|
Espioitza
III
Bulego jeneraleko mahai honetatik denak ikusten ditut. Hogei bat lagun dira, erdiak andrazkoak eta besteak gizonezkoak. Edurne ez ezik, gainerako neskak ez daude gaizki. Eta are gehiago, bateren bat oso polita da. Begirada ezkutuak botatzen dizkidate. Don Damianen laguntzailea izateak errespetoa sortzen die. “Kontxo, mahai hartakoak nolako begi ederrak dituen!... Don Damiani bururatu zekiokeen niretzat beste ofizio arruntagorik!”. Don Damianek eman dizkidan dokumentu batzu aztertzen ari naiz. Jadanik pasatutako subastetako proposamenduak dira. Ez diet kaso handiegirik egiten. “Nola arraio eraman behar ditut ikertze lanok? Nondik hasi behar dut?”. Bat batean, argi bat etorri zait. Zutitu, paper batzu eskuan hartu, eta Don Damianen gelara abiatu naiz. — Don Damian, zenbat irabazten du urtero hemen susmagarri bakoitzak? Kajoi batetik karpeta bat atera eta blok horri batetan zenbaki batzu idatzi dizkit. — Hor duzu Anderrek, Edurnek eta nik irabazten duguna. Eskerrak eman eta irten egin naiz. Ordulariak goizeko hamaikak seinalatzen dizkit. Udan gaudenez, zortzietatik ordubietarteko lana du bulegoak, eta arratsaldea libre. Gogaiturik nago. “Bulego lan hau ez da niretzat. Maiteago dut itsasokoa”. Zutitzen naiz. — Edurne. Bilbora noa eta ordubatak aldera itzuliko naiz. — Ongi, don Jurgi. Nire izenaren aurrean “don” hori entzuteak eman didan barregurea ez dut kanpora azaldu. “Pelota!”. Bilbon, bar batetan sartu eta telefonoz IPE-ra deitu dut. — Nola doa hori? —galdetu dit zuzendariak. — Ongi. Dato batzu jakin nahi nituzke. — Esan. — Hara. Susmagarriak hiru dira eta INDAR-en irabazten dutena ba dakit. Orain aztertu behar da ea beste ogibide egokirik ote duten, eta ea horien arauera bizi diren. Eman dizkiot izenak eta zenbakiak. — Nire kontu. Zerbait gehiago? — Bai. Ordubiak aldera etor daitela Peru auto batekin. — Ongi. Hor egongo da. Gero, Alizia ikusi nuen barrera joan naiz, baina ez dut haren arrastorik bilatu. “Dena den, INDAR-en baino hobe ba nago hemen”. Eta bermouth bat eskatu dut. Ordubatetarako berriz ere INDAR-en nengoen. Ordubiak hamar gutxiagotan jaitsi egin naiz. Telefonistak galdetu dit. — Nola lana? — Ola, Maite. Lana? Pse!... Zu, “Neron” hori ez dut ikusi. — Hobe. — Zu, bere kotxea, hor dagoen gorri bat da? Barre egin dit. — Ez, Simca zuri bat. — A! Peru Alika nire zain zegoen eta bere beribilean sartu naiz. Motorra martxan ipini du eta ehun metro ibili ondoren gelditzeko eskatu diot. “Neron”en Simca zuria igaro denean, jarrai ziezaiola agindu diot. Haren atzetik, Bilbora heldu gara eta jarraitzen genuen beribila Posta Etxe aurreko aparkalekuan sartu da. Guk berdin egin dugu. Ander Uria, edo “Neron”, eskuinerantz abiatu da eta Elkano kaleko etxe batetan sartzen ikusi dugu. — Hori ez da bere etxea. Jadanik, ordubi t'erdiak ziren. Peru Alikak geldi egoteko esan dit. — Utz iezadazu niri egiten. Zerbait prestatu ondoren, nigandik aldendu egin da. — Itxaron iezadazu hemen. Eta urrats sendoz, Ander sartu zen etxerantz abiatu da. Atezainarekin hitz egiten ikusi dut eta gero barrura sartzen. Ordu erdi igaro da. “Zertan arraio ari ote da?”. Nire kezkak handiagoak egin zaizkit hiru t'erdiak jo dituztenean. “Zerbait gertatuko ote zitzaion?”. Erabaki bat hartzeko nagoela, Peru irtetzen ikusten dut. “Ba zen garaia!”