Erreka zuloan
Anastasio Albisu

1956 (1973an argitaratua)

 

 

I

 

      Ardiak bildu eta, etxeruntz zetorren Azalgortako Miel. Ez zan artean berandu. Iluntzerako etxean izan ohi zan beti Miel... Eskuan zekarren makilarekin sasi batzuk baztartu, eta erreka zulo aldera hartu zuan arratsalde hartan. Gutxitan bazan ere, inoiz ibili ohi zan bide hartatik ere. Zoritxarrez, ordea, egun hartan...

      Ez zuan hark erreka zuloan halako gauzarik arkitu behar zuanik uste. Gorri zeuden erreka zuloko potzuak. Odol gorriz gorrituak. Eta erreka ertzean, hilotzik, neskatxa gazte baten gorputza! Ez zitzaion luzaro begira egon. Inork bide hartan ikusiko ote zuan bildurrez, laisterkari eman zion Mielek.

      Txuri-txuri sartu zan etxera. Han zeuden, sukaldean, Erramona, bere emaztea, eta Ana eta Manuela bere alabak. Esnea jeisten ari zan ikuiluan Joxe, morroia. Gabonak ozta-ozta eman eta sukalde baztarreko aulki batean jarri zan Miel. Esku artean zeukan burua.

      Aita honela ikusita, ez zuten hitzik emazte-alabak. Hango isiltasuna! Zer ote zuan, egun hartan, gizon hark?

      — Zer dezu, Miel —galdetu zion, behingo batez, emazteak—. Ez al zaude ondo? Okerren bat izan al dezu?

      Alperrik. Iluntze hartan ez zuan Mielek erantzunik...

 

      Joxek bere lanak amaitu zituanerako, gertu zan afaria. Aita ez zan bere aulkitik jeiki. Burua esku artean egon zan haiek afaldu artean. Afari ituna hura. Azalgortan, egun hartaraino, izan ez zan bezelakoa. Inork ez zuan hitzik esan.

      Errosario santua errezatu, eta ohera bialdu zituan Erramonak alabak eta morroia.

 

      Aurrera zihoan gaua. Bere senarraren ondoan jarri zan Erramona. Ez ote zion hitz eragingo?

      — Zer dezu, Miel... —galdetu zion.

      — Ezer ez! —erantzun zion.

      — Eta zer dala eta zaude honela?

      — Zer dala eta? Ez dakizute zer zoritxar datorkizuten zuen gainera. Izan ere, zergatik hartu ote det nik, gaur, bide hori? Ai, Erramona! Ez da gaurtik zorionik izango Azalgortan!

      — Zer gertatzen da, ba?

      — Isilik gordeko didazulakoan esaten dizut. Neskatxa baten gorputza dago hilotzik erreka zuloan. Norbaitek hil du neskatxa gazte hura, eta gu izango gera heriotzegileak!

      — Gu? Zergatik gu?

      — Gure sailean dagolako, eta beste inor ibili ez dalako inguru haietan.

      — Bainan zer diozu Miel?

      — Bai, Erramona. Gauza hauek honela izan ohi dira. Horren berri jakiten dan bezain laister, nere bila etorriko dira.

      — Zure bila? Ez dezu horrelakorik esan behar Miel!

      — Bai, Erramona, bai... Eta ni izango naiz heriotzegilea, besterik agertzen ez dan artean, behintzat. Heriotzegile baten emaztea izango zera zu, heriotzegile baten alabak, Ana eta Manuela.

      — Ez, Miel!

      — Bai, Erramona. Honelakoa izan ohi da gizonen zuzentasuna. Nere burua urkamendian ez ote dedan ikusi behar, bildur naiz. Ai, Erramona...! Zuek izan ez bazinate, ez zuten, gaurtik, nere berririk herrian izango. Ihes egingo nuan.

      — Nora, ordea?

      — Nik zer dakit, ba, inora! Hemen geldituta ere, hondamendia besterik ez degu izango. Ai, Erramona, hauek egunak etorri zaizkigu!

      — Eta zure bila etorriko ote dira, ba?

      — Bai, Erramona. Ez zazu horren dudarik izan. Nik bilatu det gorputza, nere sailean dago, ez da errudun izan leikenik beste inor agiri... Noren bila etorriko dira, ba, nere bila etortzen ez badira?

      — Eta zergatik ez dezu oraintxe, ihes egiten, Miel?

 

      Eta honelakoxe jardunean igaro zuten Azalgortako senar-emazteek gau tamalgarri hura. Ez zuten lo gehiago egin Anak eta Manuelak. Joxe marroiak, bai. Hura ez izaki Azalgortako Mielen semea.

      Gau hartan, zoritxarrez, ez zan Azalgortako sukaldean argirik itzali.

 

 

Erreka zuloan
Anastasio Albisu

1956 (1973an argitaratua)