Lasturko Miliarekin solasean
Mikel Antza
EZEREZA (lehen hitzaldia)
Egun osoa daramat gela honetan sarturik. Bakardadea bilatu dut, mundutik aparte egoteko; ezin dudalako inorekin mintzatu tristatu gabe, negar egiteko dei lakar batek eztarria estutu gabe. Bakarrik mintzo naiz neure barruan sortzen zaidan iturri ilun hori hitzen bidez gardenagotu dadin.
Bakarrizketan ezdeustasuna ezaguna da. Eta ni, noski, ez naiz Hamlet eta ez dut izan ala ez izan hori esateko beharrik ere. Bakarrik mintzo naiz nire gela osatzen duten lau orma gorrotatu hauen artean. Atzean ate bat dago edozein unetan ireki daitekeena, alaitasunezko zurrunbilo koloretsu bati sarrera emanez, nire barne ardura guztiak elurra eguzkitan bezala urtuz. Baina ez, ez dago aterik, ez dago leihorik. Ez dagoen leiho horren atzean itsasorik ez dagoen bezala. Lurralde zabal, gotor, okre bat baizik. Edo hori ere ez:
ORTZEA, ETA ORTZEAREN ERDIAN GELA HAU ZINTZILIK
Dorre hau zintzilik. Dorre hau. Lasturko dorrea. Eta ni. Nire ahizpa hil berriagatik ari naiz nigarrez. Nire aita eta ama zenduengatik ari naiz nigarrez. Ez urrutian dudan maitale batengatik. Ez eta gudu ezinezko batetara abiatu zatekeen zaldun heroiko batengatik. Hemen, ez dago heroerik. Kristalezkoak dira bihotzak.
Kristalezkoak dira bihotzak.
Hemen ez dago gaztelurik
Ez leihoetan damarik
Zaldun zurien urruntzeari
Eskuz egiten agurrik
HIRU HILOTZAK (bigarren hitzaldia)
Hiru hilotz, eta pena bakar batek tindatu ditu Lasturko almenak. Zerutik erori zaigu zoritxarra, eta habe guztiak suntsitu ditu. Orma guztiak jaustear laga ditu. Teila guztiak beztu ditu. Harlauza oro pitzatu da. Eta erdian, ni, gelditu naiz. Izenik ere gabe, Babel idor honekin. Miliaren ahizpa:
ZORTZI KOPLA AHOAN ETA MALKO BANA ENE BEGIEN ERTZEAN
Ezdeus, lanjeros, abaildurik. Lasturko orma, habe, eta murruak bezala. Itsasorik gabe, lurralde zabalik gabe, ametsik ere gabe, apenas.
BIDAIA (hirugarren hitzaldia)
Orain hamar gau abiatu nintzen Mondragoera. Zoritxarreko ene ahizpa Miliaren hiletetara. Hona etorri mensaiariak jakinarazi bait zigun Peru Gartzia doilorrak beste emazte bat esposatzeko asmo gaiztoa zuela. Ene ahizparen gorpu xume, eta sufritua, lur hezeaz inguraturik zelarik oraino.
Orain hamar gau abiatu nintzen Mondragoera. Mando baten gainean, gure zerbitzari biren laguntzaz. Eta gaur, hamar egun berantago itzulia naiz, Lasturrera. Mando beraren gainean, bi zerbitzari berek laguntzen nindutela. Eta ene bihotzean, pena bakar bat ezik, hiru neramatzala zama gisa. Eta zinez, itzulerako bidaia abiarakoa baino latzagoa izan dela. Abiarakoan hitzak ene mihiaren puntan taxutzen ziren. Ene ahizparen irudiak agintzen zidan erritmoa, bere txori ttipien gisako ibileraren erritmoa. Tristurak, eta haserreak zemaion beharrezko doinua eta indarra ene ahotsari.
Eleizan kantatu beharrezko koplek ene ahoan forma hartzen zutelarik
Zer ete da andra erdiaren saria
Sagar errea eta ardao gorria
Halabaia besterik da Milia
Azpian lur hotza eta gainean harria
LOA (laugarren hitzaldia)
Goizean. Goizean goiz, leihoan hezea dago harria. Mendien atzean oraino gorderik dagoen eguzkiaren zantzuak nabaritu nahi ditut. Eta begiak isten zaizkit astiro gaueko amets ahantzien oihartzunak une batez gehiago gordetzeko, oroitzeko, nire bularretan.
Gaur bakarrik nago. Hilotza, gorpu hila katabutean egon daitekeen bezala
MILIA MILIA MILiA
Oihukatzen diot gau iheslariari. Eta gauak lapurtzen du ene garraisia. Bakardadez inguraturik dago hilotza, ez lurrak, ez zurak, ez hilatorrak ez du hobeki, estukiago, itogarriagoki biltzen hilotza. Bakardadea da.
Eta isiltasuna apurtzen kolpeka. Minak ene begiak zartatzen ditu. Gaua, argiak zauritzen du. Mandatariak zalditan doaz guda berri baten, berri baten, notizia zabalduz. Zamariek xendretako lurra bezala, isiltasuna apurtzen da, kolpeka, ene bularretako oihartzunak isilaraziz.
GUDUA (bostgarren hitzaldia)
Gudu taldeak osatzen dira. Gazteen giharreak tinkatzen dira armen gainean. Irrintziak mendi bat zeharkatzen du, eta harantzagoko mendiak erantzuten dio. Suak pizten dira tontorretan. Soloak erre, uzta galdu. Debako gaztelua, Mendaroko dorrea, Mondragoe, Oñatiko herrietan habeak jausi dira eta udazken arratsetan, zaparrada, euri jasa, sukalderaino sartzen da.