. Hurbildu zaidanean, besotik hartu eta aparkalekurantz eraman nau. — Tipo interesgarria “Neron” hori! Hainbat historio kontatu didate. — Zerbait gertatu zaizula pentsatu dut! Irribarre batekin erantzun dit. Gero, hitz egiten jarraitu du. — Labur azalduko dizut. Ander Uriak amorante bat du etxe honetako laugarren estaian. Familia Ondarrabin duenez uda pasatzen, hor bazkaltzen du egunero. — Eta emazteak, ez al daki ezer? — Emaztea berdin ari omen da beste gizon batekin. Eta barrezka, jarraitu egin du. — Dirudienez, biek praktikatzen dute maitasun librea. Bueno, andre honen izena Ester da, eta benetan ederra dela, ederrik badago. Harriduraz begiratu diot. — Baina, ikusi al duzu? Berriz ere barre egin du. — Eta ez ikusi soilik. Hamar minututako hizketaldia eduki dugu. Nire harridura handiagoa egin da. Arretaz begiratu diot. Itxuraz arrunta ematen du. “Peru hau ez da tipo makala”. Kuriositateak hartu nau. Niretzat luze iruditu zaidan ordu t'erdia orain labur iruditu zait. — Eta nola lortu duzu hainbeste, hain epe laburrean? — Ez du inolako misteriorik. Bakoitzak bere ofizioa ezagutu behar du, eta hau da nirea. Nire ezintasuna nabarmendu zait. “Nola arraio lor dezaket arrakastarik nirea ez den ofizio batetan?”. Behar bada, zerbait igarri dit. — Oso ongi jokatu duzu, Jurgi, susmagarriak jarrai erazten. Bihar, Don Damian jarraituko dugu. Peruren hitzak zerbait baretu naute. “Baina nola lortu du informazio guzti hori?”. — Nik ez dut zure esperientziarik eta ikasi nahi dut. Haugatik jakin nahi nuke nola baliatu zaren atarira heldu zarenetik. — A! Atezainari esan diot inkesta bat egiten ari nintzela, eta galderak erantzun ondoren inkestatu bakoitzak sari bana hartuko zuela. — Eta, zertaz zen inkesta? — Dibortzioari, ezkontza hausteari buruz. Lehen galderak atezainari berari egin dizkiot, eta gero estairik estai etxeko gizon eta andreei. Gizonezkoei metxero bat eta andreei kolonia botilatxo bat eman dizkiet. Hainbat ditut hemen... Eta hau esatean, zeraman esku kartera seinalatu dit. Gero, jarraitu egin du. — Bueno. Dibortzioa gai aproposa izaten da elkar hizketa mamitsu bat sortzeko, eta batez ere etxetako zerbitzariak oso berritsuak izaten dira. Beribila hartu eta Indautxurantz joan gara. — Non utzi behar zaitut? Ni orain Algortara noa. — Agirre kalean. Eta bihar? — Gaur bezala, INDAR-eko inguruetan. Berandu izan bada ere, bazkaldu dut eta bostetan IPE-ko zuzendariari deitu diot. Ikertze lana nola zihoan azaldu ondoren, goizean eskatu diodan informazioa lortu ahal izan zuen galdetu diot. — Bai, lortu ditugu zuk eskatutako datoak. Don Damian eta Ander Uria dirutza ederraren jabe dira. Edurne ez hainbeste. — Orduan, INDAR-etik kanpo, beste diru iturriren bat ote dute? — Don Damianen familia, jatorriz, aberatsa da. Ander Uriak, Boltsan jokatzen du. — Beraz, huts egin dugu. Zuzendariak berehala erantzun dit. — Ez, ez. Sakonago aztertu beharko ditugu. Jatorriz aberatsa izateak ez du ezer justifikatzen. Baliteke negozio txarretan sartu eta dirua galdu ondoren, beste nonbaitetik bilatzen ahalegintzea. Eta Ander-en kasoan, gogoan har Boltsan maiz, irabazi beharrean, galdu ere egiten dela. Bestalde, Edurnek Bankutan diru askorik ez badu, eduki dezake beste nonbaiten. — Orduan? — Jarrai ezazu, Jurgi, bulego horretan aztertzen. Ene ustez, arazo honen haria han dago.
Espioitza |