OSCAR WiLDE
(1854-1900)
Literatura modernoaren aitzindarietako bat izan zen, zalantzarik gabe, Oscar Wilde, eta hemen ere hasieratik egin ziren ahaleginak euskarara ekartzeko haren lanak, eta asko dira itzulitako obrak, hiru bertsioak ere bai zenbait kasutan. Joseba Altunak euskaratu zituen, lehenbizikotz, Wilderen narrazioak eta Ipuñak liburuan eman argitara, 1927an, Verdes Atxirika argitaratzailearekin, Ander Jauregibeitiaren irudiekin ilustratua. Biografia eta bibliografia txikiaz gain, sei narrazio zekartzan: Bakaldungai zorijontsuba; Urretxindorra ta larrosa; Erraldoi berekoya; Benetako adizkidia, Zuziriko ospetsuba eta Ume ixarra. Bere lanekin egindako hurrengo liburura arte pasa ziren urteak, baina itzulpen lana ez zen gelditu. 1954an Bingen Ametzagak, Euzko-Gogoaren 1954ko 11-12. zenbakian Reading baitegiko leloa poema eman zuen argitara, Wilderen poema-lanik ezagunena. Urte bereko Eganen 2-4. zenbakian, bestalde, Erraldoi berekoia ipuina euskaratu zuen Elizaldek. Euzko-Gogoaren 1959ko 1-2.zenbakian, azkenik, Adiskide zintzoa ipuina kaleratu zen, Migel Juaristi Izarraizpe-k euskaratua. Geroago, 1986an Adolfo Arejitak itzuli zuen eta Idatz eta Mintzen kaleratu Urretxindorra eta larrosea narrazioa. Eta horixe bera, Erresinula eta arrosa izenburuaz, I. Azkonak eman zuen Korrok aldizkariaren 11. zenbakian, 1988an. Azken urteotan etenik gabekoa izan da Oscar Wilderen lanen itzulpena, helduentzako bildumatan zenbait, eta asko gazteentzakoetan. Lur argitaletxeak Erraldoi berekoia eman zuen 1981ean, eta hauxe bera (eta beste batzuk) argitaratu dute beste zenbait argitaletxek gerora (Ibaizabal, Desclee..). Elkar etxeak Dorian Gray-ren erretratua plazaratu zuen 1986an, Bittor Hidalgoren itzulpenarekin, eta gerora Iñaki Mendigurenek ekarri ditu Cantervilleko mamua eta Printze zoriontsua eta beste ipuin batzuk liburuak, eta Wilderen lanekin egindako gazteentzako argitarapen bereziak. Erein argitaletxeak Bartleby bilduman kaleratu zuen Lord Arthur Savile-ren krimena, 1992an, Felipe Juaristik euskaratua. Roger Editor etxeak, azkenik, Tenely (Dominaren iruntzia) lana kaleratu zuen 2000.ean, Gara egunkariak prestatu eta banatu zuen edizioa. Antzerki lanetan 1987koa da lehen hurbilpena, Inazio Mujikak Salome euskaratu baitzuen, Baroja etxearekin kaleratua. 2000.ean Fidel izan beharraz lana argitaratu da Literatura Unibertsala bilduman, Ibaizabalen, Antton Olanoren itzulpenarekin. Bi lan hauexek eskaintzen dizkizugu orain osorik. Obra hau lehenago bazen euskaraz, Maskarada taldeak taularatu baitzuen 1994an, Patxo Telleriaren euskarazko bertsioarekin (www.teatroa.com-en irakur daiteke).
Asko dira Oscar Wilderen lanak ingelesez sarean irakurtzeko guneak, baina guk bi eskaini nahi dizkizuegu. Lehenengoan bere lan gehienak daude; Salome falta denez, horixe bera topatuko duzue bigarrenean: |