L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Ustela aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Panpina Ustela (1975-urtarrila) —Hurrengo artikulua




 

 

Antzerki minimum bat

 

Bernardo Atxaga

hazilak 25-1974

 

 

Ezkerra eta eskubia, jendearenak izanen dira.

        Hutsa agertuko da jokalekua, tramankulurik gabe. Dena den, jarri liteke mikrofono pare bat. Bestalde kolore itxusi eta desatsegin batez ornitua egonen da, gorriz edo berdez. Hiru pertsonai izanen dira, denotara: bi hizlari eta berauen aurkeztzailea.

        Hizlariak —elkar hizketa moduan hitz eginen dutenak— jokalekuaren kolore berberaz jantziko dira, antiaju beltz batzuekin, eta bakoitza bastoi batekin. Abots maila betibera batekin hitz eginen dute, giza-abots ilun eta zakar xamarrarekin; ez dute hitz bat bestea baino altuago esanen, eta farra egiterakoan (ja... ja... jaaa...) ez da benetako farra gertatuko, hizki hoien irakurketa bat baizik. Ez dute ez eskurik eta ez bururik mugituko, hieratikoki botako dituzte botatzekoak. Ko-petean, hiru hitz (A.E.N.) grabaturik emanen dituzte, betiko kolorean.

        Aurkeztzailea, dotore jantzita agertuko da (edozein alkate bezala) eta agintedun edozein gizon batek bezala hitz eginen du (bakar hizketa moduan), segurtasunarekin, egiaren jabe den guztiak legez.

        Argiak piztutzen direnean, pertsonaiak bere postuetan egonen dira, mikrofoneen aurrean

 

AUR. Agur, agur (hemen irrifar bat, hemen niagok ni esanez bezala) arratsaldeon arratsaldeon zahar eta gazte, gizon eta emakume, izan ongi etorriak (...).

        Aurrera goaz gure aste kulturalarekin, eta beste egunetan bezala, erakunde baten berri emanen dugu gaur ere, gure gizartearen antolaketa ikasten joan gaitezen, eta gure jokabideak zenbait oinarri sakonetan ezarri ditzagun...

        Aspaldi hontan, herri hontako gidarietako bat izanik, kezkaturik nenbilen sortzen hasi diren iskanbila eta gorabeherarekin, ez nengoen lasai, ez, betiko lau katuen gezurrak eta konponketak edukitako oihartzunarekin, gezurrak, besterik, ez, gezurrak (hemen sutu egiten da).

        Bide zuzenak ahaztutzea, urrats okerrak ematen hastea, ez da gauza erraza izaten, gu bizi geran bezala bizi eta behintzat, bainan beti izaten dira inkonszienteak, eta gaiztakeriaz betetakoak.

        Horregaitik (behatza tentetuaz) beharrezkoa zaigu nundikan gabiltzan jakitea. Helburu horrekin, bada, ekarri ditugu bi hizlariak, bide oker hoietatik joateak ekartzen dituen galerak bere haragian sofritu dituztenak, bide okerren ondorioak zein izaten diren jakin dezazuten.

        Gu denok, ongi bai ongi bizi gara, konfort haundi batekin; ez gaitezen txorakeritan eta umekeritan ibili.

        Azkenik, eta honekin bukatzen dut, eskerrak eman nahi dizkiet A.E.N.ko (Alferrikal duen Erakunde Nagusia.ko, noski) zuzendariei, berauei zor baitiegu gaur hizlari hauen entzuteko aukera.

        Besterik ezer ez, barkatu gaizki esanak. Arratsaldeon, berriro. (Ikusle batzuk —jakinaren gainean jarritakoak— txalo egiten hasiko dira).

1hiz. Gu ez gara ezer gu ez gara inor guk ez dugu batere balio gugatik ezin dezakezute deus egin hobe duzute hemendik alde egitea alde borondate oneko gizonak alde alde bihotz errexeko andereak zertara etorri zerate zertarako eseri zerate zuen bizitza guztian taxuzko gauzarik egiteke baldin bazaudete ez etorri zuen problemekin guregana gu ikustera gu entzutera ez daukagu zuen beharrik berdin zaigu guri baldin eta ondraduki jokatzeko modurik aurkitzen ez baduzute berdin zaigu minbiziaz kutsaturik ba zaudete guregatik ez gelditu ez dugu gure etxe hortatik ateratzerik nahi izaten behartu egiten gaituzte, hori da, gogoz bestera ekarri gaituzte gure kastiguaren alderdi bat besterik ez da urtero informe eta adierazpen batzuk eman behar ditugu jende zintzoak zuek bezalako zintzoak zuek bezalako gizarajoak gugandik ikasi dezaten, eta gu ikusiaz, gure bideak hartzeko desgogoturik gelditu ditezen, gure huts eta makurrak egin ez ditzaten, gu bezalakoengandik alferrikalduen berri jaso dezaten.

2hiz. Bai, jendea, bai; alferrikalduen berri emaileak gara gu.

1hiz. Berri emaile bortxatuak bestalde, lehen aipatu dudan bezala, errepikatzeak ez digu axola. Ez digu axola ez digu axola ez digu axola ez jarraitzea hobe litzake nahiago genuke zuek hemendikan botatzea, gorroto latz bat dizuegu gure bihotzetan, gure bihotzetan gure bihotzetan.

2hiz. Bainan hori ez da zuen errua.

1hiz. Den ala ez ezer ardura guri lagun buka dezagun lehen bait lehen esplika dezagun aurrena nun dagoen gure etxea gure etxea ja ja jaaa gure etxea.

