MUNDUKO ESAMESAK
Jose Manterola

Euskal-Erria, 1883

 

Aita zahar bat zihoan behin semearekin

Asto bat eramanaz bidean berekin.

Mutila asto gainean, aita berriz oinez,

Aurrera zihoazen biak hitz eginez.

Hontan pasaturikan ondotik bi gizon

Zaharrenak besteari honela esan zion:

"Begira hakiok mutil horri, sasoiean,

Oinez aita zaharra 'ta bera asto gainean".

"Aizak, dio agureak, jetsi hadi larri,

Ez gaitean ibili hemen parragarri:

A'itu dek zer dioten ikusita honela

Eta uste diat nik ere arrazoi dutela".

 

Jetsirikan mutila astotikan behera

Laster agure ona igo zan gainera,

Eta honela zihoazen biak bake osoan

Bidea deseginaz jolas txit gozoan.

Handik laster zituzten andre bi arkitu

Ta batak besteari zion arguditu:

"Ikusten al den hori, ez din lotsa haundirik,

Gizona asto gainean ederki jarririk

Eta ume gaixoa oinez dena nekaturik

Aita eta astoari ezin jarraiturik".

Hau a'ituta eman gabe pauso bat aurrera

Jetsi zan agurea astotik lurrera,

Dena lotsaturikan, beretzat pentsatzen

Andre haiek arrazoi izango ote zuten.

 

"Aita, dio mutilak esaten zaharrari:

Zerk dio burua hausten? Zer pensatzen da ari?

Igo gaitezen biak gure asto gainera

'ta esamesarik gabe horla joango gera.

Esan 'ta egin, jarririk biak han gainean

Zihoazen ederki pozez 'ta bakean

Arkitu zuten arte, ia bide erdian,

Tratalari bat, zeinek han beren aurrian,

Oihuka, gorrak ere a'itzeko moduan

Zion: "Hamaika asto baziok munduan.

Hor ziaztik bi gizon, biak zankoloka

Beren pisuarekin astoa ia itoka.

Zer litekek txandaka joatea besterik

Aunatu bage horla aberea alperrik?".

Zur eginik gelditu ziran astodunak

Zer esan jakin gabe oso lotsatuak,

'ta astotik jetsirikan aita eta semea

Oinez gelditu ziran bata eta bestea.

 

 

Hontan beren artean zihoazela hizketan

Bi mutil koskor ziran agertu handik bertan,

Eta begiraturik aita-semeari

Honela zion esan batak besteari:

"Ikusi al dek inoiz horlako konturik?

Oinez ziaztik biak astoa hor izanik;

Hortarako hobe huen etxean uztea

Ez bazitekan behar gehiago aberea".

 

Aspertuta agureak, 'ta arrazoiarekin

Beharbageko hainbeste berriketarekin,

Honela esaten dio noizbait semeari:

"Aizak, lehen bezelaxe astora igo hadi

Eta hau edo hura esan dezatela

Joango gaituk geroni dizaigun bezela,

Bada ikusia zegok, arret edo zarret,

Munduko berriketik isildu ez nezaket".

 

Ipuin zahar eder honek digu erakusten

Alperrikako hitzak alde batera uzten.

Egin beza bakoitzak behar duena egin,

Ibili bedi zuzen kontzientziarekin,

'ta on da bat diradela kontu egitea,

Munduko esamesak 'ta atariko aizea.

 

MUNDUKO ESAMESAK
Jose Manterola

Euskal-Erria, 1883