Hitzak ebakitzean
Luis Mari Mujika

Kriselu, 1975

 

 

SARRERA

 

      Literaturarik ez duen herriak halako herri atzerakoi, berankor eta menderatu bihurtzeko arriskua daduka. Literaturarik gabeko herriek, normalean, historia kaskarra eduki ohi dute. Beren historia beste herrien moldetara menderaturik ikusteko zoria dute; inguruko sozio egoeraren kondizionamenduek ba dute zerikusirik letrarik gabeko populuetan. Literaturak, neurri batetan, herri konkretu baten kontzientzia isladatzen du, eta isladatze edo erreflexio horretatik dator historia egin nahiaren beharra.

      Euskal Herria, bere literatura arruntaz, behar bada, gerta daiteke axioma horretatik kanpo, baina, aspaldiko sasimistizizmo ergelak uzten baditugu, uste dut gure herria ere, hainbestean, axioma horren barruan sartzen dela. Historia idatzia (literatura) eta herri gogoa edo herri kontzientzia sinonimo izan daitezke. Zein fenomeno psikologikok eraman du euskalduna bere historia humildade izutiz ixiltzera? Zerk mantendu du gure herrian holako jokabide galgarria? Nortasuna literaturan ez plasma nahiak, kanporat azaltzeko beharrik ez sentitzeak, zerbait adierazi nahi du. Fenomeno horren ondorio larria historia besteek egin digutela litzateke, eta dakigunez, anitzetan gaizki paraturik gelditu gara. Norbaitek esan dezake guk literatura ba dugula bere zentzu orokorrean. Nik baietz ta ezetz erantzunen diot. Baietz, minimum bati lotzen bagatzaizkio, ta ezetz, produzio multzoari itsatsiz. Izan ere, Euskal Herriak lau mendetan produzitu duen itzulpen eta original liburu mordoa (194 liburutakoa) guk gaur hiru edo lau urtetan betetzen dugu.

      Bestalde euskalduna halako sasijatortasun batengatik, sarritan, bere munduan aldendua, kutsugabetua eta isolatua gelditu da beharrezko mila izpiritu eta estetika korrontetatik. Horrelako birjindadea ez daiteke guztiz positibo bezala har, ghettoaren aldekoak ez bagara behintzat. Zenbait beldur psikologikoren eraginez guk geuk euskara subkultura eta diglosia egoeran mantendu dugu. (Pentsatu, adibidez, Gipuzkoako Juntek edo Biltzarrek 1609an oraindik Gipuzkoa osoa monolinguea edo hizkuntzbakarduna zenean Ripaldaren katekima euskaratzea ukatu zutela, 200 dukatu mixerable ez emateagatik. Nonbait gure ilungiro diglosikoa aspaldidanikoa dugu etxean, zoritxarrez).

      Arrazoin funtsezkoengatik finkatzen dugu literatura eta herri kontzientziaren oinharria. Gure izaera positibo, pragmatiko eta utilitaristak ez dio literaturari gaur arte behar hainako garrantzirik eman. Hori horrela delarik, poesia desmailatuagoa aurkituko da krisi egoera horretan. Poemagintzan ihardutea denbora galtzea dela uste duen herria mespreziagarri da, subkultura berankor baten kondizionamenduak luzarazteko arriskua duelako. Hau, noski, ardura guztiaz diot, ongi baitakit, sarritan ere, euskal literaturan, batez ere poesia zenbait jende desegokiren babestokia izan dela.

      Poesia, dakigunez, edozein literaturan herri kontzientziaren aintzindari da; hori horrela gertatu zen Lizardiren eta 1964ko belaunaldiaren garaian. Euskal poesia azken hamar urte hauetan estetik expresiobideen ezagugarri bilakatu da. Euskarak poesian itsasten du, gaur egun ere, korronte naturalista, sozial, existentzialista, sinbolista eta abarren kutsu aberaskarria. 1964 urtea jarri zuten Juan San Martinek eta Ibon Sarasolak poesia berriaren pasarte berri baten ardatz bezala. Hori egia da, baina ez osoro zehatza; nire ustez, 1964 urtearen ordez, urte horren ingurua hartu beharko litzateke pasartearen puntutzat. Urte horretakoa da, noski, G. Arestiren «Harri eta Herri» poema liburua, eta bere balioak hiru faktore hauetan konkreta daitezke: a) Euskarak lortutako funtzionaltasuna, b) Euskarari hiri edo urbano motibazioak itsastea, eta c) Desakralizazio elemendu zenbait. Baina, meritu horien gain, 1964 urte ingurua beste antzeko balio askoz aberasten da existentzialismo eta sinbolismoaren aldetik. Adibidez, urte horietarako Joxe Azurmendiren existentzial motibazioak nabarmenak dira, eta baita Luis Mari Mujikaren «Bide Giro» eta «Urdin eta Burni» liburuaren motibazio sinbolista aberaskarriak. Uste dut oraindik kritikak ez duela aztertu behar hainbat «Bide Giroak» poema liburuak suposatzen duen uhin berri sinbolista.