2hiz. Gure etxea ziutatera dihoan kaminoaren aldamenean dago eta atzekaldetik ibai batek inguratzen du trenbidea ere gertutik pasatzen da ez da ez da paraje polit bat eguzkiak ez dio gehiegi ematen edo hobetoago esan eta etxe hortan nik dadukaten gela ospela da nere lehioak ifarrera jotzen du, ifarrera, i...fa...rre...ra ni ere ifarrekoa naiz han ifarrean...

1hiz. Lagun lagun ez gero hire sentierak hemen kontatzen hasi ez lagun jende madarikatu honen aurrean, ez lagun, mesedez...

2hiz. Jakin ere badakigu hala esan izan digute trenetan dabilen jendeak agur egiten digula bainan guk ez diegu jaramonik egiten ez dugu besorik altxatzen zergaitik agur egin ikusten ez ditugunak gizon eta andere anonimoak ez ditugu ikusten ez ahal zerate konturatu ez ahal zerate ohartu gu gu gu gu gu (kolpeka, bainan betiko abots mailan) itxuak itxuak itxuak itxuak.

1hiz. Bai gu itxuak gara, areago, itxututakoak gara. Nori da gu bezalakoen kastugurik handiena: itxutu egiten gaituzte.

2hiz. Orain badakizute gure kastigurik latzena kastigurik latzena kastigurik latzena kastigurik latzena ez da txorakeria gizon bati bista kentzea.

1hiz. Bainan hoieri zer inportako zaiek nundikan axola honera etorri baino lehen espiluaren aurrean bularrak tentetzen ihardun duen andere horri zer adieraziko gure itxugoak zein/ze galtza jantzi erabakitzen aritu diren gizonei ere ja ja jaaa esan ezaidak lagun zer inporta zaiek.

2hiz. Egia duk lagun bainan badakik derrigorrezkoa diagu informea eman beharra zedukagu badakik ez hadi haserretu.

1hiz. Bazekiat lagun bazekiat jarrai jarrai.

2hiz. Adibidez nik ez nuen aparteko gauzarik egin ni hiltzaile ttipi bat besterik ez nintzen hainan zerbait egin zidaten begietan harrapatu ninduten egunean eta harrez gero eta harrez giro gaua jausi zait bukatu egin ziren neretzat koloreak eta nik asko maite ditut koloreak urdinaren argitasuna berdearen hamazazpi klaseak mendiak belarra horiaren xuabetasuna marka hau ere jarri zidaten bainan seinale hau ere ezin duk espiluan ikusi.

1hiz. Lagun lagun lagun ez gauza hoietan pentsatu urrundu pisti ilunak; (...) zuek zer begiratzen duzute zer irabazte duzute nere lagunaren tristeziarekin zer zer nazkagarriak.

2hiz. Gure etxea gartzela bat omen zen antzinan han sartzen omen zituzten gu bezalakoak zirenak orain ordea hala diote ez omen dago gartzelarikan ja ja jaaa gizon bati begiak ateratzen ba dizkiote seinale bat jarriaz kalera botatzen baldin badute nora joanen da nundik janen du zeratarako paseatuko da tafernetatik ostikoka bidaltzen badute jendeak hara hor alferrikalduetako bat ez inguratu jakin zein munstrokeri eginen zituen oihuztatzen baldin badio zer gelditzen zaio mundu hontan zer gelditzen zaio jakia eta loa bilatzea besterik etxerantz abiatzea baino aspaldiko gartzelaren babesa bilatzea baino zer gelditzen zaio.

1hiz. Zuek zer eginen zenduteke kartoiezko heroeak, zer zer zer.

2hiz. Nere lagunak ere ezer ez zuen egin ni baino gutxiago oraindik ideiak ideia batzuk zituen zabaldu egiten zituen plazaratu plazaratu itxutu egin zuten ni itxutu ninduten egun berberan.

1hiz. Ja ja jaaa.

2hiz. Zer lagun zer gelditzen zaigu esateko zer.

1hiz. Ia ezerrez lagun esplikatu diagu gure hirugarren kastigua panpin mekaniko hauen aurrean filosofo merke hauen aurrean etxe hortara jo beharra libreak zerate esaten badigute ere gure ateak ez dira gauez ere hertsitzen ja ja jaaa. Biak. Ja ja jaaa.

2hiz. Etorri berriak halere izaten dituzte bere ilusioak joaten dira ziutatera joaten dira baserrietara bere marka ezkutatzen saiatzen dira gazte gaituk oraindik esaten dute nundikan beldurra gizarajoak pena ematen dute.

1hiz. Pena.

2hiz. Urteak damazkigunak ordea badugu makiladan berri mesprezioa ere ezagutzen dugu eta gaur bezala bortxaz ezpada ez gara ateratzen hobe da hori hobe da etxe hortan jan eta lo egitea hobe da.

1hiz. Eta gure gogoz behin irtengo ba genduke itxasoaren bidea hartuaz gure azkeneko bidajea izanen litzake lepoari harririk lotu gabe honelako txorakeriarik gabe gure burua harkaitzen kontra txirtxilatuko genduake honela bukatuko ditut nere egunak.

2hiz. Horrela bukatzen ditugu gure egunak alferrikalduen erakundean horrela heriotz hori maite dut nik ere.

1hiz. Oraindik kontent ez bazerate oraindik alferrikalduen berri ez baduzute izan orain dik gure nazka gehiagotu nahi baduzute berriro errepikatuko dugu lekzioa gure etxeko agintariak jana eta loa kendu ez deizaguten horregaitik bakarrik horregaitik bakarrik.

2hiz. Bai, hala da gu ez gara ezer gu ez gara inor.

(Jende guztiak aldegin arte errepikatzen arituko dira).

 

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.