Erreka zuloan
Anastasio Albisu

1956 (1973an argitaratua)

 

 

XII

 

      Polizi jauna etorri zitzaionerako, bazuan Pierres jaunak danaren berri. Jon Andoni agertu zitzaion, negar batean, arratsalde hartan. Eta zekizkin guztiak esan zizkion, haren alabarekin zer hartu-eman izan zituan, Peru Okotzekin egin zuan tratua, eta Polizi jaunaren etxean jakin zituan beste gauza guztiak.

      Jon Andoniren nahigabea ez zan esatekoa. Belaun biak lurrean, barkapen eske ari zitzaion Pierres jaunari. Errudun ikusten baitzuan bere burua Jon Andoni onak. Eta honen samintasun hau arintzea, ez zan lan erreza izan Pierres jaunarentzat.

      Polizi jauna etorri zanean, irten egin zan Jon Andoni Pierres jaunaren etxetik.

      — Jakin degu, errez jakin ere, zure alabaren heriotzegilea nor izan zan. Hil zan bera zoritxarrez. Peru Okotz izan zan hiltzaile hori!

      — Banekian, bai. Jon Andonik eman dit oraintxe danaren berri. Pozgarria izan da neretzat Peru Okotzen heriotz berria ere. Ez nuke nere bihotzean gorrotorik nahi eta, gaur bizi izan balitz, harentzako gorroto bizi bat izango nuan, beharbada, nere bihotzean. Ez, ez det gorrotorik nahi. Diru zaletasunak itsuturik egingo zuan hark bere gaiztakeria, nik nerea amorruak itsuturik egin nuan bezelaxe. Barkatuko ahal dizkigu bioi goiko Jaun onak egin ditugun oben hauek! Dana dala, eskerrak zor dizkizut zuri, lagun. Ez naiz ahaztuko!

      — Ez didazu ezeren zorrik. Nere eginbehar bat betetzea besterik ez det egin nik. Eta gainera, lagun geran aldetik, zor diogu alkarri hainbeste mesede. Hemen ekarri dizkizut argazki eta abar. Itunak izan arren, alabaren oroigarriak dituzu behintzat eta... Agur, ba, Pierres...

      — Agur, lagun.

      Eta etxe atarian agurtu zuten alkar berriro bi lagun hauek.

 

      Kalean zan laister Pierres jauna ere. Lekaimetxeko morroiarekin egon nahi zuan lehenbailehen, hura baitzuan, aldi hartan behintzat, bere lagunik kutunena. Harekin izaten baitzituan jardunik gozoenak. Zeresateko asko zeukan, gainera, arratsalde hartan.

 

      Pierres jauna lekaimetxe aurrean agertu zanean, bere eguneroko eginbeharretan ari zan morroi zintzoa.

      — Berri onak dakarzkizut gaur —hasi zan Pierres jauna—. Ez dira ustelak izan oraingo hontan ere zure usteak. Zuk esan bezela izan zan nere alabaren heriotza. Lehendik ez ote zenekian zuk zerbait?

      — Nik? Eta nondik jakin behar nuan, ba?

      — Zer dakit, ba, nik! Bainan ez al da harritzekoa? Zuk esan bezelaxe izan dira gauza guztiak. Badakit nere alabaren hiltzailea nor izan zan.

      — Bai?

      — Bai! Kontrabandistaren bat izango zala ez al zenduan, ba, zuk esaten? Kontrabandista bat zan ba!

      — Eta nor izan zan kontrabandista hori?

      — Ez dakit zuk ezagutu zenduan ala ez. Orain lau urte hil zan. Lohitzundarra zan. Eta Peru Okotz zuan izena.

      — Ez zan izan, beraz, Urrategin esan zizuten Azalgortako Miel hura?

      — Ez!

      — Eskerrak, jauna! Hau poza!

      — Bainan zer dezu zuk zerikusirik gizon horrekin?

      — Badet, bai, zerikusirik. Zuk uste dezun baino zerikusi haundiagoa gainera.. Barkatu, jauna. Ni neroni naiz Azalgortako Miel.

