SIRENATXOA

 

        Itsasoaren hondoa urdin-urdina da, galsoroetako lore-urdin ederrenaren petaloak bezain urdina, eta garden-gardena, beira hutsa bezain gardena; baina oso sakona da, eta ez da aingurarik hondora iritsiko denik, eta kanpandorre ugari beharko lirateke, bata bestearen gainean jarri eta hondotik azalera iristeko. Eta, han, hondo-hondoan, bizi dira sirenak.

        Ez uste itsasoaren hondoan harea zuria besterik ez dagoenik. Bai zera! Zuhaitz eta landare bitxienak hazten dira han; zurtoinak eta hostoak hain dituzte malguak, ezen uraren mugimendu txikienak ere eragiten baitie, eta bizirik daudela dirudite. Arrain guztiak, txiki zein handi, haien adarren artean ibiltzen dira, airean txoriak bezalaxe. Itsasoaren sakonenean itsasoko erregearen jauregia dago: harresiak koralezkoak ditu, leiho luze zorrotzak anbar gardenekoak, eta teilatua maskorrez egina, eta maskorrak ur-korrontearen arabera irekitzen eta ixten dira. Ikusgarria da; izan ere, maskor guztiek perla distiratsuak baitituzte barruan, hain bikainak, ezen bat bakarra aski bailitzateke erregina baten koroa apaintzeko.

        Itsasoko erregea alarguna zen aspalditik, eta ama zaharrak zaintzen zion etxea. Emakume bizkorra zen ama, baina bere nobleziaz oso harro zegoen eta hamabi ostra zeramatzan isatsean, gorteko gainerakoek sei besterik eraman ezin bazituzten ere. Baina ondo mereziak zituen laudorioak, oso maite baitzituen bere semearen alabak, itsasoko printzesatxoak. Sei neskatxa eder ziren, baina gazteena zen guztietan ederrena: azala zuri-zuria zuen, arrosa baten petaloen antzekoa, eta begiak ozeano sakonena bezain urdinak. Baina bere ahizpak bezala, ez zuen hankarik; isatsa zuen hanken lekuan.

        Sirenek egun osoa jolasean ematen zuten jauregiko areto handietan. Lore bizidunak hazten ziren aretoetako hormetan. Anbar horiko leiho handiak zabalik zeuden eta arrainak igeri sartzen ziren, gure etxeetan enarak hegan sartzen diren antzera. Arrainak printzesa txikiengana joaten ziren zuzen-zuzenean; haien eskuetatik jaten zuten eta haien laztanak atsegin zituzten.

        Jauregiaren kanpoaldean lorategi handi bat zegoen. Hango zuhaitzak gorri biziak eta urdin margulak ziren. Frutek urreak bezala distiratzen zuten eta sugarrak bezala loreek. Zuhaitzek etengabe eragiten zieten beren zurtoin eta hostoei. Zorua harea finekoa zen, baina urdina, sufrearen sugarra bezain urdina. Han ziren gauza guztiek distira urdin berezi bat islatzen zuten; esan zitekeen itsasoaren hondoan ez, baina airean zeundela, zerua goian eta zerua behean. Itsasoa bare zegoenean, eguzkia bera ere ikusten zen, argitasun guztia korolatik igortzen zuen purpura-koloreko lore bat zirudiela.

        Printzesatxoek zeinek bere txokoa zuten lorategian, eta bakoitzak nahi bezala aitzurtzen eta landatzen zuen. Batek balea itxura eman zion bere lore-sailari, besteak nahiago izan zuen sirenatxo baten irudia, eta txikienak, berriz, erabat biribila egin zuen, eguzkiaren itxurakoa, eta eguzkiaren antzeko distira gorridun loreak besterik ez zituen landatu. Ume berezia zen txikiena, lasaia eta pentsakorra, eta beste ahizpek beren sailak itsasontzi hondoratuetatik bildutako gauza bitxienekin apaintzen bazituzten ere, berak, eguzki-itxurako lore gorri haiez gainera, marmolezko irudi eder bat besterik ez zuen: mutil gazte eder baten irudia, marmol zurian zizelatua, itsasontzi bat urperatzean hondora eroria. Irudiaren alboan sahats negarti gorri bat landatu zuen. Sendo-sendo hazi zen sahatsa eta mutilaren irudiaren gainetik abailtzen zituen bere adar leunak hondar urdineko zoruraino; eta zoruan egiten zuen itzal gorrixka adarrekin batera mugitzen zen; esan zitekeen adarrak eta sustraiak jolasean eta elkarri musuka ari zirela.

        Sirenatxoarentzat ez zegoen gauza atseginagorik gizakien munduari buruzko istorioak entzutea baino; amona zaharrak itsasontziei eta hiriei buruz eta gizaki eta animaliei buruz zekien guztia kontatu behar izaten zion. Sirenatxoari miresgarria iruditzen zitzaion lurreko loreek urrina izatea, itsas hondoan ez baitzuten halakorik, eta basoak berdeak izatea, eta adar artean ibiltzen ziren arrainek hain alai eta hain ederki kantatzea; amonak arrain esaten zien txoriei, bestela, ez zioten ulertuko, neskatxek ez baitzuten sekula txoririk ikusi.

        — Hamabost urte betetzen dituzuenean —esan zien amonak—, baimena izango duzue itsasotik irteteko, ilargi-argitan harkaitzetan esertzeko, eta itsasontzi handiak ikusteko. Eta basoak eta hiriak ere ikusiko dituzue.

        Hurrengo urtean bete zituen hamabost urte ahizpa zaharrenak, baina gainerakoek... Beno, urtebeteko aldea zuten batengandik bestearengana eta, beraz, gazteenak bost urte itxaron beharko zituen itsas hondotik irten eta gure mundua ikusteko. Baina ahizpetako bakoitzak hitz eman zien gainerakoei kontatuko ziela zein zen lehen egunean ikusten zuen gauzarik ederrena; izan ere, amonak kontatutakoa ez zen nahikoa; beraiek askoz ere gehiago jakin nahi zuten.

        Baina inork ez zuen gazteenak adinako grinarik, eta bera zen hain zuzen gehien itxaron behar zuena, bera, guztietan isilena eta pentsakorrena. Gauetan leihora irteten zen, eta gora begiratzen zuen ur urdin ilunaren artetik, eta arrainak ikusten zituen beren hegal eta isatsekin ura mugitzen zutela.

        Ilargia eta izarrak ere ikus zitzakeen. Distira apala bazuten ere, uretatik begiratuta guk ikusten ditugunak baino handiagoak ziruditen. Izarren azpitik hodei beltz moduko bat ikusten zuenean, bazekien balea zihoala gainetik igeri, edo jendez betetako itsasontzi bat, bestela; gutxi usteko zuten itsasontzian zihoazenek sirenatxo eder bat zutela azpian, esku zuriak gilarantz luzatzen zituela.

        Eta horretan, bete zituen printzesa zaharrenak hamabost urte eta irten zen ur-azalera.

        Itzuli zenean gauza asko zeuzkan kontatzeko, baina bere ustez gauzarik zoragarriena harea gainean etzanda egotea zen, ilargiaren argitan eta itsasoa bare zegoela, eta itsasertzeko hiri handia ikustea; izarrek bezala distiratzen zuten hiriko argiak ikustea; hango musika eta iskanbila, eta kotxeen eta jendearen zarata entzutea; kanpandorreak ikustea, eta kanpaiak dilindan entzutea. Eta iritsi ezin zituen gauza haiexek ziren, hain zuzen ere, gehien desio zituenak.

