ERLEAK: BEREN BIZITZA ETA OHITURAK
Ixaka Lopez Mendizabal

Donostian, 1932ko orrilaren 15ean
Euskal Esnalea Bazkunan egindako hitzaldia.
Lopez Mendizabal, 1933
armiarma.eus, 2017

 

         Euskal-Esnalean hitz egin eta Gregorio Muxika ez aitatzea nik ezin nezaken gauza da. Behin eta beste esaten zidan berak “Hik noiz hitz egin behar dek? Eta nere erantzupena hau zan: “Egun hori ere, Jainkoak nahi badik, etorriko dek”. Eta egun hori etorri da, bera, gizajoa, gure artean orain ez ikusi arren.

      Gizon batzuek, agintzean, istilu eta oihu asko ateratzen dute. Beste batzuek, berriz, leunki, goxoki eskatzen dute. Eta honelakoari nola ukatu? Gregorio Muxika hoetakoa zan. Bere aginduz, eta hobeto esateko, berak eskatuta bakarrik, inori agindu gabe, Euskal-Esnaleako hitzaldietan hainbeste eta hainbeste hizlari bizkor eta argi honera etorri dira; lege-gizonak, sendagileak, olerkariak... Neroni ere, guzietan kaxkarrena, hemen nator adiskide maite haren gogoa betetzera. Nere hitzetan zerbait atseginik arkitzen badezute izan dedila, beraz, Euskal-Esnalearen eta Gregorio Muxikaren omenez.

      Beti izan da ohitura Euskal-Esnaleako hitzaldietan ahal ziran gai gehienak jotzea. Eta honela, batzuek alde batetik eta besteak bestetik, guzien artean gerkeraz Enziklopaideia deritzaiona egiten ari gera, agertuaz, gezurrezko jakintsu batzuek bestera uste izan arren, gure euskera maiteak edozer gai erabili eta azaldu dezakela.

 

 

      Hona hemen nere gaia: Erleak, beren bizitza eta ohiturak.

      Gizon gehienek bai omen dituzte beren zaletasunak edo, hobeto oraindik, beren. zalekeria edo erokeria txikiak. Batzuek ehizara zoroak dira eta ez dute ehizaz besterik hitz egiten; beste batzuek amu-arrantzara, eta berei ez besterik aitatu, eta honela beste asko. Hamaika tunpateko entzuten ditugu lagun-artean, eta hamaika amorrai harrapatzen dute gure adiskideek, berek diotenez. Nik ere baditut nere zaletasunak, bat baino gehiago, eta hoen artean hauxen da bat: erleak.

      Eta ehiztariek beren gaia hartzean, ehiza gora eta ehiza bera, hortara zale ez dana aspertuaz edukitzen duten bezelaxe, ni ere beldur naiz hainbeste erle eta hainbeste eztiz zuek ere erabat okitzea. Argatik ahal detan gehiena laburtzen ahaleginduko naiz.

 

      Aspaldi-aspalditik gizonak erabili ohi ditu erleak eta bildu du beren eztia.

      Orain milaka urte egindako marrazki batean hantxen ikusten degu gizon bat zuhaitz batean dagon erlepila batetik eztia kentzen. Gizona beti izan baita gozozale ! Geroztik aspaldiko idazleak ere beren berri hitz egin dute: Aristoteles, Katon, Plinio, Kolumela eta batez ere Birjilio olerkariak olerki ederrak, bere Georgiketan, eskeini zizkien.

      Ondoren, beste askok beretzaz hitz egin eta lan egin zuten, eta hoen artean Swamerdam holandarra eta Reaumut frantzetarra, eta batez ere, harrigarriena, François Hüber izan da. Iaz bete dira ehun urte gizon jakintsu hau hil zala. Suisseko Geneven 1750 g. urtean jaioa zan eta gazte-gaztetik itsu gelditu zan. Bazirudien gizon hura ikusmenik gabe ezertako ez zala, bainan arkitu zuen laguntzaile harrigarri bat: François Bumens, bere morroia.

      Eta itsuak bere adimenaren argitasunaz morroiaren begiak eta eskuak zuzenduaz, erleen berri gauza jakingarri asko bien artean arkitu zituzten. Gauza harrigarria, ba itsuaren bizkortasuna eta baita morroiaren zintzotasuna ! Eta honela lan egin zuten urteak eta urteetan. Hargatik aitortu zuen garbi Hübereek: «Guk arkitu ditugun gauzetan zerbait jakingarri eta ikasgarri baldin bada, nere morroi maite honi ere zor zaio, eta pozik hauxen aitortzen det».

