Literatur Emailuak
2003ko abuztuaren 7an
Idazketaren esperientzia: intuizioak eta irtenbideak (I)

 

 

 

Ni poetikoa eta mentura

 

Anjel Lertxundi

 

Donostia, Uztailak 17

 

        Ez dakit irakurleek nola irudikatzen duten nire jarduera literarioa, baina orain arte egin dudan bidea ez da atzera pauso, zalantza eta hanka sartzerik gabea izan. Hemendik aurrekoan ere ez da arazorik gabea izango. Baina hona ekarri nauen gonbiteak zera eskatzen dit: hitz egin dezadala ibilbide gorabeheratsu horretan egituratzen joan den ni poetikoaz, identitate literarioaz dudan ikuspegiaz.

        Lehenik eta behin, eta gaiari zuzenean ekiteko, ni poetikoak, hitzaldian aurrera zehazten ahaleginduko naizen ni poetiko horrek, bere ahotsa beste ahotsetatik bereiztea du helburu. Bere estilo propioa eraikitzea, labur esateko. Bizitza literario oso bateko lan horretan, ordea, estiloa, ni literarioaren marka dei dezakeguna, ez da ezerezetik sortzen, ez dugu titulu akademiko baten moduan eskuratzen. Estiloa badago, idazle batek bere hastapen literariotik plazaratzen duen zerbait da estiloa: jardunbide sortzaileak, onenean, estilo hori azpimarratu eta garatu egiten du; askotan, ordea, estali eta ezkutatu egiten du.

        Diodan jardunbideak, artistikoa nahi badu izan, ordu arte ez zegoen errealitate bat eraiki behar du bere jardunean. Asmakuntzarako tresna da literatura, jardunbide artistikoan bakarrik eraiki genezakeen errealitatea bilatzeko modua. Esperientzia horrek, muturrera eramanda, zurrunbilo baten itxura har dezake: halakoetan, autoreak nortasunaz beste egiten du; jardunbidea jabeago da idazlearena, idazlea jardunbidearena baino. «Hori etorria!», esaten dugu hizketarakoan jario bereizia duenarengatik. Etorria. Baina zer da datorren hori? Nondik dator? Zerk edo nork eragiten du etorria? Datorkionari jardunean etortzen zaio etorria, hori da argi dagoen kontu bakarra. Hitz joko bat badirudi ere, jardunbideak jardunbidea bera du etorriaren abiapuntu eta arrago.

        Muturreraino eramandako esperientziez ari naiz: baina idaztearen esperientzia arruntagoan ere gertatzen da, eskematikoki badarik ere, orain deskribatzen ari naizena. Goethek zioena datorkit gogora: «Artearen jardunik gorena eta bakarra, forma ematea da».

        Forma eman, bai, baina zeri?

        Artistak, lanean hasi aurretik, ez du deus garbi, agian ez daki zer nahi duen ere. Intuizioren baten jabe da, beharbada; lanbro zerratu batetik iristen zaion argi izpiñoren bat ikusi du, agian.

        Artistak lor dezakeena ez dago jardunbide sortzailetik kanpo, emaitza artistikoa ez da jardunbidea baino lehenago garbi ikusten zen zerbait: jardunbideak berak argituko dio artistari, ezerk argitzekotan, zeren bila zebilen. Arte-lanak galdera du oinarri; fedea edo komentzimendua edo dogma beste diziplina-klase batzuen bidez espresatzen da.

        Zer esan nahi den deskubritzen joatea da idaztea. Bilaketa eta deskubrimendua, ekintza eta ezagutza. Auden poetak zioen: «Nola ezagut dezaket pentsatzen dudana ez badut ikusten esaten dudana?». Idazkuntzak argitzen dit zer esan nahi nuen. Jardunbidea deskubrimendua da eta, aldi berean, komunikazioa. Obra bukatutakoan bakarrik jabetzen da artista, jabetzen baldin bada, obrak deskubritu dionaz; ordurako, ordea, ez du idatzi berri duen obraren premiarik (ez, behintzat, lanean hasi aurretik zuen premia hura). Poeten kasuan garbiagoa da diodana, baina nobelagileek ere, neurri apalagoan, bizi dugu esaten ari naizena.