        Nolako arretaz entzuten zion ahizpa gazteenak! Gau hartan leihora joan zenean eta ur urdin ilunaren artetik gora begiratu zuenean, hiri handi hura irudikatu zuen, soinu, zarata eta guzti, eta iruditu zitzaion kanpaien soinua entzuten zuela.

        Hurrengo urtean bigarren ahizpak izan zuen uretan gora egin eta nahi zuen lekura igeri joateko baimena. Eguzkia ezkutatzen ari zenean iritsi zen azalera, eta ikuskizun hura inoiz ikusi zuen gauzarik zoragarriena iruditu zitzaion. «Zeruak urrezkoa zirudien!», esan zuen, «eta hodeiak...», ezin zuen horrenbeste edertasun adierazi. Esan zien hodeiak igaro zitzaizkiola gainetik, gorriak eta moreak, baina haiek baino bizkorrago beltxarga-saldo batek egin zuela hegan eguzki ingurura, xingola zuri handi baten antzera; bera ere harantz joan zela igeri, baina eguzkia urperatu eta itsas azaleko distira arrosa itzali egin zela.

        Handik urtebetera hirugarren ahizpa igo zen. Hura zen guztietan ausartena, eta itsasora isurtzen zen ibai zabal baterantz egin zuen igeri. Mendixka berde zoragarrietan mahastiak, jauregiak eta landetxeak ikusi zituen, oihan handien artean. Txorien kantua entzun zuen. Eguzkia hain zen kiskalgarria, non behin baino gehiagotan ur azpian sartu behar izan zuen aurpegia, freskatzeko. Badia batean haur talde bat ikusi zuen; erabat biluzik zeuden eta plisti-plasta zebiltzan uretan; haiekin jolastu nahi izan zuen, baina izuturik ihes egin zioten. Animalia txiki beltz bat hurbildu zitzaion gero; zakurra zen, baina bera sekula zakurrik ikusi gabea zen, eta zakurra zaunka eta zaunka hasi zitzaionean, sirenatxoak itsas barrenera ihes egin zuen izuturik. Ezingo zituen inoiz ahaztu baso eder haiek, mendixka berdeak eta haur atsegin haiek, isatsik ez zeukaten arren igerian bazekiten haur haiek.

        Laugarren ahizpa ez zen aurrekoa bezain ausarta izan; itsas zabalean gelditu zen, eta esan zuen huraxe zela, hain zuzen ere, gauza guztietan ederrena: ikusmira zabala zegoen, milia askotakoa, eta zeruak beirazko kanpai bat zirudien. Itsasontziak ikusi zituen, baina oso urrun: antxetak ematen zuten. Izurde atseginak jauzika zebiltzan, eta balea izugarriek sudur zuloetatik ura botatzen zuten, inguru guztian ehundaka iturri baleude bezala.

        Bosgarren ahizparen txanda etorri zen gero. Neguan betetzen zituen hark urteak, eta horregatik besteek ikusi ez zuten ikuskizuna ikusi ahal izan zuen: itsasoa berde-berde, eta izozmendi handiak han eta hemen igeri; mendi bakoitzak perla bat zirudien, eta gizakiek eraikitzen zituzten kanpandorreak baino askoz ere garaiagoak ziren. Oso forma bitxiak hartzen zituzten, eta diamanteen distira. Mendi handienetako batean eseri zen printzesa. Haizeak ilea nahasten zion eta belontzi guztiek izuturik alde egiten zuten haren ondotik. Arratsean zerua hodeiez estali zen, tximistak eta trumoiak izan ziren; itsaso beltzak oso gora altxatzen zituen izotz-puskak eta tximista-argitan distira egiten zuten. Itsasontzi guztiek belak hedatu zituzten, beldurturik eta izuturik, baina sirenak bere izozmendiaren gainean jarraitu zuen lasai-lasai eserita, eta tximista-argiak sigi-saga eginez itsaso argitsuan erortzen ikusi zituen.

        Ahizpak lehen aldiz itsas-azalera irteten zirenean, liluraturik gelditzen ziren han ikusten zituzten gauza eder eta berriekin, baina behin nagusitasuna iritsi eta nahi zutenetan irteteko baimena lortzen zutenean, aspertu egiten ziren eta nahiago izaten zuten etxera itzuli. Hilabete bat kanpoan egin ondoren beren etxea baino leku hoberik eta atseginagorik ez zegoela, eta etxean beste inon baino hobeto egoten zela esaten zuten.

        Askotan, arratsean, bost ahizpak elkarri besotik heldu eta ur-azalera igotzen ziren. Ahots zoragarriak zituzten, edozein gizakirenak baino gozoagoak, eta ekaitzak jotzen zuenean eta itsasontziren bat urpera zitekeela iruditzen zitzaienean, itsasontzira hurbildu eta itsas hondoaren edertasuna goraipatzen zuten kantuz, eta beldurrik gabe hara jaisteko eskatzen zieten marinelei. Baina, marinelek ez zuten haien kantua ulertzen, ekaitz-hotsa zela uste zuten, eta nahiago izaten zuten edertasun hura ez ikusi; izan ere, itsasontzia hondoratzen zenean, gizonak ito egiten baitziren, eta hildakoan bakarrik bisitatzen zuten itsasoko erregearen jauregia.

        Gauez, ahizpak elkarri besotik helduta itsas azalera igotzen zirenean, ahizpa txikiena bakar-bakarrik geratzen zen haiei begira; negarrez hasi behar zuela ematen zuen, baina sirenek ez dute malkorik, eta horregatik, gehiago sufritzen dute.

        — Hamabost urte banitu! —esaten zuen—. Seguru nago hor goiko mundu hori gustatuko zaidala, eta baita hangotarrak ere!

        Eta azkenean bete zituen hamabost urteak.

        — Hara, etorri zaizu joateko garaia —esan zion amonak, ama erregina alargunak—. Zatoz! Dotore-dotore jantziko zaitut, zure ahizpak jantzi nituen bezala.

        Eta lirio zurizko koroa bat jarri zion buruan, baina petalo bakoitza perla baten erdia zen; eta sei ostra handi erantsi zizkion amonak isatsean, gorentasunaren erakusgarri.

        — Min ematen didate, baina! —esan zuen sirenatxoak.

        — Badakit, baina batzuetan eder egoteak hori eskatzen du! —esan zion amonak.

        Gustura utziko zituen sirenatxoak dotorezia haiek guztiak! Gustura kenduko zuen koroa astun hura! Polikiago emango zioten bere lore gorriek. Baina ez zen ezer aldatzera ausartu.

        — Banoa! —esan zuen, eta uretan gora igo zen burbuila bat bezain arin.