      Beren Nouvelles observations sur les abeilles idazti ederra irakurtzeak harrituta uzten gaitu.

      Beste laguntzaile zintzo bat ere Hüberrek izan zuen: bere emaztea. Bere andregai zala Hüber itsutu zan. Hala ere berarekin ezkondu zan eta geroztik beren morroi Burnensi eta senarrari urteetan lagundu zien, erleen ezkutapenak azaldu nahian.

      Euskadi gure herrian ere aspaldikoa degu erlezaletasuna. Eta gai hontan azaltzekoa da batez ere, gipuzkoar batek, ez dakigu nola dan bere izena, 1827garren urtean, orain dala ehun eta bost urte, euskeraz argitaldu zuen idaztia: Erle gobernatzaileen gidaria edo erleak gobernatzeko modua. Iruñean. Franzisko Erasunen etxean, 1827 urtean.

      Idazti hau erderaz Santa Barbaratar Jokin abak egindakotik euskerara itzulia da, eta Ignazio Balentin Pagadizabal eta Juan Jose Olano bera argitaltzeko baimena eskatzen agertzen ziran ezkero, baliteke hoetako baten itzulketa izatea.

      Idaztitxo hontatik ezagutzen dedan ieki bakarra gure adiskide eta euskaltzale jakintsu Julio Urkixo jaunak du.

      Bainan goazen honezkero erletegi batera. Ipini dezagun zuen aurrean, lehenbizi, erletegi zaharra.

      Hona hemen Olaberrin dagon Amoskategi baserriko erletegia. Hemen daukazute aspaldiko era zaharra. Habetzar haundi batzuk dira erleontziak, eta honela izango ziran, noski, orain mila urtekoak ere. Gipuzkoako Goierri aldean eta Araban, berriz, alkarren gainkatuak egoten diran hustutako zuhaitz enborretan edukitzen dituzte erleak.

      Baserri askotan oholezko ontzi luze batzuk etxe hormetan ipiniak arkituko dituzute. Eta Naparro, Laburdi eta Zubero aldera joan ezkero zumitzez egindako ontziak.

      Bainan hoek guziak aspaldiko era zaharrak dira. Gaurko eguneko aurrerapenak beste bide berri batzuek erakutsi dizkigute. Hona hemen zergatik: lehenagoko ontzi zaharretan erleak bere gogora, bere erara, egiten zituen abaraskak, eta gizonak urtean behin hustutzen zuen ontziaren erdia, erdi hontatik harrapazka nolanahi abaraskak atereaz, eta erle asko galduaz. Oraingo bide berriak hoek dira: ontzia iriki diteke noiznahi barrenen ipiniaz lauki edo kuadro, edo baita ere hiruki edo triangulo batzuek, beretan erleak beren abaraskak egiteko.

      Lauki hoek koxka batzuetatik zintzilik daude, eta erleek bete ahala lauki gehiago ipintzen zaizkate. Ontzi hoei Layens era edo sistema Layens deritzaie. Geroztik sortua da Dadant-Blatt era (sistema Dadant-Blatt), eta honetan ontziak bi maila edo bizitza ditu: azpikoa, kabia balitz bezela, eta han umeak jaio eta hazten dira, eta bigarren bizitza, erleek eztia batez ere ipini dezaten.

      Eta azkenik goazen ikustera ontzi berriena. Hona hemen Itali eta France aldean sortu arren nik ere, nere pixkean, berritu eta hobetua. Euskal izena ipini nahiean, eztiola izena eman diot.

      ( Hemen hizlariak eztiola erakusten du).

      Nere erleuntz honek ere (erleuntza deritzaio erleontziari), bi bizitza ditu. Azpikoan kabia dago, eta bertan erreginak edo amak umeak egiten ditu, eta gainera erleak beretan ipintzen dute berentzat jateko behar duten eztia. Azpi honek bere aurreko eta atzeko hormak aldapan ditu eta, honela, izan diteken ontzi garbiena da. Edozer xakar, eta baita hildako erleak ere, berez kanpora erortzen diralako. Hargatik beste ontzietako lauki edo kuadroen ordez, hemen hirukiak dira.

      Gainean du bigarren bizitza, —nik mandioa deitzen diot, baserrietan bezela—, eta bertan, eztialdian, eztia biltzeko garaian, orriletik udazkenera, erleek ezti hutsa ipintzen dute. Erregina ez da mandiora, gehienetan behintzat, igotzen.

