Espioitza
Xabier Gereņo

Kriselu, 1977

 

 

XIII
BIGARREN TENIS PARTIDA

 

      Biharamun arratsaldean berriz ere Landatxuetara joan gara, eta orain, Rufino Diaz etorri denean, adiskidetsu agurtu gaitu. Oraingoan, Peruk zuzen eraman du elkar hizketa nahi dugun arlora. Garagardoa edaten ari garen bitartean, krisia aipatu du.

      — Ez dakit nora eramango gaituen krisi honek. Hainbat entrepresa larrialdi handitan dago.

      — Bai, horrela da.

      — Inbertitzaileak Boltsatik irten eta etxeak erosten ari dira. Negozio ona etxegintzan ari direnentzat.

      Azken esaldia zuzen GAIN-en arlora doa. “Interesgarria izango da Rufinoren erantzuna...” Baina Rufino hori baino listoagoa da.

      — Batzuk galtzen dutenean bestek irabazten dute. Jokoan bezala.

      Peru eta nire begiak gurutzatu egin dira. “Bide horretatik ez dezakezu deus lor”. Beraz, orain nik hitz egiten dut.

      — Nik INDAR-en lan egiten dut, eta gu ere oso gaizki ari gara...

      Rufinoren begi ibiltari haiek diztira berezi bat hartu dute. Ezin izan diot igarri zergatik den, ala gure jokoan, hark hasieratik igarri zigun jokoan azken karta erakuts erazi digulak sor ziezaiokeen pozarengatik, ala deus ez igarririk, beste espioi baten posibilitatea ikusten duelako nigan. “Zerbait du barruan. Aurrera jo behar dut”.

      — Maiz, nire etorkizunean pentsatzen dut. Nola jarrai, edozein egunetan jaus daiteken entrepresa batetan?

      Peruk ez du ahoa zabaldu, Rufinok erantzun diezadan.

      — Etorkizuna! Nork igarri etorkizuna?

      Berriz ere huts... “Zer arraio esan nahi du horrekin?”. Baina, behar bada ez dugu huts egin, zeren handik irten aurretik, nik ez dakit itxura gordetzearren edo zergatik, izen deiturak eta helbidea eskatu baitizkit.

      Biharamun goizean, INDAR-era heldu naizenean, Maite telefonista izan da lehen agurtu dudan pertsona. Oso alai erantzun dit.

      — Ola, Jurgi. Ea noiz bazkaltzen dugun berriz ere.

      — Gogoratzen zara...?

      — Ez naiz ba gogoratuko! Sekulako bazkaria izan zen...

      — A! Zu, Maite. Ipin iezadazu nire telefonoan, goian, Rufino Diaz-ekin.

      Harriturik begiratu dit.

      — Rufino Diaz, GAIN-ekoa?

      — Bai. Zerk harritzen dizu horrela?

      — Ez... GAIN konpetentziakoa delako.

      — Ba “Neron”ek hitz egiten du lasai harekin.

      Barre egin du.

      — Baina zu ez zara “Neron”. Hark egin dezake hori eta gehiago.

      Gora igon naiz. Mahaira heldu orduko, telefonoaren tirrina jotzen ari da.

      — Jurgi, hor duzu Rufino Diaz.

      Telefonoa hartu dut. Bulegoko denek entzuteko eran, hitzak ongi neurtuz eta begiek denei zuzenduz Rufinoren begi ibiltariak bailiren, hitz egiten hasi naiz.

      — GAIN? Rufino Diaz? A! Zurekin hitz egin nahi nuke. Gaur goizean ahal delarik... Hamaiketan?... Ongi.

      Susmagarri guztiek entzun didate: Edurnek, “Neron”ek eta don Damianek.

      Ordu berean, GAIN-en, Peru Alika egongo omen da Rufino Diaz-en despatxoan. Irrikitzen nago Peruren deiaren zain. Deitu egin dit.

      — Zer?

      — Bai, zuk hitz egin eta berehala deitu dute.

      Dardaraz nago.

      — Esan iezadazu hitzez hitz gertatu dena.

      — Zurekin hitz egin eta berehala telefonoak tirrina jo egin du. Rufinok hartu eta hitz hauk esan ditu: “Nor da?... Ez, ez zaitez kezkatu...”. Eta gero haserre antzean: “Esan dizut ez zaitezela kezkatu. Gero deituko dizut”. Eta telefonoa bere tokian ezarri du. A! Eta hau oso inportantea. Orduz geroztik haren portaera zeharo aldatu da. Ez zekien zertaz hitz egiten nion, handik oso urrun bailegoen.

      Telefonoa utzi egin dut. “Beraz, espioia kezkati dago. Haren aurpegian, haren portaeran, kezka hori nabarmendu behar zaio”. Eta susmagarriekin hitz egitea pentsatu dut.

      Edurne idazmakinaz ari da.

      — Edurne, txosten bat garbira pasatu behar da.

      Garratz erantzun dit.

      — Don Damianek agindutako lan batekin ari naiz.

      “Zer? Ez dakit zer pentsa. Edurne hau beti da iguingarri nagusiekin ez bada”. “Neron”engana noa, baina ez dago. Lankide batek esan dit.

      — Bilbora joan da, prisa handiz.

      “Don Damian. Ea hau zertan ari den”. Oso kezkati hartu nau.

      — Jurgi, etzi Administrazio Kontseiluaren bilera dago eta ikertze lanen kontu eskatuko didate.

      Honek argi bat eman dit.

      — Administrazio Kontseiluak? Orduan, nork gomendatu zion IPE-ri espioitza buruzko lanak, zuk ala Kontseiluak?

      — Bueno, nik, baina Kontseiluaren aginduz.

      “Oso interesgarria! Beraz, don Damian besteek bultzaturik joan zen IPE-ra”. Baina don Damian bere lehen galderaren erantzunaren zain dago.

      — Ikertze lanak aurrera doaz, eta esango diet IPE-koei txosten bat idatz diezazutela etzirako.

 

Espioitza
Xabier Gereņo

Kriselu, 1977