      Euskal poesiaren kritiko batzuk partzialkeria okerrean erori dira poesia sozialaren aldeak aztertzean eta gainbaloratzean. G. Arestiren forma funtzionalista zenbait poetarentzat «txabakanismoaren» bide izan da, hau da, errazkeriaren aitzakia. Gabrielen bidetik batzuk «axolakabekerietan» erori dira, euskarari alde batetatik pobrezia erakarriaz. Nik Aresti asko estimatzen dut, eta bere meriturik handiena euskarari funtzionaltasun bat ematea izan da, baina bere bidea profitaturik batzuk «txabakanismo erraz» batetan erori dira. Luis M. Mujikaren «Bide Giroak» poeman (nahiz eta sarritan formak heldugabeak azaldu oraindik) literatura moderno baten motibazioak nagusi dira, eta metaforaren teknika sinbolista eta expresionista garbi eta dotore sartzen da euskaran. Adibidez, bisemiaren ata sinestesiaren teknika osoro nabarmena da Luis M. Mujikaren bi liburuetan.

      Esan dudanez, azken zazpi urte hauetan poesia sozialak kritikoen begiak monopolizatu ditu, gure expresiobideak nolabait antzutuaz. Etapa hori beharrezkoa zen gure herrian «konpromiso haro» bezala, baina horizontea galdu gabe, eta «axolakabekerietan» erori gabe. Poesia sozial baten aitzakian «errazkeria» anitz sartu da gure etxean. Gainera, euskarak bere historiaren isolamenduarengatik estetika forma urri ukitu du; korronte batetan hersteak galera ekar dezake. Bestalde, poesia sozialak frantzesean, gaztelanian, ingeleran, etab. moda bezala pasatuak dira, nahiz eta motibazioetan jarraitu. Kritika honekin ez dugu gutxieztu nahi poesia soziala (izan ere, Luis M. Mujikak, liburu honetan azaltzen ditu horrelakoak ere), ekilibrio batetara eta aberatsiturriak hornitzera eraman baizik. Adibidez, Zulaika baten poesia serios eta gihartsua positiboa deritzaigu. Poesia konprometituak ez du «txabakanismoan» erori behar, konpromiso eta formaren lantzea ez dator desados. Formaz mintzatzean ez gara, noski, preziosismoaz ari.

      Kritiko zuhurrak baldin bagara, ohartuko ginen gure poesiaren azken boladan sinbolismoa datorrela berriro Joxe Azurmendi, Urretabizkaia eta X. Leteren zenbait poesi zatitan. Bide hau oso positiboa deritzaigu, euskararen estetik bidea oraindik osoro urria delako.

      Eskuetan duzun Luis Mariren liburuan sinbolismo urratsak nabarmenak dira, 1970ez geroztik. Mujikaren sinbolismoa, geroz eta gehiago, nerudiano bihurtzen da; bere mundua estetik motibazioz eta metaforen indarrez sekulako eder ikaraz hornitua aurkezten zaigu. Mujikak bisemia, sinestesia eta sentsualismoa ere trebeki menderatzen ditu; batez ere, 1971ez geroztikako poemetan Nerudaren estetika harro, zoro, zurrunbilotsua nabarmena da. Halako sinbolismo kosmiko sentsualean mugitzen da Mujikaren eder mundua. Behar bada, Zulaikaren mundutik aparte, alde horretatik.

      Azter ditzagun pundu batzuk:

      Poema liburu honetan bilduma bat eskaintzen zaigu, ez poema konkretu bat bakarra. Tankera desberdineko poesiak aurkitzen ditugu bildurik: a) Existentzialak, 1967-1969 urterainokoak. b) Poesia sozialak, 1968-69 urte ingurukoak. d) Kanta poesiak 1968-71 urte ingurukoak, eta e) Kosmosinbolismo motibaziozkoak, 1971-75 urte ingurukoak.

      Gaiari lotzen bagatzaizkio motibazio antzekoak ikusten ditugu. Mujika «egunaren egunerokotasunez» mintza zaigu. «Nire zalantzak zutik daude adarrak antzean». Bisemia indar sinkroniko bat eman nahiz, hau dio poetak: «Arratsean euri, euripe, euripean». Xabier Azurmendiren «Izatearen Malura» poemaren kutsua zertxobat nabari da poesia batzutan.