      Erleuntz hoetako batzuei aurrealdea leiar edo kristalezkoa ipini diet. Honela ikusten da barrena ederki eta, dirudienez, argitan erleek hobeto baizik lan egiten dute.

 

      Azala, etxea ikusi degu. Goazen orain erleuntza barrendik ikustera. Iriki dezagun ontzi bat.

      Hortara ohitua ez dagon batek ontzia lehenengoz irikitzen ikusten duanean ikaraz arkitzen da. Hainbeste eta hainbeste hitz egin da erleen zaztada minkorraz! Eta egia esatera, ontzi hori behar diran bideak hartu gabe irikitzen badegu, erle guziak egertuko zaizkigu sutan irakiten bezela, norbait zulatzeko gogotan. Bainan behar dan eran iriki ezkero ez da gauza errezagorik.

 

      Esan ohi da erleak beren nagusia ezagutzen dutela. Eta hau ez da egia. Baina, erleontzi atetik, hortako diran hauspoz ke pixka bat bota ezkero erleak uste du nonbait lapurren bat eztia ostutzera datorrela, eta berehala ezti hori iresten hasten da, jaso eta gorde nahian bezela, eta urdaila eztiz bete ezkero eztenik ezin sartu dezake. Hamaika aldiz erlez betetako ontzian eskuak sartzen ditugu, eta hala ere batek bakarrik, gehienetan, ez digu heltzen. Erlea ez du ezerk ikaratzen, keak baizik.

 

      Lehenbiziko aldiz erleak ikusten dituenak uste izaten du guziak berdinak direla, bainan ez da honela. Hiru eratakoak dira: erregina, eta hau da ontziko erle guzien ama; erle langileak, eta hoetatik hogeita hamar edo berrogei mila eta gehiago ere arkitzen dira; eta azkenik, erlemandoak edo alperrak, ehunka batzuk.

      Errogina da, diogunez, erle guzien ama. Erregina izena gaizki ipinia da. Bere izenak Ama izan behar luke, umeak egiten dituena bera bakarrik dalako.

      Begira dezagun ontziaren barrenen, eta berehala ikusiko degu erle langile bakoitzak bere langintza duela. Atezaiak, atea zaintzen ikusiko ditugu konpotik lapurren bat etorri ezkero berari gogor ekiteko; etxe-garbitzaileak, barrengo xakar eta zikin guziak kanpora ateratzeko; lore-hauts ekarleak, umeentzat janari dan lore-hautsa ekartzeko; ezti ekarleak, ur ekarleak, argizaigileak, haize emaileak, bai atarian eta bai barrenen, barrengo haizea berritu dedin hegatxoei eraginaz egoten diranak: erreginari arrautzak jartzen laguntzen diotenak, zirrikituak ixten aritzen diranak, abaraskan eztiz betetako txuloak ixten dituztenak... bakoitzak bere lana gogor eta gogoz betetzen du ontzi harrigarri hontan.

      Udaberrian gera eta hona hemen zer ikusten dan askotan, eta neronek ere hau bera ikusi det nere erletegian joan dan astelehenean. Goiz epela zan egun hartan, eta ontzietako batetik, barrenen norbaitek dei bat egin balu bezela, bat-batetan erlepila haundi bat atera zan, eta erle guziak alkarturik hegan joan ziran, baratzako adartxo batean zintzilikaturik. Erlepila hori erlekumea edo erlesemea deitzen zaio. Berehala joan nintzan eta adarra astinduaz, erlepila, zintzilik zegoela mahats mordo bat bezela, erleuntz edo ontzi batean sartu nuen, han bertan ontzia utziaz inguruan hegan zebiltzan erleak sartu zitezen. Lantxo hau, zaila iruditu arren, oso erreza izaten da, erlekumeko erleek, eztiz beteak dihoaztela, eztenik sartzen ez dutelako.

      Bestetan, erleuntzaren barrenen erlepila bota gabe, ontziaren aurrean zapi baten gainean botatzen da, eta aldetatik ke pixka bat emanaz ontzian sartzen dira.

 

      Zergatik ontzitik atera zan erlepila hori ? Erlea ugaritu dedin, Jainkoak emandako bidea hori baita. Erlepila hortan erregina bat zihoan eta erle guziak zeuden bera inguratuaz eta bilduaz.

      Goazen erlepila honen bizitza jarraitzera. Ontzian sartu bezin laister hasten dira bere bizitokia, bere abaraskak egiten. Goierri aldean abaraskari markatsa deitzen diote.

