L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-22 / Antzerkia (1988-martxoa) —Hurrengo artikulua




 

 

Legatza

 

Pablo Sastre

 

        Irakurle batuzate horrek, antzerki tipi honetako eszeso tinguistikoak barkatuko dituzulakoan naiz; «dek»ismoa dela medio, nolabait, eszena Donostiako soziedade batean gertatzen dela azpimarratzen da, aktore presuntoarentzat nola hitz egin behar duenari buruz orientabide gisa bat izan daiteke, bestalde.

 

(Soziedade bateko sukaldea. Su txikian, lurrezko kaxuela borobil handi bat. Juanito Txapartegi baratxuriak zuritzen ari da, trankaderaren gainean trebetasunez txikitzen ditu, gero.

Eszenan zehar —interbentzio pare batez izan ezik— Juanitok bere kasa hitz egiten du, ahapetik esan nahi da, bere ahotsa mikrofono batek-edo zabaltzen duelarik).

 

JUANITOk.— Baratxuri hau bai dek ona benetan, gusto ematen dik, ale txiki, berri, samurrok... Txiki-txiki egin...

 

(Labanak ta-ta-ta errepikatzen du)

 

        Ttanka-ttanka-ttanka... Hau kargamentua, buruan daukadana: arratsalde a-hula...! Siestatik epel-epel eginda jeiki nauk: horixe, beti hola izaten dek... Claro que sartu ez banintz orain logaleak seko jota egongo nitxokek...

 

(Kaxuelara luzatzen du begia, piska bat eragiten du. Olioagatik.)

 

        Nahikoa ote du? Ba, sufizientea. Saltsaren sekretua hortxe zegok: olioa, ona izan dadin, eta kantidadez, dexente... Su baju-bajuan... Benga, baratxuriak.

 

(Barreiatzen dira. Berriz eragiten)

 

        Su baju-bajuan, eta kontuz: orain erne ibili behar dek... Total, siesta koxkorra egin dek: lo-kuluxka bat; Lurdexek halako bazkaria jarrita! Arrai zopa eta mingaina... Mingainaren saltsa ilun bixi xamar hori... Berari bakarrik ateratzen zaiok, holako goxoa... Lurdex gabe, ez zekiat etxean... (Pausa) Aita... demonio horrek, ez dik asko apreziatzen: beti ixilik jaten dik, ez dik batere baloratzen, arrebaren lana; eta Lurdex lan-da-lan, ez dik besterik egiten... Eta, egunen batean, aire!, horrek ere... Orduan hasiko dituk negarrak! Ez dik ikusi nahi, zaharrak! Zer uste dik, orduan? Nik ez diat kargatuko, bultoarekin, behintzat: erresidentzian sartzen diat eta kitto... Lurdexek, ezetz, ez dugula sartu behar horrera, bera okupatuko dela... Esklabo bizi dek eta! Gero berriz, noski, Izaskunek egin zuen bezalaxe, mutilen batek engainauta jo-ta etxetik eskapatuko dek! Eta hori ezkontzen denean, akabo Juanito! «Hik, atun desgraziatu horrek, mutil-zahar gelditu behar al dek ala!». Gorputzak aguantatzen duen bitartean ezkontzeko asmorik ez behintzat!

 

(Legatzaren xerrak ateratzen ditu kamaratik, errebisatzen ditu. Gazitzen ditu, kontuz)

 

        Legatz ederra, bai! Zazpi kilo t'erdi esaktamente. Iñaxiok bospasei kilotik gorakoak saltsa berderako ez-egoki direla esaten dik; saborez antzematen duela esaten dik: probatzen dik eta, begiak itxita «hau haundi xamarra huan» esaten dik edo «hau txikiskoa dek aukeran»... saborez antzeman, aixa!, diametroa ikusi eta gero...! Baina besteak sinistuta zeudek... Aho ona izango dik baina neri behiñipehin ez zidak hori sartzen... Gaur badik bestela, bere abilidadea erakusteko aukera. Nik ez diat ezer esango: zerbitu eta jaten hasitakoan, sorpresa: «legatz hau legala al dek ala!», esango zidatek. «Maixabeli erosia, kategorikoa!», esango zieat. «Zer bota diok, esan, marikoi horrek!». «Zer ba? Hik zeozer nabari al dek, Iñaxio...?».