      — Zu?

      — Bai, Pierres, ni!

      Eta malkoa zeriola honela jarraitu zuan Azalgortako Mielek:

      — Zure alabaren gorputz hila lehenengo ikusi zuan gizona, ni izan nintzan. jauna. Ni naiz, heriotz haren errua nere gain eroriko ote zan bildurrez, Azalgortatik ihes egin zuan gizona. Ni naiz Liotzunen azaldu zan eskalea. Bederatzi urte luze hauetan, ez nau loak inoiz ere malkorik gabe hartu. Badakit ez nuala gizonki jokatu, ez nituala zure alabarekin egin behar nituanak egin. Bainan bildurrak zeratu edo egin ninduan. Barkatu, Pierres jauna.

      Eta Pierres jaunaren aurrean belaunikatu zan Azalgortako Miel.

      — Jeiki, Miel! —deadar egin zion Pierres jaunak—. Ez dezu zer barkaturik, eskerrak zor dizkizut nik eta. Zuk egun hartan ihes egin ez bazenu, ez nuan nik behin ere nere alabaren berririk jakingo. Jaungoikoak ekarri zindun Lohitzuna. Lehen baino ere maiteago zaitut gaur.

      Eta besarkada luze bat izan zuten lagun biak.

 

      Haien barruak pixkaren bat arindu ziranean, galdera hau egin zion Azalgortako Mielek:

      — Zure alaba ez nuala nik hil, sinistuko ote dute Urrategin?

      — Bai, Miel. Sinistu beharko dute. Urrategirako asmoak hartzen dituzunean, ni izango natzaizu lagun.

      — Eskerrik asko, Pierres jauna. Nere hitza sinistu nahi ez baldin badute, sinistuko ahal dute, behintzat, zurea. Ezagutzen zaitue gainera.

      — Bai, Miel. Ez horren kezkarik izan. Noiz joan nahi zenduke haruntz?

      — Ahalik eta laisterren! Etzi baino bihar nahiago. Baditut, hortarako gordetako txanpon batzuk ere.

      — Ondo dago, Miel. Neretzat ere atsegingarriak izango dira, bertan igaroko ditudan egunak, han baitaukat nere alabaren hilobia! Eta Azalgortan izango ahal da, behintzat, neretzako adina leku...

      — Landara berri asko sortu ez baldin badira behintzat, izango ahal da zuretzako adina leku.

      Eta lekaimeeri dianen berri emateko asmoetan, lekaimetxera sartu ziran Pierres jauna eta Azalgortako Miel.

 

      Nahigabe haundia izan zuten Lohitzungo lekaimeek. Hain morroi zintzoa izan zan, izan ere, Azalgortako Miel! Bainan nor ez poztu Azalgortako Mielek etxera bihurtzeko zeukan poz harekin?

      Urrategiko geltokira iristean, bildurrak hartu zuan Azalgortako Miel. Nolako harrera egingo ote zioten Urrategin? Sinistuko ote zuten urrategitarrek haren errugabetasuna? Ez ote zuten, ordu batzuetarako bederen, espetxean sartuko?

      Ondo zekian Azalgortako Mielek Pierres jaunaren aitormenak indar haundia izango zuala urrategitarrentzat. Eta hala ere, bildur zan gizagaixoa.

 

      Laister izango zuan, ordea, Urrategin izango zuan lehenengo poza.

      Beso biak zabalik zetorkion Urrategiko Erretore jauna.

      — Miel! Aspaldiko Miel!

      Eta besarkada estu bat eman zion kale erdian.

      Pierres jauna ere ezaguna zuan eta Pierres jauna agurtu zuan hurrungo. Hala ere, bazuan bere kezkatxoa Erretore jaunak. Ez ote zuan izkuturen bat Pierres jauna eta Azalgortako Miel alkarrekin etortze honek? Herriko agintarien eskuetan ipini nahi ote zuan, ba, Pierres jaunak, Azalgortako Miel?

      Ez! Ez zan holakorik!

 

      Laister jakin zuan Urrategiko Erretore jaunak gertaera guztien berri. Ez zetozen etsai bezela. Lagun bezela zetozen.