      Abaraska hontan txulo batzuk ikusten ditugu. Denak dira etxetxoak. Txulo hoetan ipiniko ditu gero erreginak arrautzatxoak, bertan erleak jaiotzeko, eta txulo hoetan ere, goiko aldean daudenetan, ipiniko dute erleek eztia.

 

      Hana emen inola egiten duten abaraska hau. Erle mordoxka bat ontziaren barrenen, gainera igotzen da eta beretako batzuek goiari helduaz besteak beren hanketatik zintzilikatzen dira, goitik behera kate eta sare batzuk bezela eginaz. Kate hoek gero ugaritzen dira, zintzilikai politen antzera. Hontan erle guziak isilik bezela gelditzen dira,eta luzaroan honela egon ondoren, beren sabelpetik argizai puxka txiki batzuek ateratzen dituzte, gero ahora eman eta alkarri erantsiaz abaraska, bere txulo eta guzi, egiteko.

      Erleen sena abaraska egitean harrigarria da. Ezin diteke gai gutxiagoz gauza arinagorik eta sendoagorik egin.

      Etxetxo hoek sei aldekoak dira. Zergatik ez ditu erleak etxetxoak lau aldekoak edo hiru aldekoak egiten? Guzien Egileak onela agindu dielako, noski. Bainan laister ikusi diteke sei aldetakoa dala borobilaren antz gehiena duena, eta hantxen umea egokiago arkitzen dala jaio behar duanean.

      Bainan harrigarriena etxetxoen hondoa edo sakonaldea da. Hondo bakoitzak beste hiru etxetxoen hondoen puska bat du, eta honela abaraska gogorragoa eta sendoagoa da. Beste gauza harrigarria: bi aldetatik abaraska egiten ari diran langileek ez dute alkar ikusten, eta hala ere txulo guziak hain zuzen eta ederki etortzen dira.

 

      Abaraska hoetan bi eratako txuloak ikusiko ditugu: batzuk besteak baino haundixeagoak. Txikietan erle langile edo emeak jaioko dira, eta haundietan erlemando edo arrak.

      Kilo bat argizai zailagoa da erleentzat egiten, hamar kilo ezti baino. Hargatik gizonak, bere adimen argiz, erleen lagunkai haundi bat sortu du: argizai landua. Utzi gabe erleei berez eta bere erara argizaia eta abaraska egiten, ipintzen zaie argizai landua, gizonak nahi duen bezela abaraska egin dezaten.

      Argizaizko orri bati makinaren bidez erle-etxetxoen oina edo hasiera ipini zaio. Erleak hau ikustean, beretzat hartzen du. Luzatzen ditu gero bere etxe edo kabitxoak, eta honela, abaraska berehalako batean gizonaren gogora egina arkitzen da.

      Esan dizutet lehenago txulo txikitan erle emeak edo langileak jaiotzen dirala, eta haundietan erlemandoak edo alperrak. Hargatik argizai landu hontan txulo txikien oina dago, eta honela bere gain erleak egingo dituzten etxetxoak erle langileenak izango dira.

      Beste era bateko etxetxoak ere badira: erreginarenak, erregin-zorroak. Berehala hoetzaz hitz egingo degu.

 

Ontzi edo erleuntz batean, esan degun bezela, erregin bat bakarra da. Bera da guzien ama. Bere egintza bakarra arrautzak ipintzea da. Hortarako abaraskaren erdi aldea aukeratzen du, eta goizetik gabera, batez ere udaberritik udazkeneraino, arrautzak ipintzen aritzen da, egunean bi edo hiru mila ere, erregin ona baldin bada. Urtean ehun milaraino.

 

      Erleetan ere abenda edo arrazak badira, eta hemengoa beltza dan bezela, Italitarrak bere sabel gainean lehenengo hiru eraztunak horiak ditu. Hauxen da, askok diotenez, Italiko abenda hori hau, onena eta ugariena.

      Askotan ekartzen dira Italitik erreginak. Eskatuta zortzi egun barru bidaienez, korreoz, zurezko ontzitxo batean etortzen dira.

      Bakoitzean erregina bat, sei edo zortzi erle langileekin, laguntzaile bezela, etortzen da,  guzientzat alde batean janaria dakartela. Behin edo beste, urruti joan behar zutelako, janaria ahitu baldin bada, laguntzaileak hilko dira lehenago. Janaria dagon bitartean beti lehenbizi erreginarentzat izango da. Azkenengo erlea hilko zan, onenean, zeukaten ezti pixka bere erreginari ahora ematen.