        Obra deitzen diogu artista baten emaitza artistikori. Baina etxegintzan eraikuntza-prozesuari deitzen zaio obra, eta ez emaitzari. «Obran dago, obran ari da», esan ohi da. Ekintza eta ekintzaren bilakabidea bera obra da. Agian emaitza bera baino obrago.

        Baina zer da obran edo jardunbide artistikoan deskubritzen duguna? Adornok zioen: «Arte-lanak handiak dira ideologiak ezkutatzen zuena argitara jartzen duten neurrian. Nahi izan ala ez, arte-lanek kontzientzia faltsua baino haratago ibiltzeari zor diote arrakasta».

        Kontzientzia faltsua, edo ideologia: ni poetikoaren estalki-lana egiten duten babes-ahalmenen bionboa. Ideologiak ezkutatzen duena, edo ni poetikoa: gure alderik jatorrizkoena, benetakoena, besteengandik bereizten gaituena. Kontzientzia faltsuak berdindu egiten ditu ideologia berdintsuko artistak. Ni poetikoak, ordea, bereizi. Adornok ideologiaren kontzientziari faltsua deitzen badio, ni poetikoaren kontzientzia dela benetakoa ondorioztatu behar dugu.

        Gorago aipatutako jardunbide artistikoak, sortzailea izango bada, horixe jartzen du jokoan: ideologia bridaturik, ni poetikoa adoretu eta ezprointzea. Artistak, ordea, ez du horren kontzientziarik. Ez, behintzat, pertzepzio beterik. Jardunbidean hitz egiten du ni poetikoak, baina ahotsa ez da obra amaitu arte entzuten.

        Idazten hasi aurretik, ez dago ezer handirik, kostata ateratzen da hortik fundamentuzko ezer. Poema bat idaztera doan poeta bati galdetuko baliote zer adierazi nahi duen, ez luke asmatuko balio literarioko ezer esaten. Gaia zehaztuko luke agian. Ez, ordea, poemaren objektua, mamia. Eleberrigile batek ere gauza bera: argumentua kontatuko liguke, oso zehaztua balu behintzat; edo egin nahi duenari buruzko ideia orokorra argitzen saiatuko litzaiguke; baina nekez hitz egin diezaguke jardunean bakarrik harilduko den ideologia baino haratagoko ehundura sotilaz, ideiak baino haratagoko obsesio, aurreiritzi, sentsazio, lilura, sentipen, emozio, perbertsio, afektuez osatutako ore trinko batez.

        Kontzientzia faltsua baino haratagoko ni poetiko hori, ordea, hitzetan manifestatzen da, eta hitzetan manifestatzen delako eragiten du efektu estetikoa. Idatziz bakarrik dakit zer esan nahi dudan, idatzi beharra daukat ni poetikoari hitz egiten uzteko. Espresatzeko premiak argitzen du, ezerk argitzekotan, idazten hastearen zergaitia. Idatzietan dago nire ni poetikoa eta ez orain zuei hitz egiten ari naizen haragizko tipo honengan. Irautekotan, testuko ahotsak irauten du, ez testuaren egilearenak. Testutik kanpoko oro, baita testu horrek inoiz izango lukeen arrakasta bera ere, testuari batere mesederik egiten ez dion kezka antzua da.

        Gorago ere aipatu dut Goethek zioena: «Artearen jardunik gorena eta bakarra, forma ematea da». Baita Audenek zioena ere: «Nola ezagut dezaket pentsatzen dudana ez badut ikusten esaten dudana?». Hitz batzuk, espresio batzuk, gertaera batzuk orden jakin batean jarri direlako, eta ez beste batean, manifestatzen da ideologiak ezkutatzen duena, edo ikusten uzten ez duena. Demagun honako bertso parea:

 

                «Suzko hodeien magalean

                ildoak marrazten dituzte nire bekainek».

