Espioitza
Xabier Gereño

Kriselu, 1977

 

 

II
SUSMAGARRIEN LEHEN EZAGUTZA

 

      Biharamun goizean, berriz ere IPE-ren atean tirrina jo dut, eta bezperako gizon berbera agertu zait. Oraingoan, aurre gelara pasatu gabe, zuzendariarengana zuzen eraman nau. Oso adiskidetsu agurtu dit.

      — Egunon, Jurgi kapitaina!

      Eseri egin naiz. Zuzendariak paper batzu hartu ditu.

      — Bueno, espioitza industrial arazo bat dugu. Dakikezunez, espioitzan ez dira soilik ari CIA eta horrelakoak. Industria handitan ere ba dago horrelakorik, eta batez ere orain bezalako krisialdietan. Hemen, INDAR S.A. izeneko entrepresa bat dago. “Obras Públicas” delakoetan aritzen da eta norbaitek espioitza egiten dio, konpetentziako duen GAIN S.A. entrepresaren faboretan. Arazoa, espioia nor den bilatzea da.

      Une batetan isildu egin du. Gero, jarraitu du.

      — Zu, INDAR S.A.-n sartuko zara enplegatu bezala. Itxuran, lan normal bat egingo duzu, emango dizuten postuari dagokiona, baina zure funtsezko zeregina espioia bilatzea da. Guk lagunduko dizugu. Atzo ikusi ahal izan nuenez, zuk ez duzu ikertze lanetan esperientzia handirik. Haugatik, dei iezadazu zerbaiten beharrean aurkitzen zarenean. Peru Alika izendatu dut zure laguntzaile bezala.

      Mahai gainean dagoen tirrina jo du. Atea zabaldu dute.

      — Jurgi, hemen duzu Peru Alika. Esperientzi handia du. Oso baliagarria gertatuko zaizu. Beste arazo batzu ere ba ditu esku artean, baina ahal duen bestean lagunduko dizu.

      Gero, irten dadila agindu dio, eta nigana zuzendu da.

      — Zoaz INDAR-era. Hemen duzu helbidea. Galde ezazu zuzendariarengatik eta hark emango dizkizu gainerako zehaztasunak.

      Bilbo ongi ezagutzen ez dudanez, taxi bat hartu eta INDARen helbidera eraman nazala eskatu diot txoferrari. Kaleak, eguzkiaren eraginez, alai daude. Ni ere baikor sentitzen naiz. Egia esan, eman didaten lana ez dut uste zaila izan daitekeenik. Horretaz gainera, Peru Alikaren laguntza eskaini dit...

      Txoferrak irratia ipini du. Gazteleraz ari dira. Nik uste nuen Bilbon euskara gehiago egiten zela. Behar bada,bilbotar exiliatu gehienek euskaraz egiten zutelako, portzentaia hura erreala zela pentsatzen nuen. Eta kaletatik zehar dabilen jendetza ikustean, Bilbo euskalduntzea ez dela lan makala iruditzen zait. “Israeldarrek lortu zuten”.

      — Heldu gara, jauna.

      Nire abstrakzioetatik atera nau. Ordaindu diot eta jaitsi egin naiz.

      Goardak bulegoak seinalatu dizkit. Atea zabaldu eta telefo-' nistak galdetu dit.

      — Zer nahi duzu?

      — Don Damian-ekin hitz egin nahi dut.

      — Orain zuzendaria okupatuta dago.

      Goitik behera begiratu dit.

      — Zu al zara enplegatu berria?

      Harriduraz begiratu diot. “Nola igarri nau?”.

      — Bai.

      Orain nik begiratu diot atentzioz. Ez da neska galanta. Kulturan ere ez omen du maila handirik. “Hitz egiteko era ez da refinatua. Baina neska ona dela ematen du”. Haugatik hurbildu natzaio eta haur ikaratu baten egoera hartu dut.