      Erregina hori erleek beretzat hartzea ez da beti erreza izaten. Etortzen dan ontzitxoan berean itxita (edo hortarako diran ontzitxo berezietan), erregina bakarrik uzten da erleuntzaren barrenen. Erleak etortzen zaizka berehala ingurura, eta laister hasiko zaizkate, ondo hartu nahi badute, sare tartetik janaria ematen. Ontziko ateetako bat janariz itxia izaten da, eta handik hiru bat egunera jaki hori bukatzean erregina irtengo da, guziek harrera ona eginaz. Bainan ez bedute erregina hori hartu nahi, erleak bere inguruan ipiniko dira, eta goseak hilko dute.

      Urtean hamar edo hamabost mila erregina saltzen dituzten etxeak Italin badira. Bataz beste bost peseta bakarrik jota ere, hamar edo hamabost mila duro lirake. Eta erreginak sortu eta saltzen dituzten etxeak asko dira Francen, Englanden eta Italin batez ere. Esango dizutet gero erreginak nola egiten diran.

 

      Erle langilea lau edo bost aste bizitzen dan bezela, erreginak lau edo bost urteko bizia du. Arrautzak jartzen ari danean, bere inguruan erle sail bat berari laguntzen aritzen da. Erle sail hortako erleek berek erreginari jana ahora ekartzen diote, berek erregina txukuntzen dute, berek gau eta egun zaintzen dute, berek aurrez etxetxoak garbituaz erreginak arrautzak jarri baino lehen. Erreginak gelatxo edo etxetxo txikian arrautza ipintzen badu, erle langilea jaioko da. Eta gelatxo haundian ipini ezkero, erlemandoa.

      Zerk egiten du jaiotzea batera edo bestera, ar ala eme? Gelatxoaren neurriak ala amaren gogoak? Ez dakigu, bainan bai honela gertatzen dala.

      Arrautzatxoa jaio eta hiru egunean era hontan arrautz bezela arkitzen da. Laugarrenetik zortzigarren egunera, jan asko irentsiaz, har bezela gizentzen da. Bederatzigarrenean, berak egiten duen harizko zorrotxo batean biltzen da. Hogeita batgarren egunean erle langile bada, eta hogeita laugarrenean erlemandoa bada, jaioko da.

 

      Erlekumeak dauden abaraskaren zatiari umekaia deitzen zaio euskeraz.

      Berak jaio bitartean beste erle mordoxka bat umekaiaren gainean zaintzen eta berotzen egoten da. Gauza harrigarria aldaketa hau! Lehenbizi arrautz, gero har, eta azkenik harizko zorrotxoan azkenengo aldaketa, erle egina, bere hego eta guzti atereaz!

      Ontzi bakoitzean 40 milatik 60 milaraino ume, eta askotan gehiago ere, jaiotzeko zai ikusi ditezke. Garaia iristean, etxetxoa ixten duen atea erleak hausten du, eta berehala bi begi beltz aundi azaltzen dira, gero zuloa beren ahoaz eta atxaparraz zubalduaz. Berehala, erle neskameak, umezaiak, bertaratzen dira, zulotik jaioberriari ateratzen laguntzera, txukunduaz, garbituaz eta ahora eztia eskeiniaz.

      Erle jaioberria ibiltzeko eta hegatzeko gai danean ontzitik aterako da, eta hegan ontzi aurrean luzaroan aritzen da, bai erleuntzaren tokia eta bai bere inguruko bide, horma, zuhaitz eta gainerakoak ongi ezagutzeko. Erleak berez, nonbait, badaki bere etxeko ordez beste batean sartzen baldin bada hango atezaiek hilko dutela.

      Behin ongi indartu danean, bere eginkizuna emango diote, eta honela joango da edo ur bila, edo ezti bila, edo lore-hauts bila edo beste lanen batera.

      Lore-hauts ekarlea baldin bada ez du behin ere hanka batean margo bateko hautsa eta bestean bestekoa ekarriko. Beti bi hanketakoak berdinak.

      Erle langileak bi begi haundi ditu, eta gainera kopetan hiru begi txiki.

      Bi urdail ditu, bata beretzat, eta bestea bildutako eztia, edo loreen guna, gelatxoetara ekartzeko.

      Eztia edukitzen duten gelatxo hoek aldaparan bezela eginak izaten dira eztia isuri ez dedin, eta behin eztiz bete ezkero beren sarrera ixten diote, hobeto eta luzaroago galdu gabe iraun dezan.