 

        Ken dezagun nire eta jar dezagun ene.

 

                «Suzko hodeien magalean

                ildoak marrazten dituzte ene bekainek».

 

        Badirudi aldaketak ez dakarrela ezer. Baina Rikardo Arregik ene idatzi zuen, eta ez nire. Lehenik eta behin, ene horrek sinalefa eta aliterazioa eragiten ditu, bertsoari erritmo handiagoa emanez. Bestetik, ene-k poetikotasun handiagoa iradokitzen du: jasoagoa da, tradizio poetiko handia du, afektiboagotzat daukagu, harridurazko ene! partikularen berdina da...

        Rikardo Arregik bazuen, bertsook idatzi zituenean, diodanaren kontzientziarik? Ez, seguru asko, ez. Sena poetikoak, Rikardok hain aberatsa duenak, lagunduko zion. Baina sena, beste edozein ahalmen bezala, landu eta ondu egiten da. Ondo idazten ikasteko behar den diziplinari eta diziplina horretan jarritako kemenari zor zaizkio perlak, ez txiripari.

        Testu bakoitza hautaketa da, mila eta mila aukera baztertu beste erremediorik ez duen inausketa. Diru-kutxa bateko diskoari jira eta bira ari den lapurraren itxura du idazleak. Halako batean hots txiki bat entzun da. Eureka! Izendatzen ditugunak esnarazten saiatzea da idaztea, manifestatzeko duten erresistentzia gainditzea. Baina idazleak batzuetan bakarrik asmatzen du diru-kutxako konbinazioa.

        Ni poetikoa hautaketa da, baina esateko daukanaren —berak soilik esan dezakeenaren— sena izan behar du idazleak. Herman Broch-ek zioen: eleberri batek konta dezakeena kontatu behar du eleberri batek. Eta nik diot berak bakarrik konta dezakeena kontatzen saiatu behar duela idazle batek.

        Hargatik, artistari kaltegarria zaio modan dagoenari edo publikoak eskatzen duenari jaramon egitea. Eleberria komunikazio-tresna bat dela esango zait. Ondo da. Baina zer egin dezake nobela batek gizakia menderatzeko sortu ez baziren ere praktikan gizakia menderatzen duten komunikazio-sistema masiboen aurrean? Literatura ere komunikazioa da, bai, baina barregarri gelditzen da beste komunikazio-sistema erraldoi horien parean. Bada, zergatik uko egin literaturak bere-bereak dituen giza kondizioa ezagutzeko mekanismo interesgarriei? Gure kondizioaren sotoetako lizunak nabarmendurik, oihu egiteko balio digu literaturak: «Aska hadi, esak ezetz, izan hadi libre!». Horra merkatuari eta modari batere interesatzen ez zaion komunikazioa, eta idazle-irakurleok urrea balitz bezala babestu behar genukeena.

        Badira tendentzia politikoagatik edo moda-modako jarreraren batengatik ezagunak diren idazleak, eta ez beren estiloarengatik eta beren literariotasunarengatik. Scott Fitzgerald-ek zioen bezala, urpean sartu eta, kanpoko eraginetatik aparte, arnasari ahalik luzeen eustea da idazteko prozesua. Hona zer zioen Engelsek 1830. inguruko alemaniar literaturaz:

        «Literatura alemanak ere sufritu zuen 1830. gertaerek Europa osoan eragindako irakite politikoaren eragina (...) Bigarren mailako idazleek, beren lanen eskastasuna estali nahirik, aipamen politiko ugari egiten hasi ziren beren testuetan (...) Geroago, idazle horiek damutu dira hala jokatu izanaz, baina ez dute beren estiloa hobetu.»

        Obraren eraikuntzan bertan osatzen da estiloa, aurreiritzi estetikoek edo ideologikoek ez diote kaltea besterik ekartzen testuari. Narratzailearena behar du izan testuan ageri den ahotsak, ez autorearena. Bere arauak dituen mundu autonomo baten eraikuntza da eleberri bat idaztea.

