L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-22 / Antzerkia (1988-martxoa) —Hurrengo artikulua




 

 

Begiak itsu, bihotza eri

 

Xabier Mendiguren

 

EKITALDI BAKARRA

 

(Tabernazulo batean; lan honetako girotze osoa anakronismoz beterik dago, eta azken urteotako zeren ondoan aspaldikoak eta zahar zaharrak ager litezke, halako efektu harrigarri eta irreala eraginez. TABERNARIA mostradore atzean; jazkera-orrazkera-apaingarrietan punk modaren jarraitzaile ageri da; haundia, gizena eta baldarra bada, hobe. LIZARDl sartzen da atetik: itsua da eta makila zuri horietako bat darama; ilea, beltza eta gominaz atzeraka orraztua; betaurreko beltzak; arropa, 1930.eko trajea, boina zahartu eta zarpaildu samarra; bestea zakar bezain gizabidetsu ageri da hau, itxura-izaerazko kontrastea areagotuz. LIZARDI obra osoan galduta bailegoen arituko da, inozo samarra hizketan, eta bere burua non sarta ez baleki bezala. Ikusleen lekutik, atea eskubitara egon liteke eta mostradorea ezkerretara. Hasiera-hasieratik punk musika gogor eta ozena, hizketan hastean indarra motelduko hada ere).

 

TABERNARIA.— Koño Lizardi! Aspaldiko, zer diagu!

LIZARDI.— Hemen bada, bizitza atera behar dugula eta!

TABERNARIA.— Ta? Ezer edan behar al duk?

LIZARDI.— Ez zekiat bada! Giltzurrunak ez dizkiat oso sano aspaldi honetan.

TABERNARIA.— Bo, bo, bo, aitzakiak! Nahi al duk txurrutada bat whiski?

LIZARDI.— Ez, ez, eskerrik asko.

TABERNARIA.— Edan ezak! Hau ona duk giltzurrunentzat.

LIZARDI.— Ez, ez, ez. Tira, ezer edatekotan nahiago nuke Getariako txakolina.

TABERNARIA.— Hi haiz hi tipoa! Getarian ez zegok aspaldi txakolinik.

LIZARDI.— Dena aldatzen baita. (Errezitatuz)

                           «Oi zein dan ituna

                             garaion patua

                             Len ain ugari zana

                             gaur da bukatua».

TABERNARIA.— Bueno, bueno. Ez hadi hasi orain hire olerki eta komeriekin, buruko minak lehertzen negok eta.

LIZARDI.— Ene hitzaren ederra baino ez baitut ordaina kitatzeko.

TABERNARIA.— Alde horretatik lasai, motell. Konfiantzazkoa haiz eta ezin hasiko gaituk halako txikikeriatan.

 

(EMAKUMEA sartzen da; Chinatowneko puten jite eta itxura oso-osoa. Gaur egungo eta Belle époqueko estereotipoen sinbiosia: liga gorria, gerriko eztenduna eta abar; oso imintziozalea)

 

EMAKUMEA.— Ostias! Lizardi. Non izkutatu haiz azken aldiotan?

LIZARDI.— Inon ez Maritxu, eder galant hori. Gaiso egon naiz, gaiso.

EMAKUMEA.— (Laztanka hasten zaio) Nere muttiko gaixoa. Ta zer izan duk bada?

LIZARDI.— Gripea eta, kalentura eta, burukomina eta...

EMAKUMEA.— Eta, osatu al haiz?

LIZARDI.— Oraindik ere eztul pittin bat badut baina hobeto nagoela esan beharko.

EMAKUMEA.— Hori duk eta! Ateraiok honi kopakada ederra patxaran, eztula sendatzeko hoberik ez zegok eta.

LIZARDI.— Ez, ez, ez, eskerrik asko baina...

EMAKUMEA.— Nola ezetz? Gizonak edan egin behar dik.

TABERNARIA.— Getariako txakolina besterik ez omen dik edaten.

EMAKUMEA.— Jesus! Hori duk hori gizonaren fina!

TABERNARIA.— Poetak.

EMAKUMEA.— Gutxi gure Lizardi bezalakoak. Ea Lizardi, bota ezak hire olerki horietako bat.

LIZARDI.— Ez dakit, hola, bapatean, lotsa ematen dit.

EMAKUMEA.— Nola lotsa? Ez al gaituk hire lagunak?

TABERNARIA.— Lehen ere bota duk bada.

LIZARDI.— Ea bada (ahots sendoz, begiak deusean finko):

                           «Oi lur oi lur! oi ene lur nerea!

                             oi goiz eme, parre gozoz ernea!

                             Arto musker, mendi, baserri zarrak...».

EMAKUMEA.— Ez, ez, ez, beste bat. Hori ezagunegia duk eta.

LIZARDI.— Aber beste hau (ahots apal, triste eta adierazkorrez):

                           «Biotzean min dut, min etsia,

                             negar ixila darion miña.

                             Amonatxo bat nun: gaur, enarak

                             etorri-garaiez, aldegiña».

TABERNARIA.— Hori serioegia duk, tristea oso. Bota ezak beste zeozer.

EMAKUMEA.— Badakit, badakit: zeru azpiarena!

LIZARDI.— Oso kaskarra da eta!

EMAKUMEA.— Ez dik ajolik.