 

(Irribarre gaixtoa egiten du. Zurezko kutxaraz eragiten dio baratxuriari. Ixilune bat)

 

        ... Rosa... Ze ederra zegoken atzo! Beti tipo horrekin ibiliko ez balitz, igual... Berak kaso egin zidaken: dantza egiten zuen jendeaz bestaldetik, haren begirada...! Bera ere berotzen dek bai; asuntoa dek orain zer egin... Jakingo banu seguru... Alukeria dek, eta azkar erabaki behar diat... Iepa, baratxuria axalera etorria, errubiatzen hasia: fuera!

 

(Sutatik apartatzen du kaxuela. Kamaratik erdiska beterikako baso txiki bat hartu, likidoa kaxuelan ixuri eta nahasten du, kutxaraz. Gero hozten uzten du).

 

        Iñaxiok, nola igerriko dio! «Txokozale»an ez da holakorik probatu behin ere! Honatx, atzoko arrozerako egositako zigalen (eta porru erdi baten) fumeta, superkonzentrauta; honek ederki ligatuko dik, gero, legatzaren zera horrekin... Atzo, arroza bazkaldu (eta meloia, postretarako: ederra zegoken!), eta gero, kalera ateratzean, ze gauza estrainoa sentitu niken...! Peperekin topatu bitartean behintzat, zeharo distraitua, kasi zorabiatua ibili niñuken; Peperekin hitz egiteko ere, gogo gutxi niken, hasieran, gero berriz «ze, nora hoa?» esan zidaken eta «zentrora», nik, eta «hirekin niak»; gero hizketan animatu niñuken poliki: gaixki xamar segitzen niken, baina (batzutan gertatzen zaidak, bai) horrexegatik-edo, jendearekin goxo nenbileken, ez zekiat, sentsible, gauzak eta detaileak perzibitzeko batez ere... Arratsaldea segituan pasatu zitzaidaken gero, neska tonto haiekin eta...

 

(Hor-hemenka utzitako traste batzu biltzen ari da bitartean)

 

        Gero, Felipe eta hauei afaldu behar genuela okurritu eta nora eta Otsozelaira. Koadrila polita bildu giñuken, gero emazteak y el copón. Hori espektakulua eman ziken nagusiak, arront moxkortua zegoken; andreak adarrak jartzen dizkiola, esaten ditek, ardu putzu arraia!, ez nauk batere harritzen, gixajoa...! Txuletak prestatzen dakiela, horixe zeukak, gainerantzean...! Emakume dotorea zeukak, bestela: badik nondik heldu... Gero ateeran gu moro luxe harekin enroilatu, zer saldu nahi zigun?, markapasosa!, behar dik afizioa, ordu hoietan merkantzia horrekin hor barrena ibiltzeko; besteak zai genizkian, hantxe Rosa, bere zitroenean, presatu egin niñuken pixkat, harekin sartuko nintzela uste niken baina, ailegatu orduko Maite eta Pana barruan zeudeken, adios! Beti bezala, gizonezkoekin gelditu niñuken, beharko, ez diat nik bilatzen, neskekin hobeto... baina, gauzak hola dituk: hurrengoan badakik... Hombre, Txema...

 

(Sozio lodikote bat sartu da sukaldean. Gorri-gorri eginda dago, alkoholikoen jobiabilidadeaz hitz egiten du).

 

SOZIOA.— Ze, zer moduz ziak legatz berde hori?

JUANITO.— Oraintxe jarri behar niken. (Izan ere xerrak, kaxuelaren oliotan zopatu eta gero, bertan ipintzen hasi da, arduratsu). Hire oilaskoek eginda behar ditek, honezkero.

SOZIOA.— (Labea ireki eta begira) Pollos, pollitos... Aquí está papá; a ver esa patita... Bai! (Labetik ateratzen ditu, bandejan. Badoa eta, Juanitoren atzetik pasatzerakoan:) Irinez, irinez zikindu behar dituk, xerra hoiek!

JUANITO.— Beharko ditek, irina!

 

(Sozioa atera da oilaskoez. Atzera megafoniaz entzuten dugu Juanitoren ahotsa)

 

        Irina, irina! Batek sartu ziken, mania hori, soziedadean, eta orain denak zebiltzek, horrekin. Etxean amak paratzen zuen bezalako legatzik ez diat probatu, nik! Eta hark ez ziken sekulan ere irin-hautsik ibili saltsetan...

 

(Xerrak blaitu eta ipintzen ari da)

 

        Hola-ta-hola-ta, burua, bi puxketatan, kaxuelaren erdian. Buru txiki beltx polita, behar bezalakoxea: aukerako legatza, honekin behatzak zupatu egin behar dizkitek... Perrexila...

