Espioitza
Xabier Gereņo

Kriselu, 1977

 

 

XI
ANTOLAKETA BITXI BAT

 

      Gaurko eguna garrantzi handikoa izan da gure ikertze lanerako.

      Aurreko egunetan, subasta handi batetarako proposamena gertatzen ibili ondoren, gaur arte, hau da, azken egunerarte, ez du “Neron”ek balorazioa egin. Horrela jardutea gomendatu genion don Damiani. Beraz, goizean goiz ekin dio “Neron”ek lanari.

      Bitartean, beste zerbait gertatu da. Zentralitatik Maitek bulegoko telefono guztietara deitu du, eta niri ere bai.

      — Jurgi, telefonoa errebisatzera etorri dira eta goiz osoan ezingo dezakegu kanpokoekin hitz egin.

      “Ederki. Hau martxan dago”.

      Hamarrak aldera, bulego osoan surrumurru biziak sortu dira. Eskari bat egiteko asmoz, informazio eske etorri den jaun batek kartera ohoztu diotela esan omen du.

      — Hori ezin daiteke egia izan.

      — Etxean ahaztuta utziko zuen.

      — Ezetz esan du. Hona etorri denean aldean zuela.

      Gizon hura, oso haserre, bisita gelatik gora igon da, gure bulegora.

      — Zuzendariarekin hitz egin nahi dut.

      Edurneren lehen mugimendua hari bidea eragoztea izan da, baina hain dotore eta serio zetorrenez edo, ez da ausartu. Jaun hark bulegoan zehar bere begi galdetzaileak igaro ditu.

      — Nor da hemen zuzendaria?

      Edurnek atzamarrekin seinalatu dio don Damianen gela.

      — Hor barruan dago.

      Ordu laurden bat barruan eman ondoren, irten egin da. Handik ordu erdira, inolako garrantzirik eman gabe, bulegoak dauden etxetik irten egin naiz, eta goardaren txabolarantz zuzendu ditut ene urratsak. Bai, han zegoen Peru Alika. Goardak presentatu dit.

      — Polizia bat edo...

      — Ikertzaile —ebaki dio Peruk.

      — Bueno, berdin da. Jaun bati dirua ohoztu diote eta lapurra hemengoren bat dela susmatzen dutenez, irtetzen diren guztiak errejistratzen ditu.

      Peruk, ezagutu ez banindu bezala agurtu egin nau. Gero, goardari eta biori begira, oso serio hitz egin digu.

      — Ez du barruan inork jakin behar ni hemen nagoenik. Zuk, ordenanza, oso gaizki egin duzu jaun honi ni zertan etorri naizen esatean.

      Gero niri zuzendu zait.

      — Eta zu, berriz ere barrura bazoaz, isilik, e?.

      Baietz, horrela egingo nuela adierazi ondoren, berriz ere barrura sartu naiz. Han, behean, gizon bat telefonoekin ari da, eta Maite nobela bat irakurtzen.

      — Ederki, e, Maite, lanik gabe!

      Begi gorriztatu bi jaso dizkit.

      — Gaur bakea dugu telefonoen soinurik gabe.

      Goian, don Damianen gelara sartu naiz. Zertan sartu naizen galdetu gabe hasi zait hitz egiten.

      — Jurgi, ba ote dakizu gizon horrena?

      Nik ez jakinarena egin dut.

      — Zein gizon?

      — Kartera ohoztu diotenarena.

      — A, bai! Esan didate zerbait... Ez du garrantzirik. Seguru asko, etxean utziko zuela.

      — Ezetz zion.

      — IPE-koekin hitz egingo dut eta argiztuko dute.

      — Ia ba... Zer nahi zenuen?

      — A! Ander Uriak ea ekarri dizun subastarako proposamen baloratua.

      — Ez, oraindik ez. Baina bukatzen ari omen da. Hamar bat minutu edo, faltatzen zaizkio.