      Azalgortako Mielen errugabetasuna Urrategin aitortzera zetorren Pierres jauna. Eta nork egin hobeki aitormen hori? Ez al zan bera, Urrategin hila azaldu zan neskatxaren aita?

 

      Gogoz entzun zituan Urrategiko Erretore jaunak Pierres jaunak esan zizkion hitz guztiak. Errugabea zan, beraz, Azalgortako Miel! Zer esango ote zuten orain Epaile jaunak eta beste guztiek?

      — Epaile jaunarengana joan nahi genduke lehenen —esan zion Pierres jaunak—. Epaile jaunak ez zuan Mielen errugabetasuna sinisten, eta nere aitormenak Mielen aitormenak baino indar haundiagoa izango du, noski, harentzat. Harekin egon nahi genduke, bada, Azalgortara igo aurretik.

      — Ondo dago, Pierres jauna —erantzun zion Erretore jaunak—. Azalgortara igoko naiz ni bitartean, eta aitaren etorri berria emango diet Azalgortakoeri. Han izango dan poza! Miel... Ez dakit dakizun ala ez, bainan landara berriak badira Azalgortan. Gero arte, ba... Azalgortan bazkalduko degu hirurok...

      Eta Pierres jauna eta Azalgortako Miel Udaletxean sartu ziranean, Azalgortarako bidea hartu zuan Erretorre jaunak.

 

      Aterik jo beharrik ez zeukan hark Azalgortan, eta sukaldean agertu zan, bat-batean, Erretore jauna.

      Bazkaria gertatzen ari zan une hartan Ana, etxekoandre gaztea. Erropa batzuek konpontzen ari zan Manuela. Bilobatxoak zaintzen, bazuan nahiko lan Erramonak. Soroan ari zan berriz Patxi, Anaren senarra.

      Egunonak emanda, sutondora inguratu zan Erretore jauna.

      — Zer bazkari dezu gaur, Ana? —galdetu zion Erretore jaunak.

      — Zer bazkari izango degu, ba? Betikoa! Zopea eta baba beltzak urdai zati banakin!

      — Ez da, ba, hain bazkari ederra, Ana...

      — Izango degu beste zerbait berorrentzat, gurekin gelditzen bada behintzat...

      — Asmo horrekin etorri naiz. Bainan ez nator bakarrik. Laister agertuko dira beste bi gizon. Bazkari on bat egin nahi dutela eta, Azalgortan egingo degula esan diet nik. Ez nazazu, ba, gaizki laga, Ana.

      — Ez da benetan ariko —erantzun zion Erramonak.

      — Bai, Erramona. Bene-benetan ari naiz. Eta gizon hoietako bategatik ez litzaiket asko ajolako. Baba beltzak urdai zati baketin jaten ohitua izango dala uste det... Bestea, ordea, oso aberatsa da eta kaletarra gainera. Eta ez dakit nola hartuko lituzken baba beltzak eta urdaia.

      — Jesus! Eta nola ez digu lehenago esan? —erantzun zion Erramonak jeiki eta sutondora zetorren bitartean.

      — Ez zaite estutu, Erramona. Ikusiko dezu zeinen azkar gertatzen degun bazkari hori. Guk gaur bazkaltzerako, izango dira arratsaldeko hirurak. Nahiko asti badegu, beraz.

      — Eta arratsaldeko hirurak arte zer egin behar dute, ba?

      — Kontuak esan, Erramona. Eta ikusiko dezute kontu hoiek entzuten zeinen pozik egongo zeraten zuek ere. Bainan ez dezagun denborarik galdu, Erramona. Nik esango dizutet nolakoa izan behar duan gaurko otordu honek. Zopa ederra egin behar dezu lehenengo. Urdaiazpiko zati ederrak ipiniko dituzu, gero, tomatearekin. Eta oilasko errea azkenean. Eta ardi esnerik baldin badezu, gatzatuna azken-azkenean. Kaferik ez dedila falta, eta patar ederrik, ere ez!