        Giza hots egundokoak entzun dira gaur gauean korridore luzeko ate gehienetan. Orroon arabera, bi ziren borreroak. Zabaltzen zuten ate bat, miatzen zuten gela, eta beste gela batera jotzen zuten gero. Izuz nengoen, nire ateari begira. Halako batean, nire ondoko gelan sartzen sentitu ditut. Oihuka, biraoka, orroka hasi dira lehendabizi. Makila-soinuak entzun dira gero, zerbait puskatzen edo norbait jipoitzen ari balira bezala. Nire auzoak ez zuen txintik ere ateratzen. Etxeko laratza bezain isilik egon da erasoak iraun duen denboran. Ordu erdi luzea jo du erasoak. Noizbait, bi borreroek alde egin dute. Norbait arrastaka zeramatela egingo nuke.

        Gero, isiltasun erabatekoa egin bada ere, begiraleen oihu eta orroak entzuten jarraitu dut gau osoan, otsoen auriak entzuten ari banintz baino izutuago.

        Biharamunean, bolo-bolo ibili dira gauean gertatutakoari buruzko esamesak. Matxinada baten hotsak zabaldu dituzte borreroek. Uste zabalduenaren arabera, ordea, eraso egin dioten nire auzoa kartoizko lurralde bat osatzen ari omen zen denen ezkutuan. Kartoizko bere mundu xume bat, bere burutazioetako geografiaren neurrira osatutakoa, alegia. Borreroek, horri konplota iritzirik, txiki-txiki egin omen dute, berebiziko bortizkeriaz eta inolako gupidarik gabe, nire auzokoaren kartoizko mundu apala.

        Bere horretan gertatuko zen pasadizoa, baldin gaur eguerdian nire auzoak bere buruaz beste egin izan ez balu gelako sabaian lotutako kalamuzko soka lodi batez.

        Narratzea emozioa transmititzea da, eta kontuan hartu behar da emozio hori era askotakoa izan daitekeela: intelektuala, sentsoriala, poetikoa... Horretarako, ordea, transmititu nahi duen emozio hori bizi eta hitzetan jarri behar du narratzaileak. Asmakuntzarako tresna da hizkera, jardunbide artistikoan bakarrik aurki genezakeen errealitatea bilatzeko modua da literatura. Sortzaileak ezin dezake beste jarrerarik erakutsi: irekitasun eta eskuzabaltasun erabatekoa, aurkikundearen zain.

        Egiaren antza izan behar dute testuan kontatzen direnek. Frantsesek oso ondo izendatzen dute hori: effect du réel. Zein egiaren antza, ordea? Zein errealitatearen efektu? Testuko narratzailearen egiarena, jakina, ez hortik kanpo dagoen ideologia, aurreiritzi edo antzeko zerbaitena. Erretorikak, gehiegikeriaren arte horrek, estali egiten du ni poetikoa, zirrikituak zabaltzen dizkio gezurrari. Heldutasun literarioa behar da bai aurreiritzi ideologikoei bai artifizioari —erretorikaren mila amarruei— irabazteko.

        Idaztea hautaketa dela esan dut lehentxeago. Baina ni poetikoa ulertzerakoan, begiratu egin behar zaie idazleak albo batera utzi dituenei ere. Hautatzerakoan nahiz hainbat kontu albora uzterakoan, testu horietan zer-nolakoa izango naizen ere hautatzen ari naiz. Gehienetan ohartu gabe edo inolaz ere kontrolatu ezin dudan modu batean, Goiko Kale idazterakoan gertatu zitzaidanak ilustra dezakeen moduan. Gero eta ausartago —libreago— jokatu, orduan eta gehiago urrutiratzen naiz eguneroko bizitzan naizenetik.

