Hitzak ebakitzean
Luis Mari Mujika

Kriselu, 1975

 

 

PARADOJAK ELKAR

 

             Paradojak elkar joka dabiltza nire bidean, hutsa eta ez-hutsa, hutsaren positibotasuna. «Hori egia hutsa da», «hori ur garbi hutsa da», ez dut entzun «hutsa» hori bezain hitz lerdenagorik... Oteizak plastifikatu duen litos haroko euskaldun huts dramatikoa. Gure izatean hutsa eskulpitzen da, harria begi urdin-hotza bezain gogorra denean, edo eta neskatxaren birjindadea —dontzeiliatasuna— kazkabarra bezain gordina eta txukuna denean. Orduan esaten dugu, euskaldunok, Oteizarekin, eta Jaspers-en edo eta Unamunoren serietateaz: «Hori harri hutsa da», «hori edertasun hutsa da»... Baina hutsak ba du bere kontrakoa, paradojaren agonia larria, «hori gezur hutsa», «huskeria bera da» esaten dugunean...

             Bizia ere paradoja da, bietarikoa, «egia hutsa» eta «huskeriaren» ahulezia...

 

1973

 

Hitzak ebakitzean
Luis Mari Mujika

Kriselu, 1975