L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-22 / Antzerkia (1988-martxoa) —Hurrengo artikulua




 

 

Koldo Tapia:
«Euskararekiko militantismoa ezin daiteke jarri
ikuskizun txar baten aitzakitzat»

 

        Santurtziko Udaletxean ari da itzultzaile eta kultur-dinamizatzaile gisa, duela 6 urtetik hona. Teatrorako arduraduna, programatzailea eta teatrorako idazlanen lehiaketak antolatzen dituena.

        — Zertan da antzerki prestakuntzaren panorama Euskal Herrian, eta zein premia berezi azpimarratuko zenituzke prestakuntzari buruz?

        — Hemen, teatrorako prestakuntzaren arloan, etxea teilatutik egiten hasi da; eskola handi eta bakar bat eratu nahi izan da eta ez da eman herrietan gazteen artean dagoen, edo zegoen, antzerkiarekiko zaletasuna laguntzeko betarik. Ez da harritzekoa hori horrela izatea, gure instituzioen antzerkiarekiko, eta orohar kulturarekiko, sentsibilitate eskasaren islada zuzena bait da. Antzerkia, kontsumoko ikuskizuna den aldetik interesatzen zaie, beste inolako panteamendurik gabe.

        Guztiz alderantzizkoa izan beharko luke prozesuak. Antzerkia ondare bat da, adierazpidea, eta ondare hori berreskuratzeko ahalmena eman behar zaio herriari, gaztediari batez ere.

        Eskola-sare bat finkatu behar da herrietan zehar, gazteek antzerkia barrutik ezagutu dezaten eta antzerkiaren arlo ezberdinetan zaletu eta trebatzen hasi daitezen, bai aktore moduan eta bai argien arduradun edo testugile moduan. Horretarako euskarri ekonomikoak administrazio publikoari dagozkio, jakina, Jaurlaritzari zein Diputazioari zein Udaletxeei.

        — Zer deritzozu zirkuito teatralen funtzionamenduari?

        — Antzerkia publikoaren aurrean burutzeko ekintza bat da. Publikoarekiko nolabaiteko komunikazioa da beraren funtsa. Antzerkia, beraz, publikoaren aurrera eraman behar da edota ikuslea erakarri. Hori lortzeko, gure gizarte honetan ohitura bat sortu beharra dago, eta horretarako, ezinbestekoa dugu teatro iraunkorra izatea, hau da, urtean zehar eta aldez aurretik egindako programazio baten arabera eskaini dadila.

        Teatro-ikuskizuna izugarri garestitu da aspaldi honetan. Donostia eta Bilboko Teatro Iraunkorrak gastu horiei aurre egiteko kapaz badira ere, ez da gauza bera gertatzen herrietan. Hauetan, elkarlanean programatu eta zirkuitoak sortu behar dira nahita-nahiez.

        Hala ere gaur egun nabaria da zirkuitoak eratzeko edota kultur-ikuskizunak banatzeko politikarik eza. Honetan ere, prestakuntzaren kasuan bezalatsu, etxea teilatutik eraikitzen hasi da. Ezin hobeto hornitutako Teatro Iraunkorrak eratu dira hiriburuetan; herriak ostera, bertan behera utzi dira. Zenbait zirkuito antolatu da bai, baina beti ere Administrazioko bulego ezkutuetatik eta ondorioak ezin txarragoak suertatu dira: ikuskizun desegokiak heldu zaizkigu herrietara eta sasoi txarretan gainera, eta ondorioz, ikusleen kopurua eta egindako gastuaren errentagarritasuna ezin eskasagoak izan dira. Iniziatiba pribatua bestalde, desagertu egin da, lokalak saldu egin dira eta Administrazioak ez du ezertxo ere egin honen aurrean, herritarrei oinarrizko eskubide bat ukatuz, kulturarena alegia.

        Ezinbesteko zirkuito horiek eratzeko lehenengo oinarria beraz, horixe litzateke: borondate politikoa izatea, hortxe dago kakoa.

