aurkibidera joan
   




 

itxurarik gabe
tentatzen gaituzuen arren,
ez gara hain babaloreak
ez hain lore bastoak

 

Errazegia jarri digu PNVk oraingoan, geure anturaje edo inguruko izpiritu landu eta basak ez ezik, euskaldungo osoa gauza bera errepikatzen ari zelarik atertu gabe: tortoilo mantsoa duk hori, aze adar jotzea Oh Euzkadin.

        Horixe mantsoa. Lumatzeko eta are larrutzeko ere lan gutxi guk, PNVk lanzatu, bota, arrojatu, jaurti eta harrikatu digun kanpaina lerdoarekin, con una palabra edo hitz levantaré el euskera jaso euskaldun kmo ai dios ke bai, Jaungoikoa eta porruak.

        Ez dadila inor harri edo epustufla: ez gara gogor jarriko, erregu pare bat besterik ez diogu egingo EAJri: Bata, ez ditzala, egiten duen sargoriarekin, supereuskaldunaren aireak har, eta erdarazko afitxetan ere BAI para, oker ez bagaude nolatzat jotzen baitira SI; NO edo hutsikan ez doazen txartelak. Azken orduan insolazio gaitzen bat har ez BAI horrek SI esan nahi duela, eta BAI ikusiagatik SI ulertu eta eman behar duela. Horren, maniaketa horren elebitasun falsoaz ez gara arituko. Errazegia jarri diguzue.

        Bigarren notatxo edo oharñoa da ea konturatu den halako gauzak «profesionalki» egitearen arriskuez. Eta hemen ez du balio errua publizitate-etxeari egoztea, zeuetaroken batek eman beharko baitzuen, alderdi serio bati dagokion arauz, «visto bueno» edo «aurrera mutilak» agindua. Hori, halakoaren erantzule den hori, hitz bakar batekin, jasoko dugu aldarera: suspenso.

        Gu, eta ongi dakizue, dakizuenez, zezen jokatuak, erbi korrituak, inude zamalkatuak gara, eta nahi izanez gero betondoko ederra PNVri, Otaegiren posterraren gainean EGlko pegatinak itsasten zebilen larunbatero afaltzen dugun herriko batzokikideari gertatu zioten (eta ez nazazula korreji, Patxi) bezalaxe.

        Baina ez gara hain babalastoak, eta gure aita adoptiboa lotsatuta isildu egiten denean jai hartzen dugu guk, eta ez dugu haren ahalkea zirikatzeko profitatzen. Ez, ez gara hain bastoak.

        Urbanismo kanpaina bat baitugu hasia aldameneko honek eta biok. Ze urbanismo, urbanidadea, urbanidade kanpaina bat elegia. Bai, hori da hemen falta dena, urbanidade apur bat. Osea: mesedez diogu PNVri, gure aita bezalako gizon sufrituak ez lotsarazteko. Harena ez duzue hauzo-lotsa.

 

 

Basarrirekin sartzea ere ez da hazaña itzela. Ez gara sartuko, bertsotan ere finak garen arren. Baina bai Radio La Voz de Guipuzcoarekin: ez al dakizue, estatutoari baietza, ezetza edo abstenzioa emateko esatea propaganda dela? eta ezin dela emankizun normal batetan halakorik esaten utzi? eta utzi egiten baduzue ez zaretela demokratak? eh? eh? Euskara ulertzeko prolemarik baldin baduzue eta Maria Dolox Agirre eta konpainiaren itzulpenaz ez bazarete fidatzen, zertarako daukazue ba Aingeru Trina Bengoetxea. Harek itzuliko dizue dotore, ez bakarrik Urriko bederatzian ordubatako irratsaioan Eizmendi jaunak botatakoak, baita ohar hau bera ere. Baina bai zeta, seguru Aingeruk ez duela Zeruko erosten: hau gehiegizko inpernua da, Basarri pasotak hain dotore zionez.

 

 

haxek eta huxek

 

Ibon Parisen Biblioteque Nationalen «joan hadi popatik hartzera» nola esaten den enteratzera joana. Oraingoz ezin bada Frederichi erantzun zehatz eta aproposarik eman prometatu genuen bezala. Kurioso da, dena dela, nola jendeari Frederichen deklarazioek bere egunean Oteizak egin zituenak oroiterazi dizkioten. Funtsean, inmigranteak bertakoak baino inteligenteagoak direla dio bi personaia hauen teoriak. Oteizak zionez, euskaldunok euskotar-ezeuskaldunak baino inozoagoak ginateke, euskaldunok baserrian geratu ziren inozoen jatorrikoak garenez. Haiek berriz, inteligenteagoak zirelako... euskara eta baserria utzi zituztenen heredero lejitimoak izaki.

