|
Espioitza
VI
Gaur hasi du Peru Alikak beste zeregin garrantzitsu bat: don Damianek eta “Neron”ek hartzen dituzten idazkiak kontrolatzea. Honetarako, haien bizilekuetako atarietan dauden posta kutxetarako giltzak egin ditu, eta eguerdian, atezainak bazkaltzera doazenean, kutxak zabaldu eta idazkiak bidaltzen dizkienen zerrendak egingo ditu. Zorionez, udan gaude, eta lantegian goizean soilik lan egiten denez, berandu arte idazkiak kutxetan daude. Zeregin honen helburua argia da: ikusi ea GAIN entrepresarekin edo hango norbaitekin harremanik ba ote duten. Hiru egun igaro dira IPE-n egin genuen azken bileratik, eta epe horretan don Damian eta “Neron” kontrolatu ditugu, ezer berririk lortu gabe. Gaur, garrantzizko zerbait gertatu da. Goizerdira, don Damianek deitu dit. — Jurgi, berriz ere GAIN-ek hartu digu gaina. Azken subastan gurea baino proposizio merkeagoa aurkeztu du. Berehala erantzun diot. — Horrek esan nahi du ordenanza ez dela erruduna. Gogora zaitez oraingoan hark gabe neuk eraman nuela dokumentazioa Postara. Don Damianek buruaz baieztatu dit. Berriz ere nire mahaian, zerbait egitea bururatu zait. Bazkaldu ondoren, INDAR-era joan naiz. Goardak agurtu dit. — Zer, arratsaldean ere lana? Naturalki erantzun diot. — Lan bat bukatu behar nuen eta goizean ezina izan zait amaitzea. Gora igon naiz. Bulegoan ez dago inor eta aukera egokia dut “Neron”en mahai gaineko paperak aztertzeko. Alferrik. Kajoiak zabaldu nahi dizkiot, baina giltzez hertsirik daude. Nire giltzekin probatzen dut, baina ez dute balio. Peru Alikari deitzen diot telefonoz eta berehala etorriko dela esan dit. Bitartean, don Damianen mahai gaineko paperak aztertzen ditut. Kajoiak ere hertsirik daude, nire giltzak ez dute balio hemen ere. Peru Alika etorri denean kajoiak zabaldu ditugu. Paperak banan banan aztertu ondoren, ez dugu ezer bilatu. Don Damianen gelan arasa bat dago. Zabaldu dugu eta barrukoa aztertzen gaudela, bat batean atea zabaldu egin da. Arnasa gabe geratu naiz. Goarda ere zer egin edo esan gabe geratu da atean. Enplegatu berri bati eta ez ezezagun bati don Damianen paperak aztertzen ikusteak ez dio atseginik ematen. Aurpegian agertzen duen espresioak horrela agertu digu. Nik zerbait esan behar. — Ba ote dakizu non gordetzen den ingeles hiztegia? Itzulpen bat egin behar dugu eta hitz tekniko batzu nola esaten diren ez dakigu. Ez dakit asmatu diodan gezurra sinestu ote duen ala ez. Ezetz erantzun dit, ez zekiela. Guk, arasako ateari bultz eginik, don Damianen gelatik irten egin gara eta nire mahai inguruan eseri. Gero, goarda irten denean, berriz ere don Damianen gelan sartu gara, eta azterketa bukatu ondoren, giltzez hertsi ditugu arasako ate guztiak. — Nolako ikara jasan dudan! —aitortu diot Peruri. — Eta ezertarako. Hemen ez dago ezer. Ni pentsati geratu naiz. — Nonbait egon behar du arrastoren bat. Baina, non? INDAR-etik irten naizenean, goardarena dut gogoan. Igarotako ikararen ondoren, orain lotsa sentitzen dut. Lotsa eta preokupazioa. Nola zurituko dut ene burua bihar don Damianen aurrean. Zeren zihur bainago gertatutakoa goardak azalduko diola. Hiztegiarenak, noski, ez dit balio. Ditudan buruhausteak uxatzeko, Alizia ikusi nuen kafetegira joan naiz. — Kaixo, Jurgi! Alizia ikustean, berehala argi izpi batek jo nau. — Alizia, nahi dituzu irabazi bost mila? Begi handi bi zabaldu dizkit. Txantxetan erantzun dit. — Nor hil behar dut? Nik ere irribarrez erantzuten diot. — Ez, ez da inor hil behar. Nigatik zerbait berezi egin dezazula eskatzen dizut soilik. Irribarrea joan zaio eta itxura serioago bat hartu