        Bigarrena, herriak azpiegituraz hornitzea. Azpiegitura honek era askotakoa izan behar du. Alde batetik materiala, hau da, lokalak, aurrez erabakitako eskualdeetako herriburuetan kokatuko liratekeenak. Bestetik, giza-azpiegitura, programatzaileak bereziki. Programazio ona eta eraginkorra izango bada, Udaletxeetatik egin edo zuzendu behar da. Horretarako programatzaile onak, ondo prestatuak, hezituak, eta beraien artean koordinatuak behar ditugu herrietan. Hauek gainera, laguntza ezin hobea jasoko lukete lehen aipatu ditugun herrietako tailer edo taldeetan arituko liratekeen teatrozaleengandik.

        — Sorkuntzarako dirulaguntzen kontua betidanik gertatu da prolematikoa...

        — Lehenengo eta behin sorkuntzari bide emango dioten bitartekoak jarri behar dira, lehenago aipaturikoak hain zuzen ere. Hauxe da Administrazioaren erantzunkizunik handiena.

        Administrazioak bestalde, proiektu interesgarriak finantziatu behar ditu, taldeak lasai lan egin dezan, baina bere independentzia galdu gabe. Oso arriskugarria litzateke Administrazioa produktore bihurtzea, zeren horrelakorik gertatuz gero, sorkuntzarako ateak zabaldu ez ezik itxi egiten bait dira filtro ideologiko eta politikoak duela bide. Taldeei subentzio zuzenak ematearen kontrakoa naiz, gauza puntualak bultzatzeko ez bada behinik behin; hala nola, lokalak, etab. Uste dut talde itxien funtzionamenduarekin hautsi egin behar dela. Kalitatea bilatu behar da euskal antzerkian eta horretarako taldeak oso malguak izan behar dute. Profesionalik onenak biltzen dituzten proiektuak burutu behar dira, eta horiek bai, horiek finantzaketa osoaz lagundu behar dira.

        Taldeek edota proiektuek, jakina, modu profesional batez funtzionatu behar dute. Talde amateurrek ere beren funtzioa betetzen dute, baina beste maila batean daude, lehen aipatu dugun giza-azpiegituran hain zuzen, antzerki eskola eta tailerren inguruan mugitzen direnen maila horretan.

        Sariketak ere interesgarriak suertatzen dira jendea norgehiagoka bestea bultzatu beharrean, zeregin didaktiko baten ikuspegitik antolatzen direnean. Esate baterako, testuen aldetik eskasia dagoela, ba, eman diezaiegun idazten hasten diren gazteei alor hori lantzeko aukera; eta horretarako nahikoa da, sari gisa, lan horiek argitaratzea, jendearen eta antzerki taldeen eskuetara iritsi daitezen. Gauza bera egin daiteke antzezleekin eta beste arlo batzutan, beti ere gazteei eta hasi berriei begira.

        — Nolabaiteko funtzio aproposik betetzen al dute antzerki jaialdi eta topaketek?

        — Interesgarriak iruditzen zaizkit, besterik ez bada, propaganda plataforma moduan; zaletasuna eta ohitura sartzeko beste era bat izan litezke. Zentzu horretan oso ondo antolaturik egon behar dute, hiri edo herriaren beharretara egokituak; nolabait esateko, horren inguruan ekintza «pedagogiko» batzuk antolatu eta probetxua ateratzeko.

        — Egizu gaur egungo euskal antzerkiaren halamoduzko diagnosia.

        — Aurreko gaiak erabiltzerakoan, Euskal Antzerkia izan dut gogoan batez ere. Beraz, esanda daude hainbat gauza: irtenbideak, etab.

        Euskal Antzerki profesionala gaztea da oso. 8-9 urte baino ez dauka. Hauxe litzateke, zuzendari eskasiarekin batera, daukan akats edo eragozpenik handiena. Gauza on batzuk egin dira eta eskasak asko. Gaur egun, hala ere, kalitatea bilatu beharra dago gauza guztien gainetik. Euskararekiko militantismoa ezin daiteke jarri ikuskizun txar baten aitzakitzat. Euskal antzerkia eta euskara beraren kalterako besterik ez da.

        Kalitatea, beraz. Hori lortzeko ez dago formula magikorik, ez bada gure lana, gure ekina, eta bakoitzak bereari erantzutea, eta horretan bai esango nuke Administrazioak egiten duela hutsik handiena.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.