LIZARDI.— Eta gainera, prantzeratik itzulia, mamiz.

EMAKUMEA.— Baina euskara ederrez egina, jantziz.

LIZARDI.— Hala nahi baduzue... (Umearen eta amarena keinu eta ahots aldaketez adieraziz, LlZARDI konturatu gabe EMAKUMEA eta TABERNARIA farreak lehertzen dauden bitartean):

                           «Esan amatxo: aingerutxoak

                             egoa urrezko ba-dute,

                             zeru urdiñean urre-dirdira

                             nik nola ikusten ez-ote?

 

                           »Parre gozo bat amak eginda

                             aurrari ala diotsa:

                             —Betik dakusgun urdiña zeru-

                             azpia baizik ezpaita.

 

                           »—Ene, ba!, azpia —mutilak dio—

                             orrein ederra delarik,

                             nolakoxea ote-da, gero,

                             zerua goi-alderditik!...».

EMAKUMEA.— Etzak segi, Lizardi, negar eragingo didak eta.

LIZARDI.— Hunkigarria eta samina baita, izan ere.

EMAKUMEA.— Eta hire mintzoaren xamurra ere... Oh Lizardi, dantzan egin dezagun.

 

(Bernardo Atxaga-Mikel Laboaren «Lizardi» tangoa entzuten da eta EMAKUMEAk eta LIZARDIk dantza egiten dute, txit ongi. TABERNARIA bitartean desagertu egiten da mostradorearen atzetik eta eskubiko atetik azaldu, pelikula mutuetako gaiztoen gisan, desitxuratu samartuta: bibote handi bat sudurpean eta halako bitxikeria batzuk; jazkerari dagokionez, bere arroparen gainean itsaslapurren garaiko kapa haundi bat soingainean eta hegal zabaleko kapelua. Pistola bat darama —piratenen antzekoa nahi bada— eta erabat haserre dator)

 

GAIZTOA.— Ah, puta halakoa! Harrapatu haut, musika eta guzti gainera. (Bafleari tiro egin eta musika ixiltzen da). Zertan ari haiz hemen denbora pasa, hire lanean aritu beharrean?

EMAKUMEA.— (Bildurrak aidean baina ausart azaldu nahiz, piskanaka atzerantz eginez GAlZTOAk aurrera egiten duen neurrian) Zein haiz ba hi neri zer egin behar dudan esateko? Nahi dudana egingo diat nik.

GAIZTOA.— Ah bai? Eta txakur txikirik ez duen gixajo honekin denbora galtzen utzi? Orain ikusiko dun (Besotik heltzen dio).

EMAKUMEA.— Utzi, utzi nazak! (Oihuka).

LIZARDI.— (Musika ixildu denetik neskak askatu egin du eta makila txuriarekin dabil tupusketa, zeharo galduta, hizketan ari direnak zehazki non dabiltzan asmatu ezinik). Aizu, lotsagabe horrek! Utz ezazu andereinoa oraintxe bertan...

GAIZTOA.— (Bestearena etenaz eta bultz eginaz) Aldegin ezak hemendik, bestela hi ere akabatu egingo haut eta, kupoisaltzaile arraioa! (Bultzakadaz lurrera bota du LIZARDI, une horretan EMAKUMEAk botila bat hartu eta bere gainean apurtzen dio GAIZTOAri; hau une batean balantzaka geratzen da baina berehala dator bere onera, erabat amorratuta).

GAIZTOA.— Zerri alaena! hlireak egin dik, putatzar malapartatua!

 

(GAIZTOAk pistolaz apuntatu, eta tiro egiteko unean bertan, makila altxata GAIZTOAri aurre egitera zihoan LIZARDI tartean jarri eta berak jasotzen du, bete-betean, bestearengana zuzendutako bala hura. EMAKUMEA garraisika hasi eta GAlZTOAk ihes egiten du, zalapartaka. LlZARDI lurrean etzanda geratzen da, azken hasperenetan, EMAKUMEAren besoetan —Amabirjina Doloretakoaren irudia berau— neskari edo haizeari mintzo zaion ez dakigula)

 

LIZARDI.— (Indarge, baina sentikortasun bereziz):

                           «Ez adi beldur, nere Maiteder:

                             baserriz landa nai aunat ager-

                             arazi, bazterrik-bazter, (makalago)

                             arroki, ezpaitun ezer

                             lurbiran (ia ia ezinean) ederrik i bezain (azken hatsa)

                             eder!» (Hil da).

EMAKUMEA.— (Goibel eta etsi garraisika) Lizardi! Lizardi!! Lizardi!!!

 

(Negarretan itota geratzen da; gero «Lizardi» tangoaren bukaera kantatuko du, geldirik, ahots urratu eta zotinak etendakoaz):

 

                           «eta hirekin aurrez aurre

                             jarri garenean

                             zerraldo erori haiz

                             gure oinetan

                             eta gorpu gogor hintzen

                             udazkenaren tronoan

                             hertsi dizkiagu begiak

                             adiosik ez

                             eta goizaldean

                             muxika hezur batetan sarturik

                             o petit poete

                             pirotekniarik gabe lurperatu haugu

                             baratzan».

 

(Kantuak aurrera egin ahala polikiago kantatu du eta era berean ahul eta emeago, argiak ere bere aldetik gero eta motelago daudelarik, azken hitzarekin batera erabat itzali arte)

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.