      — Jesus mila bider! Ez nolanahiko bazkaria ere. Manuela, zoaz oilategira eta ekarri itzatzu oilaskorik ederrenak. Zuk, Ana, jetxi urdaiazpiko hori, eta ea zati eder batzuk ateratzen dizkiotzun...

      — Neretzat ez al dezu zereginik, Erramona? —galdetu zion zirikatu nahiean Erretore jaunak. Nola egiten dan esaten baldin badidazu, neronek egingo dizut gatzatuna!

      — Ai, jauna. Berorren umore hori nahi nuke nik orain!

      — Nik baino hobea izango dezu laister.

      — Bai? Hil oilasko hoiek, Manuela, eta lumatu ondoren, ea garbi-garbi ipintzen dizkidazun azkar-azkar. Goiko salan gertatu beharko degu mahaia...

      — Ez, Erramona. Hementxe bertan. Bainan etxeko gauzarik onenak atera behar dituzu gaur. Azalgortan izan dan egunik haundiena izango da gaurko egun hau Azalgortan eta...

      — Zerbait esan leike bai —erantzun zion Erramonak.

      — Ondo al daude, ama —galdetu zion Manuelak.

      — Bai. Laga itzatzu hemen eta hasi zaite mahaia gertatzen. Lagun bi hoiek etortzen diranerako, egon dedila dana gertu.

 

      Mahaizapia zabaltzen ari zan Manuela, Patxi etxeratu zanean. Erretore jauna ikusi zuanean, Aimariapurixima esan, eta hango emakumeen egin beharra ikusi eta...

      — Zer gertatzen da gaur hemen? —galdetu zuan nagusi gazteak.

      — Laister jakingo dezu zuk ere. Bazkaria moldatzeko eran al gera, Erramona? —galdetu zion Erretore jaunak.

      — Bai, jauna. Menperatu samarra daukagu, behintzat.

      — Entzun, ba... —hasi zan orduan Erretore jauna—. Berri onak ditut, behintzat, gaurko berriak. Bizi zaigu Miel!

      — E...? —egin zuten sukaldeko guztiek batera.

      — Bai, eta laister ikusiko dezutela uste det!

      — Non da, ba? —galdetu zuan Erramonak.

      — Urruti ez! —erantzun zion Erretore jaunak—. Izurik izango ez bazenduteke, laister etorrieraziko nioke. Mielekin egona naiz ni gaur.

      — Mielekin? Non, ordea? —galdetu zuan berriro Erramonak.

      — Urrategin! —erantzun zion Erretore jaunak.

      — Urrategin? Espetxean ez da, ba, izango?

      — Ez, Erramona. Ez dago espetxean, eta espetxerik ez du ikusiko! Muga haruntz agertu da, hemen hila agertu zan neskatxa haren hiltzailea. Kontrabandista batek hil zuan!

      — Kontrabandista batek? Eta nondik daki hori berorrek? —galdetu zion Erramonak.

      — Hilda agertu zan neskatxa haren aita berak esan didalako. Orain egun batzuk emen izan zan gizon hori. Lohitzunen lekaimetxe batean morroi zegoan batek zerbait esan ziola eta, etorri zan. Lekaime izan nahi omen zuan neskatxa harek, eta, han bertan izatea aitak galerazten ziolako, mugaz honunzko lakaimetxe batean sartzeko asmoetan omen zotorren gajoa. Eta Lohitzungo lekaimetxe artako morroiari esker jakin omen dute, neskatxa haren hiltzailea nor izan zan. Eta hauxe da harrigarriena, Erramona: lekaimetxe hartako morroi hura, Miel bera zan. Miel ba, eta hemen hila agertu zan neskatxa haren aita izango dira gaur gure mahai lagunak. Ez al zuan berri honek ospatzerik merezi, Erramona?

      — Bai, jauna, bai... Hau poza!

      — Ea, Manuela —esan zion orduan Erretore jaunak—. Gertatu bi ilobatxo hoiek eta irten zaite bi ilobatxoekin aitaren bidera. Laister izango da eta hemen.