du. Bistan da orain kezkati dagoela. “Zerbait arriskugarri eskatuko diodala uste du”. Zakar erantzun dit. — Legetik kanpora aritzea ez zait atsegin. “Nork eta Aliziak dio horrelakorik”. Nire gogamenak aldentzen ahalegintzen naiz. — Proposatu nahi dizudanan ez dago arriskurik. Hurbiltzen natzaio eta azaltzen diot nire proposamena. Lasaitu egin da. — Hori besterik ez bada... Baina kontuz, nik ez dut nahi nire etxean inolako borrokarik. — Zaude lasai. Biok irten gara. Ba dakit gutxi gora behera “Neron” nondik ibiltzen den. “Illun Club”eko atetik kontuz begiratu dut. Aliziari gizon bat seinalatu diot. — Han duzu. Aliziak, barruan sartu aurretik, bere etxebizitzako giltz bat eman dit. “Neron”i hurbildu zaionean, alde egin dut. Aliziak emandako giltzarekin atea zabaldu eta barruan aurkitzen naizenean, zerbait estraino sentitu dut. Eta kuriositatea, ez bainaiz honelako toki batetan sekula egon. Dena apain dago, gehiegizko luxorik gabe. Logela da nabarmenena, zeren ormetan dauden koadroek han egiten ohi den giroari laguntzen baitiote. Sukaldeak eta gainerako gelan ez dute ezer berezirik. Egon-gela aldizkari bat hartu dut, eta gero beste batzu. Luze egin zaizkit jadanik igaro diren ordu bi paseak, zeren hasieran hainbeste neska eder ikusteaz gozatu banaiz, gero aspertu egin naiz. Atearen kanpo aldean Aliziaren abotsa entzun dudanean, zutitu eta ahal dudan isilen hark esan didan gelatxoan sartu naiz, agindu bezala atea barrutik pasadorearekin hertsiz. Gela oso txikia da eta dirudienez Aliziak erabiltzen ez dituen gauzen gordelekua. Begirada bat eman ondoren, ez dut bilatzen denbora ematen lagungarri izan dakidaken ezer. Ordularia begiratzen dut: gaueko bederatziak. Behar bada, “Neron”ek Aliziaren ohean loak hartu aurretik, laupabost ordu igaro beharko ditut hemen. “Eta ez dago hemen ezer”. Desesperaturik, berriz ere arakatzen ditut inguruak. Alferrik. Lurrean oihal bat ezarri dut, eta beste batzurekin buruko antzeko bat eginik, etzan egin naiz. Patiora ematen duen leihotik argia sartzen da. Orain, etzanik, gelatxoak handiagoa ematen du. “Itsasuntzian nuen ganbarotea handiagoa zen”. Begiekin neurtzen dut. “Ez, berdin antzekoa”. Ate hertsira baino gehiago leihoa begiratzen dut. “Presoek gartzelan berdin egingo omen dute”. Eta Peru Alikak esan didana etorri zait gogora. “Amnistiaren aldeko Bilboko manifestazioa”. Peruk esan dit joango dela. “Zenbat preso euskaldun omen dago?”. Exilatuak hainbat ezagutu ditut Ipar Euskal Herrian. “Tipo adoretsuak, gero!”. Ordularia berriz ere begiratzen dut. “Dagoeneko, bukatu da manifestazioa”. Peruk beldurra zien poliziei eta eskuineko muturrekoei. Onik aterako ote zen? Belarriekin zerbait entzun nahiean ari naiz, baina dirudienez Alizia eta “Neron” logelan daude. Bulegoan hain serio den “Neron” hori larrugorrian imajinatzea nekeza egiten zait. “Eta denek diote beldurra...”. Orain “Neron” komunean imajinatzen dut, galtzak beheraturik, han eserita, eta ene ezpainetan irribarrea irten zait. “Kontxo, uste nuen baino hobe pasatzen ari naiz”. Iluntzen ari da, baina ez dut argirik biztuko, atepetik ikus ez dezaten. “Laster Montrealeko Jokuak... Noiz hasten dira?... 16ean... ez, 15ean...”. Ez dakit entzun dudan ala ez atea joten. Gero bai, zihur entzun dudala. Zutitu egin naiz. Erdi isilean galdetu dut. — Zer? Kanpotik Aliziak erantzun dit. — Zabal ezazu. Alizia kamisoi arrosaz jantzirik dago. Hau da erdi lorik nagoela oraindik, lehenen ikusten dudana. Gero, zehaztasunak. Kamisoia laburra da. Goitik, bularren goialdeak zaizkio. Ideiak nahasirik ditut. “Besarkatzeko bezal...”