L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-22 / Antzerkia (1988-martxoa) —Hurrengo artikulua




 

 

Agus Arrazola:
«Eskola sendo bat behar da,
enbor horretatik adarrak luzatzeko»

 

        Berak dioenez, eskolan nahikoa teatro egiten zuen... aprobatzeko. Gero, unibertsitatean talde amateur batean parte hartu zuen. Ondoren, "Antzerti"n hiru urte pasa zituen zerbait ikasi nahiean, baina ez zuen laugarrena bukatu. Harrez geroztik talde askotan ibilia da; «Bederen bat» taldearen sorreran egon zen, «Maskarada»n eta beste batzutan ere lan egin du. Eta azkenik, Madrileko «Corral 86» izeneko taldean dabil.

        — Zertan da antzerki prestakuntzaren panorama Euskal Herrian, eta zein premia berezi azpimarratuko zenituzke prestakuntzari buruz?

        — Nik uste dut aktoreak prestatzeko eskola on bat montatu behar dela. Eskola horrek alor ezberdinak izan behar ditu. Interpretazio teknikak, gorputza eta ahotsa dira aktorearen oinarrizko armak, eta horregatik, eskola horretan garrantzizko lekua eman behar zaie. Eta ez da ahaztu behar eskolak errealitatearekin, hau da, gizartearekin batera joan behar duela.

        Bestalde, tekniko eta zuzendarientzako ikastaroak ere eman behar lituzke eskola horrek.

        «Antzerti»n izan nuen esperientzia ez zen oso ona izan. Ni lehenengo «promoziokoa» naiz, eta benetan diot, ez zekitela nola antolatu eskola. Ikusiak ikusita, zalantzan jarriko nuke Antzertin ematen den prestakuntza moldea; erizpide pedagogikorik eza izan bait da hango erizpide nagusia.

        Beti daude kanpora begira; diru asko inbertitzen zen hango aldizkarian, baina mamia ez zen batere zaintzen. Eskola sendo bat eraiki behar da nonbaiten. Berdin dio Donostian edo Bilbon; kontua da eskola sendo bat izan behar duela, enbor horretatik adarrak luzatzeko.

        Herrietan, bertoko antzerki taldeek sortzen duten giroa babestu behar da, eta dinamika hori sendotu, areto txikiak mantenduz, adibidez. Nire ustez Diputazioen lana litzateke hori.

        Bestalde, oso interesgarria ikusten dut kanpora irtetea, batez ere ikasteko. Nik hiru aldiz eskatu dut beka, baina inoiz ez didate ezer eman eta argi dago zergatik. Beken arazo hori «lagunkeria» hutsa da. Kanpoko zuzendariak hona ekartzea ere ondo dago, interesgarria ez ezik behar beharrezkoa bait da bertoko zuzendariak prestatzeko.

        — Zer deritzozu zirkuito teatralen funtzionamenduari?

        — Areto iraunkorren programazioa oso txarto eraman izan da. Ez diote zentzuzko progresio bati jarraitu, eta ondorioz, nahaspila galanta sortu da. Talde oso ezagunak, «Tricicle» kasurako, eta jarraian beste batzuk guztiz ezezagunak. Aretoak «berotu» egin behar dira publikoa erakartzeko. Besterik gabe programatzea oso erraza da, ikuskizuna kontratatu eta kitto; aretoak ordea, giro bat hartu behar du aldez aurretik.

        Batzutan ematen du ikuskizun batzu pobreentzat direla eta beste batzu aberatsentzat, eta hori ezin da onartu. Oreka bilatu behar da.

        Gainera zirkuitoak guztiz beharrezkoak dira, antzerki taldeak biziko badira. Zirkuitoa finkatzeko baina, orain dagoena babestu behar da. Leku batzuetan (Basauri, Hernani edo Santurtzin) behe-behetik sortarazi dute publikoa, eta Administrazioak kontutan hartu behar du errealitate hori.

        Orain arte Administrazioak, edo zehatzago esateko, Jaurlaritzak antolatu dituen kanpaina guztiak oso eraketa kaxkarra izan dute. Propaganda zaindu behar da, herria girotu, bestela jende gutxi hurbilduko da teatrora. Eta zirkuito hauetan bereziki lagundu behar zaio euskaraz egiten den antzerkiari. Euskararen egoera aintzat hartuz gero, argi baino argiago dago arazo hau, baina Administrazioarentzat ez omen dago hain argi.

        Aretoen azpiegitura ere hobetzeko premian dago. Gehienak zeharo hondatuta daude. Nahiz eta publikoarentzako tokia ondo egon, eskenatokiak ez daude egoera berean. Askotan polikiroldegietan baldintza hobeak aurkitzen ditugu.

        Esandako guztiaz gain, esperientzia berriak ere eduki behar ditugu publikoa erakartzeko, bestela jende gutxi hurbilduko zaigu beti.

        Zirkuitoetan diru bat ziurtatu behar dute; berdin dio Bilbon zein Donostian zein Tolosan; diru hori ziurtatua egon behar du. Eta hori Administrazioaren betebeharra da; edo Udalarena edo Diputazioarena edo Jaurlaritzarena. Takilako diruari begira bagaude ez dago zer eginik.

        — Sorkuntzarako dirulaguntzen kontua betidanik gertatu da prolematikoa...

        — Alor honetan ez dira inoiz gauzak argi egon. Ez dakigu inoiz laguntza horien diru-kopurua zenbatekoa den eta badirudi Administrazioak ez duela jakin nahi zenbat diru behar den antzeslan bat montatzeko.

        Euskal Herrian egiten diren montaiak oso merkeak dira kanpokoen aldean. Zaila da jakitea zein erizpideren arabera banatu behar den dirua, baina argi dago denentzat egon behar duela, amateurrak ere beren premiak dituelako, eta hori ezin da ahaztu.

        Berehala ikusten da Udaletxe, Diputazio eta Jaurlaritzaren artean ez dagoela inolako komunikaziorik. Eta komunikazio hori behar-beharrezkoa da diru-laguntzak zuzen banatzeko. Batzutan Udaletxe batek ez daki bere herriko taldeek ze premia duten ere eta hori onartezina da.

        — Egizu gaur egungo euskal antzerkiaren halamoduzko diagnosia.

        — Oso egoera kaxkarra da; erdaraz egiten den antzerkia ere egoera kaskarrean dago baina euskaraz egiten dena, areago. Euskal antzerkian irauten duen jendeak nola edo hala aurrera egiten badu, izugarrizko gogoa eta borondatea dutelako da. Laguntzak oso txikiak dira, nahiz eta guztiz beharrezkoak izan. Administrazioak apenas dakien ezer teatroaren errealitateaz, eta taldeak desegiten doazen bitartean, laguntzak proiekto jakin batzuetara besterik ez dira bideratzen. Beraz, taldeak Administrazioaren eskuetan daude.

        Teatroa bultzatu egin behar da eta horrekin batera euskaraz egiten den teatroa ere aurrera joango da; baina Administrazioa ez bada horretaz jabetzen, alferrik da, ez dago irtenbiderik.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.