      — Eta Oiondik igarotzen zeranean, eman gero, Mariri dianaren berri —esan zion amak— Hemen itxoingo diegu guk!

 

      Manuelatxo altzoan eta Mieltxo eskutik azaldu zan Azalgortako Miel bere basarri etxe aurrera. Etxean egin zioten ongietorria, nolakoa izan zan ez dago esaterik. Ez zan negar-malko gabeko begirik. Eta Pierres jaunak isuri zituan malkori sendoenak.

 

      Noizbait hasi zan egun hartako bazkaria ere. Jan baino hitz gehiago egin zuan Pierres jaunak. Xehe-xehe esan zituan alabarekin gertatu zitzaizkion gauza guztiak. Nondik nola egin zuan Miel lagun, Mieli eskerrak jakin zuala alabaren azken negargarria, eta Mieli eskerrak jakin zuala bere alabaren heriotzegilea nor izan za ere, eta Mielen errugabetasuna Urrategin argi eta garbi gelditu zedin, etorri zala Mielekin.

      — Jauna —esan zion orduan Manuelak—. Nik ez dakit zergatik, bainan hemen hila agertu zan neskatxa hura neskatxa on bat bide zala iruditu zitzaidan beti. Ez naiz geroztik erreka zulo inguruan igaro neskatxa haren alde otoitz egin gabe, eta nere aitaren etorrera berari eskatu gabe. Ez det dudarik egiten ba, gure gaurko zoriona berak eman digula. Gure aitaren errugabetasuna urrategitarrak sinistu dezaten, ekarri zaitu zu ere honera. Bazan nik ez nekian gauza bat ordea. Zure alaba horrek lekaime izan nahi zuala, alegia. Hara ba, jauna, hitz bat eman nion aspaldi Jaungoikoari: nere aita hau bizirik eta lotsakizunik gabe ekartzen bazidan, lekaime izango nintzala, alegia. Eta hitz hori ez nuan nik nerez eman. Zure alabak eraginda eman nuan nik hitz hori. Ez det dudarik ere. Bere ordezko nahi ninduan ni zure alabak.

      — Negar zegiten guztiak. Negar zegin bene-benetan Pierres jaunak. Bihotz erdi-erdian ikutu baitzion Manuelaren jardun honek.

      — Ondo dago, Manuela, —esan zion Pierres jaunak—. Nik neronek egingo dizkizut sarrerako behar guztiak. Ez dezute, ba, zuek ezer ipini beharrik izango: ez dirurik eta ez erroparik ere. Nere alabaren ordezko izango det nik hau eta... Eta non izan nahi zenduke lekaime, Manuela?

      — Edozein lekutan —erantzun zion Manuelak.

      — Nere alabak Lohitzungo lekaimetxean sartu nahi izan zuan. Lekaimetxe hortan igaro ditu marroi bederatzi urte hauek zuen aita Mielek, han bertan bizi naiz ni ere. Ez al zenduke haruntz joan nai?

      — Inon izatekotan, hantxe nahi nuke nik ere —esan zuan orduan Mielek. Hain onak dira, izan ere... Hain ondo hartu ninduten... Eta hain maite izan naute...

      — Lohitzunen izango zera beraz —erabaki zuan orduan Erretore jaunak—. Lohitzunen, bai, Pierres jaunaren alabak ere han nahi izan zuan eta.

 

      Manuelak azaldu zuan asmo honek sortu zuan iluntasuna laister izkutatu zan. Lohitzunen amets egiten hasi ziran danak. Ametsetan bada ere, Lohitzunen bukatu zan egun zoragarri hura.

 

      Zortzi egun igaro zituan Azalgortan Pierres jaunak. Egunero ikustatzen zuan bere alabaren hilobia. Zortzi egun haiek igaro ziranean, Manuela lagun, itzuli zan berriro Lohitzunera.

      Azalgortan galdu zuan lekaime izan nahi zuan alaba, eta Azalgortan arkitu zuan lekaime izango zitzaion alaba berria.

 

 

Erreka zuloan
Anastasio Albisu

1956 (1973an argitaratua)