        Burua uretatik atera zuenean eguzkia sartu berria zen, distira arrosak eta urre-kolorekoak zituzten artean hodeiek; arratseko izarra dizdiz zegoen zeru arrosean. Haize freskoak leun-leun jotzen zuen. Itsasoa bare-bare zegoen. Hiru mastako itsasontzi handi bat ikusi zuen, bela bakar bat jasorik zuela, ez baitzegoen haize handirik, eta marinelak kordaren eta masten inguruan eserita zeuden. Musika eta kantuak entzuten ziren, eta ilundu ahala kolore askotako argiak piztu ziren. Herrialde guztietako banderak ziruditen, airean astinka. Sirenatxoa itsasontziko gelako leihora joan zen igeri, eta olatuek gora jasotzen zutenean, jende asko ikusten zuen barruan dotore-dotore jantzita; baina printze gazte begi-beltza zen han ederrena. Printzeak ez zituen hamasei urte baino gehiago izango, eta haren urtebetetzea ospatzeko ari ziren festa egiten. Marinelak zubian zebiltzan dantzan, eta printze gaztea haiengana hurbildu zenean ehun suziritik gora jaurti zituzten. Egun argia balitz bezala argitu zen inguru guztia, eta sirenatxoa izutu eta uretan murgildu zen, baina berehala atera zuen berriz ere burua uretatik; zeruko izar guztiak gainera zetozkiola iruditu zitzaion. Ez zuen sekula halako su magikorik ikusi: eguzki handiak kiribilka zebiltzan, suzko arrainak aire urdinean dilindan zeuden, eta hura guztia itsaso garbi barean islatzen zen. Itsasontzian ere argitasun handia zegoen, eta erraz bereizten ziren bai soka guztiak bai jendea. Zein ederra zen printze gaztea! Denei eskua eman, eta irri eta barre egiten zuen, eta musikak betetzen zuen gau zoragarri hura.

        Sirenatxoari berandutzen ari zitzaion, baina ezin zituen begiak itsasontzitik eta printze eder harengandik urrundu. Itzali ziren argi nabarrak, eta ez zen beste suziririk jaurti, ez beste kanoi-burrunbarik entzun; baina itsaso barrenean bazen zurrumurru apal bat. Sirenatxoa kulunka zerabilten uhinek, eta gelaren barrualdea ikusten zuen. Baina itsasontziak abiada handiagoa hartu zuen; bela guztiak bata bestearen atzetik hedatu zituzten; zakartu egin ziren olatuak, hodei handiak agertu ziren zeruan, eta tximistak ikusten ziren urrunean. Ekaitz izugarri bat zetorren! Marinelek, ekaitza zetorrela oharturik, belak bildu zituzten. Itsaso haserre hartan kulunka zebilen itsasontzia, jitoan, eta mendiak bezalako olatu beltz handiak altxatzen ziren, itsasontziaren masta eraitsi nahi balute bezala; olatu erraldoien azpian ezkutatzen zen itsasontzia beltxargen antzera eta ur-mendi gainean agertzen zen berriro. Sirenatxoari bidaia atsegina iruditu zitzaion; marinelei ez, noski: itsasontziak kriski eta kraska egiten zuen, eta itsasontzira sartzen ziren itsas erauntsiek oholak okertzen zituzten. Masta erditik puskatu zen kanabera bat bezala, eta itsasontzia alde batera okertu zen; ura sartu eta sartu ari zen ontzian. Orduan konturatu zen sirenatxoa itsasontziak zuen arriskuaz. Berak ere kontuz ibili beharko zuen uretan zeuden ohol- eta itsasontzi-puskekin. Bat-batean erabat belztu zen zerua, ikatza bezain beltz egin zen, eta sirenatxoak ez zuen ezer ikusten; baina, tximista bat erortzen zenean, berriz ere argitzen zuen, eta itsasontziko gauza guztiak ikusten zituen. Bakoitzak ahal zuena egiten zuen itsasontzian bere burua salbatzeko, baina sirenatxoa printzearen kezkatan zegoen, eta azkenean, itsasontzia txiki-txiki egina zenean, han ikusi zuen printzea poliki-poliki urperatzen. Horrek poztu egin zuen sirenatxoa, horrela berarekin elkartuko baitzen printzea; baina berehala gogoratu zen gizakiak ezin zirela uretan bizi, eta hilda ez bazen, printzea ez zela iritsiko aitaren urpeko gaztelura. Ez, printzeak ez zuen hil behar! Ohol artean igeri joan zen sirenatxoa, min har zezakeela ahazturik: hondoratzen zen ur azpian eta agertzen zen berriro olatuen gainean. Eta azkenik printze gaztearengana iritsi zen. Printzea etsita zegoen itsaso haserre hartan igeri egin ezinik; ahulduta zituen besoak eta hankak, eta bere begi ederrak ixten hasi zitzaizkion, eta hilko zen, sirenatxoak lagundu izan ez balio. Sirenatxoak eutsi zion printzearen buruari, eta olatuak nora, haiek ere hara geratu ziren.

        Egunsentirako ekaitza baretua zen. Ez zen itsasontziaren arrastorik; itsasoa gorri-gorri zegoen eguzkiaren distiraz. Eguzkiak printzearen masailak bizitu zituela ematen zuen, baina begiak itxita zeuzkan oraindik. Sirenatxoak bekokian musu eman eta ile nahasia laztandu zion. Pentsatu zuen printzeak lorategiko marmolezko irudiaren antza zuela, eta musu eman zion berriz ere; bizi zedila eskatu zuen.

        Halako batean, lurra ikusi zuen bere begien aurrean, eta mendi urdin garaiak, eta mendien gailurretan elur zuria dizdiz, beltxarga-saldo bat balitz bezala. Behean, kostaldean, oihan berde ederrak zeuden, eta haien aurrean eliza bat, edo monasterio bat, ez zegoen ziur: eraikuntza bat behintzat. Lorategian limoiondoak eta laranjondoak zeuden, eta ate aurrean palmondo izugarri handiak. Bazter hartan itsasoak kala txiki bat eratzen zuen; bare-bare zegoen, baina oso sakona zen, eta labarraren oinetan harea zuri fineko hondartza bat zegoen. Sirenatxoak kala hartaraino igeri egin zuen printzearekin, eta hareatan etzan zuen, kontu handiz, eta burua altxatu zion, eguzkiaren argi beroa har zezan.

        Horretan, eraikuntza zuriko kanpaiak entzun ziren, eta neskatxa-talde bat itsasertzera joan zen korrika. Sirenatxoa igerian urrundu zen, eta ur gainean ageri ziren arroka garai batzuen atzean ezkutatu zen. Ilea eta bularra aparrez estali zituen inork aurpegia ikus ez ziezaion, eta begira gelditu zen: printzearengana nor hurbiltzen zen ikusi nahi zuen.

        Neskatxa bat hurbildu zen berehala; izutu egin zen eta jende gehiagori deitu zion, eta sirenatxoak ikusi zuen printzea bizirik zegoela eta irribarre egiten ziela ingurura etorritakoei, baina ez berari, ez baitzekien sirenatxoak salbatu zuenik. Sirenatxoak pena handia hartu zuen printzea eraikuntza handira eraman zutenean; erabat tristeturik urperatu eta etxera abiatu zen, aitaren jauregira.

        Neska isila eta pentsakorra zen lehen ere, eta harrezkero gehiago. Ahizpek galdetu zioten ea zer zen han goian ikusi zuen gauzarik ederrena, baina sirenatxoak ez zien ezer erantzun.