Ez ditut garraisiak entzun nahi. Ez dut min oihurik sentitu nahi. Erretusatzen ditut nola ganboarrak hala oinaztarrak. Errefusatzen dut bandera oro, lurralde oro:
NIRE LEIHOEN ATZEAN EZ DAGO ITSASORIK
Ezerezak bere lurrunak hedatzen ditu ene inguruan, eta ene ahizpa hil da.
Jausi da zerurean harria
Aurkitu dau
Lasturren torre barria
Edegi dio almeneari erdia
Lasturrera behar dozu Milia
Zerurean jausi da habea
Odolez tindatu dira basoak
ISILTASUNA (seigarren hitzaldia)
Isildu egin behar naizela. Hitz guztiak sobera daudela ezerezak bere egin duen eremu honetan. Nola adieraz daiteke jadanik hain urrun dagoen zerbait. Hamar egun. Hamar mende. Bada denbora puska bat eztarria lehortzen ari zaidala jaulgitzen zaizkidan hitzen ezintasunaren poderioz. Hobe dut isiltzea
Gela honen bestaldean
ez dago ezer
xaramela guztiak urrun
oroitzapenak ilun
ametsak inon
Nire hitzen atzean
eresirik ez
Ttipitan Milia eta biok gereziak jasotzen genituen Lasturko dorretik hurbil dagoen muino hartan. Lisiba egiten laguntzen genuen bizitzak engainatuak daudenak bezala barre eginez. Kantuan egiten genuen arratsean, ibai ertzean eta itsasaldean. Uhinak gure urratsak ezabatzen zituen bitartean, ezaxolati.
Beluntzi bat agertzen zen urrunean, eta zekartzan altxorrak asmatzen solas egiten genuen. Harik eta Frantziako portuetarantz abiatuz malkarren atzean ezkutatzen zen arte.
Eta ezkondu zutenean Mondragoera isiltasuna egin zen Lasturko dorreko harrien artean.
NEGARRA (zazpigarren hitzaldia)
Noiz egiten du negar bihotzak. Negarrerako astia dago, gorrotorako astia dago. Buruko ileak erauzi ditzaket, jazkiak urratu. Nire begietan malkoek zalantz egin dezakete, zalantz egiten dute, une batez, isuri aurretik. Baina
NOIZ EGITEN DU NEGAR BIHOTZAK
Bihotzak beti beranduago negar egiten du. Orain, Mondragoerako bidaia hartatik bi urtetara. Denborak, kantuen oihartzunak, eta zamarien zantzuak ezabatu dituenean. Eresia jadanik eresi ez denean. Bihotza negarretan hasten da. Asturuak Miliak amaitu gabe utzitako brodatu bat ene begien aurrean jarri duenean. Oroitzapenak bere ahoa anpoloi gorri bat jateko zorian marraztu didanean. Zerbait hausten da amaitu gabeko brodatu honen aurrean. Ezin hertsi eta halere betirako itsirik dagoen aho malgu horren irudipenaren aitzinean.
Ene buruari diotsat urrun dela, bi urte igaro direla, mende oso bat irristatu dela. Lehortu da lurra bere inguruan, goroldioa hazi da bere hilobietan. Habeak zutabe berriz sostengatuak dira.
Eta halere, brodatuaren hariek beren lana amaitu dute ene bihotzaren inguruan. Estutuz. Zanpatuz. Bihotza negarrez hasteraino.
Hura da, hau da, negarrik mingotsena. Abisurik gabe iristen den negarra. Arrazoirik gabe egiten den negarra.
OINAZEA (zortzigarren hitzaldia)
Luzea da oinazea. Batez ere luzea denean da oinazea. Noiz amaituko den erakustera ematen ez duen sufrimendua da oinazea. Itzalez inguraturiko gela mutu honetan Miliaren ahizpak jasaten duena. Sufrikarioa. Neurea eta erditze minetan hildako ene ahizparena. Oinazea ote zen. Bere alu erdibitutik buruñoa erakusten zuen haurrarekin batera ihes egiten zion bizitzaren arnasak, eta kemenak. Uholde geldo bat bezala, goragale ezin gehiagoz eutsia bezala. Bazka esijitzen duten putreak eta erroi kantuen baldarrak.
Katabuteko oinazea. Eta bestea. Senar gaiztoak ezkontza berria apailatzen du. Eta ene gurasoak, hiletak prestatzen utzi nituenak, eta ordu batzu berantago hilotz zirenak, oinazetan hil ote ziren. Zerriak aiztoa lepotik sartzen diotenean egindako oihuak.
Ondorengorik gabeko Lasturko etxea. Enea da oinazea. Enea. Bakarrik nagoelako. Eta ez itsaso. Eta ez ortze ez dudalako ene ikusmira baretzeko. Gela ilun honetan, kandelen argiak ene grima xoko hozpelak apenas milikatzen ditu. Ene malkoak izotzezkoak dira. Masailak erretzen dizkidan lotsagatik ere.
Oinazea da gaisoaren mina bere dei larriei inork erantzuten ez dienean.
Oinazea da ametsak gantzu ilun batez kutsatzen dituena.
Oinazea da erraiak estekatzen dizkidana.
BIHAR BETIRAKO SENDATUKO DEN SUFRIKARIOA
|