      Berriz ere nire mahaian, “Neron”en etorreraren zain egon naiz. “Dokumentazio horren urrats guztiak jarraitu behar ditut”. Jaitsi da “Neron” goiko pisutik, eskuan paper pila bat dakarrela. “Zorioneko dokumentazioa. Ea zer egiten duen”. Zuzen, don Damianen gelan sartu da, eta bost bat minutu igaro ondoren, esku hutsik irtetzen ikusi dut. Barrutik don Damianek hots egin du.

      — Edurne!

      Edurne berehala zutitu da, hartu ditu koaderno gorria eta bolaluma, eta don Damianen atean jo ondoren, barruan sartu da. Ordu laurden bat eman du barruan, eta berriz ere bere idazmakinaren aurrean eseririk, gutuna idazteari ekin zaio. Gutuna idatzi ondoren, berriz ere don Damianen gelara sartu da, dirudienez, gutuna izenpetu dezan, eta gero irten egin da, dokumentazio osoa estalki baten barruan sartu du, eta estalkia don Damiani pasatu dio.

      Don Daminek berriz ere hotz egin du.

      — Jurgi!

      Zutitu eta barrura sartu naiz. Don Damian, dokumentazioaren kopia burnizko kutxan gordetzen zegoen. Bueltatu eta mahai gainean zegoen estalki itxia eman dit.

      — Hemen dago subastarako proposamenaren dokumentazioa. Gaur zertifikatzea beharrezkoa da, azken eguna delako. Nork eraman beharko du Postara?

      Berehala erantzun diot.

      — Maitek.

      Zerbait estrainaturik begiratu dit. Azalpen bat eman diot.

      — Bai. Telefonorik ez dugunez, ez du lanik.

      Ba dirudi konbentzitu diodala. “Zertarako esango dizut gaurko operazioan bulegoko denak hartuko ditugula susmagarri bezala? Maitek ez du bulegoan lan egiten, baina zuk bai”. Estalkia hartu eta Maiterengana jaitsi naiz. Oraindik irakurtzen ari da.

      — Maite, don Damianek eman dit hau Postara eraman dezazun zertifikatzera.

      Dirudienez, irakurtzeari uzteak ez dio atseginik eman. Estalkia eskuetan hartu eta begirada bat eman dio. Lehen momentoko kontrarietatea joan zaio. “Behar bada, gaur ordu pare bat goizago bulegotik irtetzeak poztu egin du”.

      — Bueno. Ongi da.

      Kalerako jantzi eta kanporantz abiatu da. Goardaren txabolako leihoan Peru Alikaren burua ikusi dut Maiteren ibilkera begiratzen. “Ez duzu horretan lilura handirik aurkituko, ez alajaina!”.

      Berehala gora igon naiz. “Denen mugimenduak aztertu behar ditut. Ea zer egiten duten telefonorik gabe. Susmagarriak, telefonorik gabe, bide bat soilik du informazioa ateratzeko: atea. Eta han Peru Alika dago”. Ez da inor mugitzen. “Behar bada, eta nola arratsaldean ere gutunak zertifikatu daitezken, irtetzeko ordu normalean aterako da”.

      Irtetzeko garaia heldu da eta lankideek oso haserre ikusi ditut atean, errejistratu behar zietela jakin erazi dietenean. Peru Alikak maisuki egin du bere lana. Neketsua benetan izan da beribilak arakatzea, baina hori ere egin du profesional on baten gisan. Ni azkena izan naiz irtetzen.

      — Zerbait?

      — Deus ere ez.

      Erantzun honek zeharo nahastu nau. “Karanba! Mamuak izango ote dira espioiak?”

      Baina ez. Handik hiru egunetara jakin dugu oraingoan INDAR-ek eta ez GAIN-ek irabazi duela subasta. Beraz, espioiak zerbait susmatu edo zuen, eta ez zen ausartu informazioa ateratzera. Eta honek beste zerbait ere adierazten du, hau da, egia dela espioitza dagoela, zeren espioiari oztopoak ipini dizkiogunean, INDAR-ek irabazi egin du subasta.

      

Espioitza
Xabier Gereņo

Kriselu, 1977