Maldan behera duela 50 urte
Loramendiren gorazarrez Euskaltzaindiak antolatutako literatur lehiaketa ebatzi zuten 1959ko irailaren 13an Donostian Antonio Arrue, Aingeru Irigarai, Jose Maria Lojendio eta Luis Mitxelenak. Lehen saria Maldan behera 21 poemaz osatutako konposizio luzearentzat izan zen, non bidaia egiten den eremu latz batetik abiaturik paradisura, Danteren Komedian bezalatsu (Arestik hitz lauz euskaratua zuen Infernuko lehen kantua Euzko-Gogoarako). Bedoñako sari ematea honela gogoratzen zuen Gabriel Arestik: “Bi mila pezetak ederki etorri zitzaizkidan, eta egun polita iragan genuen Mondragoen, Loramendiri opetsitako gorazarrean. Arrosa guztiek beren arantzak eduki behar, eta egun zoragarri hartan ere nire arantzatxoa geratu zitzaidan bihotzean josita, bada Bordari jauna nirekin haserretu zen biziro, ez dakit oraindik segurutik zergatik. Aita Zaitegi eta Aita Igorrekoa presente egon ziren, eta Zaitegik esan zidan munduko bekaizkeria guztiak gora-behera, aurrera segitu behar dudala nire lanarekin”. Gabriel Arestiren Maldan behera 1960an argitaratu zen Euskera aldizkarian, “Miren eta Joaneren historiaren bukaera” azpitituluarekin eta eskaintza bi hauekin: Jon Miranderi eta Gabino Arestiri.