        Ni poetiko hori pertsona baten ahalegin artistikotik jaio bada ere, urruti dago pertsona horrengandik. Interes erlatiboa du egile gizabanako historikoaren ezagutzak, obraren eraikitzailea —aldez edo moldez obran agertzen den autore inplizitoa— interesatzen zaigu. Irakurleak ipuin batean edo nobela batean aurkitzen duen idazlea testuan dago, eta antz gutxi du —ia menturazkoa— Zarauzko taberna batean garagardo bat hartzen ari den Andurekin. Borges liburuzainak Borges idazleagatik esaten zuen huraxe gertatzen da: «Poema hori Borges delako beste horrek idatzi du, Borges horri bururatzen zaizkio horrelako gauzak». Mallarmék «idazten duenaren sakrifizioa» deitzen zion autorearen pertsonaz beste egite horri.

        Halatan, pertsona bat gara eta pertsonaia baten izaera marrazten dugu. Nire proiekzioa da, jakina, liburuan ageri den autore inplizitoaren ni hori, baina behin testua kalean, niaren proiekzio hori irakurlearen eskuetara iristen da, eta irakurleak autorea ezagutzen ez badu ere, ezagutzen du testuan ageri den ni poetikoaren ahotsa. Bi urrutiramendu gertatzen dira, beraz: batetik, autorearengandik testurainokoa; bestetik, testuak irakurleari eskaintzen dion egilearen proiekzioan gertatu dena.

        Idazten ari naizenak sortze-ekintzan hartzen du egitatea; jardunbidean. Eta irakurleak ere irakurketaren sortze-ekintzaren bidez ematen dio egitatea eskuetan duen testuari.

        Baina sorkuntza hizkuntza jakin batean gauzatzen da, eta emaitzak bere adierazkortasun propioa izan behar du bere baitan. Adierazkortasunaren zati handi bat hizkuntzari dagokio, artistak hizkuntza du lagun eta eragozpen, bide eta bidegurutze. Idazleak senezko zehaztasun batez jakin behar du zer atera diezaiokeen hizkuntzari, etekin horren lorpena du lehia, neke eta arrago. Darabiltzagun hitzek hurbildu egin behar gaituzte ni poetikora eta ez urrundu.

        Kontatu nahi dena eta hizkuntza elkartzea du helburu sorkuntzak, berez arrotzak diren bi elementu erakarri behar ditu dantza berera. Badakit zer kontatu nahi dudan, baina kontatu nahi dudan horri ahalik eta etekin handiena ateratzeko, estrategia markatu behar dut, oso eremu desberdinetatik datozkidan kontuak (estetika, narratologia, gramatika...) uztartu behar ditut. Estrategia literario jakin bati erantzuten dio idazkuntzak (estrategia falta bera ere estrategia bat da), estrategia horren arabera ekiten dio idazleak sortze prozesuari. Ibilbide horretako hautamen estrategiko bakoitzak pentsamendua konkretatzen du eta, ondorioz, mugatzen; transmititu nahi den sentimendua malgutzen du; lortu nahi den efektua zehazten du eta, hartaz, bakoizten.

        Era askotako ekintzak koordinatzea da, berez, idazle baten lana, eskuetan ditudan baliabideek lagundu behar didate nahi dudan testua eraikitzen: perpausen sistema, ikuspuntuak eragindako nondik norakoak, esaldien erritmoa, adjektiboen nolakoa... Argi jakin baten bila nabil, film bat errodatzen hasi aurretik zuzendariak eta argazkilariak filmeko argia erabakitzen duten oso antzera. Behin marko orokorra hautatu eta gero, etorriko diren gainerako hautamen guztiak marko orokor horren baitan kokatzea da kontua, aire berdintsua nahi nukeelako hemen, kontrastea egiteko hor...

        Elementu bakoitza, baita garrantzirik gabetzat jotzen dugun xaloena ere, sistema batean integratzen da, osagai bakoitzak beste askoren oihartzuna dakarkigu, erlazio bakoitza beste erlazio baten metafora da, amaierarik gabeko lotura batean. Eta erlazio sare ezkutu horri eusten dion ehundura nabarmen bezain zehatzezina litzateke, niretzat, tonua.

        Estiloa, pentsamenduaren jantzia deitzen duten hori, adierazpen-baliabideak erabiltzeko era jakin eta berezi bat baldin bada, adierazpen-baliabideen erabilera jakin horrek eragindako efektua litzateke niretzat tonua. Estilo jakin eta berezi baterantz egindako bidea da idazletza, baina benetako estilo batek efektu askotarako ematen du.