      — Beldur handia dut. Nolako jendea da hemengoa?

      Itxaroten nuenez, ama baten babesa eskaini dit.

      — Nire izena Maite Ruiz da. Zaude lasai. Nik lagunduko dizut. Hara. Don Damian, gizon oso langilea da, INDAR-eko zuzendaria, baina harro pustu bat. Harekin zenbat eta tratu gutxiago, hobe. Edozergatik, purrustada batekin erantzungo dizu. Nik ba dakit nolakoa den, eta esaten didanagatik ez diot kasorik egiten... Bueno, batzutan ezin dezaket hori lor eta nigar egiten dut.

      Maiteri begiak tristatu zaizkio. Kontsolatu nahi diot.

      — Don Damian bezalako astokiloak ezagutzen ditut eta nik ere ezin ditut jasan. Zure aholkuei jarraikiz, harengandik urrun ibiltzen ahaleginduko naiz.

      Maitek jarraitu egin du.

      — Edurne Isaba haren idazkaria da, sekretari partikularra. Ikusiko duzu nolakoa den: urtetan sartua, lodikotea, itsusia, zaindu gabea, janzteko baldarra. Nik ez dakit INDAR bezalako entrepresa batetan nola uzten dioten horrela lanera etortzen. Gorputzez aldatu ezin badu ere, zerbait txukundu behintzat. Ez duzu horrela uste?

      — Bai, bai. Eta ez dago beste tipo arrarorik?

      Erantzuna berehala etorri zait.

      — Ez da egongo ba! Fabrika hau tipo arraroz beterik duzu.

      “Aitearen! Nola juzgatuko nau ni hemendik egun batzutara?”.

      — Hor duzu, esaterako, Ander Uria, injinadoreen buru, “ingeniero jefe”, ezizenez “Neron”. Atera kontuak nolakoa izango den “Neron” deitzen diotenean! Oraindik ez diot behin ere irribarre bat aurpegian ikusi.

      — Gaixoren bat edukiko du —esan diot txantxetan.

      — Bai zera! Inportantzia eman nahi dio bere buruari. Hemen “fardatzen” duena, etxean pagatu behar du. Etxean, emazteak agintzen omen dio. Ikusi nola diren kontuak. Hemen “Neron”, eta etxean azken tximinoa.

      Grazia dauka, gero, Maite Ruiz honek. Eta hitz egiteko nahia, baina oraingoan eskaileratik behera norbait dator eta isildu egin da.

      — Jesus, Mikel, nolako ikara sortu didazun! Don Damian zetorrela uste izan dut.

      Mikelek irribarre batekin erantzun dio.

      — Hau da enplegatu berria.

      Eskua luzatu dit.

      — Mikel Solatxi naiz, ordenanza. Zerbaitetan lagun badiezazuket, Bilbora kartaren bat eraman edo, esan. Baina nahiago nuke lan gehiegirik emango ez bazenit, zeren ni bakarrik bait nago ordenanza bezala eta oso lanpeturik ari naiz.

      Erantzun bat eman baino lehen, Maitek ebaki egin digu.

      — Zu, Jurgi. Don Damianek bukatu du hitz egiten. Hemen zaudela esango diot.

      Don Damianek igon nendila agindu dio. Eskaileratik gora, lehen estaian ezkerrera du bere langela. Aterantz nindoan baina andre batek eragozten dit. “Sorgin antzeko andre hau Edurne Isaba omen da”.

      — Zer nahi duzu? —galde egin dit zakar.

      Nik ere zakar erantzun diot.

      — Don Damianek deitu egin dit.

      Une batez zer egin jakin gabe geratu da, eta horretaz baliatzen naiz atean jotzeko.

      — Aurrera!

      Eta sartzen naiz. Hor dago Don Damian, paperez beteriko mahai handi baten atzean. Nekatuaren itxura du. Gaztea omen da, baina ilea zuritu zaio. Lehen begiradan, lanak menperatu duenaren itxura du. Zutitu gabe eskua luzatu dit.