 

      Askok uste dute erleak eztena ahoan daramala, eta ez da hala. Sabelaren azkenaldean, atzean, izaten du, eta hargatik esaten da: Erlea aurretik gozoa, atzetik samina. Ezten hau garrangaren antzekoa, kakoduna, izaten da.

      Hargatik sartzean ezin atera diteke,. eta erleari, alde egitean, sabela urratzen zaio eta berehala hiltzen da.

      Erlearen eztenak ematen duen mina oso bizia izaten da. Eta gauza harrigarria!, oraindik ezten hoiek ematen duen mina eta egiten duen haunditxoa kentzeko sendakai on bat ez da sortu. Beldurti batek esaten zunez hau omen da onena: erleak dauden totitik berrehun eta bederatzi kilometrora alde egin, eta bat edo batek heldu ezkero berrehun eta berrogeita hamasei mila aldiz “Jainkoa goratua izan bedi” esan, eta gero eserita itxoegin.

      Erlemandoak eztenik ez du.

      Erlemandoa edo erle arra edo alperra 24garren egunean jaiotzen da. Bere begi ederrak 26 mila aldetxo dituzte.

      Erlemandoari alperra deitzen zaio lanik egiten ez duelako. Eztirik eta lore-hautsik ez du ekartzen, umerik ez du zaintzen. Eguzkia danean on dabil hegan ontzi aurrean, bere hegoaz burrunba haundia eginaz, zokoren batean lo bezela ez dagonean.

      Eta hala ere, gero esango degun bezela, beren eginkizuna badute.

 

      Goazen orain erregina nola jaiotzen dan ikustera.

      Ontzi batean erregina hil danean, edo udaberrian erleak erlekumea bota behar duanean, umekaian bi edo hiru eguneko arrautzak baldin badaude, hoek dauden gelatxotakoren batzuek erle langileak luzatzen eta haunditzen dituzte, sendoagoak eta gogorragoak eginaz. Berehala ume hoei jan berezi bat emango diote eta honela l5garren egunean erregina jaioko da.

      Beraz, erlemandoak 24 egun, eta erle langileak jaiotzeko 21 egun behar dituen bezela, erreginak l5 egun bakarrik behar ditu.

      Jaiotzeko garaian joango zaizkio aldamenera langile sorta bat, eta bera txukundu eta garbitu ondoren, indar pixka bar hartu bezin laister, joango da beste erreginik jaiotzeko ote dagoen ikustera. Erle langileek bide egiten diote, eta orduan erreginak, oraindik jaiotzeko dauden etxetxo edo zorroak hautsiaz oso hasarreturik, bere eztena sartuaz barrenen dagona hiltzen du. Berehala beste zorroetara joango da eta haetakoak ere bat-banaka hilko ditu. Ez baitu beraren beste berdinik nahi.

      Bainan bateratsu bi erregina jaio ezkero berehala bata bestearen aurrera joango dira borroka egiteko. Borrokaldi hau oso gogorra izaten da, eta, azkenik, sendoenak bestea menderatzen duanean eztena sartzen dio hilda utziaz. Lehen esan degu erle langilearen eztena gangarraren antzera kakoduna izanik, behin sartu ezkero ezin atera ditekela, eta hargatik erlea i.tzen dala. Ereginaren eztenn kakoduna ba'litz, erregin ihzalea ere, ezin eztena atereaz, hilko litzake eta erleak amarik gabe arkituko lirake. Bainan Jainkoak erreginari ezten zuzena, kakogabea, eman dio, eta honela beste erreginak hiltzen ditu bere buruaren kalte gabe.

      Erreginak ez dio sartzen bere eztenik ez erle langileai ez alperrari, ezta gizonari ere, beste erregina bati baizik.

      Erle langile batek ere ez dio sartzen behin ere bere eztena erregina bati.

      Erregina jaioberriak. beste erreginak hil dituanean, bakarrik gelditu da eta erle guziek pozik bezela aintzakotzat hartuko dute. Bainan laister egin beharko du erregina horrek bere bizitzako gauzarik garaiena: bere ezkontzako hegaldia.