        Beti arduratu nau estiloa eta tonua bereizteak: estiloak idazkuntzaren nortasun orokorra —ni poetikoa azaleratzen duena— zehazten du; tonua, ordea, testu bakoitzeko ahotsa bereizten eta identifikarazten duen elementua da, oihartzunak entzunarazten ditu, trenpu narratiboaren argi-intentsitatea zehazten dit. Estilo jakin batek eman ditzakeen espresatzeko modu ugarien artean jakin bat zehazten du tonuak, ideien ordena eta mugimendu jakin bat gauzatzen ditu. Estiloak idazle baten idazkuntza deskribatzen du; tonuak, berriz, estilo horrek eman dituen emaitzak.

        Euskara bezalako hizkuntza batean idaztetik datorkit, agian, tonuarekiko kezka eta obsesio hori. Idazlea naizen aldetik, ezagutzen ditut nire garaiko joera estetikoen norabide nagusiak. Euskal idazlea naizen aldetik, berriz, eta nire hizkuntza normalizazio bidean dagoen neurrian, tentsio berezi bat bizi dut: normalizazioaren alde egitera narama nire hizkuntzaren egoerak, baina berdinkeriaren kontra lehiatzera narama idazle senak: idazleak ez badu besteen berdina izan nahi, zergatik idazle horrek sortutako testuek berdinak behar dute izan?

        Bestalde, aipagarria da euskal idazle moduan dudan beste ezaugarri bat ere: mundu idatzi urriko tradizio batean ari naiz eraikitzen nire mundu idatzia.

        Euskaraz idazteak dakartzan beste gorabehera asko aipa ditzaket, hizkuntza txikia izatetik datozenak batzuk, euskararen egiturak eraginak beste hainbat, hizkuntzaren soziologiak eta historiak markatutakoak beste hainbat. Kontua da idazle guztion kezka estetikoak eta lana berdintsuak badira ere, idazten ari garen hizkuntzak zehaztu, banatu, desberdindu egiten dituela arazoak.

        Demagun orain kezka horiek guztiek eta hainbat hilabeteetan egindako lanak eleberri formako testu jakin bat sortu dutela, demagun Argizariaren egunak, orain arte nik idatzi dudan eleberririk handi goseena. Eleberri horretan bi testu klase daude, amodio istorio konbentzional bat modu konbentzional batez kontatzen duena bata; konbentzio horren kontrako irakurketa ero, hautsi, sarkastikoa egiten duena bestea. Paraleloan eta lehian doaz bi testuak, orain bat orain bestea, ez dago garbi zein den testu nagusia eta zein menpekoa, baina bien arteko ibilbideak eta lehiak halako efektu ironiko bat lortzea du helburu. Idazten hasi aurretik, nire lagunekin izandako solasetan agerian utziak nituen kontatu nahi nuen istorioa, testuari eman nahi nion giroa, estrukturak sortzen zizkidan kezka nagusiak (beti jokatzen dut horrela bizpahiru lagunekin, ditugun ahaidetasun estetikoek lankidetza klase hori errazten didate). Baina orain apaletan dagoen testua oso urruti dago komentatu nien hartatik, lagunek oso gutxi dakite eleberria idazterakoan egin nuen bideaz eta izan nituen kezkez. Egotekotan, testuan daude horiek guztiak. Obrak, nire eskutik alde egin eta gero, obratzen segi dezake: horetarako, aski da irakurle batek liburua zabaltzea. Obra artistiko batean beti dago, autoreak zeharo bukatutzat eman badu ere, etengabe gauzatzen ari den zerbait. Hala gertatzen ez bada, obra ez da artistikoa: hilda jaio zen seinale.

        «Le style est l'homme même», zioen Buffonek. L'homme bakarrik esan zezakeen, baina même erantsi zuen. Estiloan manifestatzen den ni poetikoaz ari zen.

 

82. Literatur Emailura itzuli