      Bisemia ilungiro eta anbiguitateaz baliatzen da nagusiki beste literaturatan. Horra anbiguitate hori liburuan: «Ni hala-hola istant banala»  «Denek nonbaitean, noizbatean, norbait hil duzue».

      Sentsualismoa da Mujikarengan beste balore nagusia, hau da, bere metaforak lortzen duen balentzi sentsuala. «Nire besoek —kontinentea bailiren— maitearen soina inguratzen zuten». «Aho ta asmamenak zein bolkanak ditudan». «Haren ederrean hozka ta hozka laban sentsualak»  «Ah, Ah, Edurne zure gorputza lizar zuhaitza». Nire ustez euskal literaturan «Leturiaren egunkari ezkutua» arte sentsualismoa moralkeriaz hertsitua zegoen. Sentsual motibazioak arraroak ziren, eta gehienetan arrazoin moralizantez inguraturik aurkitzen ziren.

      Bestalde, liburuaren metafora indarrari loturik, poemen meritu nagusienetakoa metafora teknikan datza. Egileak nerudianismoaren teknikak ezagunak ditu, eta surrealismoak eskain ditzakeen harma boteretsuez baliatzen da, sarritan. Begira metafora batzuk: «Haren oroiak pertz irakin, izugarria lez».  «Ama horren sabel mahatsezkoan, saratsezkoan, sekulakoan»  «Objetoen metalean kolpe ta kolpe».

      Nire iritzian Mujikaren poema gihartsuenak eta aberatsenak hauk dira: «Harrizko euskara», «Zazpigarren egunean», «Amari poema», «Harriaren poema» eta «Urrengo egunean». Poema guzti hauetan metaforen dinamika eta ausardia baliotsua da, eta mamia halako motibazio kosmikoez hornitua azaltzen da. Begira zer dioen: «Ni lurra nintzen, ni hau lurra zen».  Eta gero,

 

            «lurraren azala,

            lur kosmiko

            mozkorra,

            lur kaotiko

            bizkorra».

 

      Oraindik orain sinbolismoak, surrealismoak ata abar, euskal alor birjinean osoro beharrezkoak dira euskararen aberaspide bezala. Korronte horien esposatzean gure gazteek unibertsalismoa azaltzen dute, alegia, espaldiko euskal idazleen isolamendua bukatu dela, eta etxeko soroa lantzean teknika anitzen jabe izan gintezkeela adierazi nahi da.

      Luis M. Mujikaren haro berriaz mintzatzean ezin daiteke ahantz Mikel Lasa poetarekin duen zerikusia. Aspaldiko poesian, Mujikak, esaera motz eta zailagoak erabiltzen zituen: euskara heldugabeagoa. Batez ere, 1970ez geroztikako poesietan Mujikak Mikel Lasaren frase luzeen joera azaltzen digu, haren joskera leun, amaigabeak. Beraz, M. Lasaren plastika nabarmena da: esaldi luze eta eufemikoak, sintagma etengabeko kadentzi isomorfoak, etab. Badakigu, Mujikak M. Lasa poeta, agian, nagusitzat jotzen duela...

      Poema liburu hau, bilduma baino ez delarik, oso interesgarria deritzaigu gaurko estetikaren unean. Mujikaren plastizitatean gauzarik eder asko aurkitzen da. Plastikaz ez beste, Arestiren funtzionaltasuna eta urbano faktoreak nabarmenki erabiltzen ditu, batez ere, 1968-70 urteetako poesietan. Mujikaren poesia sozialaren balio nagusiena horixe da, nire ustez. Egileak esan didanez, «Azken euskal poesiaren expresio teknikak» liburua laster argitaratuko omen du Luis Marik. Bertan ikus daiteke hobekiago gaurko poesiaren segida eta prozesua.

      Nahiz eta euskal literaturan gaur egun «saio liburuen» distira batetan bizi, literaturazko liburuak oso beharrezkoak ditugu: zifratara bagoaz euskal literatura (nobela, poesia eta teatrogintzaren produzioa) proportzionalki urria da, eta editorialek, behar bada, faktore hori ez dute behar haina balioztatzen. Poesiaren eginkizuna, bere lekuan, funtsezkoa da; euskarak sorketaz edo kreatibitateaz ez dezake bizia baino irabaz.

 

IKATZAK

Madrid-en, 1975azaroa

 

Hitzak ebakitzean
Luis Mari Mujika

Kriselu, 1975