      Eguraldi eder batean eguzkia bete-betean dagoanean, eguardi aldean, erregina berria etxe aurrean agertuko da. Lehenbizi atzeraka luzaroan hegan ontzira begira arituko da, bere tokia ondo gogoan hartzeko bezela. Honela egin ondoren, goruntz, eguzki aldera, zuzen hegatuko da. Berehala zortzi edo hamar mila erlemando bere atzetik joango dira. Bainan erreginak sendoena edo ederrena aukeratu nahi du nonbait. Eta honela goi-aldera, eguzki eta askatasun aldera dihoan bitartean, erlemando ahul eta argalenak atzera gelditzen dira. Azkenik, erreginak goi-goian aukeratu du bere laguna, eta gauza harrigarria!, bera ezagutzeko garaian bertan, aukeratutako erlemando hori hilda eroriko da.

      Laister jetxiko da hegan erregina, orain ama eginik, bere ontzian sartzeko, etxeko guziak arrera ona egiten diotela. Eta alarguntza horren gogorapena beti gordetzeko bezela, erregina hori ez da gehiago etxetik aterako, eta ez du beste erlemandorik ere ezagutuko. Eta hantxen, etxean, lau edo bost urte biziko da, egunero. etengabe, umeak egin eta egin!

      Erreginak berehala bukatu zuen bere ezti-ilargia! Erregina izango da, bainan baita ere mendekorik haundiena! Eta erle guziak eguraldi eguzkitsu batean kanpora dihoaztenean ere, erregina beti bere eginkizunetan etxean arituko da hil arteraino. Berarentzat ez da ez argirik, ez eguzkirik, ez lorerik, ez askatasunik!

      Esan dizutet lehenago erregina hiltzen danean, erleuntzan arrautzatxorik baldin bada, erregina berriak sortu arazteko era.

      Bainan behin edo beste arrautzik ez badu eta ondorenik egiterik ez, erle langile guzien artean larritasun haundi bat bezelaxe sortzen da, inork arrautzik ez badu jartzen erlepila bukatuko dala dakitelako. Orduan gauza harrigarri bat gertatzen da: erle langile hoetako batzuek, erlemandorik ezagutu ez badute ere, hasten dira larri-larri arrautzak ipintzen, bainan, eta hau da berentzat negargarria, jarritako arrautz hoetatik erlemandoak bakarrik jaiotzen dira. Honi deritzaio Parthenogenesis, hau da, eme huts, eme garbien umegintza.

      Hontan neguaren sarrera iritsi da. Oraindik han dabiltza etxe atarian hegan, pozik, erlemando edo alperrak. Bainan egun batean, norbaitek aginduko balu bezela, erle langileak hasiko dira alper guziak erailtzen. Ahal dutenek alde egiten dute, bainan goseak edo hotzak etxeratzen ditu, eta orduan erailtzen dituzte errukirik gabe hozka eta eztenka, berek ezin erantzunaz eztenik ez dutelako.

      Erle langileak bakarrik gelditu dira, eta erleuntzan, ontzian, jasotako eztiaz negua igaroko dute, datoren udaberrian, loreak hasten diranean, berriz ere eztia biltzeko.

      Bainan lehenbizi, lehen aitatu degun bigarren bizitzan ipini duten gehiegizko eztia, guretzat kendu egin behar diegu. Aspaldian, abaraskak zapalduaz egiten zan lan hori. Orain hortako sortu dan makinatxo batean, abarasketatik eztia ateratzen da, garbi, argizairik zanpatu gabe eta honela atseginagoa izaten da. Behin abaraskak hustuta, erleei berriz ematen zaizkie beren lana erreztutzeko.

      Franceko Gatinais deitzen dioten herrialdeko eztietatik Alcarrian biltzen danera, edozein ardo kaxkarretik txanpainera bezelako aldea omen dago.

      Askok uste izango du erlearen hainbeste gorapen entzutean adimenik ote duen. Ez, ez du adimenik, bainan sena bai, eta bizkorra.

      Berak egiten dituan gauza asko harrigarriak dira. Joango da onenean hiru eta lau kilometroan lore-hauts edo ezti bila, eta, huts egin gabe, zuzen, bera irtendako txulo berberera, ontzi berberera sartuko da. inguruan beste berrehun ontzi berdinak egon arren. Bainan bere ontzi hori arrabete alde batera edo bestera kendu badezute ez du asmatuko bere ontzia arkitzen, eta hantxen egongo da, orduetan, lehenago ontziaren sarrera zegoen tokian, leher egin artean. Badirudi haizean eginak dauzkan bidetatik atera ezkero galdua dala.

      Erleaz ipui eta asele edo kontu asko dira. Erleari beti begirapen bereziaz begiratu zaio. Orain dala gutxi arte behintzat, erlepila bat ez zan diruz .saltzen. Neronek ere bat edo beste etxera ekarri izan det anega bat gariren ordez.

