|
Espioitza
V
Egun bi igaro dira. Atzo, lanetik irtetzean, Edurne jarraiki dut, eta Peru Alikak berdin egin du ordenanzarekin. Edurne fabrikatik zuzen etxera joan zen, eta zazpiak aldera elizara. Han arrosarioan egon zen eta gero Ekintza Katolikoaren bileran. Hau omen da egiten duen bizitze normala. Peruk esan dit ordenanzaren bizitza normala dela. Etxean bazkaldu zuen, eta iluntzean familiarekin garagardotegi batetara joan zen afaltzera. Atzoko gertakizunen artean beste zerbait azaldu behar dut. Subasta batetarako proposamena atzo bidali behar genuen eta don Damiani esan nion nik eramango nuela Postara. Honela jokatuz aproba bat egin nahi nuen, hau da, ordenanza susmagarri ote zen ala ez ikusi. Subasta irabaziko bagenu, ordenanza susmagarria litzateke. Galduko bagenu, ez. Bulegoan nagoen bitartean, don Damian eta “Neron”en zelatan nago, bi hauk iruditzen baitzaizkit susmagarrienak. Eta burutazio bat sortu zait. Zergatik ez gaur beranduago irten eta haien mahaietako paperak aztertu? Zihur aski, ez lituztekete hemen gordeko zuzen konprometatu lizkioketen paperak, baina ba liteke zerbait interesgarri aurkitzea. Ordubiak jo baino lehen bulegotik irten eta fabrikara joan naiz, eta don Damian eta “Neron” irten direnean, bulegora joan naiz. Biren mahai gainak aztertu ditut, baina ez dut ezer susmagarri aurkitu. Mahaietako kajoiak giltzez hertsirik daude. Baterenbat zabalik ote zegoen ikusten nengoela, eskaileratik norbait zetorrela entzun dut eta berehala nire mahaira abiatu naiz. Atea zabaldu dute. — Barka. Inor ez zegoela pentsatu dut eta atea herstera nentorren. Goarda zen. Eskuan giltz piloa zekarren. Goardaren eskuan hainbeste giltz ikustean burutazio bi etorri zaizkit: bat, mahai bietarako giltz duplikatuak nolabait egitea, eta bi, goarda bera ere susmagarrien artean sartzea. Bazkaldu ondoren, IPE-ra joateko prestatu naiz eta bostetan puntuan atean nago. Peru Alikak zabaldu dit. — Zuzendaria zain dugu. Eta hirurok mahai inguruan eseri gara orain arteko azterketen bilduma egin eta haien ondorenak ateratzeko. IPE-ko zuzendariak zigarroak eskaini dizkigu Peru Alika eta biori. Gero, sua atera erazi dio bere zigarroari gorantz begira. Bat batean, burua jaitsi, kajoi batetatik karpeta bat atera eta mahai gainean ezarri du. Barrutik paperak ateratzen dituen bitartean, hitz egiten digu. — Bueno, azter dezagun nola dagoen espioitza industrialaren arazoa. Dakigunez, subastetarako proposamenak Ander Uria “Neron”ek baloratzen ditu. Hemen hasten da, bada, susmagarrien katea. Gero, don Damianen eskuetara doaz, Edurne Isabarengana pasatzen dira eta azkenik Mikel Solatxi ordenanzak Postara eramaten ditu. Lau pertsona hauk, beraz, ditugu susmagarri. Ez da horrela? — Bai, horrela da —erantzun diot. — Azter ditzagun orain hauetariko bakoitzaren kasuak. Don Damian. Jatorriz familia aberatsakoa, eta orain ere dirutza handi baten jabe. Ba dirudi horrelako posizio batetan ez legokeela legetatik kanpotiko arriskuetan sartzeko beharrizanik. Baina Boltsan ari da eta joko debekatuetan. Orduan nik galdetzen dut: Don Damianen diruak, nondik datoz, bide onetik ala bide txarretik? Zeren Boltsan eta jokoan, dirua irabazi beharrean, galdu egiten badu, orduan posible litzateke espioitzan aritzea. Zuzendariak galdera bat egin dit. — Interesgarria litzateke jakitea zenbat balio duten INDARek urtero subastetara bidaltzen dituen proposamenak. — Dato hori ba dut. Ihaz 1.200 