        Frederichek deitura euskalduna duen jendea inutiltzat jotzen du literaturgintza eta deitura erdaldunekoa, Frederich bera barne, Alvarez Carrasquedo etcetera omen euskal kulturaren jabe, zutabe eta jarabe. Enfin, horrelako lerdokerietara ohiturik gaudela, eta hau ere ez dela izango irakurri beharko dugun azkena. Funtsean frustrazioa, euskalduntzeko gauza ez izatearena, eta Gabikagogeaskoa ez apelidatzearena. Oteiza, euskotarra den aldetik, pertsona inutila da artegintzarako, eta Frederich, euskalduna denez gero, analfabeto hutsa. Beroiek esana da bai, eta konpon daitezela beraien artean. Eta Donapaleuko solasa jatorrak dionez, sar balekie eder bana.

 

ramon saizarbitoria

koldo izagirre

 


 

—gonbidatua—

jon casenave

 

asko aldatu da

 

Mikelek asko maite zuen bere emaztekia. «Ez duk batere kanbiatzen» esaten zuen frangotan, norbaitek oso jatorra edo maitagarria zela erraiten zuelarik. Eta egia zen alabaina, neska ttipi baten manerak, deusendako harritzeko modu fresko horik, oihu xorrotxak, egunguziko gauza xumeetan hurbiltasun horik atxiki zituen Maria Rosak; izan zen neskatoarenak, denak; eguneroko neke repetitiboak, sabelako minak, buruko mina, zangoko akidura, bisai hortan ez ziren batere lotzen, edo ez zen ageri behintzat.

        Haur bat, goizeko bi orenetan nigarrez hasten zelarik, laister altxatzen zen, ixilik, besoetan hartzeko eta berehala, lasaitasuna ekartzen duten ele apalak edo ur basoa eta azpirinak aurkitzen zituen. Osaba bat hiltzen zelarik, oihalak eta hilerrira luzarako eramaiten diren arropa tristeak erabiltzen zituen Maria Rosak, bere urrats presatuan herioaren itzala segurki gatekatuz. Osabaren ezpainetan, heriotzaren lorea emeki emeki ezartzen zuen, gorputzaren bakartatea hautsi gabe. Mikelek asko maite zuen Maria Rosaren biluzteko manera, misterioaren uzteko zeukan eztitasuna. Iluntzean, gaueko tximeletan lasterrak luzaz segitzen zituen Maria Rosak, borta aintzinean jarririk, eta Mikeli asko gustatzen zitzaion hori. Maria Rosak ez zuen gauza hadirik kondatzen, baina irriten sarritan, euri uharrak zulatzen dituzten irriak zeuzkan, bakartasunaren jauregi hotzari tellatua kentzen dioten irri horik botatzen zituen nasaiki.

        Ileak, motzak betidanik, kopetan utziak, begien kukutzeko doi bat, edo nigarren xukatzeko beharbada, zeren senarrak ez zion sekulan malko gazirik ebatsi.

        Maria Rosa, euripean, argipean, itzaleetan paseatzen zen, mokanesa beti sakelan.

        Gona loritsuak, marrazki ainitz daramaten horik, itsas hegian goxoki tinkatzen diren horietarik, haize gazian piskat altxatzen direnak maite zituen; eta Mikelek ainitzetan «amesten zaitut» esaten zion itzultzerakoan, ezpainak, ileen artian, beharri bila joaten zirenean.

        Eta egun batez, etxetik joan da, ixilik, xuritzeko ziren arropa zikinak garbitu gabe, haurrer, jatekoa preparatu barik, norapeit abiatu da, abisatu gabe.

        Hauzoek, kotxea ikusi zutela, gizona (autotik jalgi zelarik) begietan betirako itziatua zeukatela, esaten zuten apalki; eta ere, «hain gaztea baitzen, hain pollita, adinak etzuen tokirik aurpegi hortan» errepikatzen zuten, maitekeria saski bete bat nolazpeit izkutatzeko.

        Mikelek, gaixo tetele, ez zuen ulertzen «eztuk egia, eztuk egia», murmurikatzen zuen, ezin sinetsia baitzen harentzat.

        «Asko aldatua duk» esan zidan bisita egitera jin nintzelarik; «asko aldatua duk, ez nian uste hainbeste aldatzen zenik, bai, biziki aldatua duk; eztuk uste?» esan zidan joateko mementoan...

        Segida fakultatibo bat; formalistentzat bakar bakarrik: Mikelek, berak beztitu zuen bere Maria Rosa, arrebek, ahizpek, hauzo ta izebek (edozoin motatakoak) eta bertze guziek ez zuten gorputza hunkitu; bularrean ta zangoetan zeuzkan kaska barnakorrak untsa xukatu zizkion Mikelek baitezpadakoan; gero, luzaz hautatu zuen Maria Rosak eraman behar zuen zaia, eta lili ainitz zeukan bat pasatu zion polliki.

        Emeki, emeki, heriotzaren lorea ezpainetan pausatu zion.

Zeruko Argia
848. zenbakia
1979-10-21