      Erleari ez zaiola kalterik egin behar esan ohi da, eta hargatik lapur batek ez du behin ere erlepilarik edo erleuntzik ostuko. Etxean jaiotzarik, ezkontzarik edo heriotzarik izaten bada, berehala joango dira erleei adiraztera, eta erletegira sartzean hitz goxoz eta leunaz hitz egingo zaie, bestela hasarretuta erleek alde egingo dute noski.

      Hona hemen Martin Angiozar idazle atsegin eta nere adiskideak jaso duen ipui polit hoetako bat:

 

MENDIONDOKO ERLEAK

      Mendiondoko baseritarra alper xamarra omen zan, eta hala ere bere etxeko lanak auzokoenak baino lehenago eginak ikusten ziran.

      Behin, ordu betean bakarrik, etxe azpiko belardiko belarra segaz ebakia agertu zan. Igande batean, meza bitartean, beste soro bateko garia ere ebakia izan zan.

      Auzokoak harrituta zeuden, langilerik han ikusten ez zutelako. Mendiondoko baserritararen emaztea ere kezketan arkitzen zan.

      Igande batean ikusi zuan honek bere senarrak lasto azpian zerbait ezkutatzen zuela. Zer zan jakin nahiaz hara joan zan, eta oholezko ontzitxo bat arkitu zuen. Bildurrez iriki zuanean hamar erle irten ziran.

      Berehala, erleak emakumearen begien eta belarrien aurrean hegan hasi ziran, esanaz:

      — Zer egin, zer egin, zer egin?

      Emakumeak, ikaraturik, esan zien:

      — Sartu zaitezte azkar ontzian.

      Ontzia itxirik, bere tokian utzi zuan, eta laisterka bere senarrarengana joan zan guzia esatera. Senarrak, orduan, aitortu zion lan guziak erle haek egiten zizkatela.

      Ordundik, emazteak ere agintzen zien edozer lan berehala egiten zuten.

      Egun batean, batere lanik ez zegoela, erleak etorri zitzaizkion etxekoandreari esanaz “Lan, lan, lan!”.

      Orduan, goria garbitzeko zuen bahe berri bat eman zien, esanaz:

      —Zoazte, eta behean dagon upel hutsa, urez bete zazute. Errotako urbidetik ura hartu, eta bahe hontan jasoaz, etxe gainean dagon belarditik barrena ekarri.

      Berehalako batean honela egin zuten, eta laister erleak emakumearen belarrietara etorri ziran esanaz “Lan, lan, lan!”.

      Aspertu omen zan hontan eta senarrari esan zion:

      — Bai erle gogaikarriak! Hasarretu arazi naute, eta goazen etxetik botatzera.

      — Ondo da —erantzun zion senarrak—, bainan beretako bakoitzari bere lan-saria ordaindu behar diegu,—

      —Emaizkatzute —erantzun zion emazteak— baratzan ditugun amar ahateak.—

      Hau esan bezin laister ahateak hodeietara hegatu ziran, beren kua-kua garratzaz. Bainan orduntxe bertan ere erleek, sumindurik, alde egin zuten, eta ez zan geroztik gehiago Mendiondon erlerik ikusi.

 

      Bukatu behar det, zuek gehiegi aspertu gabe. Nahiko ikaskizun erleak erakusten digute. Eta batez ere hau da harritzekoa, jaunak: erle langileak emeak dira; 30 edo 40 mila eta gehiago ere ontzi bakoitzean, eta berek egiten dute guzia etxe hortan, erlemandoek, arrek, alperrek, ezer gutxi egiten dutelako.

      Gaurko egunean ere emakumeen aldia gure munduan dala dirudi. Ez du honek esan nahi, guk, gizonok, aspertuta, guzia beren gain utzi nahi degunik, ez. Guziok gure herri maite hontan lan egin genezake, eta batez ere emakumezkoek, gure euskeraren alde. Ekin dezaiogun bada guziok, bai batzuek eta bai besteek, eta gogor ekin ezkero, gure euskerak eta gure erleuntzak, gure Euskadik, laister burua jasoko du.

 

ERLEAK: BEREN BIZITZA ETA OHITURAK
Ixaka Lopez Mendizabal

Donostian, 1932ko orrilaren 15ean
Euskal Esnalea Bazkunan egindako hitzaldia.
Lopez Mendizabal, 1933
armiarma.eus, 2017