 

(Perrexila erantsi eta gero atzera sutan ipintzen du kaxuela; sua altxatzen du, pittin bat)

 

        Su bizixeagoa... Ilar fresko egosiak izanez gero, oraintxe...! Udaberriz, bentaja hori izaten dek; besterik ez, baina ilar fresko batzu... Iñaxiok gainetik almeja eta esparragoak jartzen zizkiok, eta ona gelditzen zaiok e?, baina beti zeozer berri erantsi behar hori ez zaidak ba, neri, gustatzen.

 

(Kaxuelari begira dago, aldian behinka astinaldi xuaberen bat emanez)

 

        Gero, Urnietako festetara joan behar genuela-ta... zeini okurritzen zaio...! Ijitoak eta portugesak besterik ez zegok eta! Tugurio hartan, denak larruzko kazadora beltzez eta intsigniekin josiak, eta guk, benga txanpaña, denbora batean bezala, hura sasoia, gero buruko mina, ez nauk harritzen motel... Eskerrak handik aldegin genuen... Eta Rosa, beti gurekin, beti irribarrez, bere ximur ttiki hoiekin, begiekin egiten dik irribarre, zoragarri... bere aurpegi heldu, triste xamar, atraktibo horrekin... Ezagutu nuenean horrexek inpresionatu ninduen, gehiena: haren seriotasuna, eta begietatik isuri zitzaion bizitza, eta irribarre xuabea, eta lepoa... Begirada xoil batez maitemindu ninduen; gero, egun hartan, bere etxeko terrazara atera ginen, eta besotik heldu zidan eta handik ikusten zen paisajea erakutsi zidan; ze erraz ateratzen ziren hitzak, egun hartan! Eta instante harexek markatu gintuen... Baina nik, orain... maiteko ote du, mutil hori? Eta mutilak, maiteko ote du, bera? Igual deitu egin nezake...

 

(Kaxuelan zentratzen da. Xuabe eragiten hasten da)

 

        Hortxe zegok, hortxe, ixuri txuria: orain, xaka-xaka etengabe, saltsa ondu dadin, kolore hartu dezan... A, txakoliñaren txurrutada!

 

(Beste baso txiki batetik xorta bat txakoliñ ixurtzen du kaxuelan)

 

        Toke kapritxosoa ematen ziok, Iñaxiok ibiltzen duen sagardoak baino askoz egokiagoa: hau sagardoz lagundu behar dek bai baina... edaritako! Orain eragin, ttaupa, ttaupa, ttaupa, hasi dik bai, gero, jakina, betikoa, ordu batetik aurrera neskak besterik ez dituk ikusten eta ez dek ja gauza sanorik egiten; nik behiñipehin ez zekiat neure burua kontrolatzen horretan: jan egiten dizkiat, bistaz. Besteak edozertan ari direla ere, neri begirada joan egiten zaidak, neska baten begien bila noski: atzoko beste flaka hura bezala, eta inork begiratzen ez badit, akabo, alkoholak beherantza eramaten natxok, eta begiratzen badit, pilak kargatu egiten zaizkidak eta, segi! Flaka morena harekin ordea, betikoa: elkar ikusi eta, nik bazekiat, beti igual izaten dek eta, hura ez dela umilduko nere begiradaz, ze umiltzen direnak ez zaizkidak gustatzen eta ez zieat begiratzen, eta bazekiat hiru-lau segunduz begiratu ondoren, harek bista apartatu egingo duela, hala egin ere, atzoko flaka eder harek, harroskokeriaz, baina jakin arren ez nauk gauza, segundu osti hoietan, deus esateko, ezta neronek apartatzeko bista, berak baino lehenago, horretarako ez diat balio edo... Horretan Pepek atzo esan zidana egia biribila dek: ez zeukeagu, inondik ere, emakumeen azpian egoterik gizonezkoak: nahi-ta-ez berak baino gehiago izan behar diagu; ez bait dute, berek, gutxiagoko gizonik ametitzen: jo-ta ahalegindu egin behar diagu, beren gainetik egoten, lehiaketa batean. Zergatik ote dek hori? Nik haien berdina nahi nikek, pare-parean, gainera askotan emakumezkotan aurkitzen nauk hoberen: gizonak, hain hermetiko dituk...! Batipat, neska-lehiaketan hasten direnean: «ezetz txortan egin, horrekin...». Nik holakotan, ez diat ezer entenditzen, eta gaizki sentitzen natxok... Halere, beti hemen egoten nauk, beti gizonezkoen artean; gaur ere, hogeitik gora izango gaituk hemen: gu, ostiralerokoak, eta Tomax eta hoiek, iloba libre utzi zutela urtebete bait da: ezta emakume bakar bat ere...! Ajaja, hauek beren puntua hartu ditek, azpitik, orain buelta eman eta...