      — Zu, Jurgi Arregi zara, ezta?

      — Bai, jauna.

      — Ongi. Eseri zaitez eta hemen gertatzen dena azalduko dizut. Erretzen al duzu?

      — Orain ez. Milesker.

      — Bueno. Ba orain direla hilabete batzu, presentatzen garen subastetan GAIN izeneko konpetentziako entrepresa batek lortzen ditu kontratak. Gu, prezioak ahal ditugun merkeen aurkezten ahalegintzen gara, baina alferrik. Eta orduan, norbait gure entrepresa barruan GAIN-en alde lan egiten ari dela pentsatzen dut. Ez dakit nire susmoak egiak izango ote diren, eta horregatik jo nuen IPE-ra, zuen esperientziarekin zerbait bila dezazuen. Gogoan har krisiaren erdian gaudela eta gure fabrikaren egoera larria dela.

      — Eta galdutako kontrata horiek asko suposatzen dute?

      — Bai, milioi asko. INDAR eta GAIN, Estatuko entrepresa handienetarikoak dira.

      — Orduan, norbait espioitzan ari bada, ongi pagatua izango da.

      — Noski.

      — Eta ba ote duzu nor izan daitekenaren susmorik?

      — Ez. Eta neurriak hartu nituen, baina alferrik. Orain azalduko dizut nola prestatzen ditugun subastetarako dokumentuak. Entzun iezadazu arretaz.

      Atseden bat hartu eta honela jarraitu du.

      — Subasta batetarako deia zabaltzen dutenean, ekipo bat bidaltzen dugu egin behar den lana azter dezan. Gero, hemen, gure teknikariek proiektoa egiten dute, eta materialen eta lan orduen kalkuloak. Baina, kontuz! Gertatzen zena ikusi ondoren, azken hilabeteotan diru kalkuloak Ander Uria, injinadoreen buruak pertsonalki egiten ditu. Hau da, gainerako teknikariek zenbat material eta zenbat lan ordu behar diren kalkulatzen dute, baina prezioak, gero, Ander Uriak ezartzen ditu. Beraz, besteek ez dakite zenbat pezetatakoa den gure proposamena.

      — Beraz, Ander Uriak soilik daki dato hori?

      — Ez. Gero niri pasatzen dit era nik nire sekretari den Edurne Isabari ematen dizkiot datoak, karta idatz dezan.

      — Eta gero, zer gertatzen da?

      — Karta idatzi ondoren, ordenanzak Postara eramaten du.

      — Eta karta horren duplikatua?

      — Hori nik gordetzen dut langela honetan dudan burni kutxa honetan. Eta giltza, nik dut, eta ez beste inork. Gero, subasta igaro ondoren, artxibo jeneralera pasatzen dut.

      — Beraz, azken datoa hiru pertsonek dakizue: zuk, Edurne Isabak eta Ander Uriak.

      — Horrela da. Baina ni ez naiz espioitzan ari, eta Edurne eta Ander aspaldiko lankideak ditut eta konfidantza osokoak.

      Nik ez dakit zer erantzun, baina zerbait esan behar.

      — Bai dela misterioa!

      Une batetan ezin izan diot besterik gaineztu. Baina nire erantzun baten zain ikusten dut. Zutitu egin naiz.

      — Bueno, aztertuko dut. Esan iezadazu orain zein lan egin behar dudan.

      Don Damian ere zutitu egiten da.

      — Itxura gordetzeko, eta zure benetako zereginaz inork susmorik eduki ez dezan, nire laguntzaile bezala lan egingo duzula zabaldu dut. Horrela, denak ezagutzeko aukera izango duzu.

      — Eta ez daki beste inork zertan arituko naizen benetan?

      — Ez. Nik soilik.

      — Ongi.

 

Espioitza
Xabier Gereño

Kriselu, 1977