milioi pezeta. — Ongi. GAIN-ekoek INDAR-en duten espioiari 2% emango baliote, 24 milioi lirateke, eta 5% izatekotan 60 milioi. Benetan dirutza tentagarria. Azter dezagun orain Ander Uria “Neron”en kasua. Honek ere diru asko du. Fabrikan soldata handi bat ematen diote, eta urte azkenean gratifikazio on bat ere jasoko du. Baina sarrera hauk ez dute justifikatzen haren kapitala, handia baita. Honek ere Boltsan jokatzen du. Baliteke irabaztea, eta galtzea ere. Eta beste zerbait ere ba dago: andrekin ari da, eta bizio horretan diru ugari eralgiko du. Ene ustez, lehen susmagarri bezala “Neron” hau ezarri behar genuke. Ados? — Ados. Nik ere horrela uste dut —erantzun diot. Zuzendariak aurrera egin du. — Hirugarren susmagarria Edurne Isaba sekretaria dugu. Datoak jasotzeko aurreko biren aukera berberak ditu, baina egin ditugun azterketen arauera, ez du dirutza handirik. Hamarka milioiak urtean nonbait sartu behar dira, eta ba dirudi Edurne honek ez dituela inora eraman. Ezina izan zait isiltzea. — Inora eramatekotan, lehenen bere itxura hobeagotzera eraman behar lituzke... Bat batean, argi bat sortu zait adimeneko sokondo batean. Isildu naizenean, zuzendari eta Peruren begiak nigan finkatu dira, nire egoeraren jakitun bailiren. Hasperen bat irten zait. — Ideiaren bat? —galdetu dit zuzendariak. — Bai. Edurnek soldata handia du, eta entzun dudanez, urte azkenean gratifikazio on bat ematen diote. Gogoan har zuzendariaren sekretaria dela. Esan didate, naiz eta udan goizean soilik lan egin bulegoan, arratsaldetan ere lanera joaten dela, eta promedioz gainerako enplegatuek baino 50% ordu gehiago ematen duela lanean. Bestalde, “pelota” horietariko bat dugu. Orduan, hainbeste irabazi, eta nora eramaten du dirua? Ez du jantzietan gastatzen, ez adiskideekin... Eta esan didazue haren kapitala urria dela. Orduan, non gordetzen du dirua? — Denbora elizan ematen badu, elizari emango dio. Nik berriz ere ekiten diot. — Hor esan duzu, elizari. Baina zenbat ematen dio elizari? Ehun mila pezeta ala berrogei milioi? Zuzendariak irribarre egin du. — Ez zaizu Edurne atsegin, ezta? Uste dut nire masailak zerbait gorri jarri direla. — Ez, ez zait atsegin. Eta beste hau ere gaineztu behar dizuet. Bulegoko lankideei ere ez zaie atsegin. Zuzendariaren aurpegian berriz ere seriotasuna agertu da. — Dena den, nik hemen ditudan datoetatik ezin dezakegu ezarri Edurne lehen susmagarrien artean. Adibidez, niretzat behintzat, susmagarriagoak dira don Damian eta “Neron”. “Horrela da”. Buruarekin baiezten diot. — Eta azkenik, laugarren susmagarria, Mikel Solatxi ordenanza. Honeri estalkia itxita ematen diote, Postara eraman dezan. Ez du dirutzarik eta dagokion bizitza eramaten du. Gainera, esan didazuenez, aproba bat egin duzue, azken subastarako proposamena Jurgik pertsonalki Postara eramanez. Subasta honetan, beti bezala, GAIN, INDAR-en aurrean geratuko balitz, ordenanza susmagarrien artetik kendu beharko genuke. Ados? — Ados —erantzun diogu biok. Zuzendariak gorde ditu dokumentuak karpetan eta paper zuri bat eta bolaluma hartu ditu. — Orain azter ditzagun datozen egunetarako zereginak. Lehenik, lau susmagarrien bizitzaren azterketa konfirmatu egin behar dugu. Beraz, jarrai iezaiezue aurreko egunetan bezala. Zuk, Jurgi, jarrai bulegoan begiak eta belarriak erne edukitzen. Nik, nire aldetik, don Damianek eta “Neron”ek Boltsan nola ari diren aztertzen ahaleginduko naiz.
Espioitza |