 

(Banan banan, hautsi gabe, paleta-kutxiloz itzultzen ditu xerrak, sua amiñi bat bajuxeago ipiniz. Gero segitzen du, xamur-xamurki, astintzen)

 

        Eiñ... Mmm... Kontuz... Hop!... Hori dek eta! Atentzio izugarria behar dik honek; beste zerbait balitz, albondigilak edo tripakiak edo... makailua edo txipiroiak edo Joxeneko izokina baldin balitz ere...! Baina «Txoko-zale»ko legatza gure platerik ezagunena, beraz kuttunena dek, delikatuena, faltarik intsignifikanteena ere ezin diagu permititu, perfekto behar dik...

 

(Gatzez probatzen du eta, behar baldin balitz, zuzendu; segi eragiten)

 

        ... Ez gehiegiko suaz, erreko bait litzateke, ez gutxiegikoaz, urtuko bait litzateke... Holaxe... Ze demonio daukat sudurraren puntan?

 

(Sudurraren punta ukitzen du, instante batez distraituz)

 

        Grano bat! Grano gorri bat! Noiz atera ote zait...? Beti sudurraren puntan ateratzen zaizkidak!, ez zegok molestoagokorik, bixko gelditzeko ere... Eta Rosaren lunarra, belarriaren ondoan, ile rubiaska kixkur horrek tapatuta... Atzo, azkeneko momentuan, plazan, ukitu egin nioken, ilea, eta azala rozatu, berotu egin niñuken, baina berandu... Gustora harrapako nikek, baina bakarrik... Zergatik ez..:? Berak ilusioa zeukak, eta nik... Nork daki, zera... Orain, nik dezisio bat hartu behar diat.

 

(Ixilunea)

 

        Gaur ez diat afalondoan katxarrorik hartuko, eta ez nauk Iñaxioren etxera joango ere (ez, Iñaxioren etxera behintzat ez...): Muelleko kabinatik hots egingo zioat. Eta, ez baldin badago? Mutila jartzen bada? Ezer esan gabe kolgatuko diat. Baldin badago? «Bai...?». «Aupa, Juan naiz...». Zera... Zer esango zioat? Muellen nagoela eta bere zai nagoela... Oso biolentoa dek: aitzikiren bat...? Baina, ba al nago kondiziotan...? Honek gutxi-gutxi falta dik; nola loditu duen...! Eta hala ere behar egiten diat, Rosa... Amukoak bakarrik uzten dik horrela, gutxi-gutxika odolusten bait da... Arraindegian berriz, Maixabelek hogeitalau orduz euki dik txintxilika, gizona portukoa duela nabari dek bai; goizean joan naizenean (hori besterik ez diat egin, goizean!), segituan antzeman zioat: «horixe behar dek», esan diat, nere kasa: tamaina polita, begi bizi, freskoak, azal iluna, ezkata trinkoak, gero xerratu egin dik eta, haragi gogorra, hexurretik odol ixuri mehea, itsasoaren usaia...! Gero poteoan, ni poltsarekin, eta besteak konturatu dituk, «ze, nobiarekin, paseoan?», «zeini lapurtu diok hori?», «merluzeroen manifestaziotik al zatozte?», a ze okurrentzia!, ez zegok aterramenturik, Tomax horrekin...

 

(Gabanez ukitzen du, eztiki, egina ote dagoen; gero perrexil pixka bat gehixeago botatzen du, gainetik, sua itzaltzen du eta tapa batez estaltzen du kaxuela)

 

        Mamia hexurretik berexten dek ederki... Hartu dik puntu bat...! Lurrin piska bat atera dezan... Orain ikusiko ditek hoiek, zer den Juanitoren legatza...

 

(Trapo bat bilatzen du)

 

        Gero Rosari deituko zioat, bai: «Aizu, Muellen nago-ta...». Pasada bat dek, e... Ez zekiat baina... Orain sagardoa behar diagu! Eraman ote dute, nahikoa? Gero arte, Bonaparte.

 

(Kaxuela hartuta sukaldetik irteten da. Akabo)

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.