — Atsegin zaizu irakurtzea?

      — Bai, asko. Hemen denbora asko alferrik ematen dut.

      — Baina, uzten al dizute irakurtzen?

      — Ez dakit. Baina ba dakizu, hemen mostradorepean ipintzen dut liburua... Ez gero goian ezer esan!

      — Zaude lasai. Gure arteko segeretu bat izango da... Ba irakurri dudan liburu bat ekarriko dizut. Oso interesgarria.

      — Zertaz?

      — Dibortzioz.

      Kuriositatez begiratu dit. Nik berdin egin diot. “Ea amua hartzen duen”.

      — Dibortzioz?

      — Bai. Gaur modan dagoen tema bat da. Ba dakizu: maitasun librea, amoranteak... Ez ote dago fabrika honetan hori praktikatzen duenik?

      Orain interesatuago ikusten dut Maite. Begiak argitu zaizkio. “Amua hartu du. Ikertzaile ona izateko bidean nago”.

      — Bai, praktikatzen dute, eta goikoek behekoek baino gehiago. Dirua da bizioen iturria. Behekoek, aski lan dugu dirua hilean zehar nola luza erazten.

      Nik ez diot ezer erantzuten, Maitek jarrai zezan.

      — “Neron”ek amorante bat du. Telefonistak segeretu askoren jakitun izaten gara. Andrak asko gustatzen zaizkio. Ez zara konturatu bulegoan ere nola begiratzen dien neskei?

      — Bueno, gizon bati andrak gustatzea, eta alderantziz, oso normal iruditzen zait.

      — Baina Anderrek hori baino gehiago egiten du.

      — Bueno, Ander aipatu didazu. Eta besterik, ba ote dago horrela ari den besterik?

      — Don Damianek berak ere ba ditu problemak etxean.

      — Hori ere...

      — Bueno, ez dakit andrekin ote dabilen. Baina emaztearekin ez da ongi konpontzen, eta seme bat “bala” horietako bat duzu.

      Elkar hizketa eten behar izan dugu norbait sartu delako. Hura gora igon ondoren, Maitek esan dit.

      — Hori Imanol Arano da, beste injinadore bat.

      — Ez nuen ezagutzen.

      — Hau fabrikan egoten da.

      — Eta zertan ari da?

      — Kalkuloak egiten dituzten ekipo teknikoaren buru da.

      “Karanba! Horren berririk ez didate eman”. Erabaki bat hartu eta gora igon naiz. Don Damianen langelan bera bakarrik zegoen.

      — Don Damian, zein lan egiten du Imanol Aranok?

      — Kalkulo teknikoen koordinatzaile.

      — Eta subastetan?

      Irribarre egin du.

      — Ez da susmagarri. Ekipo teknikoek Imanoli ematen dizkiote materialen eta lanorduen kantitateak. Hark, klasifikatu, batu eta ordenatu egiten ditu. Baina esanda dizudan bezala, prezioak, hau da, datoak baloratu, Ander Uriak egiten ditu. Beraz, hemen, Ander Uriaren gelara espedientea heltzen denean, hor hasten da arazoa.

      “Arrazoia du”. Begiratzen diot. “Ez du aurpegian atzoko haserrearen astarnik”.

      — Zerbait gehiago?

      Supitoki hartu nau.

      — Ez, ez.

      Eta irten egin naiz.

      Oso luze egin zait ordubietarteko tartea. Irten naizenean Peru Alikaren beribilean sartu eta Don Damianen zain geratu gara. Zuzendariaren atzetik Castro Urdiales-eraino joan behar izan dugu. Han, hondartza aldean, chalet baten baratzean aparkatu du eta barrura sartu da.

      — Chalet ederra du Don Damian horrek!

      Txandaka joan gara bazkaltzen. Bostak aldera, irten egin da. Kotxea hartu eta porturako bidea hartu du. Gu, atzetik. Han, marinel bat zuen zain, eta biak yate baten sartu dira. Orain, Don Damianek ez du bulegoko itxurarik, ez jantzietan ez izateko eran. Sport eran jantzirik dago, eta alai. Dirudienez, seriotasuna fabrikan utzi du. “Orain gizatiarragoa dirudi”. Marinelak motorra martxan jarri du. Don Damianek marinel buruko bat jantzi du. Barre egin dut. “Pena foto makina ez dudala ekarri”. Baina fotoa Peru Alikak egin dio. Eta Edurnen pentsatu dut. Egun osoan ari da don Damian gora eta don Damian behera. “Lela hark orain ikusiko balu!”. Itsaso barrenean sartu dira.

      — Arraintzan doaz. Eman dezagun bueltatxo bat herritik zehar.

      Dancing-ak oraindik hertsirik daude baina kafetegiak zabalik. Ordu erdi igaro da. Beribila hartu eta don Damianen chalet-era joan gara. Kotxe barruan gera nezan agindu dit eta Peru etxera abiatu da. “Dibortzioaren inkesta”. Gero, inguruetako chalet-etan sartu da. Ordu bat inguru igaro ondoren, hurbildu zait.

      — Ezer berririk?

      — Hemen behintzat, sexu kontutan zuzen omen dabil. Bestalde, ez don Damianek eta ez haren emazteak, ez dute arrera onik jendearen aldetik. Arrotzat dituzte. Beste gauza bat. Diru asko gastatzen dute.

      — Eta seme hura?

      — A! Zaharrena da. Hogei bat urte omen ditu. Bizitza oso desordenatua omen darama. Ez du lanik egiten, Unibertsitatera huts egiten du, egunetan ez da etxeratzen, diru asko eralgitzen du... bueno, ez duela alde onik. Behar bada, semearen horrek alde erazten die gehiago jendearengandik.

      Porturantz joan gara eta zerbait itxaron ondoren, don Damianen yatea hurbiltzen ikusi dugu. Lehena, don Damian jaitsi da eta oinez herrirantz abiatu da. Jarraitu diogu. Kafetegi batetako reserbatu batean sartu da. Alikak ahaleginak egin ditu barruan zer dagoen jakiteko.

      — Joko debekatuak —esan dit.

 

Espioitza
Xabier Gereņo

Kriselu, 1977