. Artega, sukaldea seinalatu dit. — Zoaz hara. Alizia berriz ere logelara joan da eta “Neron”en jantziak ekarri dizkit sukaldera. — Hemen dituzu. — Lotan al dago? Aliziak urduritasun nabarmenez hitz egin dit. — Azkar, egin ezazu azkar! “Neron”en jantzietako sakelak arakatu ditut eta paper guztiak banan banan aztertu. Paper baten, hainbat dato apuntatu ditut: telefonoak, helbideak, etab. Horretan nagoela... — Alizia! Aliziak ikaraturik begiratu dit. “Neron”ek deitzen zion. — “Neron”! —esan dit abotsez ez baina ezpainak mugituz. Eta “Neron”i abots handiz: — Ba noa! Baina “Neron” zetorren. Zer egiten nuela jakin gabe, makinalki, dena nahastean jantzietako poltsikoetan sartu, nire papera hartu, eta bat batean sukaldeko mahai gaina libre utzi dut. — Hor, sar zaitez hor! Eta Aliziak sukaldeko arasaren ate bat zabaldu dit. Justuan kabitzen naiz. Firme nago, koartelean instruzioa egiten nuenean bezala. Aliziak atea hertsi dit. Ilun dago. Alboan, eskoboiak eta sentitzen ditut. Dingilizka dauden garbitzeko bayetek aurpegia laztantzen naute. Kanpoan, “Neron”en abotsa. Sukaldean noski. — Ez duzu lorik egiten? Erantzuterakoan, Aliziaren abotsa oso urduri dago. — Ez dut logurarik... Hara zertan nengoen: zure jantzietatik nire ileak kentzen. Ohitura hau dut. Ez litzaidake atsegin izango gero inoren emazterekin borrokarik edukitzea. “Erantzun polita. Alizia honek ba du, gero, imajinaziorik!”. — Ba ote duzu esnerik? — Beroa ala otza? Aliziak beste tonu batez erantzun dio. Lasaiago dirudi. “Neron”ek ez omen du ezer igarri. — Otza. Entzuten diot “Neron”i edaten, eta honek, edaten entzuteak, nabarmendu omen dit lepoko mina, zeren konturatu gabe beso bat mugitu dut... Plum! Besoek eskobak mugi erazi dituzte eta hauek atea zabaldu dute. Arnasa bera ere geratu zait. Ez dut sentitzen “Neron” esnea edaten. Aliziaren eskuek eskoboiak batzen dituzte eta sukaldeko bazterren batetara eramaten, momento berean arasako atea hersten zutelarik. Orain, Aliziaren aurpegia zuri imajinatzen dut, nirea imajinatzen dudan bezalakoa. Eta, “Neron”? Edalontzi baten kolpea mahai gainean. “Bukatu ote du? Ala dena igarririk, edateko gogoa joan ote zaio?”. — Nahi duzu logelara joan gaitezen? Aliziaren galderak inbitazioaren tonua baino eskariarena du. “Neron”ek oso normalki erantzun dio. — Baina logurarik ez baduzu... — Bueno, egin dezakegu berriz ere... Dirudienez, Aliziaren proposamena gustatu zaio, zeren sukaldetik irtetzen baitira. Orain, arnasa lasaiago hartzen badut ere, ez naiz mugitzen, nire salbamena ilunpe honetan irautean bailegoen. Ez dut ezer pentsatzen. Ez dut ezertan pentsatu nahi. Geldi egon, orduak eman. Gehiagorik ez dut orain egin nahi. Logelatik barreak eta hizketak entzuten ditut. Ez diet sentzurik aurkitzen, zerbait urrun, zerbait estraino bailiren. Sentsazio bat datorkit. Damuarena. “Ez naiz gehiagotan honelakoetan sartuko”. Isildu egin dira. Behar bada, loak hartzera doaz. Ez da deus entzuten. Dena isildu egin da. Jadanik loak hartuak daude. Kontu handiz, atea zabaltzen dut. Irtetzen naiz. Sukaldeko argia zabalik utzi dute. “Neron”en jantziak ere han daude. Poltsikoetatik berriz ere paperak ateratzen dizkiot, eta arakatu aurretik zeuden ordenan gordetzen dizkiot, ezer igarri ez dezan. Eskailerako aterantz abiatzen naiz, oso astiro, ahal dudan isilen. Atea zabaldu, irten eta hertsi egiten dut . Orain, eskaileran, libre sentitzen naiz. Libre, baina gorputzeko hezur guztiak mindurik ditudala. “Aitaren, nolako larrialdia!”. Sakelan daramadan informazioa ukitzen dut. “Eta baliozko ezer ez balego!”.
Espioitza |