        Sirenatxoa goiz eta arratsaldez itzultzen zen printzea utzi zuen lekura. Ikusi zituen lorategiko fruituak heltzen, eta nola jasotzen zituzten, eta baita mendietako elurra urtzen ere; baina printzea ez zuen ikusi. Gero eta tristeago itzultzen zen etxera. Kontsolamendu bakarra lorategitxoan eseri eta printzearen antza zuen marmolezko irudia besarkatzea zuen. Baina ez zituen bere loreak zaintzen, sastraka baten antzera utzi zituen hazten. Bideak erabat estali zituzten eta zuztar eta hostoak zuhaitzen adarretan kiribildu ziren. Dena ilun-ilun gelditu zen.

        Baina ezin isilik gehiago iraun, eta ahizpa bati kontatu zion guztia; eta berehala jakin zuten gainerako ahizpek, baina ez beste inork, sirenatxo pare batek izan ezik, eta horiek ez zieten bere lagun minei beste inori kontatu. Haietako batek ezagutzen zuen printzea, ikusi zuen itsasontziko festa, eta bazekien nongoa zen printzea eta non zegoen haren erreinua.

        — Zatoz, ahizpatxo! —esan zioten printzesek.

        Eta besotik helduta, ur-azalera igo ziren ilara luze bat osatzen zutela, eta printzearen jauregia zegoen lekura hurbildu ziren.

        Jauregia harri hori distiratsuz eraikia zen. Marmolezko eskailera handiak zituen, eta horietako bat itsasertzeraino iristen zen. Teilatuaren gainetik urre-koloreko kupula zoragarriak ageri ziren, eta jauregia inguratzen zuten zutabeen artean zeuden marmolezko eskulturak bizirik zeudela ematen zuen. Leiho luzeetako kristal gardenetatik oso saloi ederrak ikusten ziren: sedazko errezela garestiak eta tapizak zeuden leihoetatik zintzilik eta hormak pintura handiz apaindurik. Ikusgarria zen! Saloi handiaren erdian iturri handi bat zegoen, eta ur-txorrotak kristalezko kupularaino iristen ziren; kupulatik sartzen ziren eguzki-izpiek ura argitzen zuten, eta baita urmael handian hazten ziren landare ederrak ere.

        Sirenatxoak orain bazekien non zegoen printzearen jauregia, eta arratsalde eta gau askotan itzuli zen hara igeri; bera izan zen ahizpetatik itsasbazterrera gehien hurbiltzera ausartu zena, eta marmolezko balkoi baten azpian zegoen ubide estuan sartzera ere ausartu zen. Balkoiak itzal egiten zuen uretan eta hantxe geratzen zen sirenatxoa printzea ikusteko; printzeak ilargi-argitan bakarrik zegoela uste zuen.

        Sirenatxoak arratsalde askotan ikusten zuen printzea bere itsasontzi ederrean; entzuten zuen itsasontziko musika eta ikusten zituen banderak haizetan. Ihi artetik egoten zen zelatan sirenatxoa, eta haizeak haren ile luze zuriarekin jolasten zuen; norbaitek ikusten zuenean, hegoak zabalik zituen beltxarga bat zela pentsatzen zuen.

        Askotan entzun zituen arrantzaleak, gauez zuziekin arrantzan zebiltzala, printze gaztea goraipatzen, eta sirenatxoa asko pozten zen printzea erdi hilik olatu gainean zihoala haren bizia salbatu izanaz, eta oroitzen zen nola eduki zuen haren burua bularrean eta eman zion musu. Printzeak, ordea, ez zekien ezer eta ezin zuen ametsik ere egin.

        Sirenatxoak gero eta gehiago maite zituen gizakiak. Gero eta gehiago desiratzen zuen haiekin bizitzera joatea. Haien mundua berea baino askoz ere handiagoa iruditzen zitzaion. Itsasoan barrena joaten ziren gizakiak beren itsasontzietan, mendi garaietan gora hodeietaraino igotzen ziren, eta haien zelai eta baso-lurrak berak ikusi ahal zuena baino harago iristen ziren. Gauza asko jakin nahi zuen, baina ahizpek ez zuten erantzunik galdera guztientzat, eta amona zaharrari galdetu zion, hark oso ondo ezagutzen baitzuen goiko mundua, goiko mundua esaten zien-eta amonak itsasoz gaindiko lurraldeei.

        — Eta gizakiak, itotzen ez badira —galdetu zuen sirenatxoak—, betiko bizi al dira? Ez al dira hiltzen, gu hemen itsasoan hiltzen garen bezala?

        — Hilko ez dira, ba! —esan zuen amonak—. Guk baino bizitza laburragoa dute gainera. Gu hirurehun urtera ere iristen gara, baina hiltzen garenean, apar bihurtzen gara: ez dugu hilobirik ere uzten gure senideen artean. Guk ez dugu arima hilezkorrik, ez dugu ondorengo bizitzarik. Ihi berdearen antzekoak gara: behin moztuz gero, ez da berriro hazten! Gizakiek, ordea, arima dute, eta arimak betiko bizia du; bizirik irauten du gorputza hauts bihurtuta ere. Airean gora joaten da izar distiratsuetaraino! Gu itsasoan gora joan eta gizonen lurrak ikusten ditugun bezala, haiek leku zoragarri eta ezezagunetara joaten dira, guk inoiz ikusiko ez ditugun lekuetara.

        — Eta guk zergatik ez dugu arima hilezkorra? —esan zuen sirenatxoak nahigabeturik—. Gustura emango nituzke nire bizitzako ehun urte egun bakar batean gizaki izatearen truke eta mundu zerutiar horren zati bat edukitzearen truke.

        — Ezta pentsatu ere! —esan zuen amonak—. Gu haiek baino zoriontsuagoak gara eta bizitza hobea dugu!

        — Hil eta apar bihurtu beharko dut hortaz! Uko egin beharko diot olatuen musika entzuteari, eta lore ederrak eta eguzki horia ikusteari! Ezin ote dut ezer egin arima hilezkorra lortzeko?

        — Ez! —esan zion amonak—. Gizon batentzat bere aita edo ama baino garrantzitsuagoa izatea lortuko bazenu, bere gogo eta maitasun guztiarekin zutaz maiteminduko balitz, eta apaiz batek gizon horren eskuineko eskua zurearen gainean jarri eta gizaldi eta gizaldietan elkarri leialtasuna aitortuko bazeniote, arima bat sartuko litzaizuke gorputzean eta orduan lortuko zenuke gizatasunaren zoriona. Gizonak arima bat emango lizuke zuri, berea galdu gabe. Baina hori ezinezkoa da! Hemen, itsasoan, ederrena duzuna, arrain-isatsa, higuingarria iruditzen zaie lurtarrei; ez dute ezer ulertzen, uste dute hanka esaten dieten bi euskarri baldar behar direla eder izateko.

        Sirenatxoak hasperen egin zuen eta bere arrain-isatsari begiratu zion triste.

        — Alaitu zaitez umetxo! —esan zion amonak—. Egin dezagun jauzi eta dantza gure hirurehun urteko bizitzan; denbora luzea da, eta hartuko dugu atseden hiltzen garenean. Gaur gauean dantzaldia izango da gortean!

