ENPERADOREAREN JANTZI BERRIA

 

        Orain dela urte asko bazen enperadore bat jantzi berriak eta dotoreak biziki maite zituena, hainbesteraino eze, arropatan gastatzen baitzuen diru guztia. Enperadorearentzat axola gutxiko gauzak ziren bere soldaduak, antzerkia edo zalgurdian basora joatea, non eta ez zen bere jantzi berriak erakusteko. Jantzi bat zeukan egunaren ordu bakoitzerako, eta erregeez Kontseilu Gelan daudela esan ohi den bezala, zera esaten zen enperadoreaz:

        — Enperadorea jantzigelan dago!

        Enperadorea bizi zen hiria oso giro alaiko hiria zen, eta kanpotar asko joaten zen egunero bisitan. Behinola bi pikaro heldu ziren, ehuleak zirela eta inon den oihalik zoragarriena ehuntzen zutela esanez. Oihal hark kolore eta marrazki ederretan ederrenak omen zituen, eta harekin egindako jantziek ba omen zuten berezitasun txundigarri bat gainera: ikusezinak zirela beren kargua merezi ez zutenentzat edo tonto hutsak zirenentzat.

        — Jantzi bikainak, inondik ere —pentsatu zuen enperadoreak—. Aldean baneuzka, aise igarriko nioke nire erreinuan nork daukan merezi ez duen kargua. Bizkorrak eta ergelak bereiziko nituzke. Bai, oihal horiekin jantzi bat egin diezadaten agindu behar dut berehala —eta diru pila bat eman zien pikaroei lanean has zitezen.

        Eraiki zituzten bi ehundegi, eta lanean ari balira bezala hasi ziren, itxurak egiten, ehundegietan hari-izpirik ere ez zegoen arren. Sedarik finena eta urrezko haririk preziatuenak berehala ekar zitzatela eskatu zuten, gorde zituzten seda eta hariak fardeletan, eta gaueko ordu txikiak arte aritu ziren lanean ehundegi hutsetan.

        — Oihala egiten zenbat aurreratu duten jakiteko irrikitan nago —pentsatu zuen enperadoreak.

        Baina tontoa edo bere kargurako ezgai bazen oihala ez zuela ikusiko gogoratzeak barrena nahastu zion. Uste zuen berak ez zuela zertan beldurrik izan, baina, hala ere, beste norbait bidali nahi izan zuen aurretik, gauzak zertan ziren ikus zezan. Hirian denek zuten oihalaren tasun berezi haren berri, eta irrikitan zeuden auzokoa zeinen inutila edo tontoa zen jakiteko.

        — Nire ministro zahar zintzoa bidaliko dut ehuleengana —pentsatu zuen enperadoreak—. Bera da egokiena ehuleek lanean aurreratu ote duten ikusteko. Oso gizon zentzuduna da, eta ez dago bere kargurako bera baino egokiagorik.

        Eta han joan zen, bada, ministroa, bi pikaroak ehundegi hutsetan lanean ari ziren gelara.

        — Jainkoarren! —pentsatu zuen ministro zaharrak, begiak zabal-zabal—. Ez dut ezer ikusten eta! —baina ez zuen ezer esan, badaezpada ere.

        Bi pikaroek ministroari inguratzeko esan, eta, ehundegi hutsa erakusten zioten bitartean, galdetu zioten ea ez al zitzaizkion marrazkia ederra eta koloreak politak iruditzen. Baina ministro gizajoak begiak gehiago zabalduagatik, ez zuen deus ere ikusten, ez baitzegoen zer ikusirik.

        — Ene! —pentsatu zuen—. Tontoa ote naiz, ba? Halakorik ez zait sekula burutik pasa; ez dezala inork ere jakin! Ez ote naiz egokia ministro kargurako? Ez, ez diot inori esan behar ez dudala oihala ikusten.

        — Zer, ez duzu ezer esan behar? —galdetu zuen ehuleetako batek.

        — Oi, bai polita! Zoragarria benetan! —esan zuen ministro zaharrak, antiojoetatik zehar begira—. Bai marrazki ederra! Horiek koloreak! Bai, asko gustatu zaidala esango diot enperadoreari!

        — Pozten gara, ba —esan zuten ehuleek. Eta kolore guztien izenak eta marrazkiaren xehetasunak azaldu zizkioten. Ministro xaharrak arreta handiz entzun zituen ehuleen azalpen guztiak, enperadoreari dena errepikatu ahal izateko gero. Eta bai ondo errepikatu ere.

        Ehuleek diru gehiago eskatu zuten, eta seda eta urrezko hari gehiago, oihalerako behar zutela esanez. Fardeletan gorde zuten dena, hari-izpi bat ere ehundegirako utzi gabe, eta ordu arte bezala segitu zuten, ehundegi hutsetan lanean.

        Handik gutxira, enperadoreak beste funtzionario zintzo bat bidali zuen, oihal-lana zertan zen jakitera eta jantzia noiz bukatuko ote zuten galdetzera. Eta ministroari gertatu zitzaion gauza bera gertatu zitzaion hari ere: begira eta begira egon arren, ehundegia hutsik egoki, ez zuela ezertxo ere ikusten.

        — Polita oihala, ezta? —esan zioten bi pikaroek, eta existitzen ez zen marrazkia erakutsi eta azaldu zioten.

        — Ni tontoa ez naiz, ba —pentsatu zuen funtzionarioak—. Ez ote naiz egokia dudan kargurako? Bai gauza harrigarria! Ez dadila inor konturatu behintzat!

        Beraz, ikusten ez zuen oihal hura goraipatu, eta zorionak eman zizkien kolore polit eta marrazki bikain haiengatik.

        — Benetan diot: oso oihal ederra da, aparta —esan zion enperadoreari.

