Esperoan eta Album
Bi titulu berrirekin dator Susa argitaletxearen eta EHAZEren Ganbila bilduma: Esperoan eta Album. Askoren arteko lana da lehena, antzerkiaren tradiziorik berrienak euskal teatro garaikidearekin harremanetan jartzeko nahia duena. Samuel Becketten Godoten esperoan lan ezagunak euskal teatrogintzan izan duen eraginaz eta harremanaz gogoeta egin dute Beñat Sarasola, Mikel Ayllon, Irati Agirreazkuenaga, Amancay Gaztañaga eta Oier Guillanek. Horretaz gain, obra horren itzala nabaria den Samara Velteren Eta Karmele? Eta Karlos Linazasororen Godotekin solasean ere bildu ditu Esperoanek. Bigarrena, berriz, ez da autopsia bat, ez da erretratu bat, ez da selfie bat: Formol Laborategiaren lehen Albuma da. Gazteei eta millenialei buruz hainbeste hitz egiten den garaiotan, belaunaldi berriek badaukate zer esanik, haiek nor diren eta haietaz zer espero den. Haien kaiolara sartzeko gonbidapena da, gonbidapen errefusaezina.