        Hura zen luxua! Lurrean ez da halakorik. Dantza-areto nagusiko hormak eta sabaiak kristal lodikoak ziren, baina gardenak erabat. Arrosa- eta berde-koloreko ehundaka maskor erraldoi zeuden hormaren biran ilaran jarrita; gar urdin batek argitzen zuen areto guztia, eta hormetatik zehar, itsasoraino iristen zen argitasuna. Kanpoaldea argi-argi zegoen, eta milaka arrain handi eta txiki ikusten zen kristalezko hormetarantz igeri; batzuen ezkatak purpura-kolorekoak ziren, besteenek, aldiz, zilarra edo urrea ziruditen. Aretoaren erdi-erditik erreka zabal bat igarotzen zen, eta han ari ziren tritoiak eta sirenatxoak kantuan eta dantzan. Ez da lurrean halako ahots ederra duen gizakirik. Sirenatxoa zen ondoen kantatzen zuena, eta guztiek txalo egiten zioten, eta une batez zoriona sentitu zuen bihotzean; izan ere, bai baitzekien lurreko zein itsasoko ahotsik ederrena zuela. Baina berehala etorri zitzaion burura berriz ere han goiko mundua. Ezin zuen printzea ahaztu, eta tristetu egiten zuen printzeak bezalako arima hilezkorrik ez izateak. Irten zen, bada, aretotik isats-puntetan, eta barruan dena kantua eta poza zen arren, sirenatxoa bere lorategian eseri zen triste-triste. Orduan adar-hotsa entzun zuen, eta pentsatu zuen: «Orain itsasontzian egongo da bera, aita eta ama baino maiteago dudan gizona, nire pentsamendu guztien jabea, zeinaren eskuetan jarri nahi dudan neure etorkizuna. Edozer egingo nuke bera neureganatu eta arima hilezkor bat lortzearren! Ahizpak aitaren jauregian dantzan dabiltzan bitartean, itsas sorgina ikustera joango naiz; beti beldur izan diot, baina beharbada jakingo du niri nola lagundu!»

        Sirenatxoa, orduan, bere lorategitik irten eta zurrunbilo apartsurantz abiatu zen; zurrunbilo haren atzean bizi zen sorgina. Sirenatxoa ez zen behin ere bide hartatik ibili; han ez zen lorerik, ezta itsas-landarerik ere; harea grisa besterik ez zegoen alde guztietan, eta zurrunbilo-urak harrapatzen zuen guztia hartu eta hondo-hondoraino eramaten zuen. Zurrunbilo horiek gainditu behar zituen itsas sorginaren eremuetara iristeko, eta bide-puska batean ez zegoen lokatz bero eta burbuilatsua besterik; zohikaztegia esaten zion sorginak gune hari. Atzean baso bitxi bat zegoen, eta haren erdian sorginaren etxea. Basoko zuhaitz eta zuhaixkak polipoak ziren: erdi animalia, erdi landare. Lurretik ateratzen ziren ehun buruko sugeak ziruditen. Adarrak beso luze likatsuak ziren, har-itxurako garro malguak zituzten eta sustraietatik hasi eta azken adar muturreraino mugitzen ziren etengabe. Uretan harrapatzen zuten guztiari heldu eta estu-estu eusten zioten eta ez zuten sekula askatzen. Sirenatxoa beldurrak dardaraz zihoan; atzera egitekotan ere egon zen, baina printzea eta giza-arima gogoratu zituen, eta berriz ere adorea bildu zuen. Polipoek iletik harrapa ez zezaten, bildu zuen ile luzea buruaren inguruan irmo-irmo, tolestu zituen besoak, eta hegan joan zen, arrainak uretan bezala; polipo izugarriek, sirenatxoa harrapatu nahian, beren beso malguak eta garroak luzatzen zituzten. Sirenatxoa konturatu zen polipo haietako batek harrapatzen zuen gauza, ehundaka beso txikik inguratzen zutela eta kate sendo batek bezala eusten ziotela. Itsasoan hil eta hondoratutako gizakiak eskeleto zuri bihurturik zeuden polipoen besoetan. Itsasontzietako lemak, kofreak eta lurreko animalien eskeletoak ere harrapatzen zituzten; sirenatxo bat ere harrapatu eta ito egin zuten, eta hori zen beldurgarriena.

        Orduan basoko zabalune argi eta hareatsu batera iritsi zen. Itsas-suge handi mardul batzuk ikusi zituen jolasean, beren sabelalde hori nazkagarriak agerian zituztela. Zabaldiaren erdi-erdian etxe bat zegoen, urperatutako gizakien hezurrez egina; han zegoen itsas sorgina, apo bati ahotik ahora jaten ematen, gizakiek kanarioei azukre-kozkorra ematen dieten bezala. Uretako suge handi mardulei txitatxo esaten zien eta bere papar handi higuingarrian jolasean ibiltzen uzten zien.

        — Badakit zertara zatozen! —esan zion itsas-sorginak—. Burutik eginda zaude, zeharo! Baina, emango dizut nahi duzuna, zoritxarra besterik ekarriko ez badizu ere, nire printzesa maitea. Arrain-isatsaren ordez gizakiek ibiltzeko erabiltzen dituzten euskarri horiek nahi dituzu, printze gaztea zurekin maitemintzeko eta zuk arima hilezkorra lortzeko.

        Eta horretan barre-algaraka hasi zen sorgina, eta lurrera erori zitzaizkion soinean zituen apoa eta sugeak.

        — Garai ezin hobean zatoz —esan zion sorginak—. Bihar, eguzkia irteten denean izango da. Bestela, datorren urtea arte ezingo dizut lagundu. Edabe bat prestatuko dizut. Eguzkia irten aurretik itsasertzeraino joan beharko duzu, eta itsasbazterrean eseri eta nik emandako edabea edan beharko duzu. Une horretan, zure isatsa bitan banatu eta estutu egingo da, eta gizakiek hanka eder esaten dieten horietakoak sortuko zaizkizu. Baina min handia izango duzu, ezpata batek gorputza zeharkatuko balizu bezala. Inoiz ikusi duten neskarik ederrena zarela esango dute guztiek. Ez duzu galduko zure ibilera zalua; munduko dantzariak ere ez dira zu bezain zalu izango. Baina ematen duzun pausu bakoitza labana zorrotz baten sastada izango da, odola isuraraziko dizun sastada bat. Oinaze hori guztia jasateko prest bazaude lagunduko dizut.

        — Bai, prest nago! —esan zuen sirenatxoak ahotsa dardaraz, printzea eta lortu nahi zuen arima hilezkorra gogoan.

        — Baina gogoan izan —esan zion sorginak— behin giza-irudia hartuz gero, ezin izango zarela atzera sirenatxo izan! Ezin izango zara itsasora itzuli zure aitaren jauregian ahizpekin elkartzera, eta ez duzu arima hilezkorrik lortuko, baldin eta printzeak bere aita-amak baino maiteago ez bazaitu, bere pentsamenduak zuretzat ez baditu eta apaizak zuen eskuak elkartzen ez baditu. Eta printzea beste emakume batekin ezkontzen bada, ezkontzaren hurrengo egunean zure bihotza erdibitu egingo da eta zu apar bihurtuko zara.

        — Bai, bai, aurrera egingo dut! —esan zuen sirenatxoak hildako bat bezain zurbil.

        — Baina, ordaindu egin beharko didazu! —esan zion sorginak—. Eta ez gutxi gainera! Itsas hondoko ahots zoragarriena duzu, eta ahots horrekin printzea liluratzeko asmoa izango duzu, baina niri eman beharko didazu. Zure gauzarik onena behar dut edabea egiteko; nik neure odoletik botako diot, bi ahoko ezpata bezain zorrotza izan dadin.