        Guztien ahotan zebilen oihal zoragarri haren kontua. Eta enperadoreak ere bere begiez ikusi nahi izan zuen oihala, artean ehundegian zegoela.

        Goi mailako gortesau mordo batez inguraturik —ehundegian izanak ziren bi funtzionario zahar zintzoak tartean—, han joan zen enperadorea pikaro maltzur parearengana. Eta han segitzen zuten bi pikaro haiek nekagaitz, lan eta lan, albainurik gabe ehuntzen.

        — Ez al da magnifique? —esan zuten bi funtzionario zintzoek—. Begira, Maiestate! Begira zer marrazki eta zer kolore! —eta ehundegi hutsa erakusten zioten, gainerako guztiek oihala ikusten zutelakoan.

        — Arranopola! —pentsatu zuen enperadoreak—. Ez dut ezer ikusten eta! Hau bai gauza harrigarria! Tontoa ote naiz, ba? Ala ez naiz enperadore izateko gai? Besterik ez genuen behar!

        — Oi, zeinen ederra! —esan zuen ozen enperadoreak—. Enperadorearen erabateko onespena dauka! —eta atseginezko buru-makurtua egin zuen ehundegi hutsari so. Nola esango zuen, ba, ez zuela ezer ikusten?

        Enperadorearen segiziokoak begira eta begira zeuden, eta besteek baino gehiago ikusten ez bazuten ere, enperadoreari esan zioten:

        — Oi, zeinen ederra! —eta oihal berri zoragarri harekin jantzi bat egin behar zuela gomendatu zioten, handik gutxira ospatzekoa zen prozesiorako.

        — Magnifique, sekulakoa, miresgarria —zabaldu zen ahoz aho, eta poz-pozik zeuden denak. Enperadoreak Zaldun Gurutzea eman zien pikaroei botoi-zuloan jartzeko, eta Ehule Txit Agurgarri izendatu zituen.

        Prozesio egunaren bezperan, gau osoa jaikita eman zuten bi pikaroek, hamasei kandela baino gehiagoren argitan. Ikus zezala jende guztiak berebiziko ahalegina egiten ari zirela enperadorearen jantzia gertu egon zedin. Ehundegitik oihala hartzen zutela itxurak eginez aritu ziren gau osoan, guraize handiez airea ebakitzen eta haririk gabeko jostorratzez josten. Eta bukatzean, esan zuten:

        — Kitto, jantzia gertu dago!

        Enperadorea bera joan zen lantegira, zaldun nagusiak lagun zituela, eta ehule pikaroek besoak altxatu zituzten airean, zerbaiti eutsiko baliote bezala, eta esan zuten:

        — Hemen galtzak! Hona atorra! Tori kapa! —eta horrela, arropa guztiak hurrenez hurren—. Armiarma-sarea bezain arina da! Aldean ezer ez duela iruditzen zaio bati, eta horixe du dohain nagusia.

        — Halaxe da! —esan zuten zaldun guztiek, nahiz eta, ikusi, ez zuten ezer ikusten, ez baitzegoen zer ikusirik.

        — Maiestate, erantzi bedi, mesedez —esan zioten pikaroek—, eta jantzi berriak saiatuko dizkiogu ispilu handiaren aurrean.

        Kendu zituen enperadoreak arropa guztiak, eta pikaroak, haiek jositako jantzi berriak jantziko balizkiote bezala aritu ziren, itxurak eginez. Gerritik heldu, eta zerbait lotzen ziotelakoa egin zuten: jantziaren hegala zen. Gorputza bira batera eta bira bestera zerabilen enperadoreak ispiluaren aurrean.

        — Jainko maitea, bai jantzi ederra! Bai ederki ematen diola! —esan zuten denek—. Nolako marrazkiak! Horiek koloreak! Oso jantzi polita da!

        — Maiestate, kanpoan zain dauzka prozesioan berorri lagunduko diotenak, palio eta guzti —esan zuen zeremonia-maisuak.

        — Prest nago! —esan zuen enperadoreak—. Ondo ematen dit, ezta? —eta berriro jarri zen ispiluaren aurrean, jantziei begira balego bezala.

        Jantziaren hegalari eutsi behar zioten xanbelanek lurra haztatu zuten hegalari heltzeko. Eskuak jaso eta airean eutsi zioten hegalari, ez zezan jendeak pentsa ez zutela ezer ikusten.

        Eta han joan zen enperadorea prozesioan, palioaren azpian, eta kalean eta leihoetan esaten zuen jende guztiak:

        — Bai ederrak enperadorearen jantzi berriak! Zein hegal zoragarria! Bai poliki ematen diola! —inork ez baitzuen onartu nahi ez zuela oihala ikusten, zeren zeukan kargurako egokia ez zela edo tonto hutsa zela aitortzea izango baitzen. Ez zen enperadorearen jantzirik halako arrakasta izan zuenik.

        — Baina ezer ez darama eta! —esan zuen haur batek.

        — Jainko maitea, entzun xalotasunaren ahotsa! —esan zuen haurraren aitak. Eta batak besteari ahapeka esan zioten haurrak esan zuena.

        — Ez darama jantzirik, haur batek esan du ez daramala ezer aldean!

        — Ez darama jantzirik! —esan zuten azkenik denek.

        Eta enperadorea urduri jarri zen, bai baitzekien arrazoi zutela, baina esan zion bere buruari:

        — Prozesioa amaitu arte segitu behar dut.

        Eta are tenteago joan zen, xanbelanak atzetik zituela existitzen ez zen hegalari eusten.

 

(Keiserens nye Klæder)

 

 

 

© H.C. Andersen

© itzulpenarena: Martxel Eguen (taldea)

 

 

"H.C. Andersen / Hemeretzi ipuin" orrialde nagusia