        — Baina ahotsa kentzen badidazu —esan zuen sirenatxoak—, zer geratzen zait!

        — Gorputz zoragarria —esan zuen sorginak—, ibilera zalua eta begien mintzoa; nahikoa duzu hori giza-bihotza zeureganatzeko. Tira, ez ikaratu! Atera mingaintxoa, moztu dezadan nire edabearen ordainetan.

        — Hala izan bedi! —esan zuen sirenatxoak. Eta sorginak edabea egosteko ontzia prestatu zuen.

        — Gauza ona da garbitasuna! —esan zuen sorginak. Suge guztiak bildu eta haiekin garbitu zuen ontzia. Ondoren paparrean ebaki bat egin zuen, eta odol-tantak ontzira erori ziren; lurrinak irudi harrigarriak osatzen zituen, irudi beldurgarriak. Ontzira gauzak bota eta bota aritu zen sorgina, eta irakiten hasi zenean, krokodilo baten negarra ematen zuen. Azkenik, prest zegoen edabea; ur garbia bezain gardena zen.

        — Hemen duzu! —esan zion sorginak, eta mingaina moztu zion sirenatxoari. Eta sirenatxoa mutu gelditu zen, hitz egiteko eta kantuan aritzeko gauza ez zela.

        — Nire basoa zeharkatzean polipoek harrapatzen bazaituzte —esan zuen sorginak—, edabe-tanta bat bota eta mila zatitan puskatuko zaizkie besoak eta garroak.

        Baina sirenatxoak ez zuen halakorik egin behar izan; polipoak izuturik urruntzen ziren, sirenatxoaren eskuetan isurkari hura izar baten antzera dir-dir ikusten zutenean. Berehala igaro zituen basoa, aintzira eta zurrunbilo apartsuak.

        Aitaren jauregia ikusi zuen. Dantza-aretoko argiak itzalita zeuden. Ziur asko lo egongo ziren guztiak, baina ez zen ausartu haiengana joaten. Mutua zen orain eta betiko urruntzera zihoan. Penaren penaz bihotza erdibitu behar zitzaiola iruditu zitzaion. Lorategira joan zen igeri eta ahizpen lorontzi bakoitzetik lore bat hartu zuen. Ondoren, milaka musu bota zituen eskuekin jauregira, eta itsaso urdin ilunean gora abiatu zen.

        Printzearen jauregia ikusi zuenean eguzkia irteteko zegoen artean. Marmolezko eskailera zoragarria igo zuen. Ilargi zoragarria zegoen dizdiz. Sirenatxoak edabe bero garratza edan zuen orduan, eta gorputza bi ahoko ezpata batek zeharkatzen ziola sentitu zuen; konortea galdu eta hilda bezala gelditu zen. Eguzkiak itsasoa argitu zuenean esnatu zen; izugarrizko mina zuen, baina printze eder gaztea zuen alboan, ikatza bezain begi beltz haiekin begira. Sirenatxoak begiak jaitsi zituen, eta arrain-isatsa desagertu zitzaiola ikusi zuen eta inoiz neskatxa batek izan dituen hanka eder eta zurienak zeuzkala. Baina biluzik zegoen, eta bere ile luze sarriarekin estali zuen gorputza. Printzeak nor zen eta nondik zetorren galdetu zion, eta sirenatxoak bere begi urdinak jaso eta begirada gozo baina triste bat zuzendu zion, ezin baitzuen hitz egin. Printzeak, orduan, jauregira eraman zuen sirenatxoa eskutik helduta. Pauso bat ematen zuen bakoitzean, sorginak esan bezala, orratz eta labana zorrotzak zapalduko balitu bezalako mina sentitzen zuen, baina gustura zegoen. Printzeari eskutik helduta burbuila bat bezain airos zihoan sirenatxoa, eta guztiak liluraturik gelditu ziren sirenatxoaren ibilera zalu eta dotorearekin.

        Sedazko eta muselinazko soineko garestiak egin zizkioten; jauregiko neska ederrena zen, baina mutua: ezin zuen ez kantatu, ez hitz egin. Emakume esklabo asko etorri ziren sedazko eta urrezko soinekoak jantzita, printzeari eta errege-erreginari kantatzera. Haietako batek besteak baino hobeto kantatzen zuen, eta printzeak txalo eta irribarre egin zion. Horrek tristetu egin zuen sirenatxoa, bai baitzekien berak hobeto kantatzen zuela, eta pentsatu zuen: «Baldin baleki printzeak berarekin egoteagatik galdu dudala ahotsa betiko!»

        Ondoren esklaboak dantzan hasi ziren, musika atseginarekin batera beren gorputzak sigi-saga, dotore kulunkatuz. Orduan sirenatxoak bere beso zuri ederrak jaso, hanka-puntetan jarri, eta beste inork ez bezala egin zuen dantza. Mugimendu bakoitzak bere edertasuna areagotzen zuen, eta bere begien mintzoa bihotzaren erdiraino iristen zitzaien denei, esklaboen kantuak baino barrurago.

        Guztiak liluraturik zeuden, printzea batez ere; «nire umezurtz ederra» esaten zion, eta sirenatxoak dantza eta dantza jarraitzen zuen, nahiz eta lurra ukitzen zuen bakoitzean labana zorrotzak zapaltzean bezalako oinazea jasan. Printzeak betiko berarekin gelditzeko eskatu zion, eta printzearen gelaren aurrean belusezko kojin batean lo egiteko baimena eman zioten sirenatxoari.

        Sirenatxoarentzat gizon-jantzi bat egiteko agindu zuen, zaldiz ibiltzera elkarrekin joan ahal izateko. Baso lurrintsuetan barrena ibiltzen ziren; zuhaitzetako adar berdeak haien sorbaldaraino abailtzen ziren, eta txoritxoek hosto berrien artean kantatzen zuten. Mendietara ere igotzen zen sirenatxoa printzearekin, edonork ikus zezakeenez hankatxoak odoletan bazituen ere, barrez joaten zen printzearen atzetik, eta hain gora igotzen ziren, ezen behean hodeiak ikusten zituzten, lurralde urrunetara zihoan txori-aldra bat balitz bezala.

        Gauez, printzearen jauregian guztiak lo zeudela, marmolezko eskailera zabalera irteten zen sirenatxoa, hankatxoak itsas uretan freskatzera, eta itsas hondo-hondoan bizi zirenez oroitzen zen.

        Gau batean ahizpak agertu ziren elkarri besotik helduta igerian; oso kantu tristea zuten. Sirenatxoak keinu egin zien, eta ahizpek sirenatxoa ezagutu zutelarik, guztiak zein triste gelditu ziren kontatu zioten. Harrezkero, gauero joaten zitzaizkion ahizpak bisitan, eta sirenatxoak gau batean, urrutian, amona zaharra ikusi zuen, urteetan ur azalera irten gabea, eta baita itsasoko erregea ere, bere koroa buruan zuela; besoa luzatzen zioten sirenatxoari, baina ez ziren ausartzen itsasertzera ahizpak adina hurbiltzen.

        Egunetik egunera gehiago maite zuen printzeak sirenatxoa, haurtxo bat maitatzen den moduan maite zuen, baina ez zitzaion bururatu ere egiten hura erregina egitea. Baina sirenatxoa printzearen emazte izaten ez bazen, ez zuen arima hilezkorra lortuko eta itsasoko apar bihurtuko zen printzea ezkondu eta hurrengo goizean.

        «Beste inor baino gehiago maite al nauzu?» ematen zuen ziotela sirenatxoaren begiek, printzeak besoetan hartu eta kopeta eder hartan musu ematen zionean.

        — Bai, zu zaitut maiteena —esan zion printzeak—, zu zara-eta bihozberena, eta gehien maite nauzuna, gainera. Behin ikusi nuen neskatxa baten antza duzu. Ez dut hura berriz ikusteko esperantzarik. Behin, itsasontzi batean nindoala, itsasontzia hondoratu egin zen, eta olatuek itsasertzeko tenplu sakratu batera eraman ninduten. Tenplu hartan neskatxa batzuk ziren zerbitzari. Neskatxa gazteenak itsasertzean ikusi ninduen eta bizia salbatu zidan; bitan besterik ez nuen ikusi. Hura da maita dezakedan emakume bakarra, baina zuk haren antz handia duzu, bihotzean dudan haren irudiaren antz handia. Hura tenplu sakratuari lotua dago, eta horregatik bidali zaitu zoriak zu niregana. Ez gara inoiz elkarrengandik urrunduko!

        «Ez daki nik salbatu nuela! —pentsatu zuen sirenatxoak—. Nik eraman nuen itsasoz baso ertzera, tenplua dagoen lekura. Arroketan eseri eta inor etortzen ote zen zain gelditu nintzen. Eta ikusi zuen ni baino gehiago maite duen neskatxa hori». Eta hasperen sakon bat egin zuen, ez baitzekien negar egiten. «Neskatxa tenpluarena dela esan du. Ez da inoiz mundura irtengo, ez dute inoiz elkar ikusiko; ni, berriz, berarekin nago, egunero ikusten dut, zaindu egingo dut, maite egingo dut, nire bizi osoa eskainiko diot!»

        Baina printzea ezkontzekoa zela eta ondoko herriko erregearen alabarekin ezkonduko zela, gainera, esaten zuen jendeak, eta horregatik ari zirela itsasontzi eder bat egiten; printzea ondoko erresuma bisitatzera joatekoa zela, baina izatez, erregearen alaba ezagutzera zihoala; segizio handia eramango zuela printzeak. Baina sirenatxoak burua mugitu eta barre egiten zuen, inork baino hobeto ezagutzen baitzituen berak printzearen pentsamenduak.

        — Bidaia bat egin behar dut! —esan zion printzeak—. Nire gurasoek printzesa ederra ikustera joateko agindu didate, baina ez naute derrigortuko hura emaztetzat hartzera. Ezin dut hura maitatu! Hark ez du tenpluko neskatxaren antzik, eta zuk bai. Noizbait emaztea aukeratzekotan, zu aukeratuko zintuzket. Begiez mintzo zaren umezurtz mututxo nirea!

        Eta printzeak sirenatxoari ahoan musu eman eta bere ile luzea laztantzen zuen; sirenatxoak printzearen bihotz aldean etzaten zuen burua, eta zoriona eta arima hilezkorra zituen amets.

        — Ez duzu zertan itsasoaren beldurrik izan, mututxo nirea —esan zion printzeak, auzoko erregearen lurraldera zeramatzan itsasontzi ederrean. Eta itsasoko ekaitzez eta itsasoaren baretasunez hitz egin zion, eta itsas hondoko arrain bitxiez eta buzoek ikusitako gauza harrigarriez, eta sirenatxoak barre egiten zuen kontakizun haiek entzutean, berak inork baino hobeto ezagutzen baitzuen itsas hondoa.

        Gauean, ilargi-argitan, itsasontziko lema zeraman gizona ez beste guztiak lo zeudela, sirenatxoa itsasontziko karelean eseri eta ur gardenetara begira geratu zen, eta iruditu zitzaion bere aitaren jauregia ikusten zuela, eta jauregiaren gainean amona zaharra, zilarrezko koroa buruan, ur-korronteen artetik itsasontziko gilara begira. Orduan sirenatxoaren ahizpak itsas-azalera irten ziren; tristuraz begiratu zioten eta beren esku zuriak estutu zituzten. Sirenatxoak irribarre egin zien, bera ondo zegoela eta zoriontsua zela esanez bezala. Horretan, lemazaina hurbildu zen, eta ahizpak urperatu egin ziren, eta gizonari, ikusi zuen gauza zuri hura itsasoko aparra iruditu zitzaion.

        Hurrengo goizean, auzoko erregearen hiriburuko portuan barrena sartu zen itsasontzia. Eliza guztietako kanpaiak jo eta jo ari ziren, eta dorre garaietatik tronpetak entzuten ziren; soldaduak lerroan jarrita zeuden, tente-tente, banderak eta baioneta distiratsuak eskuan. Egunero bazen festaren bat. Dantzaldi eta ongi etorri, ospakizun ugari egin zen, baina printzesa etorri gabe zen artean; urruti omen zegoen, tenplu sakratuan, erregina bati zegozkion bertuteez janzten. Baina iritsi zen, azkenean.

        Sirenatxoa haren edertasuna ikusteko irrikaz zegoen, eta onartu behar izan zuen sekula ikusi zuen izaki ederrena zela. Azal fina zuen, zuri-zuria, eta, betazal beltz luzeen artetik, begi urdin leialak irribarrez.

        — Zu zara eta! —esan zuen printzeak—. Zuk, zuk salbatu zenidan bizia hondartzan hil zorian nintzela!

        Eta printzeak bere emaztegai lotsatia besarkatu zuen.

        — Oh, zein zoriontsua naizen! —esan zion sirenatxoari—. Ez nuen usteko halakorik gertatuko zitzaidanik. Poztu zaitez nire zorionarekin, zu zara eta gehien maite nauena.

        Sirenatxoak musu eman zion eskuan, eta bihotza erdibitzen zitzaiola iruditu zitzaion. Ezkondu eta hurrengo egunean hil egingo zen eta itsas apar bihurtuko.

        Eliza guztietako kanpaiak jo eta jo aritu ziren; mezulariek ezkontzaren berri zabaldu zuten kaleetan zehar. Aldare guztietan, zilarrezko lanpara garestien barruan, olio urrintsuak jarri zituzten erretzen. Apaizek intsentsu-ontziei eragiten zieten, eta ezkongaiek, elkarri eskua emanda, apezpikuaren bedeinkapena hartu zuten. Sirenatxoak sedazko eta urrezko soinekoa zuen jantzita eta emaztegaiaren soinekoaren hegalari eusten zion; baina sirenatxoaren belarriek ez zuten jai musika entzuten, eta bere begiek ez zuten ospakizun sakratua ikusten; bere heriotzako ordua eta galduko zituen gauza guztiak zituen gogoan.

        Arratsalde horretan bertan, ezkonberriak itsasontzira igo zirenean, kanoien burrunba entzun zen eta bandera guztiak jaso zituzten. Itsasontziaren erdian urrezko eta purpurazko errege-denda jarri zuten, kojin ederrenez jantzia: han egingo zuten lo ezkonberriek gau lasai hotz hartan.

        Haizeak belak puztu zituen eta itsasontzia poliki-poliki joan zen itsasoan barrena.

        Ilundu zuenean, kolore askotako lanparak piztu ziren eta marinelek dantza alaiak dantzatu zituzten. Sirenatxoari orduan, uretatik irten zen lehen aldia etorri zitzaion gogora, orduko festa eta alaitasun bera ikusi zituen, eta dantzan hasi zen bera ere, bihurdika, enara ihesi doanean bezala. Denek txalo jo zioten sirenatxoari. Ez zen inoiz hain ederki dantzatu; labana zorrotzak zapaltzean bezalako mina zuen oinetan, baina ez zuen oinetan minik sentitzen, min handiagoa baitzuen bihotzean. Bazekien hura zela printzea ikusiko zuen azken aldia. Harengatik utzi zituen familia eta etxea, harengatik galdu bere ahots zoragarria eta jasan oinazeak, eta printzea ez zen konturatu ere egin. Printzeak arnasten zuen aire bera arnastuko zuen azken gaua zen, itsaso sakona eta zeru urdin izartsua ikusiko zituen azken gaua; pentsamendurik eta ametsik gabeko gau amaigabe bat izango zen hura, arimarik gabe eta lortzeko esperantzarik gabe. Gauerdia arte zoriontasuna eta alaitasuna besterik ez zen izan itsasontzian; eta sirenatxoak barre eta dantza egin zuen, heriotzaren itzala bazuen ere bihotzean. Printzeak bere emaztegaia besarkatu zuen, eta emaztegaiak printzeari ile beltza laztandu zion. Elkarri besotik heldu eta beren denda zoragarrira joan ziren biak atseden hartzera.

        Itsasontzia isil eta lasai geratu zen; lemazaina bakarrik zegoen esna. Sirenatxoa, besoak karelean jarrita, sortaldera begira geratu zen egunsentia noiz iritsiko, bai baitzekien eguzkiaren lehen izpiek heriotzara eramango zutela. Orduan, bere ahizpak ikusi zituen itsasotik irteten; bera bezain zurbil zeuden; haizeak ez zuen haien adats luze ederra nahasten, moztua baitzuten.

        — Sorginari eman diogu geure ilea, ez zaitezen gaur gauean hil. Labana hau eman digu berak. Begira zein zorrotza den! Eguzkia irten aurretik, bihotzean printzeari sartu beharko diozu, eta haren odol beroa zure hanketara erortzen denean, zure hankak arrain-isats bihurtuko dira eta sirena izango zara berriro ere; gurekin itsasoratu eta hirurehun urtez biziko zara itsas-apar bihurtu baino lehen. Aukeratu bizkor! Zu ala bera. Gaur gauean hil egin behar du bietako batek eguzkia irten aurretik. Gure amona zaharrak asko sufritu du, eta hark ere ile zuria galdu du; sorginaren guraizeak eraman du gure ilearekin batera. Hil ezazu printzea eta itzul zaitez gurekin! Bizkor! Ez al duzu ikusten argitasun gorri hori? Hemendik minutu batzuetara irtengo da eguzkia eta hil egingo zara.

        Eta hasperen sakon bat egin eta olatuen artean desagertu ziren.

        Sirenatxoak denda estaltzen zuen purpurazko tapiza jaso eta lo ikusi zuen andrea, burua printzearen bular gainean etzanda; makurtu eta printzeari musu eman zion bekokian eta zerura begiratu zuen. Egunsentia gero eta argiagoa zen. Sirenatxoak labana zorrotzari begiratu zion, eta ondoren printzearengana zuzendu zituen begiak. Printzeak bere emaztearen izena esaten zuen ametsetan: emaztearentzat zituen pentsamendu guztiak. Labanak dardar egin zuen sirenatxoaren eskuan... Sirenatxoak harrika bota zuen labana eta labana erori zen tokian odola isuri balitz bezala gorritu zen ura. Sirenatxoak berriz ere printzeari begiratu eta bihotzean iltzatu zizkion begiak. Eta bere burua itsasora bota zuen eta gorputza apar bihurtzen zitzaiola sentitu zuen.

        Eguzkia agertu zen itsasoan; izpi gozo epelek berotu zuten apar hotz hila, eta sirenatxoak ez zuen heriotza nabaritu. Eguzkia ikusi zuen distiratsu, eta ehundaka izakitxo garden airean. Itsasontziko bela zuriak eta zeruaren kolore arrosa ikusten zituen izaki haien artetik; haien ahotsa musika hutsa zen, baina hain izpirituala, ezen giza-belarriak ezin baitzuen entzun, nola giza-begiak ezin baitzuen haien forma ikusi. Sirenatxoa konturatu zen bere gorputza izaki haiena bezalakoa zela, eta gorputza gora eta gora zihoakiola sentitu zuen.

        — Baina nora noa? —esan zuen, eta bere ahotsak izaki haiena bezalako hotsa atera zuen: hots izpirituala, munduan parekorik ez duena.

        — Airearen alabengana zoaz! —erantzun zioten besteek—. Sirenak ez du arima hilezkorrik izaten, ezta izango ere gizon baten amodioa bereganatzen ez badu! Sirenaren betiereko bizitza indar ezezagun baten esku dago. Airearen alabok ere ez dugu arima hilezkorrik, baina ekintza onak eginez gero lor dezakegu. Orain herrialde beroetara goaz hegan; hango aire kirastuak gizakiak itotzen ditu, eta haiek freskatzera goaz. Lore-urrina zabaltzen dugu airean, eta hala, kontsolamendua eta sendabidea ematen diegu. Hirurehun urtetan ongia egiten badugu, arima hilezkorra lortu eta gizakien betiereko zoriontasuna ezagutuko dugu. Zu, sirena gaixo hori, guk nahi dugun gauza bera lortzen saiatu zara bihotzez; asko sufritu duzu, eta aireko izpirituen mundura igo zara. Hirurehun urteren buruan ekintza onen bidez arima hilezkorra lortzeko aukera duzu orain.

        Eta sirenatxoak bere beso ederrak Jaunaren eguzkiaren aldera luzatu zituen eta lehen malkoak etorri zitzaizkion begietara. Itsasontzian, zarata eta poza entzun zen berriz ere; sirenatxoak printzea eta emaztea bere bila zebiltzala ikusi zuen, apar harroari begiratzen ziotela triste-triste, bere burua olatuetara bota zuela jakingo balute bezala. Inork ikusi gabe, sirenatxoak musu eman zion printzeari bekokian, eta printzeari irribarre egin eta hodei arrosarantz igo zen aireko gainerako izakiekin batera.

        — Hirurehun urte barru horrelaxe igoko gara Jainkoaren erreinura!

        — Lehenago ere igo gaitezke! —esan zuen batek—. Gizakien etxeetara sartuko gara. Han haurrak izaten dira, eta gurasoei poz ematen dien eta gurasoen maitasuna merezi duen haur bat aurkitzen dugun bakoitzean, Jainkoak laburtu egingo du probarako jarri digun denbora. Umeak ez du jakingo gelan hegan gabiltzanik, eta irribarre egiten diogun bakoitzean, Jainkoak hirurehun urteetatik bat kenduko digu, eta haur gaizto bihurri bat ikusten badugu, nahigabez negar egingo dugu eta malko bakoitzeko proba-egun bat gehiago jarriko digu!

 

(Den lille Havfrue)

 

 

 

© H.C. Andersen

© itzulpenarena: Martxel Eguen (taldea)

 

 

"H.C. Andersen / Hemeretzi ipuin" orrialde nagusia